Haurrei lentillak jartzea ere irtenbide ona da

Betaurrekoak ez dira izaten haurren begikoak, baina egun gero eta mota gehiagotakoak daude, itxura eta diseinu ugarirekin, eta, bestela, ukipen-leiarrak ere hor dauzkate aukeran
1 urria de 2008
Img consejo listado 192

Haurrei lentillak jartzea ere irtenbide ona da

Betaurrekodunei egun inor gutxik egiten die iseka eskolan, eta nekez entzuten dira “laubegi” eta gisakoak. Modak ere betaurrekoak jantzi ditu, eta orain ez dago hain gaizki ikusia betaurrekoak eramatea. Egungo modaren eragina haurrengana ere iritsi da, eta hainbat betaurreko modelo dituzte eskura, prezio eta kolore guztietakoak ia. Eta lentillekin ere berdintsu gertatzen da: erabili eta botatzekoak badira, koloreetakoak, igerilekuan erabiltzekoak… ez da harritzekoa, beraz, gero eta hedatuagoak egotea horiek ere. Ikusmenaren Liburu Zuriko datuek esaten dutenez (Ikusmena eta Bizitza elkarteak argitaratzen du), 14 urtetik beherako haurren % 15ek erabiltzen dituzte betaurrekoak edo ukipen-leiarrak Espainian. Beste % 5ek ere beharko lituzke, baina ez dituzte erabiltzen, nahiz eta ikerketa batek esaten duen ikusmen-arazoen ondorio izan daitezkeela eskola porroten % 15 eta 30 artean (Madrilgo Ikusmen Zientzien Institutuko Fundazioak egin du ikerketa hori).

Betaurrekoak

Haurraren iritzia ere aintzat hartzekoa da

  • Haurrak eraman beharko ditu betaurrekoak, eta, beraz, utzi berari aukeratzen, eta errespetatu haren iritzia eta aukera.
  • Betaurrekoak jantzita daramatzanean, oniritzia eman, eta jakinarazi oso ongi geratzen zaizkiola.
  • Egoerari ez eman garrantzi larregi, haurra hasiera-hasieratik eroso eta seguru sentitzea komeni baita.
  • Betaurrekorik jantzi nahi ez badu, ulertarazi egin behar zaio oso garrantzitsua dela. Adierazi hori dela modu bakarra ikusmen-arazoak konpontzeko. Haurra betaurrekoen kontra asko tematzen bada, eskaini lentillak erabiltzeko aukera.

Lehen pausoa: armazoia aukeratu

  • Betaurrekoen armazoiak egonkorra izan behar du, eta irmo atxikitzen dena, ez erortzeko, baina ez da komeni estu-estua izatea, buruan min ematen baitu bestela. Beste ezer baino gehiago, haurrak eroso sentitu behar du betaurrekoekin.
  • Haurrak leiar lodiak eraman behar baditu, garrantzitsua da armazoia sendoa izan dadin, bestela deformatu edo apurtu egin baitaiteke.

Ipurterreentzako modukoak

  • Gure alaba edo semea geldirik egoten ez den horietakoa bada, edo kirolen bat egiten badu, kirolerako egokiak direnak hautatu: betaurreko-besoak silikona irristagaitzez bilduta dituztenak. Halakoekin, kolperen bat hartuz gero, zailagoa da erortzea edo betaurrekoa inon sartu eta min hartzea.
  • Kordoi elastiko bat jarri betaurrekoei, haurrak asko mugituagatik ere, eror ez dakizkien.
  • Kirolerako babes-betaurrekoek haurraren neurri-neurrikoak izan behar dute, begitartera ongi egokitu eta haurra ahalik eta gehien babestu dezaten.
  • Betaurreko guztiak ez dira kirol mota guztietan erabiltzeko modukoak. Hockeyan aritzeko erabiltzen direnak ezin dira izan bizikletan ibiltzeko erabiltzen diren berberak.
  • Betaurreko-besoetan jartzeko gontz berezi batzuk badira egun, kanporantz ireki eta muturrak tolesteko aukera ematen dutenak, armazoiari kalterik egin gabe. Oso erabilgarriak gerta daitezke gontz horiek, haurrek beti ez baitute jartzen behar den arreta betaurrekoak janzterakoan. Haurra lo geratzen bada ere, oso eraginkorrak dira gontzak.

Leiarrak, oroz gain, seguruak izan daitezela

  • Haurren betaurrekoetan, organikoak izan behar dute leiarrek, eta tratamenduen bat emana izan behar dute gogortzeko eta islagabetzeko. Segurtasun kontuengatik, ez da komeni kristalezkoak izan daitezen.
  • Haurrak kirola egiten badu, polikarbonatozko leiarrak dira egokienak (termoplastiko sendo eta gardena da, leiar mehe eta arinak egiteko erabiltzen dena). Meheagoak eta seguruagoak dira, eta hautsiz gero, arrisku gutxiago izaten da begiari kalte egiteko. Hala ere, kolpeei oso-oso ongi erantzuten dieten arren, plastikozko leiarrak baino errazago markatzen dira.
  • Ez bota dirurik marken eta marren aurkako tratamenduetan. Saiatuta ere, haurren leiarretan beti agertuko dira marrak eta markak.
  • Bigarren betaurreko parea edukitzea komeni da. Kaltegarria da leiar marratuak erabiltzea, eta betaurrekoak hausteko arriskua ere handiagoa da haurrekin.
Lentillak

Eskola adinean haurrak ez badu betaurrekorik erabili nahi, konplexuren bat edo eragozpenen bat duelako, orduan lentillak erabiltzea da irtenbide onena. Eskola adinaren aurreko urteetan, ordea, medikuak hala aginduta soilik erabiltzen dira ukipen-leiarrak. Adin hori igarota, arrazoi praktikoen eta estetikoen mende geratzen da leiarrak erabiltzea. CooperVision erakundeak egin duen inkesta baten arabera, nerabezaro-aurreko urteetan lentillak erabiltzea oso lagungarria gerta daiteke, haurrak konfiantza gehiago hartzen duelako bere buruan, hainbat jarduera egiteko aukera errazten diotelako lentillek, begiak hobeto babestuta, gainera, eta, azkenik, lagungarriak direlako eskolako emaitzak hobetzeko.

Ongi datoz…

  • Bi begietatik oso desberdin ikusten badu, haurrari erosoagoa gertatuko zaio leiarrak erabiltzea.
  • Begi alferrak bizkortu behar badira eta estrabismo handiak zuzendu beharra badago.
  • Haurrari katarata operazioa egin badiote.
  • Kirola egin nahi badu, begiak hobeto babesten dituztelako eta nekez askatu eta galtzen direlako. Erdiko ikusmena eta periferikoa hobetzen dituzte, eta begian partikularik ez sartzeko ere hobeak dira.

Kontuan hartu beharrekoak

  • Haur txiki-txikietan, jaiotzetiko kataratak dituztenek soilik erabil ditzakete ukipen-leiarrak, edo traumatismo-zauriak dituzten haurrek, betiere oftalmologoak diagnostikoa egin ondoren.
  • Leiarrak aukeratzerakoan, erreparatu beti alderdi hauei: zenbateraino moldatzen diren begiak leiarrera, zenbateraino den erraza leiarrak kendu eta jartzea, eta zein neurritan ematen duten aukera begiaren segurtasuna kontrolatzeko.
  • Kirola egiteko, ez da komeni leiar zurrunak erabiltzea, erraz galtzen baitira.
  • Erabili eta botatzekoak dira egokienak, ez baita beharrezkoa egunero garbitu eta desinfektatzea. Gainera, beste leiar batzuen aldean, papila-konjuntibitis gutxiago eragiten dituzte eta begietan erretasun gutxiago sortzen dute.
  • Ukipen-leiarrak esku artean dituenean, garbitasun eta higiene arauak zorrotz betetzen erakutsi behar diegu seme-alabei.
  • Haurrak leiar eta guzti lo egiten badu, oso gertutik zaindu begia, ea ongi dagoen eta ea ez den agertzen inolako arazorik.