Gizalegea, portaera egokia, etiketa… Versalleseko jauregira gonbidatzen gaituztenean bai baina Facebook baten ere hala ibili behar dugu?
Etiketa hitza ez zait gustatzen. Ongi jokatu behar dela esatea bai. Interneten komunikazioa da giltza eta nola jokatu behar dugun esatea erraza da. Jokatu, komunikazioa errazteko eran. Arau zorrotzik gabe baina zuzen.
Nork hitz egiten duen, hitz egiteko modua ere aldatuko da.
Ez horrenbeste nork hitz egin baizik eta non. Ez da berdina posta elektronikoaz hitz egitea edo gizarte sarean edo blogean. Helburua ere ez baita berdina. Zer da elkarrizketa profesionala edo lagun artekoa? Azkenean, oinarrian gutxieneko arauak daude, komunikazioa ahalik eta eraginkorrena egiteko pentsatuak.
Versalles esan dugunez, han baziren erregearen inguruan konspiratzaile, gezurti eta ziniko ugari. Hitz egiteko duten moduagatik ezagutuko ditugu?
Tira, konspiratzaile eta erregeari loreak botatzen dabiltzanak ez dakit baina badaude erabiltzaile anonimoak, nor diren esan nahi ez dutenak; badaude “troll” deitzen ditugunak, iruzkin iraingarriekin edozein elkarrizketa saboteatzen dutenak… denetarik, kalean bezala, sarean ere. Baina egia da, errazago dela, ez dakit, izkutaketan ibiltzea edo edozer esatea. Azkenean Interneten idaztean duzuna da. Nik ez dut uste, ostera, kalean halakoa dena Interneten beste modu bateakoa denik.
Lotsagabeago gara Interneten. Horrek komunikazioa errazten du edo zaildu?
Nik esango nuke orohar zaildu egiten duela. Posta elektronikoarekin hori gertatzen da. Batzuek idatzi egiten dituztela sekula esango ez lituzketen gauzak. Teklatuan ausartu egiten dira.
komunikazioari
begirada zabala
falta zaio”
Zer komeni zaigu jakitea Interneten komunikatzeko?
Bi gauza. Bat, formatoa ezagutu behar dugu eta haren ezaugarriak. Posta elektronikoa, gizarte sareak, Twitter… ez dira gauza bera. Hori bat. Bigarrena, lagun urkoaren lekuan jakiten egotea. Besterik ez da behar.
Konfidantza edo mesfidantza izatea, zer komeni zaigu?
Konfidantza izatea komeni da. Baina tabernan hitz egiten zaudenean bezala, era guztietako egoerak daude. Tabernara heltzen den lehen bezeroa bazara modu batean jokatuko duzu eta egunero bazoaz beste batera. Interneten ere, antzera.
Interneten zer komunikatzen dugun, horixe bagara eta hizkuntza bada komunikazioaren oinarria, zergatik idazten da Sarean hain gaizki?
Informaltasuna gaizki ulertzen dugulako eta edozerk balio duela uste dugulako. Mendeak dira ortografia eta joskera asmatu zirela eta oraindik erabiltzen badira erabilgarriak direlako da, hizkuntzaren ohiko kodeak direlako, mezuak igortzen eta ulertzen laguntzen digutelako. Ez dugu pentsatu behar presaz gabiltzalako arinkeriaz joka dezakegunik edo ez dugunik uler gaitzaten ahaleginik egin behar.
Mezua ez bada zuzena igorlearen irudia ez da hain ona.
Ez da, ez. Gaizki idazten badugu edo akatsekin bi arazo sor daitezke. Bata, ez gaituztela ongi ulertuko. Bigarrena, gure irudia ez dela ona izango..
Komunikazioari ez diogu, beharbada, duen garrantzia ematen?
Ezetz esango nuke. Internet berria da askorentzat. Inork ez du eskolan ikasi. Hanka sartuta ikasi dugu denok dakiguna. Batzuk orain hasi gara kezkatzen eta beste batzuk laster hasiko dira, zera ikusten dutenean, gaur idatzi dutena hortxe geratzen dela eta bere irudia kaltetzen duela. Denborarekin ikusiko dugu hori. Nik, adibidez, hamalau urteko alaba daukat eta Facebook-en argazkiak jartzen dituenean zera galdetzen diot “konturatzen zara urte batzuk pasatzen direnean ez duzula ezta sinetsiko ere zeuk jarri zenuenik hori hor mundu guztiaren bistara?”
Perspektiba falta
Ordenagailutik aldendu eta ikuspegi zabalagoa behar da, Internenten dena konektatuta dagoela ikusi eta Google eta halakoei esker dena dagoela bistara.
Aginterik gabeko demokrazia. Horixe da Internet zure ustez. Elkarkidetza arauak, beraz, nola erabakitzen dira, eta nork?
Inork ez eta denok. Horixe ederra. Berez arautzen da, etengabe. Hanka sartzeekin, oker ulertzeekin baina orohar nahiko ongi.
Horregatik du arrakasta.
Baia. Baina badaude ongi jokatzen ez duten pertsonak, ondokoaren lekuan jartzen ez direnak baina erabiltzaileek, komunitateak esaten die gaizki ari direla. Araurik ez da behar. Sistema oso malgua da eta etengabe aldatzen da. Interneten hasi nintzenean gaizki ikusia zegoen sms mezuetan bezala idaztea edo emotikonoak deitzen direnak erabiltzea (ortografia zeinuak erabiltzea aurpegiaren espresioak adierazteko). Orain, berriz, egiten da, baita enpresa barruko komunikazioetan ere.
Etengabe goaz inguru berrira moldatzen.
Nahita ez!
Arauak aipatzea erabiltzaileak sutzea izaten da. Baina araurik gabe ongi joka daiteke?
Bai, zentzu ona erabilita eta tolerantziaz ibilita. Internet ez da aparteko mundua. Besteak bezain erreala da. Digitalak bizi gaitu.
komunikatzeko
formatoak ezagutu
behar dira eta lagun
urkoaren lekuan
jartzen ikasi”
Tolerantzia eta zentzu ona ez dira hain ohikoak, ostera.
Ez, tamalez. Ez Sare barruan ez kanpoan.
Hori ez da kaltegarria Interneten?
Komunikazioarentzat bai, ematen den irudiarentzat ere bai, ez baitator bat errealitatearekin. Hala ere, nire ustez Interneten errespetu faltaz jokatzen duten askok ezjakintasun hutsez egiten dutela, ez nahita. Presaka dabiltzalako, inguru informalean…
Ez du garrantzi handirik, orduan.
Ez, ez. Eta hortik tolerantziaren garrantzia. Komunikazioak ez duela beti nahi dugun bezala funtzionatzen onartu behar dugu.
Anarkia honetan, enpatia?
Zeuk esan duzu.
Internetek sustatu egiten ditu balore horiek, tolerantzia, enpatia, zentzu ona…?
Ez dut uste berez sustatzen dituenik. Norberaren baloreak dira eta Internet, horiek erabiltzeko leku aproposa.
Guraso asko beldur dira seme-alabak Interneten ikusten dituztenean. Zu ama zara, adituaz gain. Zer gomendio emango zenieke?
Ez naiz ni beharbada adibiderik onena. Erabateko askatasuna eman diot nik alabari. Ongi ezagutzen dut eta oinarri-oinarrizko arauak eman dizkiodanez, badakit zuzen jokatuko duela. Etxeko helbiderik ezezagunei ez emateko esan diot, ez beste datu pertsonalik. Eta edonoren lagun ez egiteko. Internet ez da kriminalizatu behar, kalean bezala han ere badago deliturik eta okerrik baina oihartzun handiagoa ematen zaio edozeri. Seme-alabari ze aholku eman behar zaion? Etxeko atetik ateratzen denean ematen diozuna, horixe.
mundu bat. Erreala da.
Digitalak bizi gaitu”
Gizalegea, ostera, ez da Interneteko legea.
Ez, jendea, orohar, ez duelako Internetetik kanpo gizalegez jokatzen eta Interneten dena arinago doanez eta hain formala ere ez denez… ba, azkenean, irudi txarra ematen du jende askok edo gaizki komunikatzen da eta ez du bere helburua lortzen.
Gizalegea, heziketa eskatu beharko genuke?
Hori ere ez da. Zera esaten dut nik, jendeari birritan pentsatzeko eskatu beharko diogula, enpatia eskatu behar diegu, tolerantzia, malgutasuna. Nik uste horrekin nahikoa dela edozein elkarrizketa izateko, normaltasunez.
Interneten astokilo gehiago dago kanpoan baino?
Ez! Proportzioa antzekoa da, baina Interneten dena idatzita geratzen da. Kanpoan anekdota izan litekeena, han idatzita geratzen da, betiko. Gainera, edonor bihurtzen du protagonista eta protagonismo gose duen asko dago, jakina. Baina Interneten jokatzen ez dakiena kalean ere halakoa izango da.
Ze informazio izan behar du erabiltzaileak, zer jakin beharko luke?
Interneten ibiltzen jakiteko ibili egin behar da, besteek zer egiten duten ikasi eta lehen esan ditugun arauak gogoratu. Gehienok halaxe ikasi dugu, ibilian.
Besteen pribatutasuna errespetatu behar dela diozu. Zer esan nahi duzu?
Hara, maiz gertatzen da beste erabiltzaileren baten mezuak zabaltzen direla edo beraien mezu elektronikoak beste norbaiti bidali eta halakoak. Hori egin baino lehen pentsatu egin behar dugu eta ez bidali edo zabaldu beste inoren mezurik.
Emotikonoak erabiltzearen aldeko zara. :- ) pozik gaudela esateko edo harrituta :- 0 Ez al da hori arinkeria?
Ez, ez, oso erabilgarria da! Nik maiz erabiltzen ditut eta mezu profesionalak bidaltzeko ere erabiltzen da edo Twiterren. Ez daukagunez argi mezua jasotzen duenak ze irakurketa egingo duen, emotikono horiek erraztu egiten digute komunikazioa. Kontuz, hori bai, batzuk esan baitut, mezua erabat horiekin betetzea ez da komeni.
Arlo profesionalean ere erabiltzea gomendatzen duzu, benetan?
Bai. Enpresa askotan uste dute idatzizko komunikazioa orain zein lehen berdina dela. Ez da. Internet ez da formala, ez du zertan betiko enpresa komunikazio klasikoaren berdina izan behar. Emotikonoek mezuak urbiltzen lagunduko digute eta gure enpresaren komunikazioa gizarteratzen.
Zeure liburuan irakurri dugu Estatu Batuetan enpresen erdiak baino gehiagok langileren bat kaleratu dutela Interneten denbora gehiegi ematearren edo emailak idazten. Enpresek adi egon behar dute?
Niretzat ezin da inongo enpresaren buruan sartu Facebook edo Messenger bezalako zerbitzuak ez jartzea langileen esku. Pentsa ezina da. Baina lan orduetan nola jokatu arautu behar da, jakina. Norberak enpresarentzako lan egiten duenean ematen duen irudia zaindu behar du, zeure irudia haiena ere badelako. Baina egun enpresak zerbitzuak etetearen alde daude eta ni horren kontra nago, guztiz. Messenger bat edo txata eta baita Gizarte Sareak ere lan tresna ezin hobeak izan daitezke, bezeroekin, hornitzaile, kolaboratzaileekin komunikatzeko. Lan esparruan nola erabili, horixe erabaki behar da.
Interneten arauak sobera daudela diogu baina memoria ederra du Sareak. Goiz ala berandu mundu guztiarekin egiten dugu topo, ezta?
Bai, halaxe da. Nik, adibidez, edonor ezagutu baino lehen, bilera egin baino lehen, Interneten bilatzen dut haren berri eta zuzenagoa den edo ez den irudia egiten dut buruan. Googlek esan didanaren arabera. Ongi pentsatuta beldurgarria izan liteke, ezta? Pentsa gure irudia Googlek erabakitzen duela, neurri handian.
Beraz, kontuz ibili behar dugu esaten dugunarekin.
Kontuz. Esaten duguna hortxe geratzen baita eta edozein momentutan agertuko da, bilaketak egiterakoan.
Google Anaia Handia da? Sareko erabiltzaileen lepoa moztu lezakeen ezpata?
Bai. Zera uste dut, denbora laburrean aldaketa ikusiko dugula gizarte sareetan. Erabiltzaileak kezkatuta baitaude informazioaren pribatutasunari buruz. Jendeak bere burua bilatuko du Interneten, denok baitugu alde egonarzizista hori eta zera galdetuko du “ene, hori al da edozeinek bilaketa egiten duenean nitaz izango duen irudia? Hori agertzea nahi ote dut?”
jokatzen ez duten
gehienak ezjakinak
dira, arauak
ezagutzea falta zaie,
besterik gabe”
Beldurra ere ematen du.
Baina horixe da errealitatea, ezin diogu bizkarra eman. Nik nahiago dut alde positiboa ikusi. Nahi duenak bere nortasun digitala izan dezake, Interneten nor izango den erabaki. Kontrola lezake, neurri handian eta badugu lehen ez genuen abantaila hauxe: jendeak gutaz zer dakien jakin dezakegu. Nik nahiago dut jakin eta ez nitaz zer esaten dabiltzan jakin gabe bizi. Batzuek ez dute Googlen beraien izena bilatzen zer aterako den beldurra dutelako.
Informazioa protagonista da Sareko Demokrazian.
Aukera batzuentzat, beldurra eragiten duena beste askorentzat, baina hala da. Iritzi lider berriak sorten dira, beste askorengan eragina dutenak eta Internetetik kanpo dabiltzan informazio liderrekin zerikusirik ez dutenak.
Ze neurritaraino da bidezkoa gure irudia Googlen esku egotea?
Tira, beldurra ematen badu ere, Googlek arau jakinak jarraitzen ditu, Sarean egiten diren estekak eta loturak begiratu eta ordenatu. Bai, erakusten ditu gure gustuko ez direnak ere, baina seinale horiek norbaitek esan zituela. Ez du ezer asmatzen, dagoena ordenatu baizik.
Googlek kontrolatzen du informazioa. Nork kontrolatzen du Google?
Googlek ez du informaziorik, berriz diot. Ordena baino ez dakar. Informazioa besteek jartzen dute. Bilatzailean dagoenarekin arazorik badugu informazioaren iturrira jo behar dugu eta iraindu bagaituzte edo manipulatu edo dena delakoa, legea hortxe dago babesa emateko.
Zenbat hanka sartze egin dituzu Sarean?
Nahikotxo baina ikasi egin dut guztiekin ere. Akatsak egin ditut baina asmatzeko hanka sartu behar da.
Anekdota gogoangarririk?
“Ez dut zure mezurik jaso” esaten zidatenean sutu egiten nintzen baina gero neuri ere pasa zait mezurik ez jasotzea, batzuetan galdu egiten direlako eta konturatu naiz hanka sartu nuela. Askotan arinegi erantzun dut mezuren bat, hausnarketa sakonagoa merezi zuena, erantzun hobea. Edo irakurri dut norbaiten mezua eta tontolapikoa zela pentsatu. Gero berriz irakurri eta ez nuela ulertu konturatzeko. Ohikoa da hori gertatzea, batek esan nahi duena ez da beti esaten duena eta hortxe geratzen denez, okerreko interpretazioa ugari dira.