Gripea: betiko birusa, baina ez beti bezalakoa
Udazken eta negu jantziak soinean dituela heltzen da hotza, eta goxo eta epel egotea baino gauza ederragorik nekez aurki liteke. Ohean, adibidez. Edo salda bero-beroa esku artean dugula. Baina ohea eta salda ere ez dira izaten beti berdin goxoak. Gure borondatez hartuko genituzke bi-biak, noski, baina ez gaitzak hartara behartuta. Sukar handia, eztarriko mina, muki jarioa eta gorputz osoko mina… horientzat ere ez dago ohe-saldak bezalakorik, baina nork nahi lituzke?
Udazken-neguetako bisitaria izaten da gripea, udako lozorrotik esnatua bezala gurekin oroitzen dena, eta urtetik urtera indar gehiago ekartzen duena. Herritarren % 5 eta 15 artean gaixotzen ditu urteroko agerraldian, eta eremu itxietan egon ohi diren herritarren artean, berriz, erdiak baino gehiago (barnetegietako ikasleak eta zahar etxeetako adinekoak). Datu horiek eman ditu Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioak.
Aterik jo gabe sartu ohi da gripea etxeetan, ikastetxeetan eta lantegietan, eta arnasbideak harrapatzen dizkigu birusak. Sarbiderik galarazi ezin zaionez, txertoa hartzea izaten da hari aurre egiteko modurik eraginkorrena. “Gripe sasoia” nolakoa izango ote den, hori da adituen kezka nagusia. Aurten, itxuraz, gripea ez da etorriko 2007an baino gogorrago -sasoi hobean, alegia-, baina pandemia mehatxuak hortxe jarraitzen du, gripearen ohiko birusa eta hegazti gripearena nahasteko arriskuak ez baita desagertu.
Nola bereizi gripea eta hotzeria?
Gripea bat-batean agertu ohi da, eta zenbait sintoma eragiten ditu, beste infekzio batzuek eragiten dituztenen antzekoak; ohiko hotzeriak, adibidez. Sintomak antzekoak izanik ere, gaitzak ez dira berdinak, eta bereizten jakitea komeni da:
- Ohiko hotzeriak ez du sukarrik eragiten, eta agertzen bada, egun pare baterako izaten da, eta ez oso handia (37,5 ºC edo 38 ºC). Gripeak, ordea, sukar handia ekartzen du (39 ºC edo 40 ºC), hiruzpalau egunetarako, eta muskuluetako minik ere ez da falta izaten (hotzeriarekin nekez izaten da halakorik).
- Malkoak isurtzea eta sudurrak ixtea hotzeriaren ondorio izaten dira, batik bat, eta eztul lehorra eta eztarriko mina, berriz, batekin zein bestearekin agertu ohi dira.
- Ohiko hotzeriak ez du ekartzen konplikazio edo arazo larriagorik. Gripeak, aldiz, ahuldu egiten du gaixoaren egoera immunologikoa, eta pneumoniak eta infekzio akutuak agertzeko arriskua izaten da; adineko pertsonekin eduki behar da kontu gehien, arazo larri bihur baitaitezke (hiltzerainokoak). 65 urtetik gorako pertsonek izaten dute arrisku gehien halako konplikazioak edukitzeko, gaixo kronikoek, haurdun dauden emakumeek eta haur txiki-txikiek.
- Txertoa da gripeari aurre egiteko modurik onena, baina ez dugu aurkituko txertorik hotzeritik libre jarriko gaituenik.
Gaitz baten eta bestearen sintomak antzekoak direnez, ez da guztiz desegokia 24-48 orduz botika minkentzaileak eta sukarkontrakoak hartzea eta zain geratzea ea sintomak desagertzen diren. Behin denbora hori pasatu eta ez badira joan, medikuarenean ordua hartu beharko dugu (halaxe egiteko aholkatzen du Mediku Orokor eta Familiakoen Espainiako Elkarteak).
Birus mutante baten aurkako txertoa
Gripea sortzen duen birusak hiru azpimota ditu, A, B eta C, eta lehen biek soilik eragiten diete gizakiei. Horien aurkako babesik eraginkorrena txertoa hartzea da, baina gripea berezia da horretarako ere: mutatzeko gaitasun handia dauka, eta gripearen birus berriak agertzen dira urtero, gizakiaren babesei ixkin egiten dietenak. Horregatik, gripearen aurkako txertoen osagaiak ere aldatu egiten dituzte urtetik urtera, sasoi bakoitzean gehien agertuko den birus-anduiari aurre egin ahal izateko.
Orain dela 50 urte, alerta sistema bat ezarri zuen Osasunerako Mundu Erakundeak (OME), munduan barrena dabiltzan birusak zaindu eta bakartzeko. Espainia ere ari da programa horretan parte hartzen, Gripea Zaintzeko Sistemaren bidez, eta aditu sail bat jarria dauka horretara (mediku zaindariak deitzen diete). Lehen gripe kasuak agertzen direnean, eztarriko exudatuaren laginak hartzeko materiala bidaltzen diete profesional horiei. Gripe sasoiaren hasieran (urtarrila edo otsaila), bi lagin hartzen dituzte, beste bi sasoi erdian eta beste hainbeste bukaera aldean, gripea itxuraz desagertzen ari denean. Ospitaleetan laginak lortu ondoren, urte horretan zein eratako birus-anduia ibili den jakin dezakete, eta zerrendara gehitu.
2008-2009 sasoirako, OMEk jada jakinarazi die osasun agintariei zein osagai eduki behar dituen gripearen aurkako txertoak Ipar hemisferioan. Birusaren andui hauek edukiko ditu txerto tribalente horrek: A/Brisbane/59/2007 (H1N1) anduiaren analogoa, A/Brisbane/10/2007 (H3N2) anduiaren analogoa eta B/Florida/4/2006 anduiaren analogoa.
Ohiko gripea eta hegazti gripea
Adituek esan dutenez, aurtengo gripe sasoia iazkoaren antzekoa izango da, oro har, baina aspalditik ari dira ohartarazten badagoela pandemia arriskua, ohiko gripearen birusa eta hegazti gripearena (H5N1) nahasi egin daitezkeela eta. Orain arte, gizakiengan hegazti gripea agertu den kasu guztietan, hegaztiek kutsatu dituzte gizakiak, eta pandemia gertatzeko, gizakitik gizakira pasatu beharko luke. 385 gizakiri aurkitu diete hegazti gripea gaur arte, eta 243 hil egin dira. Espainian, behin bakarrik agertu da hegazti bat gripeak jota; Euskal Autonomia Erkidegoan izan zen, 2006ko uztailean.
Gauza bakana izan arren, ordea, pandemia arriskua hor dago. Birusa gizakitik gizakira joango balitz, Asiako herrialdeetan sortuko lirateke birusaren lehen mutazioak, eta 10-15 egunen buruan, Europara iritsiko lirateke. Europan prest dauzkate halako egoerei erantzuteko planak, eta Espainiak ere badu berea 2005eko maiatzaz geroztik: Gripe Pandemia baterako Prestatu eta hari Erantzuteko Plan Nazionala, autonomia erkidegoekin, OMErekin eta Europako Batasunarekin elkarlanean osatua. Gainera, pandemia-aurreko lehen txertoa onartu du Europako Batzordeak, H5N1 birusetik babesteko: Prepandix.
Hauxe da dilema: txertoa jarri edo ez
Ohiko gripearen aurkako txertoak egiteko, birus jardueragabetuak edo hilak erabiltzen dituzte. Gehienetan, besoan jartzen dira, eta sei hilabete baino gehiago dituen ororekin erabil daitezke. Eraginkortasuna % 90ekoa dute, eta sei hilabetetik bederatzi arteko babesa ematen dute. Onena, beraz, irailean edo urrian txertatzea da. Osasun agintarien esanetan, gripea harrapatzeko eta bestelako konplikazioak edukitzeko arrisku gehien duten giza taldeei komeni zaie txerto hori hartzea. Eta zein dira, bada, giza talde horiek? Zerrenda hau eman dute Espainiako Osasun Ministerioak, Mediku Orokor eta Familiakoen Espainiako Elkarteak, eta Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroek (Ameriketako Estatu Batuetakoak dira horiek):
- Txertoa hartu behar dute:
- Sei hilabete baino gehiago dituzten haurrek.
- 65 urtetik gorakoek.
- Biriketako gaixotasun kronikoak dituzten haur eta helduek, eta gaixotasun kardiobaskularrak eta metabolikoak dituztenek.
- Azido azetilsalizilikoarekin tratamendu luzea hartu duten haurrek eta 18 urte arteko nerabeek, Reye sindromea agertzen ahal baitzaie gripearen ondotik (gibelari eragiten dion gaixotasun larria da).
- Haurdun daudenek, bigarren hiruhilekotik aurrera.
- Beren lanaren eraginez gripea hartzeko edo zabaltzeko arriskua dutenek.
- Sei hilabete baino gutxiago dituzten haurrekin bizi diren helduek.
- Nazioarteko bidaiak egiten dituztenek.
- Txertoak noizbait alergia gogorren bat sortu dien pertsonek.
- Oilo arrautzei alergia dietenek.
- Gripearen aurkako txertoa hartu, eta 6 aste igaro baino lehen Guillain-Barré sindromea agertu zaien pertsonek.
- Min arin edo gogorra eta sukar handia duten gaixoek, 38 ºC-tik gorakoa. Sintoma horiek desagertu arte itxaron behar dute.
Ahal dela, ez inor kutsatu
Gripea aire bidez zabaltzen da: gaixo dagoen norbaitek eztul edo doministiku egiten duenean, arnas tanta batzuk kanporatzen ditu, eta beste norbaitengana iristen dira. Baina infektatuta dagoen zerbait ukitu eta eskuak ahora, sudurrera edo begietara eramaten ditugunean ere kutsa gaitezke. Inork inor kutsa ez dezan, honela jokatzeko gomendioa ematen dute Familia eta Erkidego Medikuntzaren Espainiako Elkarteak (SEMFYC) eta Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroek (CDC):
- Ez irten etxetik. Ez joan lanera edo eskolara, eta jendearekin ere ez bildu.
- Urarekin eta xaboiarekin garbitu eskuak. Hatzak eta azazkalak zikin badauzkagu, eskuila batekin ongi garbitzea komeni da komunera joaten garen bakoitzean eta otorduren bat egin behar dugunean.
- Botatzeko diren zapiak erabili doministiku egiterakoan ahoa eta sudurra tapatzeko. Ontzi itxi batera bota behar dira zapi horiek, birusa ez dadin airean zabaldu.
- Gaixoaren objektuak ongi-ongi garbitu.
- Gaixoa aparteko logela batean jarri, familiako gainerako kideengandik bereizita.
- Gaixoaren logela haizeztatu: leihoa ireki egunean zehar.
Gripeak norbait gaixotzen duenean, oso-oso garrantzitsua da atseden hartzea, lo egitea, likido asko edatea eta dieta osasungarria egitea. Tabakoa eta alkohola oso kaltegarriak izan daitezke, eta saihestu egin behar dira.
- LIKIDOAK hainbat eratara har daitezke: tipula egosiarekin egindako salda izan daiteke, infusio gomendatuak (ezkaia, menda edo eukaliptoa), ur minerala hutsik edo laranja edo limoi urarekin, edo barazki likidotuen ura (errefaua, berakatza, tipula eta beste barazki gordin batzuekin).
- SUKARRAri aurre egiteko, sukarkontrako botikak har daitezke. Sukarra, ordea, organismoaren defentsa mekanismo bat da, eta, beraz, ez da komeni botika horiek neurriz kanpo hartzea. Gerta daiteke, gainera, gripea azkarrago pasatzea halakorik hartu gabe.
- Muskuluetako eta buruko MINA kentzeko, gorputz guztiko ondoeza bezala, minkentzaileak edo analgesikoak har daitezke. Haurrei eta nerabeei sekula ez zaie eman behar aspirina, gripea pasatu ondoren Reye sindromea agertzeko arriskua izaten baita.
- GRIPEAREN BIRUSAri aurre egiteko, birusen aurkako botikak ematen dituzte medikuek, eta egokiak izan daitezke, sintomak arintzen dituztelako, gaixotasun aldia laburtzen dutelako eta beste inor kutsatzeko arriskua gutxitzen dutelako.
Iturria: SEMFYC