Kontu korronte ugari bai, baina zenbat dira errentagarriak?
Diruak dirua ekartzen omen du, hala dio esaerak, baina ez erosokerian dagoenari. Betiko bankutik jaiki, eta gure dirua mugiaraziko duen zerbaiten bila hasi beharra daukagu, badira-eta horretarako aproposak diren erakunde eta kontu korronteak. Batzuek, adibidez, % 6ko interesak eskaintzen dituzte epe motzera, eta hori ez dago nolanahi uzterik, are gutxiago ekonomia bera ere zutik ezin jarririk dagoela ikusita. Errentagarritasuna ez ezik, ordea, beste alderdi batzuk ere kontuan hartu behar dira kontu korronte bat aukeratzerakoan: komeni izaten da, adibidez, erabilgarria eta eraginkorra izan dadin. Hona hemen arrasto batzuk egoki aukeratu nahi duenarentzat:
Bi irizpide hartu behar ditu aintzat kontu korronte hobearen bila ari denak: kontua eraginkorra izatea eta errentagarria. Zertarako nahi dugu interes ona ematen duen kontu bat, gero ez badigu uzten oinarrizko eragiketak egiten (dirua kutxatik atera, ordainagiriak helbideratu), edo ez badu aukerarik ematen diru guztia guk nahi dugunean ateratzeko? Dirua orain dagoen lekuan utzita ere, ordea, ez gabiltza hobeto; esku-eskura dugu diru hori, baina interesik ematen ez badu, eros ahalmena galtzen ari gara (inflazioaren eraginez). Ongi aukeratzeko, beraz, bi alderdiak hartu behar dira aintzat.
Egun, errentagarritasun handia ematen duten kontuak eskaini eta eskaini ari dira finantza erakundeak. Europako Banku Zentralak igo egin ditu interes tasak (% 4,25ean daude orain), eta horrek aukera eman die erakundeei aurrezki produktuak hobetu eta irabazi gehiago eskaintzeko. Burtsa izan liteke beste aukera bat, baina egonkortasuna lortu ezinik dabil aspaldian, eta ez da lekurik onena gaur-gaurkoz. Une ona da, beraz, gure dirua errentagarritasun handiko kontu batean jartzeko, ea esaerak ez digun huts egiten eta diruak dirua ekartzen digun.
Hauek dira errentagarritasun handiko kontu korronteen abantailarik aipagarrienak, are gehiago egoera ekonomiko kezkagarri honetan:
- Interes erakargarria dute, eta, gainera, aurrez dakigu zenbatekoa den: errentagarritasun ona ematen dute, eta horixe da abantaila nagusia. Burtsak % 20 baino gehiago galdu du urtea hasi zenetik, eta inbertsio funtsek, batez beste, % 3,3 azken hamabi hilabeteetan, baina hori ez da izan eragozpen erakunde askorentzat, eta % 0,1eko errentagarritasun apal baino apalagoa ematen duten kontuak eskaintzen hasi dira. Produktu horiei muzin egin behar zaie, eta, gutxienez, urtean % 3,5eko irabaziak emango dizkigun zerbait bilatu behar dugu. Gehien eskaintzen dutenek % 6 agintzen dute lehen bost hilabeteetan.
/imgs/20081001/eco-domestica2.jpg Erraz-erraza da funtzionamendua: errentagarritasun handiko kontuek gordailuen gisara funtzionatzen dute, eta han jarritako diruak irabaziak ematen ditu, besterik gabe. Interes tasa aurrez ezarria izaten dute, eta, beraz, ez diete eragiten ez merkatuaren gorabeherek, ez beste ezein alderdik. Gerta daiteke, hala ere, erakundeak interes tasa igo edo jaitsi nahi izatea uneren batean; erabaki hori hartzen badu, jakinaren gainean jarriko gaitu, eta aukera emango digu dirua ateratzeko edo beste erabakiren bat hartzeko.- Diru eskura dezakegu, komisiorik ordaindu gabe: kontu korronte guztiek aukera ematen dute dirua guk nahi dugunean ateratzeko, inolako komisiorik ordaindu behar izan gabe (hala funtzionatzen dute aurrezki kontuek eta ageriko kontuek). Zenbaitetan, dirua atera ahal izateko, transferentzia bat egin behar izaten da errentagarritasun handiko kontutik hari atxikitako beste batera. Baina halakoetan ere, berehalaxe aldatzen dute dirua lekuz, eta segundo gutxiren buruan izan dezakegu dugu eskura.
- Ez dute komisiorik: ‘on-line’ ari diren bankuek ez dute komisiorik kentzen errentagarritasun handiko kontuetan, ez mantentzeagatik eta ez dirua ateratzeagatik. Ohiko finantza erakundeek, ordea, urtean 30 euro kentzen dizkigute, batez beste, dirua ageriko kontu batean edukitze hutsagatik .
Errentagarritasun handiko kontuekin, beraz, aurreztu egingo dugu eta dirua esku-eskura izango dugu behar dugunean. Hori hola izanik ere, komeni da ongi irakurtzea kontratua, goitik behera eta letrarik txikiena ere galdu gabe. Erakundeek, izan ere, zenbait baldintza jartzen dituzte:
/imgs/20081001/eco-domestica3.jpg Bi kontu ireki behar izaten dira: errentagarritasun handiko kontu batzuk gordailu besterik ez dira, hau da, ez dute aukerarik ematen ordainagiriak helbideratzeko, ez dute txartelik eskaintzen eta ez dute uzten kutxa automatikoetan dirua ateratzen. Produktu mota horrek, gehienetan, ageriko kontu bat izaten du hari atxikia, eta finantza erakundeak han sartzen ditu bezeroak beste inbertsio batzuekin lortu dituen irabaziak; bezeroak diru guztia atera nahi duenean ere, beste kontu horretan sartzen diote dirua.- Likidezia ez da berehalakoa: errentagarritasun handiko zenbait kontu beste erakunde batzuetako kontuei atxikita egoten dira, eta, ondorioz, dirua ezin izaten da berehala eskuratu. Horrexegatik ez komeni da errentagarritasun handiko kontuaren eraginkortasuna besteren mende egotea, eta beste konturen bati atxikia badago, kontu hori erakunde berekoa izatea da onena.
- ‘On-line’ funtzionatzen dute: diru mugimendu guztiak Internet edo telefono bidez egin behar dira, eta hori deseroso samarra da oraindik ere bezero askorentzat. Errentagarritasun handiko konturik gehienak Interneten soilik aurkituko ditugu, eta inon ez dute bulegorik izaten gu hara joan ahal izateko.
- Errentagarriak dira oso, baina…: arreta handiz irakurri beharra dago zer, nola eta zenbat irabaziko dugun. Iragarkietan paregabea da dena, zenbakiek liluratu egiten gaituzte, baina kontuz!: beti interes tasa bera emango digutela pentsa dezakegu, baina agian ez da hala. Ongi aztertu behar da zenbat denborarako eskaintzen duten errentagarritasun handi hori, eta galdetu egin behar da hortik aurrera zenbateko interesa emango diguten. Egun, zenbait kontuk % 6ko interesa eskaintzen dute, baina lehen bost hilabeteetarako soilik. Ondoren, batzuek % 3ko interesa agintzen dute, eta beste batzuek, interes zehaztugabea (merkatuko baldintzen esku uzten dute). Gehien-gehienetan, zenbateko interesa emango diguten esaten ez dutenean, apal samarra izango den seinale.
- Errentagarritasun handiak ez dezala eduki denbora mugarik: komeni da errentagarritasun handi hori ez dadila izan denbora tarte labur baterako.
- Txartela eskaintzen duen kontua hartu: kutxatik nahi dugunean dirua atera ahal izatea abantaila handia da, eta txartela erabiltzeko aukera ematen duen konturen bat hartzea komeni da.
- Erakunde bereko beste kontu bati atxikia egon dadila: ez hartu beste erakunde bati atxikita dauden kontuak, gerta baitaiteke ez edukitzea aukerarik dirua berehala eskuratzeko.
Guztien artean, Ibanesto nabarmendu behar da, haren Kontu Urdinak % 6,10eko interesa ematen baitu inbertsioa egin eta lehen bost hilabeteetan. ING Direct-en Kontu Laranja ospetsuak, berriz, % 6ko interesa ematen du lehen bost hilabeteetan. Hortik aurrera, % 3ko interesa agintzen du. Activobank erakundeak Activo Plus Kontua eskaintzen du, % 5eko interesarekin. Sa Nostra-k, berriz, Balear uharteetako kutxak, % 4,49ko interesa ematen duen kontua dauka merkatuan. Azken horrek, ordea, ez du aukerarik ematen ordainagiriak helbideratzeko, eta txartelik ere ez du eskaintzen. Beste horrenbeste gertatzen da Ibanestoren kontuekin eta ING Direct-ek eskaintzen dituenekin (erakunde horrek, gainera, beste erakunde bati atxikitako kontua irekitzera behartzen du bezeroa).
dizkizun kontua
Hala ere, badira errentagarritasun handiko kontu eraginkorrak ere, nahiz eta ez asko izan. Uno-e erakundearen Kontu Ordaindua da horren adibide: % 3,5eko interesa eskaintzen du, eta kontuari atxikitako txartela ere ematen du; horrez gain, ordainagiriak helbideratzeko aukera ere badu. Kontu mota honek bi abantaila ditu: aldi berean da eraginkorra eta errentagarria. Ageriko kontu den neurrian, zerbitzu gehigarri batzuk eskaintzen dizkio bezeroari. Batzuk nabarmentzekotan, hauexek: kobratzeko eta ordaintzeko balio dute (helbideratzeko, alegia), istripu asegurua dute, hilabeteko saria aurreratzen digute, lehentasunezko kredituak ematen dituzte… Bankua behartua dago, sei hiletik behin, gutxienez, bezeroari jakinaraztera zein egoera duen haren kontuak. Erakunde gehienek, ordea, hilero bidaltzen dute mugimenduen berri kontu jabearen etxera, zenbat diru daukan eta zenbat interes dagozkion.
Banketxe tradizionalen artean, Caja Madrid-ek egin nahi duen apustua nabarmendu beharra dago; haren arduradunek jakinarazi dute errentagarritasun handienetakoa emango duen produktu bat atera nahi dutela. Oraingoz, % 4,50eko interesa du kutxa horrek Internet bidez eskaintzen duen Kontu Gorenak.
6.000 euro inbertituko bagenitu urtebetean % 6ko interesa emango ligukeen kontu batean, 360 euro irabaziko genituzke. Horri % 18 kendu behar zaio, horixe eramaten baitu Ogasunak zergetan. Azken buruan, beraz, 295 euro geratuko litzaizkiguke garbi-garbi.
Aitzitik, % 0,1eko interesa ematen digun kontu batean uzten baditugu 6.000 euro horiek, urtebeteren buruan 6 euro irabaziko genituzke. Eta Ogasunak eramaten digun % 18a kenduta, 5 euro eskasak.
Inversis Banco erakundeak, adibidez, Maxymas Kontua merkaturatu du; % 3,50eko interesa ematen du 6.000 arteko kapitala jarriz gero, baina, noski, inbertsio zorro bat hartu beharra dago (funtsak edo akzioak), eta 3.000 euro baino gehiagokoak izan behar dute. Self Trade Bank, berriz, Fondikontua izenekoarekin irten da merkatura. Kontu horrek % 3,5eko interesa ematen du hor jarritako diruagatik, baina, gutxienez, beste hainbeste sartu beharra dago inbertsio funtsetan; hala egin ezean, % 0,5eko interesa soilik jasoko du bezeroak Fondikontuan jarri duen diruagatik. Kontu horrek, gainera, gordailu gisa funtzionatzen du, eta ez du aukerarik ematen ezertxo ere helbideratzeko, ez ordainagiriak eta ez lansaria, eta txartelik ere ez du eskaintzen. Dirua atera nahi izanez gero, berehalakoan ematen dute, eta komisiorik gabea da.