Zer dela-eta ijitoen elkartea?
Elkartea sortu zenetik bete ditugun hogeita bost urteotan gure existentzia justifikatu duten motiboak aldatuz joan dira. Orain dozena pare bat urteko arrazoiak eta egungoak ez dira berdinak. Izan ere, “La Majari” Caritas erakundearen ekimen gisa sortu zen, osasun protokoloak (txertoen egutegia, higiene neurriak, baliabideen artekaritza, etc.) beren familietara gerturatu zituzten ijito batzuk tarteko. Gure helburuak orain handiagoak dira, kultura sustapenaren ingurukoak. Bizi garen gizartearen trebezia, agerpen eta ezagutzeak topatzea bideratzen diegu elkarteko kideei baina, horrekin batera, gizarte horri geure kultura transmititzen ere ahalegintzen gara. Hori dena ijito ikuspegitik, ijito jarraibideen arabera, lorpena eraginkorra izan dadin: derrigorrezkoa baita gure errealitatea ezagutzea: ijito gara.
Eta, ingurune berean bizi bada ere, ijitoak gehiengoarekiko dituen ezberdintasunak horren handiak al dira?
Dudarik ez. Ez dezagun jo bestelakotasuna alderdi txar gisa, ordea. Hortxe da, bera ulertzen eta beraren bidez geure burua aberasten saiatu behar dugu; ez gaitezen saia ezberdintasuna ukatzen edo suntsitzen. Ijitook geure iragan luzean historia osoa egin dugu eta berak baldintzatu egiten gaitu. Geure sustraiez harro gaude, beraiei esker errealitatea beste modu batean ikusten baitugu. Arbasoek ontzat hartuta, babesten eta transmititzen saiatu zaigun tradizioa ere berezia dugu. Horrek guztiak jokabide berezia moldatzen digu, ijito jokabidea. Baina bestela izate horrek ez gaitu urrundu egin behar.
Zertan dira zuk defendatzen eta aldarrikatzen dituzun alde horiek?
Familiari aitortzen zaion balioa, batik bat: hortxe datza beste guztiaren gakoa. Familia ulertzeko dugun era ez da besteena baino hobe edo okerragoa, baina erabatekoa dela esango nuke: hori dela medio, adibidez, gazteak goiz ezkontzen dira. Bikote gisa osatzeko eta bikote bizitzan heltzeko, eta familia seme-alabez ugaltzen segitzeko premia sentitzen dute. Merezi die bizimodu hori, nahiago dute pisuaren edo lan egonkorraren zain ez egotea.
Erantzun horrek beste galdera bat eginarazi dit: zergatik da ijito komunitatea eskola absentismo gehien nozitzen duena?
Zertan zehaztuko zenuke azken esakune hori?
Eskolara joana nago neu eta behin ere ez dut ijitoon historiaren aipamenik ikasi, ezta ikusi ere. Ez artean, ez literaturan, ezta inongo ikasgaitan. Ene herriaz eta ene kulturaz nire kideek ez dakite deus. Eta auzoak gara, belaunaldiz belaunaldi izan gara auzo baina haiek ez dakite jatorria Indian dugula, adibidez. Horregatik, agintariei beren programetan gure berri sar dezaten eskatzen diegu, ez anekdota huts gisa, errealitatearen osagai den aldetik baizik.
Nomada zen ijitoa eta orain, turismoa jende askorentzat kontsumo ondasun eta helburu bilakatua dagoen honetan, aldiz, ez dabil bidaiari.
Turismoa azalkeriatzat jotzen duelako, agian. Toki jakin bat ezagutzeko kilometroak egiteko premia akaso ez du sentitzen ijitoak baina senide baten etxean egun batzuk ematekoa, aitzitik, bai. Besterentzat egoitza aldaketa osoa litzatekeena gure mundu ikuskeran iragan-gunea da. Horretan datza, nire ikuspegitik behintzat, ijitoak bere-berea duen etorkizun urrunerako perspektibarik ezarekin lotua dagoen nomadismoa. Egunean bizi bara, ijitoaren agerpen askotan nabari dagoen legez, aurrezkiaren, epekako ordaintzearen eta beste hainbat gauzaren kulturaz beste aldera, zeharo.
Etxebizitza-kulturaz beste aldera, esate baterako.
Hiri hermetikoen egitura dugu iristear. Egia da lehen auzo, auzategi eta kale gutxiago zegoela baina kale berean edo aldamenekoan mota desberdinetako pertsonak bilatzen zenituen, auzo-lagunak heterogeneoak ziren. Egun, berriz, zonak geroz eta lerrokatuago, sailkatuagoak daude, gizarte taldeak geroz eta bakanago bizi dira. Etxebizitzaren kostua gizarte osoak nozitzen duen gaitza bada ere, gizatalde baztertuenek, baliabide gutxien dauzkatenek, larrutik ordaindu behar izaten dute gaitz hori. Talde horien arteko bat ijito familiak gara. Hiri erdigunetik urrutira joan behar izaten dugu beti eta batak bestea bilatzen du, elkarren babespean bizi ahal izateko; horrela, beraz, azkenean espazio propioak eratzen ditugu. Duela ez asko ene herrian ez zen horrela gertatzen: ijito familiak etxe, kale eta toki askotan bizi ziren. Badirudi, egun horrela jazotzen ez denez, behin ere izan ez dela baina errealitatea aldatu egin da, bestelakoa da orain.
Zure hitzak entzunez oroitzapen klasiko hura berpiztu zaigu: ijitoa betiereko inmigrantea da, Europan bostehun urtetik gora eman duen atzerritarra.
Lehen zenioenez, hamabi urteko neskatxak eta hamazortzi urteko mutilek institutuko espazio berberak partekatzea ez duzue gustuko. Aspaldi honetan emakumearen egoerak nozitu dituen aldaketak ezin ukatuzkoak dira eta, gainera, prozesu horrek ez du atzerabiderik. Nola bizi duzue hori ijitoek?
Denentzat matxista den gizartean bizi gara. Ijito kultura bera ere matxista da. Are eta matxistago, agian, baina eztabaidaren muina ez da kopurua, ustez. Hortaz inork ez du zertan etorri emakume ijitoa nola askatu behar den irakastera, ezta eredugarri jokatzera, eredu baledi ere. Emakume ijitoa bera da bere buruari independentzia handiagoa eman behar diona. Ez dezagun ahantz famili balioetako bat amatasuna dela: horregatik emakumeak ama izan nahi du eta bere seme-alabekin egon, beste hamaika gauza bazterrean alboratuta.
Zer gertatzen da, ordea, emakume ijito batek bere bizitza bestelako norabidetik eraman nahi duenean? Ezkontzeko obligazioak nolako garrantzia izan dezake horrelakoetan?
Egungo eta ohiko aztura balitz bezala, hitzarturiko ezkontzez aritzea estereotipoa iraunarazteko gogoa baizik ez da. Gure elkartean eta antzekoetan, adibidez, ama izateko adina geroratu egin daitekeela ikustarazten saiatzen gara. Gaur egun, panorama sozial eta laborala horrelakoak izaki, zenbat eta prestakuntza hobea izan orduan eta askatasun eta segurtasun handiagoaz gozatuko da gizakia, bistan da, eta hori haren seme-alaben mesedetarako ere izango da. Egun, neska batek ikasten segitzeko gogoa eta interesa agertzen badu, berak eta bere familiak aztertuko dute estudiatzen jarraitzeko nolako aukerak dituen. Horretan, guk ez dugu zer esanik. Laguntza eskatzen badigute ematen saiatuko gatzaizkie baina inola ere ez dugu adieraziko zein jokabide den ona eta zein txarra, den-denok baikara duinak.
Senide bat ospitaleratzen denean zergatik ohi doakio familia osoa?
Gaixoa horren premian dagoelako, benetan: bere senide guztien babesa ez badu sentitzen, ez dago gustura. Behin eta birritan esan dizut: familia dugu garrantzizkoena, beste zernahiren gainetik, aurretik. Ikasitako jokabideak dira hauek, idatzi gabeko arauekin uztartu behar ditugunak, badakigu. Baina ospitalean ijito asko egotearen sentsazioa nozitzen duen pertsona horrek bere buruari itauna egin beharko lioke: “Taldekideak ijito ez balira horren ugaria ikusiko ote nuke nik?” Kritika horrek, dena den, inbidiatik asko dauka, ene ustez.
Agureen kontseilua sistema judizial paraleloa izan ahal daiteke?
Ijitook dugun errespetuaren irizpidea (errespetuaz ari naiz eta ez patriarkatuaz, termino hori ez baita gurea) balio handikoa den arren, ez da judizio batekin parekatzeko modukoa. Kontua ez da idatzitako legeak edo kode penalak aplikatzea. Arazoei konponbidea eman behar zaienean, aintzat jotako jakinduriak aholkua emateko edo erabakia hartzeko balio du eta horrela ulertu beharra dago.
Ijito familietan agerpen handia du delinkuentziak.
Horrela diote hedabideek delinkuentea ijitoa dela azpimarratzen dutenean, ijito izatea ere bereizgarri kriminala balitz bezala. Delinkuentzia bazterkeria eta eskola porrotarekin dago hertsiki lotua. Eskolara ez ohi doan, ordu asko libre dituen eta zaletasun osasuntsurik ez daukan mutila bazterkerian amaitzeko txartela erosten ari da. Eta hori kezka bizia du ijito familiak. Gurean ez ezik, beste elkarte askotan ere drogaren kontrako programak antolatzen dira, aisialdi eta kirol alorretako alternatibak eskaini nahian.
Une hauetan romanoo hizkuntza berreskuratu nahian dabil gizatalde bat. Romanooz mintzatzen den inor ezagutzen al duzu?
Hara, oso hizkuntza zail eta ezezaguna da hori. Gu espainiera eta romanooaren arteko nahasketa den kaloo dialektoz mintzatzen gara. Profanoarentzat hori hermetikoa da eta ikasteko zail-zaila, ez baitago arautua. Amaren bularretik ikasi behar da hori ere.
Kantan eta dantzan egiteko gaitasuna ere jaiotzetikoa ote du ijitoak?
Erritmo sen bizi-bizia daukagu sehaskatik. Gaitasunak ditugu horretarako gehientsuenok, ez denok, baina trebeziak landu egiten dira. Haur batek, belarri txarra baldin badu ere, rumba, kanta eta dantzen artean kulunkatua izan bada jaiotzaz geroztik arte zalea izango da, gutxienez. Flamenkoa, guretzat, bizitza ulertzeko modu bat da, bizitza bizitzeko era, alegia.