67 zinema-areto aztertu ditugu, A Coruñan, Bartzelonan, Bilbon, Madrilen, Sevillan eta Valentzian

Luxua, zinez

Asteburuko sarrera batek 6,76 euro balio du, batez beste, eta krispeta eta freskagarri errazioa, erdi mailakoa, 6,57 euro kostatzen da
1 urtarrila de 2010
Img informe listado 647

Luxua, zinez

Igande arratsaldeetan zinemara joatea aukera ederra izaten zen oraintsu arte familia, lagun eta bikote askorentzat, baina esan liteke beste garai bateko kontua dela hori. Espainiako Kultura Ministerioak eman dituen azken datuak uste zena baieztatu dute: gero eta jende gutxiago joaten da zinemara. Lau urtean, 2004tik 2008ra, 36 milioi ikus-entzule galdu dituzte Espainiako aretoek. Zenbakiak nabarmen aldatu dira, eta joerak ere bai: zinema-aretoko jarlekuak utzi eta egongelako besaulkian hartu du lekua jendeak. Eta arrazoi bat baino gehiago daude horretarako. Telebistako plataforma digitalek bilakaera handia izan dutelako -kate gehiago dituzte, film gehiago ematen dituzte iragarkirik gabe…-, Internetetik ia zeinahi film jaits litekeelako, film estreinatu berriak oso azkar ateratzen dituztelako DVD formatuan. Beste arrazoirik ere ba ote da tartean? Ikusleek eta kritikariek baietz diote, jendeak beste zerbaitegatik utzi diola zinemara joateari: sarrera garestia delako, alegia. CONSUMER EROSKI-k 67 zinema-aretoren tarifak aztertu ditu A Coruñan, Bartzelonan, Bilbon, Madrilen, Sevillan eta Valentzian, eta hiriburuen mugan dauden zenbait udalerritan ere bai. Azterketa honekin jakin nahi izan dugu ea zinemara joatea hain garestia ote den.

Asteburu edo astegun, ez da alde handirik

Zinemako sarrera batek, batez beste, 6,76 euro balio du asteburuan (1.125 pezeta izango lirateke). Dena den, alde handiak antzeman ditugu aretotik aretora. Zinemarik garestienak 8,10 euro balio izan du (Bartzelonan) eta merkeenak, 4,90 euro (A Coruñan); % 40ko aldea dago batetik bestera.

Jendeak uste du astegunez joatea merkeagoa dela, baina gure azterketak ia ez du alderik sumatu. Batez beste, sarrerak 6,75 euro balio du astez (ostiral, larunbat eta igandeetan baino zentimo bat merkeagoa da, beraz). Garai batean asteburuetan garestiagoa izaten zen zinemara joatea, jende gehien joaten zen egunetan, alegia, baina hori ere aldatzen ari da. Aztertu ditugun 67 aretoetatik, 42k tarifa bera izaten dute asteko egun guztietan, ikuslearen egunean izan ezik, eta 25 aretok soilik bereizten dituzte tarifak egunen arabera.

Hiriz hiri aztertuz gero, Bartzelonan aurkituko dugu aretorik garestiena, baina, batez beste, Madrilen ordaindu behar da gehien zinemara joateko: asteburuetan, 7,32 euro izaten da sarrera, eta astegunetan, 7 euro. Bartzelona dator ondoren (7,19 euro asteburuetan eta 7 euro astegunetan), eta A Coruña gero (6,65 euro jaiegun eta astegunetan). Valentzian eta Bilbon berdin balio du, batez beste, zinemako sarrerak: 6,71 euro asteburuetan eta 6,38 euro astegunetan. Hiririk merkeena Sevilla izan da. Batez beste, 6 euro balio du asteburuko txartelak, eta 5,95 euro astelehenetik ostegunerakoak.

Egun eta aretoen arteko desberdintasunak

Ikuslearen egunean, % 32rainoko beherapenak

Aztertu ditugun areto guztiek prezio bereziak eskaintzen dituzte astegunen batean; “ikuslearen eguna” delakoa izaten da. Beste batzuek ordutegi bereziak ere eskaintzen dituzte, goizeko saioak edo “ordu txikietakoak”, eta horietan ere merkeago izaten da. Ikuslearen eguna ez da astegun berean izaten hiri guztietan (astelehena edo asteazkena izan da guk aztertu ditugun gehienetan), eta sarrerak 5,47 euro balio izan du, batez beste. Beherapenik handienak Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen aurkitu ditugu. Bilbon, esaterako, asteburuko tarifarekin alderatuta, % 25 merkeagoa da ikuslearen egunekoa, Bartzelonan % 24 merkeagoa eta Madrilen % 22. Beherapenik txikiena Sevillan izan da (% 17koa), eta Valentzian eta A Coruñan, % 20 ingurukoa bietan.


Ikuslearen eguneko beherapenik
handienak Bilbon, Bartzelonan eta
Madrilen egiten dituzte

Aztertu ditugun 67 aretoetatik 34tan beherapena egiten diete ikasleei, erretiratuei eta 13 urtez azpiko neska-mutilei. Gainera, zenbait saio merkeagoak izaten dira (goizetan edo goizaldean egiten dituztenak gehienbat): batez beste, 5,56 euro balio izaten du sarrerak ordutegi horietan, asteburuetan baino % 20 gutxiago. Adinaren araberako beherapenak, hala ere, astelehenetik ostegunera soilik egiten dituzte aretorik gehienetan, eta egiaztatu egin behar da norbera ikaslea dela, erretiratua edo 13 urte baino gutxiago dituela.

Saltoki handietan, garestiagoa edo merkeagoa?

Espainiako Kultura Ministerioak eman dituen datuen arabera, uneotan 813 areto daude Espainian, 2000. urtean baino 485 gutxiago. Ikusleak gutxitu diren neurrian, aretoek itxi egin behar izan dituzte ateak. Itxi, hala ere, ohiko zinema-aretoak itxi dituzte gehienbat, eta horiek utzi duten hutsunea betetzeko edo, saltoki handietan edo aisialdi-parkeetan ireki dituzte berriak, hiriguneetatik kanpo.

Prezioan ez dago alderik ohiko aretoen eta beste horien artean. Guk aztertu ditugun 67 aretoetatik, 34 hirigunean bertan daude, eta gainerako 36ak, saltoki handietan (batzuk hiriburu horietan bertan daude eta beste batzuk mugako udalerrietan). Ohiko zinemetan, 6,91 euro balio du asteburuko sarrerak, batez beste, eta aisialdi-parkeetan, 12 zentimo gehiago, 7,03 euro.

Krispetak eta freskagarria, ia sarrera bezain garesti

Erabiltzaile askorentzat, filma ez da izaten zinemara joateko arrazoi edo pizgarri bakarra. Krispetak eta freskagarria ere ezinbesteko izaten dira. CONSUMER EROSKI-k aztertu dituen 67 aretoetatik, 53k agerian eduki dute krispeten eta freskagarrien prezioa.

Krispeta errazioak batek (erdi mailakoa, 130 eta 225 gramo artekoa), 3,36 euro balio izan du batez beste, eta freskagarriak (hori ere erdi mailakoa, 50 eta 75 zentilitro artekoa), zertxobait gutxiago, 3,21 euro. Biak hartuta, 6,57 euro dira, asteburuko sarrera adina (6,76 euro). Zinemara joan eta krispetak eta freskagarria hartuta aretora sartzeak, beraz, 13,33 euro balio du.

Filma ikusiz mokadutxo bat egitea Madrilen gertatu da garestien. Krispetek 3,76 euro balio izan dute, batez beste, eta freskagarriak, 3,60 euro. Bartzelonan ere antzera ateratzen da: 3,60 euro balio dute zizka-mizkek eta 3,50 euro edariak. Bilbon 3,50 euro izan dira krispetak eta 3,30 freskagarria. A Coruñan 3,30 eurorekin erosten da krispeta ontzia eta 3,10 euro behar dira edariarentzat. Hiririk merkeenak Sevilla eta Valentzia izan dira: bi horietan 3 euro kosta dira krispetak eta 2,90 euro freskagarriak.

Krispeten auzia

Krispetengatik 3 euro baino gehiago ordaindu beharra gehitxo dela pentsa dezake batek baino gehiagok, eta beste irtenbideren bat bilatzera jo dezake, merkeagoa, betiere. Beste nonbait erostea izaten da irtenbiderik ohikoena, zinema-aretoen inguruan izaten diren saltokietan, alegia.


Madrilen ordaindu behar da gehien
zinemara joateko: asteburuetan,
7,32 euro izaten da sarrera, batez beste

Baina beti ez da izaten irtenbide ona. Zenbait aretotan ez dute uzten kanpoan erositakorik sartzen. Baina, legezkoa ote da hori? Eta hala bada, zer baldintzatan da legezkoa?

Egia esan, ez dago erantzun bat eta bakarra. Autonomia erkidego bakoitzaren araberakoa izaten da hori. Oro har, Ikuskizun Publiko eta Jolas Jardueretarako Baldintzen Araudi Orokorrak arautzen ditu zinema-ikuskizunak eta gainerako jolas- edo aisialdi-jarduerak, baina erkidego bakoitzak ere baditu eskuduntzak alor horretan. Erkidegoek dituzten araudirik gehienetan ez da berariaz esaten legezkoa ote den inori sarrera galaraztea kanpoan erositako produktuekin datorrelako. Aitortzen dute, hala ere, zinema-aretoek eskubidea dutela finkatzeko zer baldintzatan onartuko dituzten bezeroak, eta esaten dute bezeroak behartuta daudela baldintza horiek errespetatzera. Kasu horietan, aretoek argi adierazi behar dute eta irakurtzeko moduan erakutsi, sarbideetan eta txarteldegietan kartelak jarrita, zer baldintzatan onartuko duten jendea, eta berariaz jakinarazi behar dute debekatuta dagoela kanpoko produktuak sartzea. Kartel horiek jarri ezean, aretoek ezin diote inori sartzea galarazi kanpoan erositako produktuak dituelako. Gainerakoan, urratu egingo lukete informaziorako eskubidea eta norberak sartu edo ez sartu libreki erabakitzeko duen eskubidea.

Asturias eta Andaluzia dira argienak

Eztabaidarik ez da falta, hala ere. Horren erakusgarri dira, adibidez, 1991. urtetik hona agertu diren 20 epaiak. Arazoa sortzen da, batik bat, bezeroak onartzeko eskubideari erreparatzen zaionean debekuak jartzeko. Era horretan, izan ere, uler liteke mugatzen ari direla bezeroak duen eskubide bat: krispetak eta edaria berak non erosi nahi dituen libreki erabakitzeko duen eskubide edo gaitasuna, alegia.


Zinemara joan eta krispetak eta
freskagarria hartuta aretora sartzeak
13,33 euro balio du guztira

Hori dela eta, autonomia erkidegoak hasiak dira auzi hori arautzeko urratsak egiten. Asturias eta Andaluzia dira, gaur-gaurkoz, guztietan argienak. Asturiasen, ikuskizunei buruzko legeak hauxe esaten du: zinemak onartzen badu areto barruan jateko aukera, kontsumitzaileak erabaki ahal izango du zer erosiko duen eta non. Andaluzian ere bide beretik jo dute, eta han ere, areto barruan jan badaiteke, ezingo diote inori sartzea debekatu janariarekin edo edariarekin datorrelako, erosi duen lekuan erosi duela.