Maxi tamaina eta unisex motako haur-oihalak

Zurgatzeko ahalmenean eta hezetasunaren kontrako babesean, alde galantak

Bederatzi eta hamabost kilo bitarteko mutiko zein neskentzako maxi tamainako sei haur-oihal aztertu dira oraingoan. Alearen prezioa 40 pezeta inguru dabil, batetik bestera alde nabarmenak hautematen badira ere: Dodot Excel lagina 51 pezeta kostatzen den bitartean Nivex markakoak 36 pezeta balio du.
1 azaroa de 2000

Zurgatzeko ahalmenean eta hezetasunaren kontrako babesean, alde galantak

Oihal hauen kalitatea konparatzeko, beren ezaugarri eta prestazioak hainbat parametroren arabera aztertu dira, hiru ataletan bildurik: erosotasuna (pisua, lodiera eta neurriak), erabiltzeko eraginkortasun praktikoa (itsasteko sistema) eta, funtsezkoa, zurgatzeko gaitasuna eta hezetasunaren kontrako babesa. Berriro ere, laborategian aztertu eta era estandarrean konpara daitezkeen kalitate-adierazleak erkatu dira, beste zenbait alderdi, hala nola haurraren larruazalaren zainketari dagozkionak, objektiboki eta era homologatuan neurtzea ez baita kontu erraza. Oihal hauek bai mutikoentzat bai neskatxentzat prestazio egokiak eskaintzeko diseinatuta dauden arren, bi sexuetako berezitasun fisiologikoak hartu dira kontuan laborategiko probak egitean. Esate baterako, erabiltzailea mutikoa izan edo neskatxa izan, hezetasun handiena oihaleko gune batean edo bestean biltzen da.

Azterketako emaitzei goazkiela, haietako lau (Dodotis, Dodot Ultraseco, Moltex Suprème eta Dodot Excel) oro har asetzeko modukotzat jo dira; bat (Monbebé), zuzen baino ez eta bestea (Nivex), eskas agertu da. Zehazkiago eta zurgatzeko gaitasunaz ari garela, bi lagin ez ziren iritsi maxi tamainako oihal bati galda dakiokeen zurgaketa-mailaraino. Nivex markakoaren zurgaketa eskasa izan zen, bai eguneko bai gaueko erabilerakoan, bi sexuentzako laginetan; neskatxarentzako gaueko erabilerako Monbebé lagina ere eskas agertu zen. Gainerako oihalen zurgaketa asetzeko modukoa izan zen. Dodotis nabarmendu zen gaueko erabileran: 400 mililitrotik gora, hala mutiko nola neskatxentzakoan; Nivex markakoak 149 eta 244 mililitro baizik ez zuen zurgatu.

Zurgaturiko hezetasunaren aurreko babesa da haurraren larruazala behar bezala zaintzeko prestazio behinenetako bat; laborategian egiaztatu zenez, adiera honetan asetzeko modukoak izan ziren Dodotis, Moltex eta Nivex laginak eta zuzen Dodot Excel markakoa; Monbebé eta Dodot Ultraseco laginek maila eskasa erakutsi zuten mutikoarentzako eguneko erabileran. Nolanahi ere, datu hau erlatiboa da: portzentajeak oihalaren azaleran dagoen lehortasun-maila adierazten badu ere (%100a agertuko luke erabili gabeko oihal lehorrak) hezetasunaren aurreko babesaren neurketa isuria gertatuz gero egin zen.

Goian esan dugunez, lagin batzuek besteek baino askozaz ere hezetasun gehiago zurgatu zuten. Horrenbestez, haur-oihal baten kalitate ona zurgatzeko ahalmen handiak eta hezetasunaren aurreko babes-portzentajea zuzenak, biek batera, agertuko lukete. Haurtxoari oihala arrunt sarri aldatu behar izaten zaionez, familia askorentzat garrantzi handia du asetzeko moduko kalitatearekin batera prezio egokia duen lagina topatzeak. Aztertu direnen artean, merkeenak Moltex Suprème eta Nivex dira (36 pezeta aleko) eta garestienak, aldiz, Dodot Excel (51 pezeta kostatzen da alea). Gainontzekoen prezioak 38 eta 42 pezeta bitartean dabiltza. Nivex da merkeenetako bat baina, era berean, superzurgatzaile gutxien daukana eta, hortaz, gutxien zurgatzen duena. Dodot Excel, berriz, garestiena bera izanik, ez da gehien zurgatzen duena, ez eta hezetasunaren aurka babes onena eskaintzen duena ere, funtsezko eginkizun hauek beste oihal batzuek hobeki betetzen dituztelako.

Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik onena Dodotis markakoak eskaintzen du, eginkizun funtsezkoena (hezetasunaren aurrean babesa eta zurgaketa egokiak) ederki betetzen duelako, bi sexuentzako eguneko zein gaueko erabileretan, oso moduan gainera: 38 pezeta baizik ez da kostatzen ale bakoitza. Moltex Suprème ere aukera polita da: aurrekoak bezainbeste zurgatzen ez duen arren, maila ona erakusten du atal honetan eta hezetasunaren aurrean ematen duen babesa ere onargarria da; hortik kanpo, lagin hau da asetzeko moduko kalitate globaleko lau laginetatik merkeena (36 pezeta aleko).

Zurgaketa: bi laginek, suspentso

Haur-oihal batek duen alderdi behinena zurgatzeko gaitasuna du. Horrelako oihal on batek asko zurgatzea -gauean bereziki- ez du aski: horretaz gainera, haurraren larruazal fina babestu behar du. Bi kontu dira, beraz. Ez du balio handirik izango asko zurgatzen duen oihalak, haurraren gorputza bustita mantentzen badu, larruazalaren kaltetan. Hortaz, hezetasunaren aurkako babesa mutur-muturreko baldintzetan neurtu da, hots, gehieneko zurgaketara iritsita.

Oihal hauek mutiko zein neskatxek erabiltzeko diseinatuta dauden arren, bi sexuetako haurrak, bereiz, kontuan harturik egin dira probak. Hezetasunik handiena biltzen den gunean aldeak agertzeaz gainera, gaueko errotazio zikloa ere desberdina da: mutikoen ziklo estandarra auspez-alboz-atinik den bitartean, neskatxena atinik-alboz-auspez tankerakoa dugu.

Isuria gertatu bitartean oihalak zurgatu zuen likidoaren bolumena eta, une horretantxe, ukimeneko hezetasuna ere neurtu zen; isuria gertatu eta handik 10 eta 20 minutura ere neurtu zen. Maxi tamainako oihalaren zurgatzeko gaitasuna asetzeko modukotzat jotzen da, baldin eta eguneko erabileran 250 mililitro edo gehiago zurgatzen badu; gaueko erabileran, berriz, 280 mililitro zurgatu behar ditu gutxienez.

Salbuespenak salbuespen, datuak asetzeko modukoak izan ziren: Nivex laginak ez zuen agertu behar bezainbeste zurgatzeko gaitasunik, isuria gertatu aurretik ez baitzuen lau kasuetan ere (gaueko, eguneko, mutiko, neskatxa) 250 mililitro baino gehiago jaso. Nivex laginak bakarrik agertu zuen zurgaketa eskasa eguneko erabilerako proban, bai mutiko bai neskatxentzakoan. Gainerako markakoen eguneko erabilerako zurgaketa asetzeko modukoa izan zen. Gaitasunik handiena Dodot Ultraseco laginak erakutsi zuen, mutikoentzakoan (375 mililitro) eta Monbebé laginak neskatxentzakoan (317 mililitro). Gaueko erabilerari dagokionez, Dodotis laginaren zurgaketa da nabarmentzekoa (400 mililitrotik gora, mutiko zein neskatxentzako erabileran), eta neskatxentzako erabileran Monbebé eskas agertu zen : 239 mililitro, Nivex laginarekin paretsu.

Hezetasunaren aurkako babesa, hau da, ipurditxo lehorra

Sei haur-oihalek dituzte barne-itxiturak, haurra hezetasunetik hobeki babestu eta isolatzeko. Bidezkoa da hori, zurgatzea bezain garrantzitsua baita zurgaturiko hezetasunetik babestea, honek haurtxoaren larruazalean narritadurak sor ditzakeelako. Asetzeko moduko babestzat jo zen lau erabileretan ere (egunekoa mutikoa, egunekoa neskatxak, gauekoa mutikoak eta gauekoa neskatxak) %80ra iritsi zelako. Zurgaketa handienean (lau kasuetan ere, %85-%90 inguru) hezetasunaren kontrako babes hoberena eskaini zuen oihala Dodotik izan zen.

Moltex eta Nivex laginek ere asetzeko moduko maila erakutsi zuten arren, Moltex markakoak babes hobea ematen du gaueko erabileran (%82 mutikoetan eta %94 neskatxetan). Monbebé laginaren babesa ona da, oro har, baina mutikoentzako eguneko erabileran (%57) eskas gertatu zen. Dodot Excel ez zen iritsi inondik ere %80ko babesera, urruti ibili ez bazen ere (%68% eta %78 artean). Babes ahulena, neskatxentzako eguneko erabileran agertu zuen. Dodot Ultraseco izan zen hezetasunaren aurreko babesik txikienekoa (mutikoentzako eguneko erabileran, adibidez, %53). Gaueko erabileretan, portzentajeak igo egin ziren (%71 mutikoentzakoan eta %77 neskatxentzakoan), asetzera iritsi gabe, dena den. Babesari buruzko datu hori, ez ahantzi, oihalak ahal izan duen hezetasun guztia zurgatuz geroko lehortasunari dagokio.

Sei haur-oihalak zurgaketa eta hezetasunaren aurkako babesaren arabera definitu behar baditugu, laginek daukaten gai superzurgatzailearen kopuruaren araberakoa dela ikusiko dugu: Dodotis, Dodot Ultraseco eta Dodot Excel -Moltex laginarekin batera- hiru onenak izanik, gai horretatik (11,5 eta 12,1 gramo bitarte) dezente gehiago daukate Nivex (5,5 gramo) eta Monbebé (8,4 gramo) markakoek baino. Horrenbestez, azken bi oihal hauek daukaten gai superzurgatzailea behar bezainbestekoa ez dela esan dezakegu. Moltex Supréme laginak eginiko zurgaketa asetzeko modukoa bada ere, beste hiru hoberenek baino gai gutxiago dauka (10,6 gramo).

Pisua eta lodiera, erosotasunaren seinale

Denbora joan ahala haurrentzako produktu hauei aplikatu zaizkien aurrerakuntzei esker, gaur egun kontsumitzaileak erosten dituen oihalak duela urte gutxikoak baino dezente bilakatu eta erosoagoak dira. Horrelaxe ziurtatu du gure azterketak, erosotasunaren aldetik bederen sei oihalak asebetetzeko modukoak gertatu baitziren.

Dodotis eta Dodot Ultraseco hobexeak izan ziren pisu gutxi (46 gramo baino gutxiago, aleko), lodiera txikia (9 milimetro) eta neurri egokiak zituztelako. Monbebé eta Nivex beheraxeagotik bazebiltzan ere, asetzeko modukotzat hartu ziren: lodiera handiagoa eta kuxina txikiagoa zelako, Nivex laginean, eta lodiagoa zelako Monbebé markakoa. Moltex laginaren lodiera eta hankarteko neurriak ere gehiegizkotzat jo zituzten, baina akats horren ordainetan kuxina oso-oso zurgatzailea zen eta kanpoko neurriak, berriz, hagitz egokiak. Dodot Excel eta Monbebé markakoek bakarrik daukate gerriko malgua. Kanpoko ehunari dagokiola, Dodotis eta Nivex laginen kanpoko ehuna “ehungintzaz bestelakoa da” eta beste lauena kotoizko ukitukoa da.

Kontuz, askatu gabe!

Erabiltzeko eraginkortasun praktikoak, haurraren gorputzean oihala lotzen duen itsasteko sistemarekin zerikusi hertsia du. Nivex laginak izan ezik, gainerakoek velcro pleguko itxidura dute, zerrenda itsasgarriaren muturrean. Nolanahi ere, etengabe gertatzen ari diren aldakuntzak direla medio, azterketa hau argitara eman ordurako hemen agertuko diren oihaletako batzuk eraldaturik egongo dira. Dodot Excel lagina dugu horren adibidea, hemen azaldutako modeloaz bestelako itxitura-sistema daukalako orain. Baliteke, beraz, beste bakarren batek ere ezaugarririk aldatuta egokitzea.

Emaitzetara gatozela, itsasteko sistema oso lorpen polita da Nivex, Monbebé eta Moltex Suprème laginetan. Gainerako hiruren kalifikazioa “ongi” baizik ez zen gertatu. Hona balorazio horien zergatien azalpena: Nivex laginean, itsasgarria askatzeko behar den indar handiarengatik (bi eratako ahaleginetan) eta oihalaren atzealdea itsatsi behar den alderdiko neurri zehatzengatik; Monbebé laginean, berriz, itsasgarritasun onagatik. Dodot Ultraseco, Dodot Excel eta Dodotis laginetan itsasgarria askatu egiten denez, oihala erraz erortzen da, zerrenda itsasgarriaz kontrako norabidean indarrik egiten bada.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • Bederatzi eta hamabost kilo bitarteko mutiko zein neskentzako maxi tamainako sei haur-oihal aztertu dira oraingoan. Dodot Excel da lagin garestiena (51 pezeta aleko) eta Nivex eta Moltex Suprema merkeenak (36 pezeta).
  • Seietatik lau asetzeko modukoak dira, oro har (hoberenetik hasita): Dodotis, Dodot Ultraseco, Moltex Suprème eta Dodot Excel; beste bat egokia izan zen (Monbebé) eta azkenekoa, berriz, eskasa (Nivex).
  • Nivex eta Monbebé laginek maxi tamainako haur-oihal bati eskatu behar zaiona baino gutxiago zurgatzen dute. Nivex laginaren zurgaketa eskasa izan zen, neskatxa zein mutikoentzako eguneko eta gaueko erabileran. Monbebé laginaren neskatxentzako gaueko erabileran ere, eskas. Egiaztatu zenez, Nivex eta Monbebé markako laginek gainerakoek baino gai superzurgatzaile gutxiago daukate.
  • Hezetasunaren aurreko babesa (oihal bakoitzean, gehieneko zurgaketara iritsita neurtu zen) asetzeko modukoa izan zen Dodotis, Moltex eta Nivex laginetan, eta egokia Dodot Excel markakoan; Monbebé eta Dodot Ultraseco laginena apala gertatu zen, mutikoentzako eguneko erabileran.
  • Dodotis eta Dodot Ultraseco dira konfort egokiena eskaintzen dutenak, pisu eta lodiera egokikoak direlako.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokiena Dodotis (38 pezeta aleko) izan zen: kalitate hobereneko oihala ematen duelarik; Moltex Suprème (36 pezeta) ere aukera polita da, oro har.

Banan-banan

Sei haur-oihal unisex, banan-banan

Dodotis

  • 38 pezeta aleko
  • Pisu txikia (45,7 gramo) eta lodiera txikiena (8,9 mm). Kalitate handieneko oihala, prezio eta kalitatearen arteko erlazio egokiena. Gehien zurgatzen duena eta hezetasunaren aurrean babes onena eskaintzen duena. Gehieneko zurgaketa mutikoentzako (407 ml) eta neskatxentzako (408 ml) gaueko erabileran. Eguneko erabileran ere, babes handiena mutiko (%90) zein neskatxetan (%91). Gai superzurgatzaile gehien daukana (12,1 gramo). Itsasteko sistema, hobetzeko modukoa. Osoko kalifikazioa: asetzeko modukoa.

Moltex Supréme

  • 36 pezeta aleko
  • Nivex laginarekin batera, merkeena. Kalitate eta prezio onak direla medio, aukera polita da. Itsasteko sistema, egokia. Asetzeko modukotzat jotako beste hiru laginek baino gutxixeago zurgatzen du. Hezetasunaren aurreko babesean Dodotis bakarrik du gainean. Neskatxentzako gaueko erabileran, hoberena (%94ko babesa). Kalitate handieneko beste hiru oihalek baino gai superzurgatzaile gutxiago du. Osoko kalifikazioa: asetzeko modukoa.

Dodot Ultraseco

  • 40 pezeta aleko
  • Pisu (45,5 gramo) eta lodiera (9 mm) txikiak. Itsasteko sistema, hobetzeko modukoa. Zurgaketan, ederki: hoberena mutikoentzako eguneko erabileran (375 ml.) eta bigarren hoberena neskatxentzako laginean (298 ml). Hezetasunaren aurreko babesa, oihalak ahal duen guztia zurgatu duenean (izan ere, hauxe da, Dodotis laginaren ondotik gehien zurgatzen duena), txikiena mutilentzako eguneko erabileran (%53) eta gauekoan (%71), baita eguneko neskatxentzakoan ere (%68). Osoko kalifikazioa: asetzeko modukoa.

Dodot Excel

  • 51 pezeta aleko
  • Garestiena da baina onena ez, inondik inora. Astunenetako bat da (49,9 gramo) baina lodiera gutxikoa (9,2 mm). Itsasteko sistema, hobetzeko modukoa. Zurgaketan ongi (bera baino bi hobe badiren arren) lau aukeretan. Baina neskatxentzako erabileran hezetasunaren aurreko babesak huts egiten du, bai egunekoan (%68), baita gauekoan ere (%74). Osoko kalifikazioa: asetzeko modukoa.

Monbebé

  • 42 pezeta aleko
  • Oihalik astunena (50,3 gramo); gehientsuenak baino lodiago. Itsasteko sistema, asetzeko modukoa. Aurreko lauak baino kalitate urriagokoa. Gutxien zurgatzen duten bietako bat: neskatxentzako gaueko erabileran ez du behar bezainbesteko gaitasuna (txikienekoa da: 239 ml baino ez, nahiz eta gutxienekoa 250 ml.tan jotzen den) baina neskatxentzako eguneko erabileran, berriz, gehien zurgatzen duena (317 ml). Hezetasunaren aurreko babesean, nabarmentzekoa da mutikoentzako (%84, gaitasun handienekoa) eta neskatxentzako gaueko erabileran, baina eguneko mutikoentzakoan huts egin du (%57 baino ez). Gai superzukatzaile gutxi: 8,4 gramo. Osoko kalifikazioa: zuzen.

Nivex

  • 36 pezeta aleko
  • Bigarren merkeena, baina denetan kalitate urrienekoa. Pisu txikiena (43,7 gramo) baina lodiera handiena (12,5 mm). Itsasteko sistema, asetzeko modukoa. Bi sexuentzako eguneko erabileran eta gaueko mutikoentzakoan, eskas (maxi tamainako oihal bati eskatu behar zaiona baino dezente txikiagoa). Superzukatzaile gutxien daukana (5,5 gramo). Hezetasunaren aurreko babesean, asetzeko moduko mailan dabil baina zurgaketa biziki urria denez, datu hau erlatibizatu egin behar dugu. Osoko kalifikazioa: eskas.