Beti entxufeen mende ez egoteko
Teknologia eta mugikortasuna elkarri lotuta doaz. Sakelako telefonoak ordenagailu dira gero eta gehiago, eta ordenagailuak, berriz, telefono izan gabe ere, gero eta sakelakoago dira, eta erraz eraman litezke noranahi. Elkarrengana hurbiltzen ari dira biak, eta tresna bakar bihurtzeko bidean daudela dirudi, nagusiki mugikortasunaren dohaina izango duen tresna. Mugak ere badira, ordea, eta nagusia, gailuen autonomia. Baterietan metatzen da gailuen energia, edo piletan bestela. Kable bidez kargatzen dira bateriak, eta beharrezkoa da, beraz, energia iturri bat gertu edukitzea bateria ahitzen denean. Mugikortasuna ez dela erabatekoa, alegia. Entxufeak behar dira inguruan, nahitaez. Mendekotasun edo lotura hori zertxobait arindu liteke, hala ere. Bada modurik bateriei luzaroago iraunarazteko, eta, beraz, “bateria gutxi” edo antzeko mezuren bat agertzean larritu egiten bagara, neurri erraz-errazak har ditzakegu bateria alferrik ez zamatzeko.
Adi pantailari
Sakelako telefonoen bateriak, asko erabiliz gero, 48 ordu baino gutxiago irauten du, eta, horregatik, erostera joan aurretik, ongi pentsatu behar dira gauza batzuk; besteak beste, ea ukipen-pantaila nahi dugun edo ez. Halako pantailak, izan ere, etengabe daude elkarreraginean erabiltzailearekin, eta denbora luzez egon behar izaten dute aktibatuta. Tresna edozein dela ere, energia asko kontsumitzen du pantailak, eta hura piztuta dagoela, bateria azkar husten da, argia emateko ez ezik, irudiak eta marrazkiak erakusteko ere energia ugari behar izaten baita.
Gainera, ukiturik txikiena aski izaten da telefono mota horren pantaila abiarazteko, eta sakelan daramagula, oso erraza izaten da zerbaitekin ukitzea, eta kolpetxo bakoitzean, nahigabe abiarazten dira telefonoaren funtzioak. Horrek ondorio jakina izaten du: energia asko xahutzen da, baita telefonoa blokeatuta dagoenean ere. Ez da komeni pantailan argazkirik jartzea, eta egiten bada, zuri-beltzezkoa izan dadila.
Berdin gertatzen da ordenagailu eramangarriekin: abiarazten direnean, pantailek energia asko behar izaten dute. Distira doitzea komeni izaten da: entxuferik gabe lan eginez gero, distira ahal den guztia jaitsi behar zaio pantailari (ikusteko moduan egon behar du, jakina). Bereizmena gutxitzea ere lagungarria izaten da. Sakelakoetan bezala, ez jarri argazkirik mahaigainean, eta are gutxiago koloreetakoak. Neurri horiek hartuta, % 30 handitu liteke ordenagailuaren autonomia.
Tentuz wifi-arekin
Harigabeko konexioak egiteko ere energia asko xahutu behar izaten dute gailuek. Hori dela eta, Bluetooth modua itzalita egotea komeni izaten da erabiltzeko asmorik ez denean. Sakelakoetan, ahal bada, egokia izaten da “Hegaldia” deitzen den modua aukeratzea inorekin hitz egin nahi ez badugu. Modu hori aukeratuta, seinalerik ez da igortzen, eta gailua itzali eta pizten ibili beharrik ez da izaten. Sakelakoak pizterakoan, 3G motakoak, batik bat, energia asko joaten da, aldi berean aplikazio asko abiarazten direlako automatikoki.
Era horretako telefonoek Interneterako sarbidea eduki ohi dute, eta programa asko abiaraz ditzakete; aplikazioak ere ugari eskaintzen dituzte, eta baten bat erabiltzeko ohiturarik eduki ezean, desaktibatzea izaten da onena, pausaldian daudela ere energia kontsumitzen baitute. Bateria gutxi geratzen bazaigu, hobe da berehalako mezularitza erabiltzea (halakorik edukiz gero), eta ez SMS zerbitzuak edo ahots-deiak.
Ordenagailuetan, entxuferik gabe ari garenean, behar denerako baino ez da erabili behar wifi-a. Erabili behar ez dugunean, itzalita edukitzea da onena, pantailak bezala, horrek ere energia asko eramaten du eta. Gutxiago kontsumitzeko, halaber, USB atarietan periferikorik ez konektatzea komeni da, horiek konektatuta edukitzeko ere energia asko behar izaten da eta. Bestela esan: kendu kanpoko saguak eta teklatuak, eta zer esanik ez txartel-irakurgailuak, DVDak edo CDak.
Nabigatu beharra badugu eta klabe bidez Internetera sartzerik ez badugu, saihestu egin behar dira irudiak, bideoak eta argitalpenak dituzten orriak: forma grafikoak interpretatzeko energia ugari erabili behar izaten da. Web orrien bertsio eskuragarrietan nabigatzea da onena, testua soilik izaten dute eta. Zenbait programak eta luzapenek blokeatu egiten dituzte irekitzear dauden leihoak, argitalpenak ezabatu eta orrialdeen bideoak saihestu. Horiek erabilita, energia asko aurreztu daiteke.
Ordenagailuaren bateria ongi zaindu
Erabiltzaile askok ez diote jaramonik egiten, baina bateria ongi zaintzea funtsezkoa izaten da autonomia handia eman dezan. Bateria gaizki zainduz gero, haren gaitasuna erdira etor liteke sei hilabeteren buruan. Erabiltzen hasten garenean, bateria guztiz kargatzea eta hustea komeni izaten da; hau da, ahitu arte aritzea lanean, eta gero erabat kargatzea, bai ordenagailuetan eta bai eramangarrietan. Era horretan, ahal duen energia guztia kargatzera ohituko da.
Beste hainbat neurriren artean, garrantzitsua izaten da pilak leku freskoan gordetzea, hozkailuan ahal dela, beroak erreakzio kimikoak eragiten baititu pilaren barrenean, eta haren gaitasuna aldatu. Bateria batek zenbat eta bero gehiago eduki, orduan eta azkarrago hondatuko da; hori dela eta, behin kargatu dugunean eta entxufearekin lan egiteko asmoa badugu, ez da komeni ordenagailu barrenean uztea, prozesagailuak bero handia ematen baitu. Bestalde, garrantzitsua izaten da ongi garbituta edukitzea metalezko konektagailuak, bestela erresistentziak sor litezke energia-fluxuarentzat, eta horrek berotu egiten ditu pilak eta txartu.