Presio-ultzerak

Izarapeko izurritea

Ia 100.000 pertsonak jasaten dituzte Espainian presio-ultzeraren eraginak, baina ez du arreta handirik bereganatzen osasun arazo horrek, isilean eta isildua geratzen da
1 urtarrila de 2010
Img salud 2 listado 157

Izarapeko izurritea

“Izarapeko izurritea”. Definizio hori erabili zuen 1987an Pam Hibbs erizainak presio-ultzerei eta horien eraginari buruz ari zela. Oraindik ere hala izaten jarraitzen du. Larruazalean agertzen diren zauriak dira ultzerak: ehunak urratu eta hil egiten dira, hezurrak agerian geratzeraino zenbaitetan. Gorputzak gainazal berari luzaroan presio egiten dionean sortzen dira zauri horiek, ehunak zapalduta geratzen direlako; mugikortasun gutxi duten edo mugitu ezin diren gaixoek izaten dituzte, besteak beste muineko lesioak dituztenek, adineko pertsonek eta mendekotasun handia dutenek.

Gaixo horiek ordu luzeak egiten dituzte ohean edo jarlekuan, eta eurak mugitu ordez ohea edo jarlekua mugitzen dizkietenean, igurtziak-eta eragiten dizkiete, eta horrek ere laguntzen du larruazala zauritzen. Zahartzaroan, gainera, gorozki- eta gernu-ihesa gertatu ohi dira, eta horien eraginez, larruazala are ahulago egoten da.

Eragin handiko prozesua

Ultzeren epidemiologia-eragina ez da txantxetakoa. Espainian 60.000 eta 90.000 lagun inguruk daukate presio-ultzera bat, eta 65 urtetik gorakoak dira horietatik % 85, nahiz eta gazteen eta haurren artean ere ager daitekeen. Datu horiek eman ditu Presio-Ultzerak eta Zauri Kronikoak Ikertzeko eta Aholkularitza Emateko Espainiako Taldeak (Gneaupp), zeina José Javier Soldevillak zuzentzen baitu.

Ohetik mugitu ezinaren ondorio dira presio-ultzerak; gaitz larriago baten azpian geratzen dira, nolabait, baina ez da pentsatu behar garrantzirik gabeak direnik: mina ematen dute -muineko lesioak dituztenei salbu-, asko eragiten diote bizitza-kalitateari, infekzioak ekar ditzakete eta hiltzeko arriskua handitu egiten dute (ultzerarik ez dutenek halako lau edo sei bider arrisku gehiago izaten dute ultzera daukatenek).

Jendea hil egiten da presio-ultzerekin eta presio-ultzerengatik. Halaxe frogatu zuen 2003an José Verdú irakasleak egin zuen lan batek; heriotza-erregistroen gaineko lana izan zen eta Gerokomos aldizkarian argitaratu zuen.

Tratamendurik onena, prebentzioa

Ultzerak atzeraezinak dira, horixe dute txarra. Hezurralderen batean orban gorrixka bat ikusten badugu azalean, aurki ultzera sortuko den seinale izaten da, eta behin ultzera agertuta, berandu izan liteke. Hori dela eta, prebentzio-neurriak hartzea izaten da onena, horiekin saihestu egin litezke-eta kasuen % 95. Honako ohitura hauek zaintzea komeni da, modu jarraituan, betiere:

  • MUGITU. Mugimendurik eza izaten da ultzera agertzeko arrazoietako bat, eta, beraz, gaixoa modu autonomoan -ahal badu- mugi dadin saiatu beharra dago, eta ezin badu, bi edo hiru orduz behin aldatu behar zaio gorputz jarrera, eta eserita badago, ordu oro.
  • GAINAZAL BEREZIAK ERABILI. Gainazal edo lastaira bereziak erabilita, hobetu egiten da gorputzak horiengan egiten duen presioa. Geldiak edo dinamikoak izan daitezke gainazal horiek; azken horietan, lastairak dituen koadrotxoak txandaka haizatzen dira, eta gorputzak beti ez du gune berarekin ukitzen lastaira.
  • HIGIENEA ZAINDU. Presio-ultzerak jasateko arriskua duten gaixoen higieneak ezin hobea izan behar du, eta, garbitu ez ezik, larruazala hidratatu ere egin behar zaie, sendoago bihurtzeko; zaintza horiek are gehiago zorroztu behar dira gaixoak gorozki- edo gernu-ihesa badauka. Gaur egun badira zenbait krema gantz azido hiperoxigenatuekin eginak, eta oso onak izaten dira odol zirkulazio gutxi izaten den guneetan emateko (presiopean dauden guneetan hala gertatzen da), zapalduta egoteagatik sor litezkeen lesioei aurre egiten baitiete; bestalde, hezetasun eta izerdi gehiegiari aurre egiteko produktuak ere onak izaten dira.
  • ELIKADURA ONA EGIN. Oso garrantzitsua izaten da ultzerei aurre egiteko. Makroelikagaiz ongi hornitua egon behar du (proteina askokoa izatea komeni da), eta oligoelementuz ere bai.
  • OSASUN LANGILEEN LAGUNTZA ESKATU. Mugitu ezin diren gaixoak zaintzen ari direnek laguntza eska dezakete, eta presio-ultzeren arriskurik baden edo ez aztertuko duten erizain adituak joango zaizkie etxera, eta nola jokatu azalduko diete. Espainian, hiru eskala baliagarri dauden gaur egun arrisku hori neurtzeko, gaixo bakoitzaren egoera zein den aintzat hartuta, betiere (zenbat pisu galdu duen, zer elikadura duen, gorozki- edo gernu-ihesik baduen, besteak beste). Braden-en eskala da bat, Norton-ena bestea eta Emina-rena hirugarrena.

Ondorioak eta garbitze lanak

Prebentzio-neurri guztiak hartuta ere, ondorioak ez ditugu ikusiko, ez baitira ikusten, baina neurririk hartu ezean, orduan bai, nabarmen geratuko da utzikeria. Presio-ultzerek denbora behar izaten dute ixteko, eta giroan dauden germenen eraginpean daude beti; ondorioz, oso erraz gaiztotzen dira. Garbitze-lanak mingarriak izaten dira askotan: ongi garbitu beharra dago, eta ehun hila edo bideragarria ez dena kendu egin behar da. Azken urteetan, hala ere, tokiko anestesiak erabiltzen hasi dira, ansiolitikoak ere bai, eta giro hezeko garbitze-lanetan ere asko aurreratu da. Hau da, produktu berezi batzuk ematen dituzte azalean, zauriak lehortu ez daitezen (hezetasuna eta tenperatura egokia eskaintzen diete orbaintze-prozesuan parte hartzen duten zelulei), odoljarioa kontrolatzen dute, substantzia arrotzak eta ehun bizigabea desagerrarazten dituzte, traumatismo eta germenetatik babesten dute, eta erosoagoak gertatzen dira gaixoentzat, mina arintzen baitute.