Espero gabeko kalitatea
Erabilera bakarreko zazpi argazki kamera aztertu dira: bost, konbentzionalak, flashdunak eta bi urpean erabiltzeko modukoak, flashik gabeak. Horien prezioak 5,50 eurotik (Agfa Lebox eta Starblitz) 12,75 euroraino doaz (Fujifilm Fujicolor Quicksnap Marine, uretan murgilgarria). Agfa, berez, ez da erabilera bakarrekoa, beste bobina batekin ostera ere erabil daitekeelako. Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Fujifilm Fujicolor Quicksnap Jeans laginak ematen du: argazki-kalitate hoberenetakoa izaki (5 puntutik, 4), merkeenetako bat da. Erabiltzaileak kamera murgilgarria nahiago badu, aukera hoberena Kodak Ultra Sport da: hau ere kalitate onekoa da eta beste murgilgarria baino dezente merkeagoa, gainera.
Ezaugarri teknikoak
Zazpi argazki kamerek kontsumitzaileari eskaintzen dioten informazioa egokia eta nahikoa da. Denek daukate legeak xedatuak dituen adierazpen eta markak. Agfa-k, Fujifilm markako biek, Starblitz-ek eta Kodak-ek 27 argazki egiteko aukera ematen dute. Atomic Flash laginak 24 argazki iragartzen duen arren, “oparizko” beste hiru ere egin daitezke (ez dira aintzat hartu, argazki bakoitzaren prezioa “oparietatik” at kalkulatu baita). Argazki gehien egiteko aukera ematen duen bobina Kodak Ultra Compact laginekoa da: 39 argazki (12 ?oparikoak” direnez, kamera honek ateratzen dituen argazkiak garestienen artean agertzen dira: 41 zentimo bakoitza).
Aparatu hau patrikan edo poltsan eramateko diseinatu denez, arina izateak garrantzi handia du. Murgilgarriak ohikoak baino %50 astunagoak dira. Atomic Flash (92 gramo) da denetan arinena. Agfa Lebox (131 gramo), berriz, konbentzional astunena eta Fujifilm (171 gramo), murgilgarrietan astunena.
Bi aparatu murgilgarriek eskuturrari lotzeko uhala daukate, eror ez daitezen, alegia. Kodak Ultra Compact eta Agfa Lebox laginek, berriz, kameraren prezioan sartzen ez den uhala lotzeko zuloa daukate. Flasha daukaten bost argazki kameretan argitxo batek adierazten du aparatua argazkia egiteko prest dagoela.
Funtzio gutxikoak
Argazki kamera hauen fokatze-helmena funtsezkoa da: horixe da objektuak zehatz agertuko direneko gutxieneko eta gehieneko distantziak adierazten dituena eta, gainera ezin da erregulatu. Kodak markako biek gauzen argazkiak 80 zentimetrotara egin ditzakete (gainerakoentzat gutxieneko distantzia metroa da). Fujifilm markako bietan hiru metro baino gertuago dauden objektuak bakarrik agertzen dira fokatuta; Atomic Flash, Agfa Lebox eta Starblitz lau metroetara iristen dira eta Kodak Ultra Compact laginik hoberena da: bost metrotan ere fokatzen du objektua (denek, flash konektaturik).
Ikus-eremua handi edo txikiagoa atzemateko kamerako lenteak daukan gaitasunari deritzo foku-distantzia. Esate baterako, 28 milimetroko foku-distantziak 35 milimetrokoak baino ikus-eremu zabalagoa atzematen du. Froga hori egiteko, zazpi argazki kamerak toki ber-berean jarrita, argazki bana egin zuten eta horietako bakoitzean agertzen zen espazioa neurtu zen. Agfa izan zen askozaz ere hoberena eta 28 milimetroko objektibodunen pareko bakarra. Fujifilm eta Starblitz, 35 milimetroz, berriz, denetan txarrenak.
Aparatu hauek erori edo, nahi izan gabe, kolperen bat hartzea oso litekeena denez, horien erresistentzia probatzeko metro bateko altueratik hormigoizko azalera batean sei aldiz erortzen utzi ziren. Inpaktuari denek eutsi zioten eta martxan jarraitu zuten arren, Fujifilm murgilgarria ez zen murgilgarri izan aurrerantzean, hermetikotasuna galdu baitzuen. Kodak Ultra Compact, Atomic, Agfa, Fujifilm eta Starblitz laginek kartoian haustura txikiak izan zituzten, baina horrek ez zien funtzionatzen segitzea galarazi. Denetan hoberena Kodak markako murgilgarria izan zen: kolpeekiko erresistentea dela iragartzen du eta, izan ere, sei erorikoen ostean, ia ez zuen kalterik.
Argazki kamera murgilgarriak hermetiko dira estaldura plastiko bati esker. Honek bere eginkizuna ur azaletik gertu bakarrik betetzen du, hau da, kamerak ez dira egokiak sakonera handian ibiltzeko. Bi kamerak murgildu ziren uretan hiru egunez eta horretan ere egokiak zirela egiaztatu zuten biek ere.
Argazkiaren kalitatea
Laborategian azterturiko parametro guztiak alferrikakoak lirateke argazki kamera hauen egiazko kalitatea aztertuko ez bagenu. Hori egiteko, aparatu bakoitzarekin hainbat eszenaren argazkiak egin ziren, ingurune-gorabehera desberdinetan. Argazkigintzan aditu batek erabilera bakarreko kamerek harturiko irudiak elkarren artean konparatu ondoren, kamera konbentzional batekin ateratako argazkiarekin erkatu zituen.
Kalitate osoa neurtzeko, 1etik 5era balioztatu dira hainbat alderdi: gardentasuna, kolorearen erreprodukzioa, kontrastea, aberrazioak (irudiaren ertzen paralelo behar luketen lerroak), distortsionaturik agertzen diren kolore homogeneoak, paralaje-akatsa (ikusgailutik ikusten dena eta objektiboak atzematen duenaren arteko aldea), ziskuak (kontraste-zona baten inguruan sortzen den lausotasuna), flasharen potentzia, buxaduraren abiadura, pikorraren tamaina, beladurak (kamera argiarekiko hermetiko ez dela adierazten dutenak) eta aparatuaren maneiagarritasun, akabera eta itxura estetikoa.
Kalitate hobereneko argazkiak Kodak Ultra Compact (5 puntutik, 5) kamerakoak dira: honek, puntuazio gorena eraman du balioztaturiko parametro denetan, aberrazioei (3 puntu), paralaje, flasharen potentzia, buxadura eta maneiagarritasunean izan ezik (hauetan denetan, launa puntu). Kontrako argudio bakarra du: flasha aktibatuz gero ezin deskonekta daiteke.
Argazkirik txarrenak Atomic Flash, Agfa Lebox eta Starblitz kamerekin egin ziren (5 puntutik, 3). Azterketa honetan baliatu ziren Atomic markako argazki kamera guztietan, aparatua estaltzen duen kartoia askatu egin zen lehen edo geroago; beraz, Atomic markak ez du akaberari dagokion proba gainditu. Starblitz izan zen argiarekiko hermetikotasun aldetik hoberena baina buxadura proba gainditu gabe utzi zuen. Aberrazioetan hoberena Agfa hoberena izan zen aberrazio, pikor, hermetikotasun, maneiagarritasun, akabera eta itxura estetikoa, baina kolorearen erreprodukzioaren proba ez zuen gainditu. Ekipo honen itxura estetikoak, landu-landua, kamera konpaktua gorarazten du eta, areago, halakotzat funtziona dezake, bobina berria ezar dakiokeelako. Fujifilm eta Kodak marketako kamera murgilgarriek tarteko balorazioa eraman dute (5 puntutik 4).
Argazki kamera tradizionala (ez digitala) kutxa ilun hermetikoa da eta argitasuna irekidura batetik sar daiteke. Hortxe bertan dagoen lenteak, objektiboan barrena, irudia bobinan proiektatzen du. Erabiltzaileak itxigailuaren abiadura, objektiboaren fokatzea etab. ukituz, nahita aldaraz dezakeen mekanismo horren funtzionamenduaren arabera aldatzen da argazkiaren kalitatea baina, horrek baino eragin handiagoa filmaren kalitateak du. Hemen azterturiko argazki kamera oinarri-oinarrizko hauetan bobinaren kalitatea ezinbestekoa da, bera da erabilera bakarreko kamera bat aukeratzeko unean presente izan beharreko irizpide nagusietako bat.
Argazki film baten sentikortasuna esaten zaio argitasunaren aurrean bere emultsio foto-sentikorrak erreakzionatzen duen abiadurari; zifra hau zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta argitasun gehiago atzeman ahal izango du filmak; beraz, diafragma gutxiago irekitzea edo esposizio-denbora laburragoan edukitzea aski izango da (parametro hauek erregulatzeko aukerarik ematen ez duten argazki kameretan). Argitasuna ASA nazioarteko estandarrez neurtzen da; horren arabera, 400 ASA motako filmak 200 ASA-koak baino bi halako argitasun atzeman dezake eta 800 ASA plegukoaren erdia, jakina.
Hemen azterturiko filmetatik argazki argitsuenak hartzen dituztenak murgilgarri biak dira. 800 ASA-ko bobinak dauzkate, urpean beharrezkoa baita ahalik eta argitasun gehien atzitzea. Kodak Ultra Compact da 800 ASA-ko bobina daukan kamera ez murgilgarri bakarra: horregatik egiten ditu kalitate handieneko argazkiak. Bi murgilgarriek ez dituzte horren emaitza onak, diseinuan seguru aski optikaren aurretik hermetikotasuna lehenesten dutelako. Gainerako argazki kamerek 400 ASA-ko bobina daukate; aurrekoen erdia bada ere, sentikortasun hori aski da hauei agintzen zaizkien eginkizunak betetzeko, hau da, kanpo zein barru aldean argazki soilak egiteko.
Laburbilduz eta Konparaketako Taula
Laburbilduz
- Erabilera bakarreko zazpi argazki kamera aztertu dira; horietako bost konbentzionalak dira eta flashez hornituak daude eta beste biak murgilgarriak dira, flashik gabeak; prezioak 5,50 eurotik (Agfa Lebox eta Starblitz) 12,75 euroraino doaz (Fujifilm Fujicolor Quicksnap Marine). Agfa, berez, ez da erabilera bakarrekoa, bobina alda dakiokeelako aparatua hondatu gabe. Etiketa denetan zuzen dago.
- Kamera honda daitekeen egokieretan (kirola praktikatzean, afarietan, hondartzan, etab.) baliatzeko diseinatuak daude, edo erabiltzaileari kamera konbentzionala etxean ahaztu zaionean. Ez dira egokiak kamera “nagusiaren” eginkizunak betetzeko, oinarri-oinarrizko funtzioak bakarrik bete ditzaketelako eta, gainera, digitalen aldea, garestiago gertatzen direlako.
- Bobina erabateko faktorea da: Kodak Ultra Compact laginak, 800 ASA-ko bobina daukan kamera ez murgilgarri bakarra izaki, kamera konpaktu konbentzionalarekin egin daitezkeen argazkien parekoak lortzen ditu askotan. Argazki-kalitaterik txarrena Atomic Flash, Agfa Lebox eta Starblitz 35 FN laginena da.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Fujifilm Fujicolor Quicksnap Jeans laginak ematen du: merkeenetako bat izanik, argazki-kalitate ona ematen du (5 puntutik 4). Kamera murgilgarria nahiago dutenentzat, aukera politena Kodak murgilgarri Ultra Sport laginak ematen du.
Erabilera bakarreko argazki kamerak
Marka / Modeloa | Fujifilm Fujicolor QuickSnap Jeans | Kodak Ultra Sport | Kodak Ultra Compact | Agfa Lebox 400iso |
---|---|---|---|---|
Ezaugarriak | Flash eta guzti | Urpean,15 metroraiEz murgilgarria flashik gabe | Flash eta guzti | Flash eta guzti |
Prezioa (euro ekipoko) | 5,64 | 7,13 | 10,78 | 5,50 |
Prezioa (euro argazkiko) 1 | 0,21 | 0,26 | 0,40 | 0,20 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Argazki zenbakia | 27 | 27 | 27 (+12 doan) | 27 |
Pisua (g) | 100 | 147 | 97 | 131 |
Atxikitzeko zuloa | Ez | Eskuturrekoa dauka | Bai | Bai |
Flasha prest dagoela adierazten du? | Bai | Eskuturrekoa dauka | Bai | Bai |
Bobina modeloa | Ni | Kodak | Kodak | Ni |
Filmaren sentikortasuna (ASA) 2 | 400 | 800 | 800 | 400 |
Fokatzearen helmena 3 | Flash eta guzti 1 – 3 m | Gutxienekoa: 0,8 m | Flash eta guzti 0,8 – 5 m | 1m (flashik gabe) – 4m (Flash eta guzti) |
Fokuaren distantzia 4 | 35 mm | 32 mm | 32 mm | 28 mm |
Erorikoen aurreko erresistentzia | Martxan segitzen du | Martxan segitzen du | Martxan segitzen du | Martxan segitzen du |
Hermetikotasun froga | – | Zuzen | – | – |
Argazkiaren kalitatea (1-5) | 4 | 4 | 5 | 3 |
Erabilera bakarreko argazki kamerak
Marka / Modeloa | Starblitz 35FN | Atomic Flash | Fujifilm Fujicolor QuickSnap Marine |
---|---|---|---|
Ezaugarriak | Flash eta guzti | Flash eta guzti | Urpean, 10 metroraiEz murgilgarria flashik gabe |
Prezioa (euro ekipoko) | 5,50 | 7,90 | 12,75 |
Prezioa (euro argazkiko) 1 | 0,20 | 0,33 | 0,47 |
Etiketa | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Argazki zenbakia | 27 | 24 (+3 doan) | 27 |
Pisua (g) | 93 | 92 | 171 |
Atxikitzeko zuloa | Ez | Ez | Eskuturrekoa dauka |
Flasha prest dagoela adierazten du? | Bai | Bai | Eskuturrekoa dauka |
Bobina modeloa | Fuji Superia 400 | Ultima 100 | Superia 800 |
Filmaren sentikortasuna (ASA) 2 | 400 | 400 | 800 |
Fokatzearen helmena 3 | 1m (flashik gabe) – 4m (Flash eta guzti) | 1m (flashik gabe) – 4m (Flash eta guzti) | 1 m – 3 m |
Fokuaren distantzia 4 | 35 mm | 32 mm | 35 mm |
Erorikoen aurreko erresistentzia | Martxan segitzen du | Martxan segitzen du | Martxan segitzen du, baina hermetikotasuna galtzen du |
Hermetikotasun froga | – | – | – |
Argazkiaren kalitatea (1-5) | 3 | 3 | 4 |
(1) Errebelatzea kostatzen dena, aparte
(2) Sentikortasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta argitsuagoak (hobeak) dira argazkiak. 800 ASA, izan ere, 400 ASA-ren halako bi da, argitasunez ari garela.
(3) Kameratik objektuetara behar den gutxieneko distantzia, zehatz ager daitezen
(4) Zenbat eta txikiago, hainbat eta hobeto.
Banan-banan
Erabilera bakarreko zazpi argazki kamerak, banan-banan
Fujifilm Fujicolor Quicksnap Jeans
/imgs/20070601/img.camara.01.jpg 5,64 euro kamera, 21 zentimo argazkia- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. 27 argazki. Flashduna. Foku-helmen laburrena (metro bat eta hiruren arteko distantzia barruko objektuak bakarrik fokatzen ditu). Estaldura optikoetatik txarrenetako bat (foku-distantzia, 35 milimetro).
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 4. Gardentasun, zisku, flasharen potentzia, buxadura, pikorraren tamaina eta hermetikotasun probetan, kalifikazio garaiena; kontraste proba ez du gainditu.
Kodak Ultra Sport
/imgs/20070601/img.camara.02.jpg 7,13 euro kamera, 26 zentimo argazkia- Murgilgarrien artean, prezioa eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. 27 argazki. Flashik ez. Bigarren astunena (147 gramo). Sentikortasun handiko bobinaduna (800 ASA). Eroriko eta kolpeekiko erresistentzia handienekoa.
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 4. Parametro guztietan 5na puntu irabazi zituen, kolorearen erreprodukzio, kontraste, aberrazio, paralaje-akats, buxadura eta maneiagarritasunetan izan ezik (hauetan denetan, 4na puntu).
Kodak Ultra Compact
/imgs/20070601/img.camara.03.jpg 10,78 euro kamera, 40 zentimo argazkia.- 27 argazki gehi 12, opari. Flashduna, baina flasha ezin desaktiba daiteke, konektatuz gero. Foku-helmen handienekoa (80 cm-tik 5 metrorainoko objektuak fokatzen ditu). Sentikortasun handiko (800 ASA) bobina duen bakarra, murgilgarri ez direnetan.
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 5. Konpaktu konbentzionaletatik ez da bereizten, bertako bobinaren kalitatea medio, seguruenik.
Agfa Lebox
/imgs/20070601/img.camara.04.jpg 5,50 euro kamera, 20 zentimo argazkia- 27 argazki. Flashduna. Foku-distantziarik hoberenekoa (28 milimetrokoen parekoa). Bobina aldatuz gero berriro erabil daiteke.
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 3. Aberrazio, pikorraren tamaina, hermetikotasun, maneiagarritasun, akabera eta itxura estetikoan hoberena, baina kolorearen erreprodukzioan proba gainditu gabe utzi duen bakarra da.
Starblitz 35FN
/imgs/20070601/img.camara.05.jpg 5,50 euro kamera (denetan merkeena), 20 zentimo argazkia- 27 argazki. Flashduna. Denetan arinenetako bat (93 gramo). Estaldura optiko txarrenetako bat (35 mm-ko foku-distantzia).
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 3. Hermetikotasun aldetik oso ongi, baina buxatze proba ez du gainditu.
Atomic flash
/imgs/20070601/img.camara.06.jpg 7,90 euro kamera, 33 zentimo argazkia- 24 argazki gehi 3, opari. Flashduna. Denetan arinena (92 gramo).
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 3. Akaberak ez du proba gainditu (azterturiko lagin denei kartoia askatu zitzaien, lehen edo geroago).
Fujifilm Fujicolor Quicksnap Marine
/imgs/20070601/img.camara.07.jpg 12,75 euro kamera (denetan garestiena), 47 zentimo argazkia- Murgilgarria. 27 argazki. Flashik gabea. Denetan astunena (171 gramo). Sentikortasun garaiko bobina (800 ASA). Foku helmenik laburrena (metro bat eta hiruren arteko distantzia barruko objektuak bakarrik fokatzen ditu). Estaldura optiko txarrenetako bat (foku-distantzia, 35 milimetro). Eroriz gero funtzionatzen du baina ez da hermetiko.
- Argazkien kalitatea: 5 puntutik 4 . Zisku, pikorraren tamaina, hermetikotasun, maneiagarritasun, akabera eta itxura estetikoan kalifikazio garaiena baina kontraste proba ez du gainditu.