Teknologian sartuta, ez osasuna galduta
Eskumuturrak edo ukondoak minbera, begietako nekea edo entzumen urria… teknologia berrien erabilerari lotutako arazoak ohiko bilaka litezke norberak ez baditu hain erabilgarri izan daitezkeen aparailuak ergonomiaren arauak eta zentzu onarenak jarraitzen. Kalteari aurre hartzeko formula erraza da, gailu teknologikoak modu egokian eta arrazoizkoan erabiltzea.
Dezibelioak, neurrian
- Musika entzuteko MP3 erreproduktoreak asko dira merkatuan baina horretarako diseinatuta badaude ere ez zaigu komeni abestiak 130 dezibeliotan entzutea. Medikuek eta adituek gehiegi dela diote.
- Egunero-egunero MP3aren kaskoak 89 dezibeliotik gora jartzen dituenak aukera asko ditu gorreria arazoak jasateko. 10 milioi dira Europan halako egoeran dauden hiritarrak.
- Are gehiago, Europako Batzarraren txostena egin du, Osasun Arrisku Berriak ikertzen dituen Batzorde Zientifikoaren eskutik eta zera esan du: MP3 gailuen erabiltzaileen % 5 -% 10-a gor gera daitezkeela musika altuegi entzuteagatik.
- 90 dezibeliotik behera musika entzutea ezinezko bazaizu, neurtu denbora eta ez egon ordu bete baino gehiago MP3-a erabiltzen. Hartu ordu erdiko atsedena berriro piztu baino lehen.
- Kontuz, entzumen arazoak ez dira berehala agertzen eta hamar urte ere igaro daitezke norberak ezer nabaritu baino lehen. Tarte horretan, ostera, musika altuegi entzuteak entzumeneko nerbioan zauriak eragin ditzake eta baita ohi baino lehenago presbiakuzia ere (adinarekin datorren entzumen galera da presbiakuzia). Entzumeneko nerbioa behar baino lehenago zahar liteke (belarriaren nekea esaten zaio horri) edo belarri barruko zenbait zelula hil daitezke.
- Musika altuegi entzuten ote duzun jakiteko, hauxe da modua: kendu kaskoak eta jarri zugandik 30 bat zentimetrora. Musika entzuten bada, altuegi dago.
Mp3-aren kaskoak gugandik 30
zentimetrora jarri eta musika
entzuten bada, seinale ozenegi
dagoela
Mezu osasungarriak
- Eskuko telefonoa gehiegi erabiltzeak karpo-tunelaren sindromea sor lezake (besaurretik eskura mina eragiten du horrek) eta eskumuturrean, besaurrean, ukondoan edo sorbaldetan burtsitisa zein tendinitisa ere eragin ditzake. Tendinitisa tendoiaren inflamazioa da, burtsitisa berriz hezurren eta tendoien artean dagoen likidoz beteriko “poltsa” edo burtsen inflamazioa.
- Kokotean edo behatz lodian kentzen ez den mina baduzu, eskuko telefonoari gehiegi begiratzen diozunaren seinale izan liteke.
- Eskuko telefonoa beheregi eusteak besoetako edo samako giharrentzat gehiegizko karga izan liteke eta luzaroan hitz egiten dagoenak beharbada mina sentituko du, ukondorainokoa.
- Giharretako mina edo kalteari aurre hartzeko, eskuko telefonoa edo pantailudun antzeko beste gailuren bat erabiltzen baduzu, begien altueran jarri eta burua ez makurtuta izan, hamar minutu baino gehiago.
- Mezu laburrak edo SMS-ak idazten luze ibiltzeak ere mina eragin lezake. Aldatu gorputzaren jarrera noiz edo noiz eta besoak 90 graduko angeluan jarrita idatzi.
- Kokotean eta bizkarraren goiko aldean minik ez hartzeko, eskuko telefonoa mahai gainean jartzea komeni da eta bizkarra aulkiaren kontra ondo jarrita izatea.
- Mezu elektronikoak edo SMS-ak idazteko orduan behatz lodiak ere erabiltzea komeni da eta mezua luzea bada hatzamar berbera ez erabiltzea eta etenak egitea.
Wii zaleentzat, luzatze ariketak
- Tenislariaren ukondoa, bizkarreko minak, tendinitisa edo eskumuturretako mina dira Wii batekin edo antzeko bideojokuren batekin ibiltzeak eragin ditzakeen arazoak.
- Azken baten, Wii aparailuarekin tenisean egiten badugu, adibidez, benetako pistan tenisean ariko bagina bezala erabiltzen dugu gorputza eta beraz, ariketa hori egin baino lehen giharrak berotu behar ditugu eta luzatu.
- Erabili jantzi nasai eta erosoak, beraz, olgetan bazabiltza eta hartu hamar minutuko atsedena ordu betetik ordu betera.
- Arduraz jokatu eta nekatuta ez bazaude ere, giharreei ahalegin gehiegizkoa eskatzen zaudela gogoratu.
- Ezin esan era honetako jokuek sortutako kalteak nola sendatzen diren, kaltearen larritasunaren araberakoa izango baita tratamendua ere. Aski izan liteke atseden hartzearekin baina baliteke erreabilitazioa ere behar izatea edo anti inflamatorio zein minaren kontrako botikak hartu behar izatea.
Ordenagailua soinean, arriskuak bazterrean
- Eskuko ordenagailuarekin lan egitea osasunarentzat kaltegarriagoa da mahaiko ordenagailua erabiltzea baino.
- Beharbada ez zara konturatuko baina eskukoaren tamainak, teklatuaren neurriak eta ordenagailuaren pisuak okerreko mugimenduak egitera behar zaitzakete.
- Mahaiko ordenagailua erabiltzen dugunean, bizkarra artez eukitzeko pantaila begien neurrira jartzea komeni da. Eskukoaren ezin, jakina, teklatua eta pantaila banatu. Soluzioa? Teklatua erostea eta USB sarrerari konektatzea. Beste bat? Bigarren pantaila erostea. Hala ere, onena zein den? Eskuko ordenagailuentzako egiten diren euskarrietako bat erostea eta hori erabiltzea. Era askotakoak daude baina denek ere eskuko ordenagailua ez dadin berotu aire irteerak dituzte.
- Halako euskarririk ez baduzu badira hainbat aplikazio postura txarrak eta gaizki eginak konpontzen lagunduko digutenak. Hortxe, adibidez, Workrave izenekoa (http://www.workrave.org/welcome/). Programatu egiten da eta erabiltzaileari gogoratu egiten dio noiz hartu behar duen atseden. Ez bakarrik gogoratu, behartu ere bai, ordenagailua blokeatu egiten baitu atseden hartzen ez bada. Lekutik altxa eta apur bat ibiltzeko ere gogoratzen du programak edo aulkian dugun esertzeko modua aldatzeko.
Begiei ere begiratu behar zaie
- Ordenagailu aurrean luzaroan egoten den erabiltzaileak argiari sentsibilitate berezia badio edo hazgurea begietan, edo maiz zorabiatzen bada, negarra etortzen bazaio begietara edo gorritasuna nabaritu begi-ninietan “begiradaren sindrome informatikoa” izan lezake. Arrazoia? Argi nahikorik ez duten lantokiak.
- Orduetan ordenagailu aurrean egon ondoren, begiak nekatuta nabaritzen badituzu edo etengabe hazka egiteko beharra sentitzen baduzu baina ordenagailuan ibili ez zarenean ongi bazaude, begiak nekatuta dituzu.
- Zenbait orduz pantailaren aurrean lan egingo baduzu, pantaila aurrean izan behar duzu baina ez jarri modu bertikalean, bost edo hamar gradu tolestu. Buruak jarrera hobea hartuko du eta irudia hobeto ikusiko duzu.
- Pantailaren hondoa zuria izan behar da eta testua beltza, horixe da begiak ez nekatzeko onena.
- Begiak hezetasuna behar du, bestela ezin du negarrik egin. Gelak % 40- % 65 arteko hezetasuna behar du.
- Berrogehita bost minuturik behin bost minutuko atsedena hartu behar da eta, ordenagailutik bista kenduta, ahalik eta urrunen begiratu.