“Kontsumoa sustatu egin behar dugu ekonomia berriz ere hazi dadin”. Esaldi hori askotan entzun dugu krisia hasi zenetik… Bat al zatoz baieztapen horrekin?
Ez dut inolako zalantzarik: kontsumoa sustatu egin behar da hazteko. Ez da hutsegite bat, guztiz bestela. Hazkundearen zatirik handiena kontsumoan dago; beraz, ezinezkoa da haztea zentzuzko kontsumorik gabe. Krisiaren ardura ez da kontsumitzaileena, orain bezalaxe lehen ere ez baitziren iristen hilabete bukaerara. Horrexegatik ibiltzen ziren bankuak eta aurrezki-kutxak haien atzetik, kredituak arduragabeki eskainiz, orain itzuli ezin dituzten kredituak…
Hainbat familia aurrezkiak “jaten” ari dira bizirik irauteko. Ekonomia indartzeko helburuz kontsumoa sustatzea, aurrezteko aukera albo batera utzita… Zer-nolako ondorioak ekar ditzake horrek?
Zure galderaren planteamenduak badu akats bat: ziurtzat ematen du kontsumitzen duenak ez duela aurrezten. Paradoxikoa dirudi, baina ez da. Paradoxikoa zera da: krisi batean, zenbat eta gehiago aurreztu, azkenean gutxiago aurrezten dela, gutxiago hazten delako. Eta ondorio horixe eragin du orain gertatzen ari denak: aurrezkia apaldu egin da, apaldu egin delako etxeetan sartzen den errenta, erori egin direlako soldatak eta enplegua, eta zergak igo dizkietelako diru-sarrera txikienak dituzten herritar taldeei.
Ekonomia bat hazi dadin, inbertsioa ere beharrezkoa da. Nork egin dezake uneotan?
Hala da. Inbertsiorik gabe ez dago hazkunderik. Inbertsioa, gaur-gaurkoz, Europa erdialdeko herrialdeek egin dezakete (Alemania eta beste batzuk), horiek tira dezakete periferietako ekonomietatik (Espainia eta hegoaldeko gainerako herrialdeak, Irlanda barne). Zaila da hori nola egin behar den esatea, baina etorkizun handieneko arloetan egin behar litzateke, Espainiako ekonomiari dibertsifikatzeko aukera emango diotenetan: informazioaren teknologiak, elikadura arloko industria, bioteknologia, arlo aeroespaziala, energia berriztagarriak, garraioa, kalitatezko turismoa….
Badirudi murrizketekin geldiarazi nahi dutela krisia. Hori al da formularik onena?
Zerbitzu publikoetan murrizketak egitea suizidio kolektiboa da. Ez dute krisia geldiarazten, larritu egiten dute, eta baldintzarik ez dute sortzen krisitik ateratzeko. Hitzak deabruzkoak dira: “gastu publikoa” esaten diote, baina “inbertsio publikoa” da. Hezkuntzan, Osasunean eta Gizarte Zerbitzuetan egiten omen den “gastua”, egiaz, gizakiongan inbertitzea da, eta horixe da funtsezko faktorea krisitik ateratzeko eta erantzun egokia emateko herritarron ongizateari, zigortua baitago oso.
Zergak igotzea behar-beharrezkoa dela esaten dute, nahiz eta kalte egin. Ez al da erremedioa okerragoa gaitza baino?
Zergak igotzea ez da ez kaltegarria ez beharrezkoa ere. Ez da kaltegarria, zergak igotzeak beti ez duelako kalte egiten; nori igotzen dizkiozun. Beharrezkoa dela esaten dute, herrialde honetan soldatadunek eta Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) soilik ordaintzen dituztelako zergak. Enpresa handiek eta dirutza handiak dituztenek oso ongi dakite zergak nola saihestu. Zalantzarik gabe, erremedioa okerragoa da gaitza baino: zerga-erreforma egiten ez bada gehien dutenek gehiago ordain dezaten, Estatuak ez du izango behar adinako aurrekonturik beharrizanei erantzuteko.
Erakundeek baikortasuna eskatzen dute, baina etxe askotan lanik gabe daude kide guztiak. Nola lotu daitezke bi mutur horiek?
Baikortasun hori itxurazkoa da, eta familiei trufa egitea. Itxurazkoa, ahaztu egiten duelako Espainian maila onartezina iritsi duela pobrezian bizi diren etxeen kopuruak. Eta trufa egitea, ia bi milioi familiatan daudelako kide guztiak lanik gabe.
Zenbat iraun dezakegu egoera honetan?
Orain ere jasanezina da egoera: lanik gabe dauden ia sei milioi lagunentzat, familia langile gehienentzat, krediturik eta bezerorik gabe dauden ETEentzat… Aldiz, finantza-enpresa handiak eta inbertsio funtsak etekina ateratzen ari zaizkio krisiari, beren kapitalak errentagarri bihurtuz…
Nola atera gaitezke krisitik?
Ez dago makilatxo magikorik. Krisia ez baita ekonomia arlokoa soilik, sistema osoarena baizik. Krisi ekonomikoa da, bai, baina soziala ere bai, politikoa, ekologikoa, ideologikoa eta kulturala. Ez dut errezetarik. Nire apalean, hauxe baino ez dezaket esan: aldatu egin behar da sistema, bistakoa delako oraingoak ez duela funtzionatzen. Gehienen zerbitzura dagoen ekonomia bati erantzungo dion sistema izan behar du, ez gutxiengo bat asetzen duena, politika demokratiko eta parte-hartzaileak gidatua, ingurumeneko baliabide mugatuak errespetatzen dituena, elkarlanaren eta auto-kudeaketaren ideiak sustatzen dituena, eta herritar guztien eskubideak eta askatasunaren eta elkartasunaren balioak aintzat hartuko dituen kultura batean oinarritua.