Klimaren laborategia
Eguraldi iragarleak gero eta finago dabiltza. Azken hamarkadan aurrerapen handiak egin dira, eta huts egiteko beldurrik gabe esan lezakete zein eguraldi izango dugun hurrengo orduetan, eta egun batzuen buruan etorriko zaizkigun fenomeno atmosferikoei eta ezohiko gertakariei ere antza emateko moduan daude. Teknologia berriek argi egin diote meteorologiari ere, eta Espainiako Estatuko Meteorologia Agentzian badakite horren berri. Informazioa, gero eta ugariagoa ez ezik, gero eta zehatzagoa ere bada, eta interpretazio egokiak egiteko ere gero eta baliabide eta gaitasun gehiago daukate.
Datu jasa
Estatuko Meteorologia Agentziaren zeregina da eguraldi iragarpenak egin eta erakunde ofizialei helaraztea, aireportuei, itsas portuei eta gizarte osoari, oro har. Zerbitzu publikoa da, funtzionario aditu eta arituek osatua eta azken belaunaldiko teknologiekin hornitua. Meteorologia Institutu Nazionala izan zenaren segida da Estatuko Meteorologia Agentzia, eta 140 urte baino gehiagoko jarduna biltzen du. 1.400 langiletik gora dauzka, eta informazioa lortzeko sare zabala: 90 behatoki, 260 eguraldi-estazio automatiko, irratizundaketarako 7 estazio lehorrean eta beste bat Esperanza del Mar itsasontzian. Horrez gain, 15 meteorologia radar dituzte, tximistak antzemateko bat eta 4.500 estazio plubiometriko eta termoplubiometriko (borondatezko lanean ari diren 4.900 laguntzaile inguruk zaintzen dituzte horiek).
Datuak prozesatu eta grafikoak eta irudiak atera
Laino kopurua, tenperatura, euria, haizea, eguzki irradak eta deskarga elektrikoak. Satelite geoestazionarioetatik iristen dira alderdi horiei guztiei buruzko datuak, zenbaki-seinaletan; batzuk METEOSAT eta GOES-este sateliteetatik, eta besteak, berriz, poloetako TIROS-NOAA eta METOp izenekoetatik. Bektore-ordenagailu handi eta indartsu bat egoten da datuen zain, berak prozesatu behar baititu. Ordenagailu hori, halaber, Europako Zentroarekin lotuta dago (Reading-en dago, Ingalaterran). Kalkuluak egin ondoren, grafiko eta irudiak aterako ditu ordenagailuak, eta Interpretazio Zentrora helaraziko, han azter ditzaten. Ordenagailuak, datuak prozesatzeaz gain, 1972tik honako datu guztiak gordetzen ditu, digitalizatuta, eta hori laguntza handia da klima aldaketa ikertu eta aztertzeko.
Iragarpenak hedatzeko garaia
Garai batean, hiru hartzaile nagusi zituzten eguraldi iragarpenak eta fenomeno meteorologiko guztiek (eguzki irradak, tximista edo euri jasa arriskuak, zikloiak sortzeko arriskuak…): Espainiako Defentsa Ministerioa, aireportuak eta komunikabideak. 2000. urtean, ordea, beste bat agertu zen, Internet (herritar guztiak, alegia). Goizeko seietan, egun horretan zein eguraldi egingo duen jakinarazten dute, eta hurrengo bi egunetan zer izango den ere bai. Urritik aurrera, berriz, orain arte baino zehatzago esan dezakete zein eguraldi egingo duen etzi (goizeko hamarretan ematen dute etziko eguraldiaren berri). Meteorologia Agentziak hurrengo 9 egunetako eguraldiaren grafiko eta datuak interpretatzen ditu, baina laugarren egunetik aurrerakoak ez ditu jotzen iragarpentzat, hainbat alderdiren menpe egoten baita eguraldia eta horiek aldakorrak izaten dira.
Asmatzeko beharra
Eguraldiak berebiziko garrantzia du herrialde baten eguneroko martxan, eta berdin jendearen jardunean (oso maiz izaten da mintzagai). Hegazkinen joan-etorriak eguraldiaren menpe daude neurri handian, eta babes zibilak ere ahalik eta zehatzen kontrolatu behar du egoera atmosferikoa, arriskurik etor daitekeen jakiteko. Moncloa jauregiarekin (Espainiako presidentearen egoitza da) eta Larrialdietako Zuzendaritza Nagusiarekin zuzeneko harremana du Estatuko Meteorologia Agentziak. Urteko egun guztietan, automatikoki bi buletin igortzen ditu eguraldi iragarpenarekin. Egunean hirutan, berriz, itsas gutuna ateratzen du eta kostaldeko zentroetara bidaltzen, eta egunean lautan, gutxienez, buletin aeronautikoa egiten du, aire kontrolatzaileentzat. Baina ez aireportu handietan daudenentzat; horiek lotura zuzena dute datu-egoitza nagusiarekin, eta, halaber, beren interpretazio taldeak ere badituzte. Herrialde guztian barreiatuta dauden kontrol dorreetara bidaltzeko izan da informazio hori, horiei esker egiten baitira altuera txikiko hegaldiak. Agentziatik irteten diren grafikoek 20 kilometro koadroko eremua hartzen dute, nahiz eta zenbait tokitan 5 kilometro koadrora mugatu behar izaten duten. Bestelako informazioa ere oso lagungarria gertatu ohi da, eta zenbait tokitan, adibidez, ezaugarri atmosferiko bereziak dituztelako, oso kontuan hartzekoa izaten da zenbat ur daramaten hodeiek, uholde euririk gertatzen bada, garaiz jakinarazteko.
Erradiologia
Zientzia meteorologikoan, erradiologiarena izango da arlorik ezezagunena, baina ez horregatik garrantzirik gabea; aitzitik, klimaren alderdi garrantzitsuen berri ematen du. Munduko bazter guztiak aintzat hartuta, Iberiar penintsulan dago erradiologia-radarren sarerik handiena. Atmosfera zeharkatzen duten eguzki irradak neurtzea du helburu, hau da, eguzki gasak Lurrera zein indarrekin heltzen diren neurtzea. Eguzki izpiek eta horiek dakarten indarrak baldintzatu egiten du klima eta haren bilakaera. Ozono zulo zoritxarrez famatuak agerian utzi zuen ozono kontzentrazioa komeni baino txikiagoa dela zenbait eremutan. Alarma guztiak piztu ziren orduan, eta beharrezko ikusi zen eguzki irraden eragin kaltegarriak kontrolatzea, eremurik ahulenak zein diren jakitea eta jarraipen bat egitea, gero interpretatu ahal izateko zein bilakaera izan duen atmosferak, eta zein lotura duen horrek fenomeno atmosferikoekin.