Hiriak eta gizarte-bazterketa: etxerik eta baliabide ekonomikorik ez dutenei zer bitarteko eskaintzen dizkieten aztertu dugu 18 hiritan

Udalek handitu egin dute gizarte-gastua behartsuenei laguntzeko, baina baliabideak eskas dira orain ere

-Egoitza eta higiene arloko laguntza-zerbitzuak dira nagusi, lan eta osasun arloko gizarte-laguntzen gainetik
-CONSUMER EROSKI-k 18 hiritan egin duen azterketak ezaugarri bat utzi du agerian: udalek gizarte-zerbitzu asko eta askotarikoak eskaintzen dituzte
1 urtarrila de 2010
Img tema listado 110

Udalek handitu egin dute gizarte-gastua behartsuenei laguntzeko, baina baliabideak eskas dira orain ere

Pobreziak bide egiten jarraitzen du, eta gero eta etxe gehiagotan jotzen du atea. Langabezia gora eta gora ari da, lan-baldintzak txartu eta txartu, eta hipotekek lehengo lekuan jarraitzen dute askorentzat, oso garesti. Caritasek eman dituen datuen arabera, 2008. urteko lehen seihilabetean % 40 handitu ziren laguntza eskaerak. Ekonomiaren loreak hostoak galdu ahala, gizarte-bazterketaren sasiak hartzen ditu bazterrak (Espainian milioi eta erdi lagun bizi dira etxebizitza ere ez diren estalpeetan, eta 30.000 lagunek ez dute etxerik). Administrazio publikoak jabetu dira horretaz, eta baliabideak ugaritzeari ekin diote kalteak nolabait arindu nahian. Udalek, esaterako, nabarmen ugaritu dituzte diru atalak beharrizan gehien dituztenei laguntzeko: Malagan, adibidez, hiru bider halakotu dituzte lagun-tzak bost urtean, eta Iruñean, Madrilen eta Zaragozan, bi bider. Gizarte-babeserako gastua BPGren % 20,9koa da Espainian, Europako batez bestekoa baino sei puntu txikiagoa, nahiz eta behartsu kopurua handiagoa den Espainian (% 20koa), Europan baino (% 16koa). Halaxe egiaztatu du CONSUMER EROSKI-k 18 hiriburutan egin duen azterketak (gizarte-bazterketaren aurka udalek zer ekimen daukaten ikusi nahi izan dugu). Legeak (7/85 izenekoak) zera dio, 20.000 biztanletik gorako udalerrietan, udalak behartuta daudela gizarte-lagun-tzak ematera.

Udalek pertsona baztertuei (etxegabeak, behin-behineko egoiliarrak…) zer laguntza eta zerbitzu ematen dieten aztertu du CONSUMER EROSKI-k, 2005. urte amaieran argitaratu zuen txosten batean egin bezala. Honako hiri hauek hartu ditugu kontuan azterketa hau egiteko: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Donostia, Granada, Iruñea, Gasteiz, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Galdetegiak bidali ditugu udaletara, eta udaletako gizarte sailen memorietan ageri diren datuak erabili ditugu. Udal gehienek erantzun diote gure eskariari, hiruk izan ezik (behin eta berriz eskatu arren): Granada, Sevilla eta Kordoba. Granadak udal-aurrekontuen datuak baino ez dizkigu eman.

Udalen gizarte-zerbitzuak era askotakoak dira, eta zaila gertatu zaigu elkarrekin alderatzea. Zailtasuna zailtasun, Gizarte Gaietarako aurrekontuei erreparatuta, alde handiak antzeman ditugu hiritik hirira (ez da ahaztu behar etxegabeentzat ematen den laguntza esparru zabalagoko aurrekontu baten zati txiki bat baino ez dela, eta hor sartzen direla, beste hainbat gairi bideratzen dizkietenak ere: adinekoei, haurrei eta gazteei, familiei, emakumeei, gizarte-heziketari, garapen-laguntzari…). Bilbon eta Iruñean, Gizarte Ekintzako Alorrak eta Gizarte Ongizateko Alorrak 40 milioi euro baino gehiago kudeatu dituzte (45 milioi Bilbokoak eta 43 Iruñekoak), eta Valentziako Udalak, berriz, 31 milioi bideratu diru arlo horretara, nahiz eta Bilbok halako bi eduki biztanleak eta Iruñeak halako lau. Deigarria da, halaber, Malagako eta Donostiako datuak aldera-tzea: Donostian halako hiru diru biztanleak Malagan, eta 27,6 milioi euro izan ditu 2009an Gizarte Ongizateko Alorrak, Donostiakoak baino ia bost milioi euro gutxiago. Madrilek eduki du aurrekonturik handiena: 54 milioi eurokoa izan da diru atala (etxegabeei, gizarte-zerbitzuei, gizarte-larrialdiei eta etorkinei erantzuteko izaten da). Gasteiz dator ondoren, 53,2 milioiko aurrekontuarekin. Diru gutxien, berriz, honako udal hauek jarri dute: Oviedokoak (8,2 milioi euro, 2005an baino nabarmen gutxiago, departamenduan egon diren aldaketen eraginez), Alacantekoak (ia 11 milioi euro, langileen gastuak sartu gabe), A Coruñakoak (12 milioi euro baino gehiago, langileen gastuak kenduta), Granadakoak eta Kordobakoak (14 milioi euro baino gehiago biek).

2004ko aurrekontuarekin alderatzen badugu 2009koa, argi ikusten da gizarte laguntzen diru atalak nabarmen handitu direla. Igoerarik handiena Malagakoa izan da (hiru bider halakotu dute 2004ko aurrekontua gizarte-laguntzarako), eta Zaragozan, Madrilen eta Iruñean bikoiztu baino gehiago egin dute. Gainerako hirietan, % 21 eta 79 artean igo dira aurrekontuak, KPI baino askoz gehiago (% 9,4 igo da).

Etxegabeentzat zenbat ohe dituzten jakitea ere adierazgarria izaten da udal-laguntzei buruzko datuak uler-tzeko. Oro har, hiria zenbat eta handiagoa izan, orduan eta ohe gehiago izaten ditu. Madrilen, esaterako, 1.246 ohe dituzte, Bartzelonan 948, eta Valentzian eta Murtzian, 500 inguru. Beste muturrean daude Donostia (40 leku ditu udal-egoitzak), Iruñea (54 leku edukiko ditu aurten jarriko duten egoitzak, etxegabeei laguntzeko zentro integralak) edo Valladolid (58 ohe). Gainerako hiriak 100 eta 200 oheren artean dabiltza.

Bizirik irauten laguntzeko

Gizarte-laguntzen eremuan, zerbitzu mota batzuek lehentasuna hartu dute beste batzuen aldean; informazioa, mantenua, lehen harrera, ostatua eta higienea ematen dutenak nagusitu dira, eta ez gizarteratzeko eta lan munduan barneratzeko zerbitzuak, heziketa edo formazio alorrekoak, edo osasun- eta psikologia-laguntza ematen dutenak.

Alde hori nabarmena da. Zerbitzu horietako asko Gobernuz Kanpo Erakundeek eskaintzen dituzte (Caritasek, Gurutze Gorriak eta horien antzeko beste hainbatek); hitzarmena eduki ohi dute administrazioarekin, eta diru laguntzen truke, edo materiala edo egoitza uztearen truke eman izan dute laguntza azken urteetan. Eskaria, ordea, asko handitu da (are gehiago aurten, krisiaren ondorioz), baina eskaintza ez neurri berean; ondorioz, gero eta boluntario gehiago behar izaten dira gizarte alorrean ari diren erakunde pribatu horiek beren lana egiteko.

Gizarte-jantokiak

Gizarte-jantokiak erabiltzen dituzten pertsonak ez dira izaten gizarteak baztertu dituenak soilik. Jantoki horietara joaten diren askok eta askok badute euren etxea, baina arazo ekonomiko larriak pairatzen ari dira (atzeraldi ekonomikoaren erruz), eta jango badute, horietara joan beste aukerarik ez zaie geratzen. Jantoki horietako gehienak ongintza erakundeen, GKEen eta fundazio partikularren esku egon ohi dira. Diru laguntza publikoak jasotzen dituzte, hitzarmen ekonomikoak egiten dituzte udalekin edo udalarenak diren tokiak uzten dizkiete euren jarduera aurrera eramateko. Guk aztertu ditugun jantoki guztiak doakoak izan dira erabiltzaileentzat. Gainera, hiririk gehienetan ez dute jarri inolako baldintzarik jantoki horietara sartu eta otordua egiteko. Madrilen hamabi jantoki dituzte, eta bakarra, aldiz, Donostian, Gasteizen, Murtzian, Oviedon eta Valladoliden. Leku gehien, berriz, Bartzelonak eskaintzen ditu, 942, hain zuzen (beste hainbat hiri 50 eta 170 artean dabiltza, Gasteizen 400 daude eta Murtzian 300). Jantoki gehienetan bazkaria eta afaria ematen dute, eta bitik batean menua aukeratu daiteke medikuak debekuren bat jarri diolako erabiltzaileari edo erlijio arrazoiak direla medio. Urte guztian egon ohi dira irekita jantokiak hiririk gehienetan, eta jantokia ixten duten lekuetan ere (abuztuan edo asteburuetan, adibidez), zerbitzua ez da eteten: janari-txartelak edo janari prestatua ematen dituzte.

Pobreziaren aurpegi berriak
  • Pobreziaren irudia aldatzen ari da. Urtebete pasatxoan, munduan sortu den ekonomia-krisiak handitu egin du pobrezia Espainian ere. Atzeraldia hasi aurretik ere, aski kezkagarriak ziren datuak: bost lagunetatik bat pobrezia erlatiboaren mugatik behera bizi zen Espainian; hau da, bederatzi milioi lagun baino gehiago urtean 7.753,3 eurorekin baino gutxiagorekin bizi ziren pertsona bakarreko etxeetan, eta urtean 16.282 eurorekin baino gutxiagorekin bi helduk eta bi haurrek osatutako familiatan.
  • Orduko hartan, adineko pertsonei, haurrei, emakumeei eta etorkinei eragiten zien pobreziak. Urtebeteren buruan, izugarri handitu da langabezia, eta asko urritu dira etxe askotako diru sarrerak. Gero eta jende gehiago bizi da baldintza ekonomiko txarretan, batik bat gazteak, eta ikasketa gutxi eta lan-prestakuntza apala duten pertsonak.
  • 30 urtetik beherakoen artean, bikoiztu egin da langabezia tasa azken bi urteetan. Jende horrek nekez eskura ditzake langabezi sariak, asko eta asko lehen aldiz lanean hasteko garaian daudelako edo lan-ibilbide motza egin dutelako. Arazo hori bereziki larria izan daiteke gurasoen etxetik atera berri diren gazteentzat.
  • Ikasketa gutxien eta kontratu txarrenak dituen jendea ere gogor astindu du krisiak: 2009ko hirugarren hiruhilekoan, goi mailako ikasketak dituztenekin alderatuta, ikasketa gutxien daukatenen langabezia tasa bi halako izan da.
  • Caritasek ere sumatu du gauzak aldatu direla, eta laguntza eskatzera joaten diren pertsonak ez direla lehen joaten ziren berberak. Bakarrik bizi diren emakumeak lehen baino gehiago joaten dira, familia aurrera atera behar eta lana eta etxea ezin bateratuz dabiltzanak; 40 urtetik gorako emakume etorkinek ere gero eta maizago eskatzen dute laguntza, lehen aldiz lan bila ari direnek (senarra langabezian duten emakumeak izaten dira, oro har); prestakun-tza gutxi duten gizonak ere ugaritzen ari dira eskatzaileen artean, berriki lanik gabe geratu direnak (eraikuntzatik eta ostalaritzatik datoz, eta lan-baimena duten etorkinak dira asko); eta 20 eta 40 urte bitarteko familia gazteak ere agertzen dira, haur txikiekin.

Lan munduan barneratzeko tailerrak

Gizartetik baztertuta dauden pertsonak gizarteratu daitezen eta lan-merkatuan barneratu, tailerrak, ikastaroak eta programak eskaintzen dituzte udalek. Erakundeekin, beste administrazio publiko batzuekin (erkidegokoak, batik bat) eta GKEekin elkarlanean antolatzen dituzte ekimen horiek. Ikasgaien artean, honako hauek nabarmendu ohi dira: lana bilatzeko edo lanbide egokietara jotzeko teknikak, lanbide jakinetan aritzeko ezagutzak, lanbide-heziketako arlo jakinetakoak, heziketa-tailerrak (hizkuntzak etorkinentzat, alfabetatze-eskolak helduentzat…) edo autoestimua hobetzeko bitartekoak.

Laguntza ekonomiko zuzenak

Hainbat ekimen eta programa erabiltzen dituzte udalek laguntza ekonomikoak emateko. Erkidego bakoitzak bere araudia du, eta bera erara izendatzen ditu, baina, nagusiki, gizarteratzeko gutxieneko errentaren bidez eta premiazko laguntza ekonomikoen bidez ematen dituzte udalik gehienek. Gizarteratzeko gutxieneko errenta edo oinarrizko errenta deitzen dena laguntza ekonomikoa izaten da, eta hainbatez behin ematen dituzte udalek, aski baliabide ekonomiko ez duten familia-unitateek bizirik irauteko behar dituzten oinarrizko gastuei aurre egiteko (beste ezein laguntzarik jasotzen ez dutenentzat izaten dira, langabezia sairik edo Gizarte Segurantzaren laguntzarik ez dutenen-tzat). Gizarte-larrialdietarako laguntzak ere gizarte-bazterketari aurre egiteko izaten dira, baina ez dituzte ematen maiztasun jakinarekin edo hainbatez behin. Oinarrizko jakiak erosteko ematen dituzte, jantzi ahal izateko, etxebizitza zaintzeko, heziketarako, sistema publikoaren barne ez dagoen osasun-laguntzarako, oinarrizko beharrei erantzuterakoan lehendik egin diren zorrei erantzute, eta abar. Laguntza horiek jaso ahal izateko, oro har, eskatzailea adin nagusikoa izan dadila eskatzen dute udalek eta gutxienez urtebetez egon dadila udalerrian erroldatuta; horrez gain, beste irizpide eta neurgailu batzuk ere erabiltzen dituzte laguntza zenbatekoa izango den erabakitzeko.

Gizarte-ekintzako jarduerak egiten dituzten GKEak ere laguntzen dituzte diruz udalek. Luzea da hartzaileen zerrenda, baina udal gehienek aipatzen dituzte Caritas eta Gurutze Gorria, ijitoen kolektiboa laguntzeko erakundeak, fundazioak eta erlijio kongregazioak.

Bestelako gizarte-baliabideak etxegabeentzat

Behar gehien dituztenei ematen zaizkien laguntzak ez dira mugatzen gizarte-jantokietara, harrera-egoitzetara, oinarrizko errentara edo gizarte-larrialdietarako laguntzetara. Beste hainbat bitarteko ere jartzen dituzte jendearen eskura:

Ekipamendua

  • Gaua igarotzeko zentroak: muturreko gizarte-bazterketa jasaten duten pertsonak hartzen dituzte. Egoitza horietan inolako baldintzarik bete gabe igaro daiteke gaua (burokrazia-betebeharrik gabe, identifikatu beharrik gabe, eta abar), nahiz eta egoitzako arauak bete beharrekoak diren: besteak beste, drogarik ez hartzea, edo bortizkeriarik ez erabiltzea egoitzako pertsonen eta ekipamenduen aurka. *Zenbaitetan, lolekua ez ezik, mediku-arreta, arropa, higiene-zerbitzua eta jakiak ere ematen dizkiete.
  • Pisu zainduak edo gizarte-larrialdietakoak: familiak errazago gizarteratzea da horien helburua. Ohikoa izaten da gizarte eta heziketa arloko laguntza jasotzea. Baliabiderik ez duten pertsonei etxebizitza duina edukitzeko aukera ematen diete pisu horiek.
  • Informazio eta orientazio zentroak: udalerrian zer gizarte-baliabide dauden jakinarazten diete gizarte-beharren bat daukaten pertsonei, eta horien inguruko aholkuak ematen dizkiete. Laguntzak kudeatzeaz eta bideratzeaz ere arduratzen dira, eta gizarteratzeko proiektuak ere egiten dituzte.
  • Larrialdi-zerbitzu/talde mugikorra: kalean sor daitezkeen gizarte-larrialdiak antzemateko eta laguntza emateko taldea da, gizon-emakumez osatua; etxe gabe dauden pertsonak edo eskean ari direnak aurkitzea izaten da horien lana, jende kokapenak antzematea, eta abar. Jende hori gizarteratzen saiatzea da horien funtzio nagusia.

Laguntza ekonomikoak

  • Alokatzeko laguntzak: etxebizitza duinik ez duten edo ordaindu ezin duten familiei ematen zaizkien laguntzak dira. Alokairua ordaintzen diete aldi batez, eta etxebizitza duin bat eskura-tzeko baliabideak eskaintzen dizkiete.
  • Baliabide ekonomikorik ez duten pertsonek hileta-zerbitzuak ordaindu ahal izateko laguntzak: baliabide ekonomikorik ez daukaten pertsonei eman zaizkien hileta-zerbitzuak ordaintzeko laguntzak dira; pertsona horiek ez dute izaten asegururik eta senitartekorik ere ez gastu horiek ordaintzeko.

Udal-aterpetxeak, bestelako egoitzak eta konparatzeko taula

Udalerri gehienetako aterpetxeak pribatuak dira, baina hitzarmena egina dute udalek eta horiek kudeatzen dituzten erakundeek (erlijio kongregazioak dira gehienak). Eskaria etengabe handitzen ari dela ikusita, egoitzak, pisuak, apartamendu zainduak edo ostatuak egokitu behar izan dituzte udalek baliabiderik eta etxerik ez duten pertsonei lolekua emateko. Madrilek dauka zerbitzu osatuena udal-egoitzatan: zortzi harrera-zentro, zazpi zentro baliabiderik ez duten etorkinentzat eta 30 pisu inguru etxerik eta baliabiderik ez dutenentzat (horrez gain, 50 ohe inguru eskaintzen dituzte Madrilgo ostatuetan, lankidetza-hitzarmenen bidez). Bartzelona dator ondotik (11 udal-egoitza dauzka) eta Bilbo gero (7 gune kudeatzen ditu tokiko administrazioak). Udalek, egoitzak ez ezik, bonoak edo txartelak ere eskaintzen dizkiete baliabiderik ez duten pertsonei, ostatuetan lo egin dezaten (hitzarmenak egiten dituzte horiekin). Laguntza-zerbitzu horiek urteko egun guztietan egon ohi dira zabalik.

Higiene-zerbitzua ere ematen dute udalek. Aterpetxeetan bertan izaten da batzuetan, eta horretarako berariaz prestatuta dauden eraikinetan besteetan. Bartzelonan, Bilbon, Madrilen, Valentzian, Iruñean eta Gasteizen, esaterako, dutxak eta komun publikoak dauzkaten etxeak jartzen dituzte jendearen eskura. Leku guzietan doakoa da zerbitzu hori (Madrilen 0,15 euro eskatzen dizkiote erabiltzaileari, eta esku-zapia eta xaboia eraman ditzala, baina hori ere ez daukanari, ez diote eragozpenik jartzen).

Hilean hiru egun eta astebete artean egin ditzakete erabiltzaileek ostatu hartuta, baina bakoitzaren araberakoa izaten da hori. Ez da gauza bera hirira iritsi berri den norbait izatea, egun batzuen buruan joateko asmotan dena, edo gizarteratzeko edo lan-munduan barneratzeko prozesu bete-betean dagoen norbait izatea, edo osasun arrazoiengatik egonaldia luzatu behar duen norbait izatea. Alacanten, Bilbon, Madrilen, Valentzian eta Gasteizen, Gizarte Zerbitzuetako arduradunek erabakitzen dute zenbateko egonaldia egingo duen bakoitzak. 2008an, Madrilen eskaini zituzten loleku gehien (horrek ez du esan nahi han hartu zituztela pertsona gehien): 300.000 baino gehiago.

Neguko egunik hotzenak iristen direnean, udal ba-tzuek bikoiztu egiten dituzte zentro horietako lekuak (Alacant, Bartzelona, Iruñea edo Valladolid), eta beste batzuek eremu bereziak egokitzen dituzte (hotz garaiko aterpetxeak), etxegabeek kalean lo egin beharrik izan ez dezaten (Bilbo, Bartzelona, Donostia, Madril, Valentzia eta Zaragoza).

Zenbait aterpetxek baldintza batzuk jartzen dizkiete erabiltzaileei: 18 urte baino gehiago edukitzea (adingabeak gurasoek edo babesle batek lagunduta egon behar dute), nortasun agiriak aldean eramatea, baliabide ekonomikorik ez izatea, bere kabuz moldatzeko gai izatea, gizarteratzeko eta lan-munduan barneratzeko prozesu bat abiatzea, bertako araudia errespetatzea, alkoholik eta drogarik ez hartzea, eta jarrera oldarkorrik ez ager-tzea, ez egoitza horietako arduradun eta langileekin, ez han bizi den beste inorekin.