Oztopo gutxiago dibortzioetan
Dibortziora zuzenean
Lege hau indarrean sartu aurretik, senar-emazteak bananduak bizi zirela frogatu edo, bestela, matrimonioak ezartzen dituen obligazioak larriki eta sarri urraturik, elkarbizitzaren nekezaz eztabaida bizian amaitu behar zelarik, orain ez dago ezer ere argudiatzeko edo frogatzeko beharrik, aski da, ezkontza izan zenetik hiru hilabete igaro direnean, dibortzioa eskatzea. Halaz ere, bizitza, demanda aurkeztu duen ezkontidearen edo bien seme-alaben osotasun fisikoa, askatasuna, osotasun morala edo sexu-kalterik eza arriskutan dagoela frogatzen denean, epe hori ez da aintzat hartuko.
Elkarrekin adostuz gero, merkeago
Elkarrekin adosturiko dibortzioan ?aspaldi honetan, gehien ugaldu dena?, ezkontideek batera edo bereiz, batak bestearen onespenarekin, jardun dezakete. Demanda onarturik, auzitegiak epaia emango du, lokarria desegin eta kasuan kasuko neurriak onetsiz, hitzarmenaren edukia berretsi ondoren eta banantze horrek seme-alabei kalterik ekarriko ez diela egiaztatuz gero.
Auzi-bidezko dibortzioa, berriz, luzeago eta garestiagoa da. Demandatutako ezkontideak dibortzioari uko egin ezin diezaiokeen arren, badu seme-alabei eta pentsioei dagozkien xedapenak eztabaidan ezartzea. Epailea izango da egokien jotzen dituen neurri eta erabakiak hartuko eta ezarriko dituena, familiaren gorabeherak aintzat hartuta, hots, seme-alaben interesa eta onura lehenetsita.
Lege berriaren alderdi eztabaidagarrienak
Seme-alaben zaintza partekatua eta konpentsaziozko behin-behineko pentsioak dira senar-emazteen artean eztabaida gehien sortzen dituzten kontuak.
Zaintza partekatua
Zaintza partekatuak seme-alabei gurasoekin harreman hertsia eta berdintasunezkoa izateko aukera ematen dienez, horrek praktikan bi etxebizitza dituztela adierazten du. Zaintza partekatua xedatzen duten epaiak gutxi-gutxi dira, adingabekoari etxebizitzaz etengabe aldatzen ibiltzeak sor diezaiokeen ezegonkortasuna dela medio. Halaz ere, lege-aldaketari esker, zaintza partekatua bakarrik debekatuko da etxe barruko biolentzia izan den kasuetan eta epaileak emango du, senar-emazteek elkar hartuta hala eskatzen badute eta horrek anai-arrebak bereizten ez baditu. Salbuespen gisa, guraso bakar batek eskatuta eta ministerio fiskalak aldeko txostena eginik, epaileak zaintza partekatua izan dadin erabaki ahal izango du, baldin eta adingabekoaren goreneko interesa horrela bakarrik bermatuko dela uste badu.
Zaintza partekatua izateak, ordea, ez du esan nahi adingabekoaren denbora erdi banatan zatitu behar denik bi ezkontideen parte-hartzea orekatzeko. Kontua da seme-alabak guraso biekin izateko eskubidea bermatzea; garrantzizkoa ez da nork edukiko duen umea denbora gehiagoz, ume hori pertsona gisa osorik gara dadin baizik.
Beste ezkontideari pentsioa ordaintzea
Banantzeak edo dibortzioak bi ezkontideetako bati, bestearen posizioarekiko, desoreka ekonomikoa eta, matrimonioarekiko, egoeraren okertzea sortarazten badio, diru-ordainik jasotzeko eskubidea izango du (kontzeptu hau ez da bikotearen seme-alaben elikadura-pentsioa). Legeak bi berrikuntza sartu ditu hor: lehendabizikoa, pentsioa behin-behingoz edo behin betirako ezartzea (lehenago mugagabea zen); bigarrena, konpentsazioa ez da pentsioa, prestazio bakarra baino.
Aspaldi honetan, elkarbizitza laburra izan denean eta ezkontide onuraduna gaztea denean edo lanbidez behar bezain kualifikatua dagoenean behin-behineko pentsioak ezartzen badira ere, 2005 urtean Espainiako Epaitegi Gorenak, banantze eta dibortzio prozesuetan behin-behineko pentsio mugatua xedatzea onartu zuen.
/imgs/20070601/img.derechos.03.jpg Aholkurik hoberena, matrimonioa ezkontide biek elkar hartuta haustea da. Familia guztiak jasan beharreko kalte emozionala arintzeaz gainera, bestea baino azkar eta merkeagoa da.- Dibortziatzea ez da aski, ezkontideen ondasun eta zorrak banatu behar dira. Eskatu abokatuari eta prokuradoreari dibortziatu eta irabazpidezko sozietatearen likidazioa egiteko xehakapenezko aurrekontua.
- Zaintza partekatua eman ahal izateko, bi ezkontideek hala eskatu behar dute. Seme-alabak beti etxe berean bizi daitezen, guraso batzuek helbidea txandakatuz antolatzen dute beren bizitza. Teorian asmakuntza polita bada ere, praktikan ez da horrenbesterainokoa: baliteke horixe liskar askoren iturri izatea, guraso batek etxea utzi eta bestea beste norbaitekin sartzea dela medio, harreman sentimental berrian hasita dagoelako, esate baterako. Neurri hori seme-alaben mesedetarako hartu behar da, ez gurasoen aukerak berdintzeko.
- Dibortzioak ez ditu seme-alabekiko obligazioak murrizten. Zaintzaren ardura ez daukanak elikadura-pentsioa ordaindu eta bisita-erregimena bete behar du.
- Ohiko etxebizitza erabiltzeko baimena eman ohi zaie seme-alabei eta zaintzaz arduratuko den gurasoari. Salbuespen gisa, zaintzaren erantzukizuna hartu ez duen gurasoari eman izan zaio. Oporraldietarako bigarren etxebizitzak ez dira hartzen familiaren helbidetzat, orokorki.
- Dibortzioak desoreka ekonomikorik sortarazten badu, kaltetutakoak pentsioa edo ordain-kopuru jakin bat, ondasun edo dirutan, jasotzeko eskubidea du. Pentsioa ez da kasu denetan behin betirakoa izaten: urte batzuetarakoa izan daiteke, senar-emateen adin eta prestakuntzaren eta matrimonioaren iraupenaren arabera.