Argiztapen-sistemen argi-itzalak
Beharreko mantenua
- Egiazta ezazu aldian behin argiek -faroak, posiziokoak, intermitenteak eta frenoetakoak- ongi funtzionatzen duten.
- Argiztapen-sistema egoera txarrean egoteak iluntasunean errepidea ongi ez ikustea ondorioztatuko du, gidariaren ikuspen-nekea areagotuko da eta gainerako gidariei ibilgailu hori eta bere maniobrak ikusteko zailtasunak ekarriko dizkie.
- Argi guztiek behar bezala funtzionatzen badute ere, alda itzazu lanparak, binaka beti, 50.000 kilometro eginikoan edo bi urtean behin, nahiz eta haien iraupena beren ezaugarrien araberakoa den.
- Pantaila babesleak hondatu edo haustearen ondorioz baliteke faroaren barrualdean kondentsazioak gertatzea: horrelakoetan bonbillaren bat erretzeko arriskua dago.
- Ezarri itzazu markako lanparak. Bestelakoen kostu merkeagoaren eskutik bizitza baliagarri motzagoa eta argi-potentzia motelagoa datoz askotan.
- Lanpara halogenoetarako faroetan ez ezarri inola ere xenonezko lanpararik, faroak horretarako prestatua behar du-eta.
- Lanpara ondo erregulatzeak ere garrantzi handia du. Argia altuegi badago beste gidariak itsutu egingo ditu, akaso; nolanahi ere, arriskutsua da ikusgarritasuna galaraziko duelako. Lanparak beheregi baldin badaude ere, beste horrenbeste.
- Argiak ondo erregulaturik ez egotea zerbaiten ondorio izan daiteke: hartutako kolperen batengatik, motelgailuen egoera txarragatik, edo ibilgailuak zama larregia eramatearren. Egun, autorik gehienek daukate faroen altuera erregulatzeko mekanismoa.
- Zaindu pantaila babeslea egoera onean eta mantendu garbi. Faroak edo pilotuak zikin badaude, argiztaturiko distantzia (eta ikuspena) laburragoa da. Faroetan hauts pittin bat egoteak argiaren eraginkortasuna %10ean motel dezake. Konponketa: tarteka oihal bustia pasatzea.
Itsutzeari saihets egitea
- Itsuturik bazaude, moteldu abiadura.
- Itsutze hori aurretik badatorkizu, begira errepideko tokirik ilunenera edo erreferentzi gune argietara (bideko marka edo errepidearen ertzeko lerrora, adibidez).
- Ispilutik itsutzen bazaituzte, alda ezazu buruaren posizioa edo ipini ispilua itsutzearen aurkako eran.
- Eskuinerako bihurgunean alda itzazu errepideko argia ibilgailu bat kontrako norabidean agertzean; zure argiak beste gidariaren begietan zuzenean joko baitu.
- Ezkerretarako bihurgunean, aldiz, argiak errepidearen eskuineko ertza argituko du eta beste gidaria itsutu arte denbora gehiago pasatuko da. Halaz ere, kendu argi luzea.
Lanpara konbentzionalez bestelako aukerak
Honelako bonbilletan goritasuna gas noble -iodoa, eskuarki- baten baitan gertatzen da; horrek haria freskatzen du, lanpararen bizitza baliagarria luzaraziz. Argi distiratsuagoa ematen duenez, iluntasunetako objektuen kontrastea nabarmenago agertzen da. Honelako lanparek 400 ordu ere irauten dute.
Abantailak: patrika guztien neurrirako prezioak; 8 eta 35 euro artean, fabrikatzailearen eta argi int5entsitatearen arabera. Edonor da gauza erretako lanpara aldatzeko.
Eragozpenak: Legeak autoan lanpara sorta bat eraman behar dela xedatzen du.
Edo “deskargako argiak”. Hauen sistemaren oinarria gasaren deskarga delako printzipio fisikoa da, hots, aurreko argiztapen-sistema guztiak ez bezalakoa.
Abantailak: lanpara halogenoak baino hiru aldiz gehiago argiztatzeko energiaren erdia bakarrik kontsumitzen du, automobileko elektrizitate sistema optimizatuz. “Bidegurutze” posizioan urrutirago argiztatzen du, kontrako norabidean datozen ibilgailuetako gidariak itsutu gabe. Argiak, eguzkiarenaren tankerakoa izaki, ikuspen-nekea arintzen du eta argi-energia hobeki aprobetxatzearren, dimentsio txikiago eta aerodinamikoagoak ditu lanparak, estetikaren mesedetan. Xenonezko lanparen bizitza baliagarria 1.500 ordukoa da, hots, halogenoarenaren lau halako. Ordezko lanpararik eramatea ez da derrigorrezkoa.
Eragozpenak: profesionalak bakarrik maneia ditzake. Xenonezko bi lanparak eta bi transformagailuek osaturiko kita 200 eta 400 euro artean kostatzen da.
Orain artean pilotu, intermitente eta frenoetako hirugarren lanparetan bakarrik erabiltzen zirelarik, led (light emision diode edo argi-igorpenaren diodoa) motako lanparak bidegurutzeko argi gisa 2008an hasiko dira baliatzen. Foku horiek, argi-iturri bakarrekoak izan ordez (halogenoak edo xenonezkoak bezala), errepideko hainbat zona argiztatzen dituzten diodo mordoa darabilte.
Abantailak: ez dira erretzen, kontsumo txiki-txikikoak dira eta, praktikan, betirako balio dute: 100.000 ordu inguru.
Eragozpena: bidegurutzeko argi bezala erabili ahal izateko 2008 urtera arte itxaron beharra.
- Legeak, arau orokor gisa, eguzkia sartzen denetik sortzen denera arte, ikuspen urria denean (lainoa, euria, elurra ari duenean) eta hainbat egokieretan (tuneletik igarotzean, etc.) argia piztu behar dela xedatzen duen arren, Espainiako Senatuak otsailean onetsi zuen mozioan, Gobernuari dei egin zion bidegurutzeko argia egun osoan pizturik eramatea derrigorrezko bihurtuko duen arautegia gara zezan.
- Ilunabarrean eta goiztirian ez aurreztu argirik: irudiak ez dira zehatz agertzen, zailtasunak izaten dira ikuspena egokitzeko.
- Kea, euria, lainoa edo itzala dela medio, ikuspena murriztea, piztu argia. Arau orokor gisa, haizetako-garbigailuari eragitean, piztu bidegurutzeko argia.
- Lainoaren aurkakoak (atze zein aurrealdekoak) potentzia handikoak direnez, ikuspen ezin txarragoa dagoenean bakarrik erabili behar dira; ikuspena hobetzean, aurreko ibilgailuaren posizio-argiak ikus ditzakezunean itzali behar dituzu, orduan alferrikakoak dituzulako lainoaren aurkakoak baina gainerako gidariei biziki higuingarriak gerta dakizkieke, posizioko argiak eta frenoetakoen arteko kontrastea apaldu egiten dutelako.