Tatuajeak eta 'piercing'-ak egiten dituzten 160 zentro aztertu ditugu 18 hiriburutan

Ezinbesteko informaziorik gabe egiten dira oraindik ere tatuajeak eta 'piercing'-ak

Higiene eta garbitasun baldintzak hobetu dira, baina ez behar adina
1 urria de 2008
Img temap 321

Ezinbesteko informaziorik gabe egiten dira oraindik ere tatuajeak eta 'piercing'-ak

/imgs/20081001/temaportada1.jpgTatuajeak egitea eta gorputza zulatzea (piercing-ak jartzea) modari eta hiriko joerei lotu-lotuta daude, baina ezin esan kontu hutsalak direla. Gorputzari erasan egiten diote (ia ebakuntzatxo bat egitea bezala baita zenbaitetan), eta ezinbestekoa da informazio guzti-guztia eskura edukitzea, eta, nola ez, higiene, osasun eta garbitasun neurriak ezin zorrotzago zaintzea. Gauzak gaizki eginez gero, ondorioak aski kaltegarriak izan daitezke, eta, inondik ere, saihestu beharra dago arriskurik txikiena ere.

CONSUMER EROSKI-k horretan aritzen diren 160 zentroren jarduera ikertu du, Espainiako 18 hiriburutan, eta zulo bat nabarmendu da beste guztien gainetik: azala pigmentuz urratzen eta metalez apaintzen dutenentzat, informazio hitzak ez du lehentasunik. Tatuaje edo piercing bat egiteko, organismoaren babesetako bat zulatu beharra dago, azala, alegia, baina horretan jarduten duten langileen % 72k ez dute galdetu ea bezeroak baduen alergiarik edo bestelako gaixotasunik. Garbitasunak eta higieneak, ordea, emaitza ona lortu dute, eta nabarmen hobetu da 2004an gai beraren inguruan egin genuen azterketarekin alderatuta; hala ere, oraindik bada zer hobetua arlo horretan ere. Oso tentuz zaintzekoa baita alderdi hori, hala egin ezean, kutsatzeko eta infekzioak eragiteko arriskua oso handia da eta. Hori dela eta, osasun ikuspegitik, medikuek-eta ez dituzte ontzat jotzen gorputz apaindura horiek.

Hemezortzi hiriburu hautatu ditugu, esan bezala (A Coruña, Alacant, Almeria, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza) eta 160 zentro; horietako 136k horixe dute jarduera bakarra, tatuajeak eta piercing-ak egitea, eta gainerako 24etan, bestelako jarduerak ere egiten dituzte. Beharrezko informazio guztia biltzeko, gure teknikariak banan-banan joan dira zentro guztietara, eta guztiek gauza berbera eskatu dute: tatuaje bat egin nahi zutela (zuri-beltzezko txinatar letra berbera) eta piercing bat ere jarri nahi zutela, guztietan merkeena eta altzairu kirurgikoz egina.

Teknikariek galdetegi bat bete behar izan dute, eta hori prestatzeko, mediku dermatologoen laguntza eduki dugu; horrez gain, zenbait autonomia erkidegotako araudiak ere aintzat hartu ditugu (Andaluzia, Galizia, Katalunia, Nafarroa, Valentzia, Extremadura, Madril eta Murtzia), eta Tatuaje eta Piercing Maisuen Elkarte Nazionalak erabiltzen duen jarduera kode zorrotza ere bai.

Oro har, CONSUMER EROSKI-k aztertu dituen zentroek ez dute gainditu gure azterketa, eta, batez beste, nahiko kaskarra izan da emaitza, ‘hala-holakoa’. Sei hiriburutako zentroak soilik iritsi dira gainditzeko mailara: Granadan eta Valentzian ‘ona’ izan da emaitza, eta Bilbon, Donostian, Kordoban eta Valladoliden, ‘onargarria’ baino ez. Alacanten, Bartzelonan eta Zaragozan aztertu ditugunek emaitza ‘txarra’ lortu dute, eta A Coruña, Almeria, Gasteiz, Iruñea, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo eta Sevillakoek, ‘hala-holakoa’ guztiek.

Nola jokatu 'piercing' edo tatuaje bat egin aurretik eta ondoren. Gomendioak Aurretik

Ez egin ‘piercing’ eta tatuajerik baldin eta…

  1. Ongi aztertu eta pentsatu ez badugu. Tatuajeak kentzea oso zaila da.
  2. Une horretan gaixotasun edo infekzioren bat badugu, gorputzaren defentsak ahulduta egoten baitira.
  3. Azaleko gaixotasunen bat badugu; adibidez, dermatitisa, aknea edo psoriasia.
  4. Koagulazioen aurkakoak hartzen ari bagara, edo odol nahasmenduak baditugu edo jaiotzetik bihotzeko gaixotasun bat badaukagu.
  5. Odol emaile bagara. Tatuaje bat edo piercing bat egin ondoren, ezin da odolik eman urtebete igaro arte.
  6. Medikamenturen bat hartzen ari bagara (medikuari galdetu behar zaio ezer egin aurretik).

Tatuaje edo ‘piercing’ bat egitea erabaki badugu…

  1. /imgs/20081001/temaportada2.jpg Higiene arau egokiak erabiliko dituen zentro batera joatea komeni da, eta Osasun eta Kontsumo Sailaren erregistroan izena emana duen zentro batera. Tatuaje eta zulo egileek, gainera, prestakuntza ikastaroa egina eduki behar dute.
  2. Orria betearazi behar digute, informazioa jaso dugula eta onespena ematen dugula adierazteko
  3. Adin txikikoak bagara, gurasoen edo jagoleen baimena eraman behar dugu.
  4. Piercing edo tatuaje bat egingo digun pertsonak, lanean hasi aurretik, ongi garbitu eta desinfektatu behar du gure azala. Gainera, higiene eta segurtasun arau hauek bete behar ditu:
    • Eskuak garbitu behar ditu hasi aurretik eta bukatu ostean.
    • Eskularru esterilizatuez baliatu behar du, erabili eta botatzen diren horietakoez.
    • Arropa eta oinetako garbiak erabili behar ditu, eta lanean soilik erabiltzeko prestatuak.
    • Lanean ari dela, ez du erre behar, ez jan behar, ez edan behar.
    • Zauririk, erredurarik edo bestelako minik baldin badu, ongi tapatu behar ditu.
  5. Azalean oreztaren bat badugu, edo garatxoa, orina, orbana, erredura edo bestelakorik, han behintzat ez da egin behar ez tatuajerik ez piercing-ik.
  6. Ordainagiria eskatu behar dugu; ongi etorriko zaigu erreklamazio bat egin behar badugu.
  7. Piercing-a edo tatuajea egin ondoren sintoma hauetakoren bat agertzen bazaigu, medikutara joan beharko dugu: sukarra badugu, gorputz atal hori gorritua eta/edo hanpatua badugu, edo mindua edo oinazetua.

/imgs/20081001/temaportada3.jpg

Ondoren: ‘piercing’-arekin

  1. Ukitu aurretik, beti eskuak garbitu behar ditugu.
  2. Egunean bitan garbitu eta mugitu behar dugu piercing-a.
  3. Ez dugu makillajerik eman behar piercing-a daukagun lekuan.
  4. Guztiz orbaindu arte, ez dugu bainurik hartu behar igerilekuan edo itsasoan.
  5. Mihian edo ezpainean jarri badugu, ez dugu alkoholik edan behar, ez gomarik mastekatu, ez janari minik jan. Ongi garbitu behar dugu jan, edan edo erre ondotik.

Tatuajearekin

  1. /imgs/20081001/temaportada4.jpgBakterioen aurkako xaboi likido batekin garbitu behar dugu, egunean bitan, eta eskuarekin soilik.
  2. Behin benda eta lotura kenduta, ez zaio berriz jarri behar.
  3. Zarakarra edo kraka irteten bada, ez ibili kentzen edo hazka.
  4. Guztiz orbaindu arte, ez dugu eguzkirik hartu behar, eta bainurik ere ez igerilekuan edo itsasoan.
  5. Arropa leun eta goxoa erabiltzea komeni da, estua izango ez dena.

Informazioa eskas

Ikerketa honetan gu laguntzen aritu diren dermatologia adituek berebiziko garrantzia eman diote informazioari. Tatuaje edo piercing bat egin aurretik, ahalik eta informazio osoena eduki behar da, erabaki horren alde onak eta txarrak zein izan daitezkeen jakiteko. Sarri, ordea (gehiegitan!), askorik pentsatu gabe egiten dugu urrats hori. Eta zentro horietan ematen diguten informazioa ere oso eskasa izaten da; halaxe ikusten da, gainera, emaitzetan (‘txarra’ dela ondorioztatu dute teknikariek). Beraz, gauzak ez dira asko aldatu 2004ko azterketa egin genuenetik.

Guk bisitatu ditugun zentroen % 54tan, ez dugu inon ikusi hango profesionalak zer prestakuntza duen (agiriren bat edo jendearen bistan jarritako diplomaren bat). Higiene eta osasun baldintzen berri ematen duten oharrak ere ez ditugu aurkitu zentroen % 69tan, ez egoitzak berak bete beharrekoei buruzkoak, ez tatuatze-guneetan zaindu beharrekoei buruzkoak, eta osasun informaziorik ere ez dute eduki agerian. Hamarretik zazpitan, ez da egon eskuorri, triptiko edo txosten bat bera ere, adibidez, zer produktu erabiltzen dituzten azaltzeko, piercing-a edo tatuajea egiteko zer prozesu egin behar den adierazteko, edo gero nola zaindu behar diren jakinarazteko. Zentroen % 87tan, berriz, ez daukate arriskuei edo ondorioei buruzko informaziorik agerian, eta % 91tan, ez dugu aurkitu saldu ondorengo bermeari dagokion aipamenik.

Tatuajeen arloan, zentroen % 80tan ez dute preziorik jarri. Hamarretik bederatzitan, berriz, ez dute ohartarazi komeni izaten dela aurrez proba bat egitea, guk hautatu dugun pigmentu jakin horri alergiarik badiogun edo ez jakiteko. Eta % 65etan ez digute jakinarazi hobe dela alkoholik eta drogarik ez hartzea tatuajea egin aurreko bi egunetan, eta baraurik joateko gomendiorik ere ez digute egin zentroen % 72tan, nahiz eta hala joatea komeni den.

Oro har, zentroen % 21etan soilik adierazi digute xehe-xehe nola egiten diren tatuajeak. Arriskuei buruzko informazioa, berriz, hamarretik lautan izan da egokia.

Behin tatuajea eginda nola zaindu behar den ere jakin beharrekoa da, baina guk aztertu ditugun zentroen ia % 20tan nahiko informazio gutxi eman digute, eta hamarretik seitan ez digute adierazi tatuajea gasa batekin tapatzea komeni dela. Eguzkitik eta UVA izpietatik babestu beharra dagoela bai, hori zentroen % 73tan jakinarazi digute (bi hilabetez eduki behar genukeela babestuta tatuajea daraman eremua), eta tatuajea egin eta astebetera, krema hidratatzailea ematen komeni dela, hilabete batez.

Piercing-en arloan, materiala zaindu behar da, batik bat, horrek zerikusi zuzena baitu alergiekin eta zuloa orbaintzeko sor daitezkeen arazoekin. Profesional gehienen iritziz, titanioa eta altzairu kirurgikoa dira materialik onenak, batez ere piercing-a lehenengoz jartzen dutenentzat, material horiek eragiten baitute alergia eta infekzio arazo gutxien. Guk aztertu ditugun zentroetan, titanioa erabiltzeko gomendioa eman dute % 48k, altzairu herdoilgaitza % 30ek eta altzairu kirurgikoa % 13k. Materialaren gaineko azalpen horiek zentroen % 44tan soilik eman dizkigute xehetasun osoz.

Prezioen berri jakitea ere komeni izaten da, baina zentroen % 56k ez dute piercing-en preziorik agerian, % 38k bai, eta % 6k, erdiena bakarrik.

Beste zenbait alderdi ere kontuan hartzekoak izaten dira; adibidez, piercing-a jartzeko zenbat denbora behar izaten den, edo anestesia erabiltzea beharrezkoa den, besteak beste. Zentroen % 53tan ez digute zehaztasun handirik eman, eta 9 zentrotan, ezertxo ere ez digute esan, nahiz eta teknikariek galdetu (Donostian, Gasteizen, Iruñean, Madrilen, Murtzian eta Oviedon gertatu da hori).

Piercing-a nola zaindu behar den azaltzeko orduan ere, gorabeherak ikusi ditugu; % 45ek soilik eman digute horren inguruko informazio xehe eta osatua.

'Piercing'-a edo tatuajea egitearen arriskuak

/imgs/20081001/temaportada5.jpg‘Gorputz artea’ deitu izan dena boladan jarri da gazteen artean, eta gazte izanen artean ere bai. Gorputza zulatzea edo marrazki harrigarriz apaintzea ez da atzo goizeko kontua, oso antzinakoa baizik. Lehen bezala orain, ordea, azala urratu behar da, gorputzak duen babes hesi nagusietakoa, alegia, eta, ezinbestean, horrek handitu egiten du infekzio arriskua. Baina azala ez ezik, odola ere ukitzen da, eta gaixotasun batzuk odolaren bidez transmititzen dira. Beraz, piercing-ak eta tatuajeak egiteko erabiltzen dituzten tresnak kutsatuta badaude, gaixo dagoen pertsonaren baten odolak kutsatu dituelako, adibidez, arriskua ez da nolanahikoa, gaixotasun horien artean badaudelako oso-oso larriak ere. Besteak beste, giza immuno-eskasiaren birusa (GIB), hepatitisaren birusa (B eta C hepatitisak adibidez, eta neurri txikiagoan, A hepatitisa), tuberkulosia edo tetanosa.

Arrisku horiek hor daude, baina ez dira bakarrak; piercing-ek eta tatuajeek, izan ere, bestelako kalte batzuk ere sor ditzakete: urradurak, hemorragiak edo hanpadura kronikoak ager daitezke, toki jakinak infektatu, alergia erreakzioak sortu, esmalte edo hortzak apurtu… Zauria gaizki orbaintzen denean gertatzen dira halakoak, edo bakterioren batek infekzioa eragiten duenean, edo hortzetako nahasmenduren bat agertzen denean, edo tinduak edo materialen batek erreakzio txarren bat sortzen dutenean.

Higiene eta garbitasun ona, baina gabeziak ere bai

/imgs/20081001/temaportada6.jpgTatuajeak eta piercing-ak egiten aritzen diren zentroetan, lehentasunezkoa da higienea eta garbitasuna ongi zaintzea, bezeroen osasuna arriskuan jarriko baitute bestela. Gai horretan, oro har, emaitza ‘ona’ lortu dute guk aztertu ditugun zentroek, baina, hala ere, zenbait alderdi hobetu beharra daukate.

Araudi autonomikoek esaten dute, besteak beste, zentro horiek eremutan banatuta egon behar dutela, bezeroari ahalik eta arreta eta zerbitzu onena eskaintzeko. Zentro guztietan ikusi dugu eremu bereiziren bat, baina % 30ek, adibidez, esterilizatze eremua ez dute bereizia besteetatik.

Itxaroteko, lan egiteko eta bezeroak garbitzeko lekuek txukun egon behar dute, desinfektatuta eta ongi zainduta. Egunean behin garbitu behar dituzte, gutxienez, baina maizago ere egin beharra dute hala komeni bada (zikintzen diren aldiro). Gainera, gainazal guztiak desinfektatu behar dituzte, sarri-sarri.

Aztertu ditugun 160 zentroetan, harrera-lekua ongi zainduta eduki dute % 82k, garbi eta gauzak bere lekuan jarrita. Lan-lekua ere txukun ordenatuta eduki dute % 75ek, eta lan tresna guztiak armairu batean gordeta. Arau guztiek behartzen dute horretara, alegia, lanerako tresnak eta materialak armairu itxietan gordetzera, eta, gainera, erraz garbitzeko eta desinfektatzeko moduko materialez eginak egon behar dute armairu horiek. Zentroen % 86tan baino gehiagotan, tresnak armairu itxi eta ongi garbituetan egon dira gordeta, eta zorua, paretak eta altzariak gainazal leunekoak izan dira, errazago garbitu ahal izateko. Arauak ere halaxe eskatzen du, gainera: lan-lekuetako zoru-paretek leunak eta lauak izan behar dute, pororik gabeko materialen bat dutela gainean, behar bezala garbitu eta desinfektatu ahal izateko. Zikinkeriarik ez dugu ikusi, eta odol arrastorik ere ez.

Zentro gehien-gehienek ongi bete dituzte higiene arauak, baina gutxi batzuek ez dute gainditu proba hori. Kordobako, Malagako eta Valladolideko hiru zentrotan, ordena hobeto zaindu beharra daukate, eta Kordobako, Iruñeko eta Alacanteko beste hirutan, orbanak eta zikin arrastoak aurkitu ditugu. Ondorio horiek atera ditugu lan-lekuetan ikusi ahal izan dugunetik, baina ikusi gabe ere geratu zaizkigu batzuk: zentroen % 8tan, CONSUMER EROSKI-ko teknikariek ez dute izan lan-lekura sartzerik.

Gorputzean zulotxo bat edo tatuaje bat egiteko, erabateko pribatutasuna behar da, eta zentro gehienek ongi zaindu dute hori (% 85ek, hain justu); beste % 13k, ordea, huts egin dute arlo horretan: ez dute proba gainditu A Coruñako batek, Almeriako bik, Bartzelonako batek, Kordobako hiruk, Granadako batek, Madrilgo batek, Malagako batek, Murtziako hiruk, Oviedoko batek eta Valladolideko bik.

Zentro horiek osasun eta higiene arloan dituzten betebeharren artean, bat nabarmentzen da guztien gainetik: azala, mintzak edo bestelako ehunak zulatzeko erabiltzen diren orratzak edo bizar labanak hermetikoki itxita eta esterilizatuta egon behar dute, eta, behin erabilita, bota egin behar dira. Bisitatu ditugun zentro gehienetan hermetikoki itxita egon dira (% 87,5). Iruñeko zentro batean ez dira hala egon, eta zentroen % 12tan gure teknikariek ezin izan dituzte tresna horiek ikusi.

Azala ukitu bai, baina zulatzen ez duten tresnak ere esterilizatu egin behar dira erabili bakoitzean (pistola, adibidez). Aipagarria da, berriz ere, zentroen % 11tan ezin ikusi izatea tresna horiek (Bartzelonako seitan, Almeriako batean, Kordobako batean, Malagako hirutan, Oviedoko batean, Gasteizeko batean eta Zaragozako bostetan).

Esterilizatze gela bereizita egon da zentroen % 60tan, baina ez % 16tan (Alacant, Valladolid eta Oviedo nabarmendu dira horretan ere); beste % 25etan, gure teknikariek ez dituzte ikusi, ezin izan dutelako edo erakutsi nahi izan ez dizkietelako. Esterilizatze gelen % 73 txukun ordenatuta eta garbi aurkitu ditugu (A Coruñan, Bilbon, Madrilen eta Donostian, batik bat), baina ez Alacanteko, Malagako eta Iruñeko hirutan. Zentroen ia erdietan, ordea, eskuohea zikin egon da eta izarak ere ez dira izan behin erabili eta aldatzekoak.

Azkenik, profesionalaren janzkerak nolako behar duen ere esaten du arauak: bata zuria edo argia eraman behar du lanerako. Teknikariek txosten honetarako egin dituzten bisiten erdietan, ezin izan dute ikusi profesionala lanean, baina haiek jardunean ikusteko aukera izan dutenetan, honako emaitza hauek atera dituzte: % 26k ez dute jantzi maska, % 30 ez dira egon behar bezala jantzita, eta % 4k ez dituzte eskuak garbitu ez lanean hasi aurretik, ez lana bukatu ondotik, eta ez lana eten izan duten bakoitzean ere.

'Piercing' edo tatuaje zentroen kalitatea neurtzeko irizpideak

Tatuaje edo piercing bat baldintza txarretan eginez gero, gaixotzeko arriskua ere izan dezake bezeroak, eta, beraz, oso garrantzitsua da lekua ongi aukeratzea. Hona hemen arrasto batzuk, zenbait irizpide kontuan hartzeko:

  1. Eremu zabalak: Ongi bereizita eduki behar ditu bata bestetik harrera-lekua, lan-lekua eta materialak esterilizatzeko lekua. Gainera, eremu bakoitzak handi samarra izan behar du, eta egoki argiztatua egon behar du, profesionalak eroso lan egin ahal izateko.
  2. Zikin arrastorik ez: Garbitasuna eta higienea zaindu behar dute gauza guztien gainetik, batik bat tatuajea edo piercing-a egiten duten eremuan. Zikin orbanik ez dute eduki behar inon, eta material eta tresna guztiek bere lekuan egon behar dute, ongi eta txukun ordenatuta.
  3. Jendearen bistatik gordea: Lan-lekuak ez du egon behar jendearen bistan; piercing-a edo tatuajea egitera joan denaren intimitatea errespetatu behar dute.
  4. Lan tresnak: Materialak armairu itxi batean egon behar du gordeta, bakoitza bere zorroan, behin bakarrik erabiltzekoak baitira. Erabiltzeko ordua iristean, bezeroaren aurrean ireki behar dituzte, eta tresna guztiak esterilizatu egin behar dira norbaitekin erabili ondoren (pistola, adibidez). Eskuohearen gainean jartzen den paper edo izarak ere behin erabili eta botatzen den horietakoa izan behar du, eta berdin bizar labanak ere (tatuatu nahi den ataleko ileak kentzeko erabiltzen da).
  5. Profesionala: Tatuaje edo zulo egileak berak ere egoki jantzita joan behar du, arauak eskatu bezala: bata zuria eta lanerako oinetakoak eramango ditu, maska, eta erabili eta botatzen diren eskularruak (bezeroaren aurrean jantzi eta erantzi beharko ditu). Gainera, eskuak garbituko ditu lanean hasi aurretik, lana bukatu ondotik, eta lana eteten duen bakoitzean.
  6. Informazioa: Tatuajea edo piercing-a egin aurretik, profesionalak informazioa eman behar dio bezeroari hainbat alderdiri buruz: zein arrisku dituen jakinarazi behar dio (alergiak agertzea, orbaintzeko orduan arazoak sortzea…); zein baldintzatan agertu behar duen tatuajea edo piercing-a egitera (aurreko egunetan alkoholik, drogarik eta aspirinarik hartu gabe, eta baraurik); zein faktorek eragiten duten tatuaje edo piercing bat gorputzeko atal batean edo bestean egiten denean; eta, azkenik, tatuajea edo piercing-a egin ondoren nola zaindu behar duen azaldu behar dio (pomadak eman behar dituela, gasak erabili, kontu handiarekin garbitu behar duela, denbora batez bainurik ez duela hartu behar igerilekuan edo itsasoan, krema hidratatzaileak erabili behar dituela…).

Prezioak: merezi du alderatzea eta konparaketako taula

Piercing bat edo tatuaje bat egitea ez da berdin kostatzen hiriburu guztietan, eta hiriburu berean ere, badira aldeak zentrotik zentrora. Piercing batek (merkeena eskatu dugu guk, eta altzairuzkoa), batez beste, 30 euro balio du, orain dela lau urte baino ia bost euro gutxiago (orduan 34,90 euro balio zuen, batez beste). Kordoban aurkitu dugu zentrorik merkeena (9 euro), eta Gasteizen eta Valentzian garestienak (50 euro).

Hiribururik garestiena, batez beste, Gasteiz izan da (46 euro), eta merkeena, Alacant (15 euro). Hiriburu bereko zentroen prezioa elkarri alderatuta, Valentzian ikusi ditugu alderik handienak: garestienak 50 euro balio izan du, eta merkeenak 15 euro.

Tatuaje bat egiteagatik, berriz (txinatar letra txiki bat, zuri-beltzean), 61 euro ordaindu behar dira, batez beste. Alacanten, ordea, 110 euro balio du, eta Granadan, 31 euro.

Zentrorik garestiena Alacanten topatu dugu: 140 euro eskatu dituzte tatuajea egiteagatik. Merkeena, berriz, Valladoliden: 20 euro eskas balio du.

Tatuajeak kentzen dira?

Kentzen dira, baina prozesu zaila da oso, motela eta garestia. Eta kendu ere, ez dira erabat kentzen. Medikuek eta tatuatzaile profesionalek ere nabarmentzen dute markak geratu daitezkeela, aski itsusiak estetikoki. Tatuajeak kentzeko metodorik eraginkorrena laserra da, eta erabiliena ere horixe da, baina ez merkea delako: saio batek 150 euro inguru balio du. Batez beste, bost saio behar izaten dira, baina, noski, ikusi egin behar da zenbateko tatuajea den, noiz egina eta zer kolore dituen: horia kentzeko, adibidez, ez dago tratamendurik; urdin argia, berdea, morea eta laranja neurri batean kentzen dira; beltza, gorria eta urdin iluna desagerrarazten dira ongien azaletik.

Laserraz gain, kirurgia plastikoak erabiltzen dituen ohiko prozedurak ere balia daitezke: azala erauzi, luzarazi, moztu edo txertatu. Marrazkia ezkutatu ere egin daiteke, gainean beste tatuaje bat eginda. Arlo honetako azken aurrerapena, berriz, Ingalaterratik dator, Oxfordeko klinika batetik. Kosmetika alorreko adituek krema berezi bat asmatu dute, eta Ameriketako Estatu Batuetan hasi dira lehenengoz erabiltzen, nahiz eta oraindik ez den asko hedatu. Itxuraz, zortzi asteren buruan desagerrarazten ditu tatuajeak, minik eta orbainik gabe.