Nola irakatsi haurrei atseden hartzen
- Lo egiten ez duen une bakan horietan ez utzi haurtxoa sehaskan. Har ezazu, jolastu berarekin, laztandu, sehaska lo egitearekin identifika dezan.
- Egoki ezazu gauez haren gela ilun-ilun, zaratatik harik eta urrutien. Siesta egiteko garaian, aldiz, utzi errainu bat argi sartzen eta etxeko soinuak umearenganaino iristen.
- Siesta egiteko orduan etzan ezazu bere karroan edo berariazko altzarian eta emazkiozu egun argiko hartualdiak etxeko salan. Horrela, karroa edo berariazko altzari hori egun argiarekin eta sehaska eta logela gau ilunarekin lotuko ditu umeak.
/imgs/20060201/consejos.jpg Bete ezazu ordutegi zorrotza umea lotan jartzeko. Egokiena, ilunabarreko zortzi edo zortzi t’erdietan, neguan, eta zortzi t’erdi edo bederatziak aldera uda partean, loa orduantxe agertzen baita errazen, frogatua dagoen legez. Udako geroratze txiki hori ordutegi aldaketaren ondoriozkoa da.- Gauean, bete ezazu oheratu aurretiko errutina. Ez ahaztu: errepikatzea, ume txikiarentzat, segurtasunaren seinale da.
- Ez lokarrarazi haurtxoa besoetan. Etzan ezazu oraindik esna dagoela eta irten zaitez haren gelatik lokartu aurretik. Negarrez hasten bada, zoaz harengana lasaitzeko baina ez atera sehaskatik. Alde egin iezaiozu berriro eta errepikatu horrelako bisitak behar bestetan, umea lokartu arte.
- Komeni izaten da umeak bere pelutxezko kutuna, jostailua edo maindire-muturra izatea. Lagundu eta babestuta sentituko da eta, gauean esnatzean, horiek berarekin daudela atzemango du.
- Hirugarren hilabetetik aurrera ez zaitez jaiki haren lehen zizpururekin batera. Emaiozu bera bakarrik lokartzeko aukera.
- Sei edo zazpi hilabete betetakoan, negar egin gabe, alai oheratu, laguntzarik gabe lokartu, eta, bere sehaskan eta argiak itzalita, eten gabe hamaika edo hamabi ordu lo egiteko gauza izan beharko du umeak.
- Haurtxo txikia izateari utzitakoan, lo egiteko bakarrik utziko diozu ohean egoten; galaraz iezaiozu bertan telebista ikusi edo jolasten aritzea.
- Familiaren lo-azturak zenbat eta ordenatuagoak izan, orduan eta errazago jazoko zaizu umeak ohitura horiek hartzea.
- Lotarako unean ager zaitez goxo baina zurrun. Balizko xantaien aurrean ez etsi, ez amore eman.
- Ume batzuek lo gehiago egin behar izaten dute, beste batzuek gutxiago. Begira ezazu zure umeak aski lo egiten duen, adierazle batzuk kontutan hartuz: nekea, burukominak, oldarkortasun edo samingarritasuna, orduz kanpoko logalea, etc.
- Haurtxo txikia denean, asko lo egin badu ere, ez iratzarri, ez esnatu, ezta jateko ere, non eta bere adinari legokiokeen pisua ez duen. Bi arrazoi daude umeak lo segitzeko: batetik, hazkuntza eten ez dadin ezinbestekoa den hormona loaldian jariatzen delako eta, bestetik, lo dagoen bitartean energiarik xahutzen ez duelako eta energia horiek garapen hobearen mesedetakoak izango dira.
Haur txikiak. Besotan edo sehaskan kulunkatzea, eskua ematea, karroan paseatzea, leher-leher eginik erori arte uztea, gurasoen ohean sartzea, titia edo biberoia ematea, musika jartzea? Gauez esnatzen bada -esnatu egingo da, dudarik gabe- haurtxoak lokartu zen bezalako egoera ikustea espero du, hau da, lo egitea eta gurasoaren besoetan egotea lotzen badu, esnatzean ere horrela egongo dela espero du; titia hartzen lokartu bada titi hori bilatuko du; musika entzutea baldin badu azken oroitzapena horretxen peskizan hasiko da…
Haur koxkorrak. Telebista aurrean egitea, beti gurasoen gelan lo egitea, haiekin beren ohean sartzea, ordu eta ordutan ipuinak entzun behar izatea, nekeak ahitu arte esna mantentzea…