Urrutiko sarbidea: urrundik kontrolatu daitezkeen ordenagailuak
Saguaren gezia pantailan hara eta hona ibil daiteke egun, ordenagailu aurrean inor eseri ez bada ere. Holakoak gero eta gehiago ikusten dira bulegoetan, eta inor gutxi harritzen da. Segur aski, informatikariren bat ariko da laguntza teknikorako gelan, gorabeheraren bat konpontzen. Urrutitik sartzeko programa erabiltzen du horretarako, eta enpresako barne sarearen bidez (Intranet), berak nahi duen ordenagailura konekta daiteke. Informatikaria bere ordenagailutik aritzen da (ordenagailu bezeroa deitzen diote), eta enpresako terminal guztietara konektatua egoten da (urrutikoak deitzen zaie ordenagailu horiei). Ataka izeneko kanalak erabiliz, komunikazio selektiboa sortzen du ordenagailu bakoitzarekin, eta, horri esker, gainerako guztien idazmahaiak ikus ditzake bere ordenagailuan (bezeroa), eta urrutitik jardun.
Baina ez da informatikarien kontua bakarrik. Bidaiatu beharra izaten duen edozein erabiltzaile balia daiteke teknologia honetaz: etxeko ordenagailuan daukan informazio guztia eramaten ibili beharrean, programa hauei esker, inolako arazorik gabe lortuko du beste ordenagailu batetik ikustea etxeko disko gogorrean dauzkan artxiboak. Gauza askotarako erabil daitezke urrutiko sarbidea eskaintzen duten aplikazio hauek, eta buruari eraginda, gutxien uste denerako ere bai.
Programa gehienek aukera ematen dute urrutiko ordenagailuan dauden artxibo multimediak ikusi eta entzuteko, baldin eta banda zabalera on samarra badugu (ADSL konexio gehienek balio dute). Lagun baten etxean egonda ere, beraz, etxeko ordenagailuaren disko gogorrean gordeta dugun film bat ikus dezakegu lagunaren ordenagailuan. Nahikoa da bi ordenagailuek urrutiko sarbidea ematen duen programa instalatuta edukitzea (programa berbera izan behar du).
Urrutiko sarbidea ematen duten programei esker, elkarri konektatuta dauden ordenagailu-sareak sor daitezke, eta hortik aurrera, erabilera asko eta askotarikoak eman dakizkioke. Batzuek jolaserako erabiliko dute, eta beste batzuek lanerako. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, hezkuntza arloan erabiltzen hasi dira: irakaslea ikasleen ordenagailuetan sartzen da haiei jarraipena egiteko, bideoak ikusarazten dizkie eta, oro har, eskolak emanez aritzen zaie, beti urrutitik (‘Netop Schools’ izena eman diete eskola horiei).
Asteburuetan bulegoko lana aurreratu nahi dutenei ere ederki etor dakieke aplikazio hau. Etxean eseri, ordenagailua piztu eta bulegoko ordenagailuaren idazmahaia ikus dezakete eta lan egin, hantxe baleude bezala. Hori egin aurretik, ordea, enpresako informatikariarekin hitz egin beharko dute, enpresetako ordenagailuek itxita edukitzen baitituzte sarri askotan sarbide-atakak, komeni ez den inor sar ez dadin.
Era berean, enpresatik etxeko ordenagailura sartu nahi dutenei ere gerta dakieke sarbidea itxita topatzea. Enpresa askok, izen ere, mugatu egiten diete beren ordenagailuei Interneterako sarbidea, langileek ez dezaten erabili programa debekaturik (Emule, adibidez).
Sistema eragile hauetako bat duen oro sar daiteke urrutitik beste ordenagailu batera: Windows XP edo Vista, Mac OS X edo azken urteetako edozein Linux. Windows-ek, adibidez, sistema eragilearekin berarekin ematen du sarbidea beste ordenagailuetara. Horretarako, urruti daukagun ordenagailuak aktibatuta eduki behar du aukera hau, ‘urrutitik sartzen utzi’, eta identifikazio-izen bat ere eduki behar du. Eta, jakina, bi ordenagailuek Internetera konektatuta egon behar dute, bai bezeroak eta bai urritikoak. Gainerako sistema eragileek ere antzera funtzionatzen dute.
Merkatuak, hala ere, eskaintzen ditu bestelako aukerak, Windows-ek ematen dituenak baino hobeak, gainera. Interneten aurki daitezke guzti-guztiak. ‘Remote Administrator’ eta ‘Real VCN’ dira ospetsuenak, baina horiek erabiltzeko, urrutiko konexioan parte hartuko duten ordenagailu guztietan instalatu behar dira. ‘LogMeIn’ izenekoa ere hor dago, eta horrekin, gainera, aski da sartu nahi dugun ordenagailuan soilik instalatzea, ordenagailu bezeroa-ren nabigatzailetik erabiltzen baita: urrutiko ordenagailuaren idazmahaia ikusiko dugu han, eta oso erraz erabili ahal izango dugu. Hola funtzionatzeak baditu abantailak noski: batetik, Internetera konektatuta dagoen edozein ordenagailutatik sar gaitezke, ezer instalatzen ibili beharrik gabe, eta, bestetik, sistema eragile desberdinak dituzten ordenagailuak modu gardenean konektatzeko aukera ematen du: Linux-etik Mac OSX-era, Windows-etik Linux-era… Oso erraza da, www.logmein.com-era sartu eta hango argibideei jarraitzea bezain erraza.
Urrutiko sarbide guztiek ez dituzte ematen aukera eta abantaila berberak, eta hori kontuan hartu behar da. Programa espioiek eta software kaltegarria dutenek ere urrutiko sarbidea erabiltzen dute; aplikazio txikiak izaten dira, eta erabiltzailearen ordenagailuan sartu eta komunikazio kanalak irekitzen dituzte, gero gaizkile informatikoek nahi adina gaiztakeria eta bidegabekeria egin ahal izan dezaten. Urrutitik erabiltzen dute internauten ordenagailua, eta zabor iragarkiak bidaltzen dituzte, edo erabiltzailearen kode zenbakiak harrapatzen saiatzen dira, bankukoak, adibidez. Itxura denez, hiru ordenagailu pertsonaletatik bat programa horiekin kutsatua dago. Horregatik da garrantzitsua birusen aurkako programak eta babes programak beti martxan edukitzea Interneten ari garenean. Gainera, aldian behin ordenagailua aztertzea komeni da, eta espioiak harrapatzeko programak erabiltzea (SpyBot eta AdAware, adibidez), ordenagailura sartzen den guztia zaintzen baitute eta sofware kaltegarria antzematen.