ENRICA / Norbanakoen informazioa / Menu mota: bihotzaren osagarri / Fruktooligosakaridoak / Soja esneak behi esneak adina kaltzio ematen du / Zerk gizentzen du gehiago, ogiaren azalak edo mamiak
Gaur-gaurkoa:
Elikadura eta Nutrizio Segurtasuneko Espainiako Agentzia (AESAN) ikerketa epidemiologiko bat egiten ari da, jakiteko zein diren arrisku kardiobaskular nagusiak Espainiako biztanle helduetan. Honako erakunde hauek ariko dira Elikaduraren eta Arrisku Kardiobaskularraren Azterketa egiten(ENRICA): Sanofi-Aventis osasun konpainia, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa eta Bartzelonako Hospital Clínic.
Lehen egin izan diren azterketetan, arrisku kardiobaskularren faktoreak nola banatzen diren jakin ahal izan zen, eta, orain, ENRICAri esker, informazio hori datu berriekin osatu ahal izango da, elikadura motari eta gizentasunari buruzko datuekin, hain zuzen. Hori lortu ahal izateko, inkesta bat egingo dute Espainia osoan (2009ko azaroan bukatuko dute): 14.000 pertsona adierazgarri hartuko dituzte, 18 urtetik gorakoak eta instituzionalizatu gabeak.
Norbanakoen informazioa
- Elikadura kontsumoa. 827 elikagairen eta 184 errezetaren inguruko informazio xehe-xehea aterako dute. Langile egoki prestatuak ariko dira inkestak egiten etxez etxe, inkesta informatizatuak.
- Pisua neurtuko dute, altuera, gerri buelta eta aldaken zirkunferentzia. Neurketa hauek eginda, herritarren gizentasuna (orokorra) zertan den jakin ahal izango dute, eta sabelaldeko gizentasunaren berri ere jasoko dute (arrisku kardiobaskular nabarmena du azken horrek).
- Arrisku kardibaskularren faktoreak, bizi ohituren araberakoak. Adibidez, aintzat hartuko dute tabakoa erretzen duten, edari alkoholdunak edaten dituzten, lanean jarduera fisikoa egiten duten, astialdian zer ekintza egiten duten, zer garraiobide erabiltzen dituzten, zein faktore psikosozialek eragiten duten.
- Arrisku kardiobaskularren faktoreak, izaera biologikoa dutenak. Hainbat analisi egingo dituzte: odol presioa neurtuko dute, kolesterolemia eta odoleko lipidoen izaera. Hantura eta tronbosien inguruko informazioa lortuko dute, eta odolean zenbat glukosa eta zenbat hemoglobina glikosilatu dagoen aztertuko dute; giltzurrunek egoki funtzionatzen duten jakiteko edo kalterik baden zehazteko, berriz, zenbat kreatinina dagoen neurtuko diete herritarrei, eta mikroalbuminuriarik baduten. Horrez gain, leptina kopuruak ere aztertuko dituzte, eta odolean ageri den azido urikoari ere erreparatuko diote.
Datu horiek guztiak aztertuta, arrisku kardiobaskularra eragiten duten faktore nagusien inguruko ezagutza epidemiologiko adierazgarria eskuratu ahal izango dute: kolesterolemia, hipertentsioa, diabetesa, ariketa fisikoa, gizentasuna, tabakismoa, eta abar. Eta aurrera begira neurriak hartzeko ere oso lagungarriak izango dira datu horiek, oinarri-oinarrizkoak izango baitira programa eraginkorrak abian jarri ahal izateko eta osasun arazo garrantzitsu horiei aurrea hartu eta tratamendu egokia emateko.
Menu mota:
- Gosaria: Pomelo eta laranja ura. Te urrintsua. Ogi integrala, oliba olio birjina estrarekin xigortua, tomate naturala eta urdaiazpiko iberikoa.
- Hamaiketakoa: Jogurt gaingabetua, intxaur eta hur batzuekin. Fruta berria.
- Bazkaria (plater konbinatua): Baserriko oilaskoa, labean egina (azala kenduta), arroz integrala, intxaurrak eta barazki erreak lagun dituela (berenjena, piperra, tipula eta tomatea, labean edo arranparrilan eginak). Ogi integrala eta sasoiko fruta.
- Askaria: barazki ogitarteko txikia, gazta freskoa eta atuna “naturala” gehituta, oliba olio birjina estra pixka batekin.
- Afaria: Entsalada (aguakatea, letxuga, tomatea, artoa eta azenarioa). Sardinak labean erreta, piper gorriekin. Ogi integrala eta jogurt gaingabetua.
Aholkua: zenbait elikagai oso onak dira bihotzarentzat, eta gure eguneroko dietan leku egin behar genieke: omega 3 gantz azidoak, arrain urdinarenak (intxaurrek ere badute); gantz azido monosaturatugabeak, oliba olioarenak eta aguakatearenak; herdoilaren aurkako gaiak, fruta eta barazkienak (hainbat koloretakoak); magnesioa, nekazaritzako produktuena, fruitu lehorrena eta labore integralena; eta kaltzioa, esnekiena, fruitu lehorrena, lekale eta hosto berdeko barazkiena (nekazaritzako produktuek kaltzio asko dute, baina organismoak ez die ateratzen hainbesteko probetxurik).
Elikagaiaren oinarriak:
Zuntz mota bat dira fruktooligosakaridoak (FOS siglarekin ere deitzen diete). Fruktosa zatiz osatuta daude, eta disolbatu egiten dira. Zenbait barazki eta frutak izaten dituzte FOS kopuru txikiak: txikoriak, alkatxofak, zainzuriak, tipulak, porruak, berakatzak eta platanoak, adibidez. Gure organismoak ezin izaten ditu bereganatu, baina ikerketek erakutsi dute mesede egiten dietela hesteetako bifido-bakterioei, eta horrek zenbait onura ekartzen dizkigula guri. Bifido-bakterioak eskas badabiltza, gerta liteke sabelaldea puztea, dispepsiak agertzea eta idorreria eragitea, eta, beraz, FOSek mesede egin diezaiekete halakoak izaten dituzten guztiei. Elikagai batzuek berez dituzten bezala, beste batzuei erantsi egiten dizkiete FOSak (esnekiei, edariei, haurren jakiei eta argaltzeko dieta-osagarriei), eta, hain zuzen, bifido-bakterioen lagungarri direla esanez egiten dute.
Elikadura kezkak
Pediatrek eta elikadura gaietan aditu direnek oso ontzat jotzen dute soja irabiakia ematea behi esnearen ordez. Haur batzuek ez dute maite behi esnea, ez eta esne horrekin egindako elikagaiak ere, eta beste batzuek ezin dute hartu, alergia diotelako laktosari edo euren organismoak jasaten ez duelako (behi esnearen azukrea da laktosa); sojazko edaria hartuta, haur horiek kaltzioa hartzen dute, behar-beharrezkoa baitzaie. Soja edariak ez du kaseinarik, eta laktosarik ere ez, baina kaltzioa bai (gehienetan, gainera, erantsi egiten diote). Dena den, etiketan begiratzea komeni da beti. Kaltzioa ez ezik, oinarrizko aminoazidoak ere ugari izaten ditu soja edariak, eta horiek oso beharrezkoak dituzte haurrak hazten ari direnean. Beraz, oso proteina onak ditu, behi esneak dituenaren parekoak. Izaera oneko gantzak ditu, kolesterolik gabea da eta, proportzioan, gantz saturatugabe dezente ditu (gantz onak dira horiek).
Elikagaiek, berez, ez dute ez gizentzen, ez argaltzen. Eguneroko dietan jaki bakoitzetik zenbat jaten dugun, hainbeste kaloria gureganatuko ditugu, eta gehiegi jan badugu, pisua hartuko dugu noski.
Azalak eta mamiak ez dute kaloria kopuru bera. Bietatik kopuru bera jango bagenu, azalak kaloria gehiago emango lizkiguke; izan ere, azala deshidratatua dago eta ur gutxiago du, eta, beraz, karbohidrato gehiago hartzen ditu (kaloria gehiago, beraz). Baina mamiarekin ere kontu izan behar da: mamiak asko xurgatzen du, azalak baino gehiago, eta mamia saltsatan busti eta busti ari bagara, kaloria mordoa hartzeko arriskua dugu.