Elikagaiek txakurrei sortzen dizkieten intolerantziak: galderak eta erantzunak
Gizakiok bezala, txakurrek ere izaten dituzte arazoak elikagai jakin batzuekin. Haiei ere intolerantzia eragiten diete jaki batzuek, eta gure sintomen antzekoak agertzen zaizkie: beherakoa, goitika egitea, haizeak eta ondoeza. Digestio arloko intolerantzia horien eragileak, berriz, laktosa eta elikagaien proteinak izaten dira txakurretan. Kontuan hartu behar da ez dela erraza izaten gaixotasun horren diagnostikoa egitea, kosta egiten baita zehaztea zer-nolako elikagaiek eragiten dioten intolerantzia. Intolerantzia ez ezik, elikagaiek alergia ere sortzen dute; patologia desberdinak dira bi horiek, nahiz eta antzeko tratamendua ematen zaien. Beraz, diagnostikoa funtsezkoa da txakurrak zer eritasun daukan jakiteko.
Zer da elikadura arloko intolerantzia bat txakurretan?
Elikagaiek txakurrei sortzen dizkieten intolerantzia-prozesuek hesteei eragiten diete, eta elikadura arloko alergiak, berriz, immunitate-aparatuaren erreakzio batek abiarazten ditu. Alergiaren ondorioak larriagoak izan daitezke txakurraren osasunarentzat, eta hil ere egin daiteke. Intolerantziaren ondorioak ez dira izaten hain larriak: digestio astun batekin aldera daitezke, eta sintomen artean, haizeak izaten dira, min arina sabelaldean eta beherakoa, txakurrak ez dituelako behar bezala onartzen elikagaiek ematen dizkioten mantenugaiak. Honako kasu hauekin lotuta dago:
- Elikagaiek dituzten bakterioek edo elikagaiei eransten dizkieten gehigarriek eragindako erreakzio toxikoa.
- Txakurraren organismoak zenbait botikarekin izaten duen erreakzioa.
- Txakurraren arazo metaboliko bat; laktosarekin, adibidez, hori gertatzen da, eta txakurraren gorputzak ez du esnerik onartzen.
Nola bereizi intolerantzia bat eta alergia bat?
Albaitariek sintomei erreparatuz bereizten dituzte elikadura arloko intolerantziak eta alergiak. Horietako batzuk bi patologietan ageri dira, beherakoa adibidez, baina elikagaiek alergia sortzen dutenean, seinale espezifiko batzuk agertzen dira, intolerantziarekin izaten ez direnak. Arnasketari dagozkion arazoak eta larruazalekoak izaten dira ohikoenak, urtikaria edo azkura, esaterako. Elikagai batek alergia sortzen duenean, txakurraren immunitate-sistemaren erreakzio bat gertatzen da, eta intolerantziarekin, berriz, digestio-arazoak izaten ditu txakurrak: goitika egiten du, haizeak izaten ditu eta beherakoa ere bai.
Nola diagnostikatzen da elikadura arloko intolerantzia bat txakurretan?
Intolerantzia sortzen duten elikagaiak zein diren jakitea funtsezkoa da elikadura arloko intolerantzia diagnostikatzeko garaian. Albaitariek zenbait teknika erabiltzen dituzte horretarako. Besteren artean, odol-analisi bat egiten dute immunoglobulinak edo zenbait antigorputz antzemateko. Proba hori, dena den, ez da guztiz fidagarria, eta beste azterketa batzuekin osatu behar izaten da.
Beste azterketa batzuk eginda, txakurraren larruazalak nola erreakzionatzen duen ikusten da zenbait substantzia ukitzen dituenean (dermoerreakzioa). Analisi horiek, ordea, konplexuak izaten dira eta, zenbaitetan, ez oso praktikoak. Hori dela eta, elikagaiak kentzeko proba erabiltzea izaten da ohikoena: zortzi astez, dieta hipoalergenikoa ematen zaio txakurrari. Diagnostikoa egiteko teknika hori alergia duten txakurrekin erabiltzen denaren antzekoa da.
Txakurrari intolerantzia sortzen dioten elikagaiak kentzeko, pentsu hipoalergenikoak erabiltzen dira; proteina hidrolizatuekin egiten dituzte, ohi baino kopuru txikiagoak jarrita, eta horrela saihesten dute animaliaren digestio-aparatuak okerreko erreakzioren bat izan dezan. Beste aukera bat izaten da etxean prestatutako jakiak ematea.
Behin bi hilabete egin dituenean dieta horrekin, beste elikagai batzuk sartzen zaizkio, poliki-poliki eta banan-banan, eta horrela ikusten dute zer elikagaik sortzen duten patologia, eta diagnostikoa egiteko modua izaten dute.
Zer-nolako tratamendua ematen zaie elikagaiek txakurretan sortzen dituzten intolerantziei?
Intolerantzia duten txakurrek dieta hipoalergenikoa egin behar izaten dute bizitza guztian; pentsu hidrolizatuak eman behar zaizkie elikagaiek sor ditzaketen intolerantzia-arazoak saihesteko. Albaitarien gomendioa izaten da etxean prestatzea txakurraren janaria haiek emandako jarraibideekin. Elikadura arloko intolerantzia desagertu egin daiteke denborarekin, eta, horregatik, gerta liteke albaitariak aldian behin berriz egitea azterketa-probak, elikagai arazotsuak onartzen hasi den edo ez ikusteko.
Ba al da modurik elikadura arloko intolerantziari aurre hartzeko?
Txakurrek, jaiotzen direnetik, berezko joera izaten dute elikadura arloko intolerantziak pairatzeko. Zenbait arrazak, gainera, maizago izaten dituzte (frantziar bull dogak eta boxerrak). Dena dela, lehen sintomak agertu eta gaixotasuna diagnostikatu arte, ez dago jakiterik txakur batek elikadura arloko intolerantzia duen edo ez.
Edonola ere, ugaztunen kume guztientzat funtsezkoa da amaren esnea antigorputzak transmititzeko, horiek indartu egiten dutelako immunitate-sistema eta eragotzi elikagaiek eragindako erreakzio kaltegarriak. Goi mailako edo kalitate goreneko pentsuekin, txakurrek errazago egiten dute digestioa, etekin hobea ateratzen diete mantenugaiei, eta saihestu egiten dute hondarrak hesteetan gera daitezen (haizeak sortzen dituzte eta digestioa astundu).
Iturria: Maria Victoria Acha/Atxa, albaitaria
Iturria: Ignacio Arija, albaitaria eta animalien nutrizio arloko aditua Madrilgo Unibertsitate Koplutentsean