Campingek prestazioak hobetu dituzte baina hirutik batek ez du proba gainditzen oraino
CONSUMER EROSKI-k eginiko azterketak erakutsi duenez, horrelako instalazioen hirutik batek ez ditu itxaropen horiek betetzen, oinarrizko zerbitzu eta ekipamendurik ez duelako, batik bat, edo minusbaliatuentzako irisgarritasunik ez duelako (erdiak ez baitaude prestatuta horrelako pertsonen premiak asetzeko) eta hainbat alorretan gabeziak agertzen dituelako: segurtasun aldetik (lautik bakar batek dauzka zaintza-kamerak) eta osasun-artapen aldetik (hamarretik bederatzik ez dute sendagile edo antzekorik, ezta osasun-artapen hitzarturik ere), bereziki. Instalazioaren kategoria eta tarifak jaitsi ahala gabeziak areagotu egiten dira.
Emaitzarik hoberenak lehen kategoriako campingek (garestienek, noski) ematen dituzte; kaskarrenak, aldiz, hirugarrenekoek, gutxien kobratzen dutenek. Gabeziak eta hobetzeko alderdiak gorabehera, aldizkari honek duela bost urte eginiko azterketa haren aldean hoberako bilakaera hauteman da oraingoan: proba gainditu gabe utzi dutenen proportzioa jaitsi egin da (%37tik %29ra) eta kalifikazio onen (“ongi” eta “oso ongi”) kopurua bikoiztu egin da (%21etik %45era). Horrez gainera, erabiltzaile gehientsuek asebetetze gradu polita (hamar puntutik zortzi ematen diote) agertzen dute, honelako instalazioetako laurehun bezerori eginiko inkesta batek adierazten duen legez. Bi guraso eta ume batek abuztuan hamabost egun campingean ematea batez beste 380 euro kostatzen da orain (2002 urtean, 300 euro). Beraz, prezioa %27 garestitu da, hots, KPI metatutik (%16,6) hamar puntuz.
Inkesta hau egiteko CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, beren burua bezerotzat agertuz, Espainiako 18 lurraldetako 101 camping bisitatu dituzte (Estatuan egun 1.206 daude): 10 Bartzelona eta Madrilen, 8 Alacant eta Malagan, 7 Valentzia eta Murtzian, 6 A Coruña, Kantabria, Granada, Gipuzkoa eta Nafarroan, 5 Huescan, 4 Asturiasen, 3 Kordoba eta Bizkaian eta 2 Araba, Valladolid eta Zaragozan. Hirutik bitan teknikariek gaua pasa dute bertan. Campingen ezaugarriekin, ekipamendu eta zerbitzuekin, kontserbazio eta garbitasun egoerarekin, irisgarritasun graduarekin, segurtasunarekin eta emaniko informazioarekin loturiko aspektuak baloratu dira.
Hamarretik bederatziren ustez, kasuan kasuko establezimendu hartan bazen kanpinlarien premiei erantzuteko adina pertsonal. Jasotako tratuari dagokiola, erabiltzaileen %97k erantzun zuenez, enplegatuekin inolako arazorik ez zuen izan.
Campingetan dauden instalazioez eta eskaintzen diren zerbitzuen (igerileku, parking, kafetegia, jatetxe, kirol gune, komun, dutxa eta abarren) kopuru eta kalitatez galdegin zitzaienean, berriz, gustura dauden bezeroen proportzioa %80ra jaitsi zen. A Coruña eta Bartzelonan aztertutakoak dira ekipamendu eskasena daukatenak kontsultatutako erabiltzaileen aburuz; izan ere, lau kanpinlaritik batek dioenez, instalazioak ez dira aski eta, areago, adierazten dituzten gabezien artean agertzen dira, batez ere, haurrentzako jolastokiak, kirol instalazioak eta igerilekuak, komun eta lababoen eskasiarekin batera, goi-denboraldian gehienbat.
Egonaldiaren kalitatea determinatzean funtsezkoa da zerbitzu-eskaintza zabala izatea: butano gasa salgai izatea, konexio elektrikoa, ur-hornidura, kontsigna, erreklamazio orriak, prentsa, etc. Erabiltzaileen %85ek zioenez, camping hark eskaintzen dituen prestazioekin gustura dago. Kordoba eta Malagakoak dira balorazio kaskarrena eraman dutenak: hiru kanpinlaritik batek aitortzen du ez dagoela gustura zerbitzu horiek gabe.
Eta erabiltzaileen %94k uste du campingak garbiak daudela. Hamarretik seiren iritziz, garbitasun egoera “ona” da eta hamarretik hirurentzat “oso ona”. Kanpinlarien %6k bakarrik adierazi du instalazioak zikin daudela.
Segurtasun-plan eta sistemei dagokiela, teknikariek detektatu dituzten gabeziak gorabehera, hamar kanpinlaritik ia bederatzik adierazi dute camping horietan seguru sentitzen direla eta, beren ustez, instalazioetan badago behar adina su-itzalgailu, zaintza-neurri, alarma-sistema eta beharrezko osasun-artapen. Proportzio hori jaitsi egiten da hirugarren kategoriako campingetan: hauetan konforme ez dagoen kanpinlarien portzentajea (%15) dobla lehen kategorian (%7) dautzanen bikoa da.
Segurtasunarekin batera, erabiltzaileari ematen zaion informazioa da aspektu behinenetako bat. Kanpinlarien %86,5en aburuz, campingean behar besteko informazioa eskaintzen da, hots, erabiltzaile gehienentzat badago nahikoa kartel, seinale eta mapa eta, gainera, campingari buruzko beharrezko datuak egonaldia ahalik eta atseginen bihurtzeko bezain egokiro ezagutarazten dira. Ostera ere, hirugarren kategoriako establezimenduetan agertzen dira konforme ez dauden bezero gehien: erabiltzaileen %39,4 ez da behar bezain ongi informatua sentitzen.
Sarreran, informazio urria
Establezimendu gehienetako sarreran (%92) izena agertzen da, dezente gutxiagotan kategoria (%58), ekipamenduaren hornidura edo jokabide-arauak, eta bakarren batean baizik ez da adierazten edukiera (%14tan). Honelako instalazioetan gauezko atseden eta isiltasuna funtsezkoa bada ere, hori hiru campingetik bitan bakarrik jakinarazten da. Tarifa erakustea ere funtsezkoa da, baina campingen %42tan soilik agertzen dira. Informazioa espainolez beste hizkuntzetan ematen duten instalazioak gutxi dira (%54k ingelesez, %35ek frantsesez eta %25ek alemanez). Establezimenduek erdiek, gainera, instalazioen kokapena adierazten duten panel edo planoak dauzkate.
Horrelako establezimendu batek hasieratik eragiten duen inpresio nagusietako bat, dudarik gabe, harrerako pertsonarekin izaten den aurreneko kontaktua izaten da. Campingen %91tan atsegina izan zen abegia. Hamarretik zortzitan harrera-ordutegia zabaltzen zen, gutxienez, goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak arte. Dena den, campingen %6k ez daukate zerbitzu hau, bezeroa tabernan artatzen dute.
Maskota eta guzti doazenentzat, animalia sartu ahal izatea funtsezko faktorea da establezimendua aukeratzeko unean. Azterturiko campingen %56tan konpainiako animalia guztientzako atea zabalik dago eta hamarretik hirutan, berriz, arriskutsu ez direnak baizik ezin dira sartu. Campingen %14k, azkenik, inolako animaliarik ez du onartzen.
Ostalaritza zerbitzuez ari garela, campingen %96k taberna dauka eta %81ek jatetxea (portzentaje hori 57raino jaisten da hirugarren kategoriakoetan). Horien artean, lautik hiruk eguneko otordua ematen dute 10,2 euroren truk, batez beste. Campingen %84k instalazioen barnean daukaten supermerkatuan, elikagaiak eta bestelako produktuak daude salgai.
- Ebakuazioa ahalik eta azkarren eta berme handiekin egiteko aukera elementu determinatzailea da campingen segurtasunari dagokionez.
- Campingak toki egokian egon behar du, uholdeak harrapatzeko sail, euri-bide eta ibilguetatik at. Era berean, ezingo da instalatu herri edo hiria edateko urez hornitzeko atzematen den tokitik gertu. Campingaren perimetroa itxita egongo da, sarrera askerik izateke, baina hesiaren altuerak ez du gaindiezina izan behar.
- Campingerako bide eta irispideek zabalak izan eta behar bezain ongi argiztatuak egon behar dute, larrialdietako ibilgailuentzat erabat baliagarri, horien ibilbidea galaraz dezakeen oztoporik (autorik, adibidez) gabe. Horiez gainera, ahal dela ez da izango bertan eskailerarik, irregulartasunik, zulorik edo gaizki babesturiko nahiz behar bezain ongi seinaleztaturiko zonarik ere.
- Mangera eta su-itzalgailuek erabiltzaileen eta larrialdietako ekipoen eskura egon behar dute, instalazio denetan barrena ongi banatuta eta erabiltzeko egoera on-onean. Argindarraren hartuneek ondo isolatu eta babestuak egon behar dute. Lurrean ez da kablerik egongo.
- Hondakin suharberak lehenbailehen jaso behar dira. Elementu batzuek, hala nola gas bonbonek, eguzkitatik at, bero-iturrietatik urrun eta umeen eskueratik kanpo egon behar dute. Beste elementu batzuek, hala nola sutegi edo barbakoek, toki seguru, bereizi eta babestuetan egon behar dute.
- Camping barruko seinaleztapenak (mapadun oholtzak, irteera-adierazleak, planoak, etc.) argia behar du izan, bezeroak non den zehatz-mehatz jakin dezan. Arrisku egoerarik gertatzekotan, nola jardun behar duen jakinarazi behar zaio erabiltzaileari.
- Behar bezainbeste larrialdi-ate eduki behar ditu campingak, perimetro osoan ondo banatuak, eta bertan dagoen jende kopuruaren proportzioan. Ateak erraz irekitzeko modukoak izateaz gainera, jendea toki seguru batera eroan behar dute.
- Automobilak hobe daude berentzako zonan aparkatuak, ahal dela esparrutik kanpo edo kanpatzeko tokietatik urrun. Camping barruan ibilgailuen abiadurak mugatua izan behar du (hamar kilometro orduko gainditu gabe, haurrak dabiltzan tokietan, batez ere.
- Katastrofeen prebentzio- eta ebakuazio-planak eduki behar ditu campingak.
- Beharrezkoa da instalazioetan osasun-artapena eman ahal izatea (behar bezain ongi hornituriko lehen sorospenetarako botikina, gutxienez, istripu ohikoenetan ahalik eta eraginkortasun handienez laguntza eman ahal izateko).
Osasun-artapena eta segurtasuna, eskas
Campingetako arduradunek bezeroen segurtasuna noiznahi bermatu behar dute. Adiera honetan, maizen hartzen den neurria segurtasun-zaindarien presentzia bermatzea da (azterturiko camping denetatik bik bakarrik ez daukate horrelakorik). Bideo-kamera edo sistemak instalaturik, berriz, lautik bakar batean hauteman da, lehen eta bigarren kategoriako campingetan soilik. Segurtasuna dela-eta, campinga gauez ixtea ohiko aztura da: campingen %85ek horrela egiten dute eta, areago, gehienetan ibilgailuak ibiltzea debekatua dago.
Prebentzio alorrean ere instalazio hauek ez dira nabarmentzen: %29k ez dute hondamendietatik irteteko planik eta %23k ez dauka larrialdietan praktikan jartzeko ebakuazio-planik. Bestetik, katastrofe-plana taxutua duten campingen %30ek ez du urtero-urtero berrikusten; beste horrenbeste gertatzen da ebakuazio-planarekin ere: horren berrikuspena ez dago aintzat hartua campingen %23tan; baina instalazio denetan zeuden itzalgailuak, gutxienez.
Segurtasun gaietako gabeziak hirugarren kategoriako establezimenduetan hauteman ziren, batik bat: %57k ez du ebakuazio planik ezta, antzeko proportzioan, balizko hondamendiei aurre egiteko planik ere.
Mugikortasun urriko pertsona batek Espainiako camping batera joatea erabakiko balu, zailtasun latzak topatuko lituzke. Aztertutakoen erdietan, kasik, instalazio guztiak ez daude irisgarritasun-arazoak gainditzeko egokituak eta campingen %23tan komunak ere ez daude minusbaliatuentzat irisgarri.
Oporraldietako aukeretako bat campinga izaki, honen “amu” behinenetako bat, naturarekiko kontaktuaz gainera, horrelako atsedenaldiak agintzen duen ahalegin ekonomiko txikiagoa da. Baina? horren merkea ote da, benetan?
Prezioak alderatzeko CONSUMER EROSKI-k oinarrizko bi kasu proposatzen ditu. Batetik, senar-emazteak eta bost urteko umeak abuztuko lehen hamabostaldia denda familiar batean eman nahi du; bestetik, hirukote horrek, kanpin dendan egon ordez, karabana aukeratu du. Bietan ere guztirako prezioak kalkulatu dira, deskontu eta guzti, azterturiko 18 lurraldeetako campingen arteko aldeak ez ezik, kategoria batetik besterako jauziak ere agertzeko.
Deigarri gertatzen den aurrenekoa: hautaturiko lojamendu-motak ez du eragin handiegirik prezioan, hots, aurreneko kasuak (kanpin dendan) zein bigarrenekoan (karabanan), batez besteko kostua 380 euroren inguruan dabil.
Aldaketa nabarmena hauteman da, ordea, 2002 urtean eginiko antzeko txosteneko eta honetako prezioen artean. Duela bost urte, ordaindu beharreko batez besteko prezioa egungoa baino 80 euro merkeagoa zen, gutxi gorabehera: 2007an 380 euro eta 300 euro 2002n: %27ko hazkundea gertatu da bost urte honetan, hau da, epe honetan metaturiko KPI (%16,6) baino hamar puntu gehiago. Kategorien arabera ere, aldeak nabarmenak dira. Kanpin dendan egonik, 2002 urtean familiak 346 euro inguru ordainduko zituen lehen kategoriako campingean; handik bost urtera prezioa 426 euroraino etorri da, hots, %23 garestitu da, metaturiko KPI baino ia zazpi puntu gehiago.
Bigarren kategoriako batean, berriz, batez besteko prezioa 60 euro inguru garestitu da: 2002ko batenaz bestekoa 311 euro bazen, egungoa 372 euro da, hots, %20 igo da kostua, KPIren gainetik hau ere. Hirugarren kategoriako campingak dira prezioak gutxien altxa dituztenak: duela bost urte aipatutako egonaldia 255 euro kostatzen bazen gaur egun 272 kostatuko litzatekeenez, igoera 22 euro da, hots, KPI baino hamar puntu gutxiago.
Ur berorik gabeko harraska, hamarretik bitan
Ibilgailuentzako aparkalekua -norberari dagokion lur-atalekoaz aparte- duten campingen %75ek zerbitzu hori doan ematen du. Hori kobratzen dutenen artean, ohiko prezioa egun eta ibilgailuko 4,6 euro da baina instalazio batzuetako tarifa 10 euroraino doa eta beste batzuetan aparkatzea 2,5 euro baizik ez da kostatzen.
Campingen %7k baizik ez daukate gimnasioa, %38k kirol anitzeko kantxa (saskibaloian, futbolean, eskubaloian… aritzekoak) eta %20 tenis-kantxa. Azterketan, beste aldetik, kanpinlarientzat bilguneak eta aisia-guneak badiren ere aintzat hartu da: emaitzek erakusten dutenez, campingen %56tan bada areto soziala, %44tan jolas-aretoa eta %60tan telebista-aretoa. Bestetik, campingen %91k terraza daukate, %66k barbakoa, %20k biblioteka, %10ek ludoteka, %12k diskoteka eta %9k zine-aretoa dute. Haurrentzako jolastokia campingen %86k dauka.
Garbienak, lehen kategoriakoak
Kontserbazio- eta garbitasun-egoera orokorra ona edo oso ona da, teknikarien aburuz baina, dena den, garbitasun-egoera hori hobetu egin daiteke campingetako dutxa eta lababoen %8tan. Kalifikazio on hori haurrentzako zonei (hamarretik sei “oso garbi” daude) eta taberna eta jatetxeei ere aplika dakieke baina, hala eta guztiz, hamarretik batean gabeziak hauteman dira.
Erabiltzailearen erosotasuna osatzen du zerbitzu-eskaintza zabalak: esate baterako, karabana eta auto-karabanentzako konexioek. Camping gehien-gehienek ibilgailu horientzako konexio elektrikoa bazeukaten arren, %69k baizik ez du ur-zuzkidurarik. Hamar campingetik zortzitan butano gasa saltzen da eta 86tan badira karabanentzako hustubide kimikoak.
Campingen %56tan erabiltzaileak eskura dauka gauza pertsonalak gordetzeko kontsigna erabilgarria; %69k kutxa gotorra. Posta zerbitzuari dagokiola, hamarretik batek ez du horrelakorik edo postontzirik eskaintzen (hori derrigorrezkoa bada ere). Eta ordaintze moduaz ari garela, hamar campingetik zortzitan badago txartelez egitea.
Teknologia berrien presentzia, eskas, birziklatzea, gainditu gabeko asignatura eta konparaketako taula
Azterturiko campingen %81ek, gainera, web orria dauka eta, honelakoa daukatenen erdiek baino ehiagok bezeroari erreserba online egiteko aukera eskaintzen diote.
Birziklatzea, gainditu gabeko asignatura
Espainiako etxebizitzetan geroz eta zabalduagoa dagoen arren, hondakinak birziklatzeko kultura gainditu gabeko asignatura da oraino campingetan. Beira, papera, kartoia, pilak eta horrelakoak uzteko edukiontziak ez daude instalazio asko-askotan.
Campingen erdietan bakarrik daude paper eta pilak jaurtitzeko edukiontziak; beira uzteko ontzien kopurua, berriz, %64ra igotzen da.