Nolako etxea halako maskota
Espainian hamar familiatik seik daukate maskotarik. Gure herriko etxe eta pisuetan hamahiru milioi txakur, bost milioi eta erdi katu, eta lau milioi txori baino gehiago bizi dira. Maskoten ugalpen hori ez du kostu handiak eragotzi, alderantziz: espainiar bakoitzak batez beste 499 euro gastatzen ditu urtean, bere “adiskide leiala” mantentzeko. Zaletasun mesedegarri horren alderdi latza abandonatzeen portzentaje handia da. ASOFACA (Abandonaturiko konpainiako animalien adopzioa areagotzeko elkartea) izenekoaren arabera, maskotaren batekin bizi diren familien %60k animalia ekarri eta, handik hilabete gutxitara, abandonatu egiten du. Espainiarrok, guztira, urtero-urtero 200.000 animalia uzten ditugu kale gorrian. Animalien aldeko elkarteen behin eta birritan errepikatzen dituzten mezua egiaztatzen dute datu horiek: maskota erosi baino hobe, nagusi gabe abandonatua gertatu den bat adoptatzea.
Horrelako animalia bat ekarri aurretik, hori senide guztien artean arrazoitu eta adostu beharra dago, ez du izan behar familiarteko baten -umeren baten, eskuarki- kapritxoaren ondorio. Arduratsu izan gaitezen: animaliak izaki bizidunak dira, epe luzera arreta handia eta zaintza asko eskatzen dituzte.
Aldian behin albaiteroarengana eramatea (eta bertan eginiko gastua ordaintzea), egunero animaliaz artatzea, zaintzea… kezka horiek gure bizitzan karga dira. Horrez gainera, kontuan izan dezagun maskota guzti-guztiak ez direla gure bizimoduetara egokitzen. Gizaki edo familia bakoitzaren aztura-ohiturak faktore baldintzatzaile nagusia da nolako animalia ekartzea komeniko litzatekeen aztertzen hasteko. Horietako batzuek arreta handiagoa eskatzen dute, beste batzuek txikiagoa, maskotaren arraza, espezie eta, areago, sexuaren arabera.
Txakurrak
Maskotetan txakurra da “erregea”: leial eta maitagarria izaki, konpainia egiten duten animalietan ohikoena da txakurra.
- Haurrentzat. Tamaina txikikoak: cavalier king charles, karlino, westie, ile latzeko teckel, cockerra. Tamaina ertainekoak: épagneul bretoi, labrador, golden retriever. Tamaina handikoak: Bernako unaia, Flandriako unaia, leonberg.
- Bakarrik bizi den pertsonarentzat: lebrel, karlino, bulldog.
- Kirola egiten duenarentzat: labrador, cairn terrier, labrit, gos d’atura.
- Pisuan bizi den pertsonarentzat: papillon, yorkshire, caniche.
Sexua. Emea, oro har, etxekoiago da, pisuan bizitzera hobeki egokitzen da eta arra baino maitagarriagoa da- Urtean bitan izan ohi duen alta ere kontuan hartu beharrekoa da. Arra, berriz, independenteagoa da, pertsona eta gainerako txakurrekin izaera menperatzaileagoa agertzen duenez, zorrozkiago hezi behar izaten da arra.
Mantentze kostua. Urtean 270 – 1.300 euro artean, janari eta albaiteroa barne. Kumea nahi badugu, lehen urtean berrehun bat euro ordaindu behar izaten dira (betebeharrekoak diren txertoak, parasito-garbitze, identifikatzeko txipa, etc.); txakurra esterilizatzea nahi badugu, gastuari beste 80 euro erantsi behar zaizkio (ebakuntza hori garestiagoa da txakurra heldua denean).
Eguneroko egin beharrekoak. Egunean hirutan atera behar dira paseatzera, hiru txangoetako bat ordubeteraino gutxienez luzatuz. Ordu laurden bat, bederen, harekin jolasean eman behar dugu. Txakurrak lau hilabete bete arte egunean lautan jan behar du (zenbat-eta, albaiteroak jakinaraziko digu), hirutan sei hilabetera arte, bitan zortzi hilabetera arte eta hortik aurrera egunean behin aski izaten du txakurrak. Ez ahantzi ur freskoaz. Ile luzekoa bada, egunero eskuilatu behar dugu eta ile motzekoa denean, astean behin.
Erosketa. Ora erosi baino adoptatzea nahiago baduzu, egiaztatu maneiatzen erreza duzula, hark oldarkortasunik edo beldurrik agertu gabe; begi edo sudurretik sekreziorik ez zaiola jario; belarri-barneetan orbanik ez daukala; hortzak zuri eta zorrotz dauzkala hatsa ez duela kirasdun. Larruazala malgu eta garbia dauka, gorriunerik gabe. Kumea erostean, begira ezazu tripa handiegikorik izan ez dadin: hori harren sintoma izan daiteke eta.
Prezioa. Pedigria daukan txakurra 240 eta 2.000 euro kostatzen bada ere, albaitarien kontsultetan txakurrak edo kumeak musu-truk eskaintzeko iragarki asko ikusten da. Aukeratzeko unean, ez baztertu txakurrentzako aterpetxeak.
Katuak
Etxebizitza txikietan edukitzeko konpainiako animaliarik egokienetako bat: pisuko espazioa aski du katuak. Garbia da katua, jabeari egokitzen zaiona, gazte eta bakartia dela, etxean ordu asko ematen dituen pertsona zaharra dela, haurra dela… non eta katuarekin maitagarri jokatzen duen. Gogoan izan lo egitea asko gustatzen zaiela, ez duela txakurrak bezainbeste balio familia girotzeko.
Arraza.
- Haurrentzat: siamesa, chartreux.
- Bakarrik bizi den pertsona: Birmaniako sakratua.
- Pisuan bizi den pertsona: pertsiar txintxilla, Errusiako urdina.
Sexua. Arra maitagarria da, orokorki. Mimoekin ez dira sekula nekatzen, asetzen, gure belaun gainetan orduak eta orduak eman ditzakete baina, nerabezaroa iritsitakoan, emetara, etxetik hanka egiteko eta etxea beren lurralde gisa markatzeko joera agertzen dute. Emea independente eta apasionatuagoa ohi da, ehiztariagoa, etxetik asko urrundu gabe. Urtean hainbatetan arreske dagoenez, maiz beterik gertatzen da berak nahi izateke, inguruko guztien higuina sorraraziz.
Mantentze kostua. Urtean 500 eta 1.000 euro artean, janari, hondar eta albaitari gastuak barne. Kumea nahi badugu, lehen urtean ehun eta laurogei bat euro ordaindu behar izaten dira (txerto eta parasito-garbitzeak); katua esterilizatzea nahi badugu, gastuari beste 60 euro erantsi behar zaizkio (ebakuntza hori garestiagoa da animalia heldua denean).
Eguneroko egin beharrekoak. Ordu laurden bat, bederen, harekin jolasean eman behar dugu. Katuak sei hilabete egin arte egunean hiruzpalautan jan behar du eta behi edo bitan hortik aurrera. Hondarra, tarteka, aldatu behar zaie eta, ile luzekoa bada, egunero eskuilatu behar dugu eta ile motzekoa denean, astean behin.
Erosketa. Aukeratu katu jolasti, bihurria, laztanak eta maneiuak ongi jasaten dituena. Erreparatu ileari: liso eta distiratsua behar du izan. Larruan ez du ilerik gabeko gunerik agertu behar. Hatzen azpietan ez du zarakarik izan behar, begiak arbi eta garden behar du (korneetan orbanik gabe), zabalik eta hirugarren betazaen agerpenik gabe. Katakume zuri begi-urdina denean, egin zarata, aditzen duen egiaztatzeko: oso litekeena da-eta horrelako katua gorra izatea.
Prezioa. Arrazako katua 600 eta 1.200 euro kostatzen bada ere, abandonaturiko animalientzako aterpetxeetan edota albaitarien kontsultetan katuak musu-truk eskaintzen dituzte iragarki askok
Karraskariak
Alde handiak daude batetik bestera: akuria biziki animalia lasaia delarik, sagua eta arratoia jostalariago dira; untxi ipotxa eta txintxilla maitagarriak dira; txintxilla, izan ere, hamster eta saguarekin batera, gauezkoak; untxi ipotxak eta akuriak, aldiz, egun argiz ere aktibo dihardute. Animalia hauek ez dute azalduko, noski, txakurrak edo katuak erakutsiko lukeen agerpenik eta, gainera, batez beste urte gutxiago bizi ohi dira. Haur txikiari, esate baterako, ikuspegi afektibotik animalia horiekin askorik partekatuko ez duela ulertzea kosta egingo zaio.
Hegaztiak
Zaharrentzako maskota egokienak dira, lan askorik eskatu gabe ere, bakardadeko ordu luzeetan lagun direlako. Txori kantariaren bila doanarentzat lehen aukera kanarioa da. Soinuez gainera exotismoa nahi badugu, horixe topatuko dugu asiar zozo shama, Japoniako urretxindor edo mesia batean. Txori hiztuna nahiago duenak loro gris eta Himalaiako minaren artean aukeratu beharko du. Hegaztiak erosteko sasoirik okerrena uda partea da, orduan txori guztiak -papagaioak izan ezik- lumajez aldatzen direlako.
Arrainak
Animalia exotikoak
Suge, tarantula, iguana, tukan, tximino eta “exotiko” deritzon zeinahi animalia modo-modan daude egun, gazte jendearen artean, batik bat. Artapen bereziaren premia duten arren, maiz alderdi horretaz ez dira nagusiak gogoratzen. Animaliak premiazkoa duenarekiko gure klima aski ezberdina izan daiteke eta, espezie guztiak ez dira habitat berriari egokitzeko gauza izaten. Eman behar zaien jana ere ez da konbentzionala eta, hortaz, dietan aldaketa latzak eragitea desoreken ekarle izan daiteke.
- Etxeko animaliekin bizitzeak ere badu gure osasunarentzako arriskurik. Katu, txakur, marraskari eta zaldien ilajea, adibidez, alergien sortzaile izan daiteke. Albaitariaren kontrolpean eta txertoa hartuak ez dauden animaliak, gainera, emakume haurdunentzat gaixogarri gerta daitezke.
- Azter ezazu zeure ingurunea (zure maskotarena izango dena). Bakarrik, haurrekin edo gaztetxoekin bizi bazara, kontuan hartu zenbat ordu libre dituzun egunean.
- Kontuan hartu etxebizitzaren tamaina.
- Aztertu zehatz-mehatz zeren bila zabiltzan eta zergatik. Txangoetako bidelagun leiala txakurra izango duzu baina etxean pelikulak ikusi edo irakurtzea gustuko zaletasuna baduzu, katua bezalakorik ez. Aukeratu arretaz arraza: bakoitzak bere izaera propioa du-eta.
- Ez ekarri, ez adoptatu animaliarik bulkada hutsen ondorioz, horren amaiera abandonatzea izan daiteke-eta.
- Badakizu, ederki jakin ere, txakur edo katu mestizoak ez duela arraza hutsekoaren inbidiarik. Areago, osasuntsuago eta bizitza luzeagokoak dira nahastuak. Esan gabe doa pedigri duen baten itxura bezain ona edo hobea ager dezakeela mestizoak.