Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Adinekoei zuzendutako finantza produktuak : "Zatozte, zatozte denak..."
Erretiratu eta pentsiodunek ez dute joerarik izaten aurrezkiak mugitzeko, eta bankua ere beti-betikoa nahi izaten dute; bezero fidelak dira, eta bereziki haiei zuzendutako produktuak eskaintzen hasi dira banku eta kutxak
Bankuak eta kutxak hasita daude erretiratuentzako produktu bereziak eskaintzen. Izenak ere propio jarriak dituzte, gainera: 60koen Kluba, Pentsio Zirkulua, Urrezko Adinaren Kluba edo Vital Jendea. Guzti-guztiek bilatzen dute gauza bera, adinekoek euren diru saria han helbideratu dezatela, eta, ordainetan, hainbat eta hainbat gauza eskaintzen dizkiete: dirua aurretiaz jasotzeko aukera, doako txartelak edo maileguak, opariz ongi hornituta betiere (mahai tresneria, ontziteria, argazki edo bideo kamerak, bidaiak, ikuskizunetarako sarrerak, eta abar). Finantza erakundeek aski ongi dakite zeri ematen dioten balio gehien pentsiodun eta erretiratuek, eta horixe eskaintzen diete; alegia, hurbiltasuna, goxotasuna, soiltasuna eta erosotasuna.
Erakunde asko sartu dira lehia horretan, bankuak, aseguru etxeak, bitartekaritza espresak eta aurrezki kutxak, baina guztiek ez dute lortu etekin bera. TNS Finance erakundeak eman dituen datuen arabera, aurrezki kutxek erakarri dituzte adineko bezero gehien. Ia denak, egia esan. Adineko pertsonen % 85ekin lan egiten dute, eta % 70entzat, kutxak dira lehentasunezko erakunde. ‘On-line’ eta telefono bidez jarduten duten bankuak ere sartu dira adin multzo horretako bezeroen tartera, eta % 4ri zerbitzua ematen ari dira egun. Erakunde horrek berak emandako datuek diotenez, La Caixa eta BBVA ari dira gehien erretiratu eta pentsiodunekin (% 19k jotzen dute batera eta bestera). Santanderrek adinekoen % 14 bereganatu ditu, Caja Madridek % 11 eta Caja Rural-ek % 10.
Merkatua etengabe mugitzen ari da, eta pizgarriak eskaini beharra dago jendearen arreta erakartzeko. Opariak egitea aukera ona izaten da bezeroak atxikitzeko, bidaia merkeagoak eskaintzea, edo aseguruak gehitzea kontu pentsio baten edo finantza txartel baten jabe egiteagatik. Baina ohiturak aldatzen ari dira, eta hori ere kontuan hartu beharko dute finantza erakundeek. Mende berriko erretiratuek euren etxeetan bizitzen jarraitu nahi dute, baina seguru eta eroso, eta hainbeste nekerekin aurreztu duten dirua gastatu nahi dute eta bidaiak eginez gozatu. Erretiroari buruzko Nazioarteko IV. Ikerketak erakusten du -Axa taldeak egina da- erretiratuen % 79k gozatzeko erabili asmo dutela erretirorako aurreztu duten dirua (Espainiako datua da hori, eta beste lekuetakoa baino handiago da ehunekoa). Deutsche Bank erakundeak, berriz, Erretiroko Bizimodu eta Beharrak izeneko ikerketa egin du, eta lan horrek honela irudikatzen ditu erretiratuak: urtean 1.058 euro gastatzen dituzte bidaietan, 526 euro osasunean eta edergintzan, eta 383 euro zaletasunetan eta bestelako jardueratan.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Ez dago aurreko orririk
- Orri honetan zaude: [Or. 1 de 4]
- Joan hurrengo orrialdera Kontu pertsonalizatuak »