Garai nahasia guraso eta seme-alabentzat
Nerabezaroan izaten da belaunaldien arteko talkarik handiena eta, kasu batzuetan, gurasoentzat ulertzen zailena eta nerabeentzat mingarriena. Abiapuntua bistakoa da: seme-alabek ez dute instrukzio libururik ekartzen eta bakoitza izaki bakarra eta errepika ezina da eta guraso zein neba-arrebek pazientzia, entzuteko gaitasuna eta behatzeko gaitasun handia behar dute gaztetxoa ulertzeko.
Gizakiak dimentsio hirukoitza du: biologikoa, psikologiko eta soziala. Nerabearengan aldaketak izaten dira bat-batean hiruretan eta nahasmena sortzen da gaztearengan eta familiarengan. Haurtzarotik heldutasunera igarotzeak urte asko iraun dezakeen arren, “adin gaixtoarekin” batera izaera aldaketa izaten da, sakona zenbaitetan. Gaztetxoak aldaketak antzematen ditu bere itxuran: haur itxura galdu eta nolabaiteko itxura baldarra hartzen du eta gorputzaren itxurak proportzioak galtzen ditu, biloa hazten da, neskatoetan sexu-glandulak hazi eta lehen hilekoak gertatzen dira eta lehen eiakulazioak mutiletan. Kolpetik, haurrak arrotz sentitzen du bere gorputza eta egoera berrira egokitu beharra du: anatomia ia “helduan” sarturik ikusten du beren burua, inoren gorputzean balego bezala eta kezkatu egiten da. Gorputza gauza berria da eta etengabe eta zorrotz behatu beharrekoa: ispiluaren aurreko egonaldiak amaigabe bihurtzen dira eta edozein aldaketa – zaldarrak, biloa, mutilengan ahots aldaketa, neskatoetan hilekoa eta titiak haztea- arazo bihurtzen da eta gogoetan hasten dira eta batzuetan, gorputzaren zainketa etengabeak, norbere burua onartzeko eta besteek ongi ikusi dezaten. Adin horretan, besteengandik nabarmentzea ez da normalean helburu. Neraberik gehienak, garai horretan, matxinatu egiten dira kontsignen aurrean, baina apal-apal men egin ohi diote gazte-modarik konbentzionalenari.
Sexua aurrez-aurre
Sexu-heldutasunarekin, beste sexuagatiko erakarpena sortzen da. Oso aztoraturik bizi izaten den unea da eta deskubrimendu izugarri gisa ikusten da. Ohiturak bilakatu diren heinean, aldatu egin dira nerabeek sexuari buruz dituzten jokaerak ere. Gaur egun, neskek ere aurrea hartzen dute. Sedukziorako modu eta estrategiak irekiago eta zuzenagoak dira eta neskek zein mutilek erabiltzen dituzte. Sexualitatea deskubritze horrek, sexua praktikatzeak sortzen duen plazerra ustiatzea dakar, bakarka zein beste norbaitekin. Gaur egun nerabe gutxik ikusten du sexua gauza gaizto eta bekatu gisa. Gurasoek bezala ezkutuan jokatzen dute, baina ez diote sexuaren praktikari hainbesterainoko beldurrik. Gurasoentzat, seme-alaba nerabeen sexu jarduera, beste ezer baino gehiago, arazoa da: kontzientzia moraleko arazoa (“baina hain gazteak dira……”), estilo mailakoa (“gure garaian, sexua erromantikoagoa zen, dotoreagoa…”) eta, batez ere, arriskutsua (“hara, haurdun uzten baduzu…” edo “haurdun geratuko bazina, zer egingo zenuke haur batekin 17 urte izanda?”). Baina nerabe askorentzat sexua pasioz beteriko abentura da, arriskatzea merezi duena.
Sexualitatea bizi izateko hain era desberdinak moteldu egiten du haurrentzako sexu-heziketa eraginkorra ezartzea. Sexu harremanak zorrotz debekatu eta anatema bihurtzeak gaztetxoen sexua errudun sentsazioz praktikatzea dakar, behar duten informazioa ez eskatzea eta ekidin daitezkeen arriskuetan ibiltzea, gaixotasun kutsagarriak eta nahi gabeko haurdunaldia besteak beste. Hezitzaile zein gurasook informazio garbia eta osoa eman behar diegu gaztetxoei, eta hala komeni bada, sexua zentzuz, erantzukizunez, seguru eta plazerrez praktikatzen irakatsi. Nerabezaroan, gainera, gazteek beharra sentitzen dute berritzat deskubritzen duten beren gorputzaren aukera eta gaitasunak deskubritzeko. Horregatik, adin horretan bereziki gomendagarria izaten da kirola egitea.
Zer gertatzen da burutxo horretan?
Nerabeak dena barruan eramaten du: bere psikea eta emozioak, arazoz, segurtasunik ezaz, zalantzaz eta kontraesanez irakiten izaten dira etengabe. Ez daki nor den eta zer nahi duen eta bere helburuetan aldakor sentitzen da. Eta kanpora begira era harrigarrian jokatzen du: burugogor agertzen da, eztabaidetan egoskor, kontra egiten du sistematikoki, gutxi hitz egiten du eta hitz egiten duenean, xuxurla bidez edo (hori baino okerrago dena) garrasika, gauza guztiez seguru dagoenak bezala eta egia deskubritu berri duenaren indarrez. Irabazteko helburu hutsez eztabaidatzen du, ez duen segurtasuna borroka dialektikoan bilatu nahirik bezala.
“Aita hiltzeko” beharra dauka, autoritatea boteretik kentzekoa. Jardukitzailea da, kausarik gabeko errebeldea. Baina sinesturik dago haustura traumatiko horrek bakarrik ekarriko diola burujabetza. Aurkako jarrera sistematiko horren bidez helduen aurrean “ni ez naiz zu” aldarrikatzen dute etengabe. Autonomo izateko beharra dute eta gai batzuetan independentetzat har ditzaten behar dute. Baina, aldi berean -eta honek aztoratu egiten ditu gurasoak- sarritan ez dira erantzule agertzen beren ikasketen aurrean, gela txukuntzeko edo bere gastuez zentzuz arduratzeko. Borroka segurua da. Gurasoek aurpegira botatzen diete “zure bizitza egin eta independente izan nahi baduzu, gauza guztietarako izan beharko duzu: ikasteko eta zeure bizitza hobeto antolatzeko” eta gazteen erantzuna lehorra eta gauza guztietarako berbera izaten da: “ez nauzue ulertzen eta horixe da nire arazo bakarra”.
Helduok ere izan ginen nerabe, baina sekula ez dugu izan gure seme-alaben adinik. Duela 30 urte diktaduran bizi ginen, telebista katea bakarra zegoen, ez zegoen ordenagailurik ez Internetik, eskolan neskak eta mutilak ez ginen batera izaten, masturbazioa bekatu zela esaten ziguten, bi edo hiru seme-alabako familiak izaten ziren normalenak, gazteei hogei urtetik aurrera esnatzen zitzaien sexualitatea eta ez zen preserbatiborik eta inolako sexu-heziketarik, lana ugari zen, rocka eroen kontua zen, oporretan ia inork ez zuen bidaiarik egiten eta Unibertsitatera banaka batzuk baino ez ziren joaten. Gaur egungo egoerarekiko antzik txikiena, kasualitate hutsa da. Hori abiapuntu hartuta hobeto ulertu ahal izango dugu gaztetxoen barne-mundua eta motibazio handiagoa izango dugu arretaz begiratu eta pazientziaz, hurbiltasunez eta maitasunez entzuteko. Hala ere, eurentzat garrantzitsu diren gauzetan amore eman dezakegun arren (kanpoko itxura, musikako gustuak eta zaletasunak, adiskideak, jaiegunetako ordutegia…), tinko izan behar dugu funtsezkoenaren aurrean: guraso eta neba-arrebekiko errespetuan, eskolako eta etxeko betebeharren aurreko erantzukizunean, norbere osasun eta segurtasunean…
Izan ere, autoritate mota guztien aurka jartzen badira ere, eredu bat behar dute: beren zalantza egoera lasaitu eta orientazio gisa balio izango dien ziurtasuna. Nerabe bat heztean, epe luzera hezi behar da. Garai horretan entzuteko eta komunikaziorako jarrera izan badugu eta maitasunarekin batera onarpena eta tinkotasuna erabili baditugu, seguru asko bere onera itzuliko da familiako bizitzan. Eskuraturiko lasaitasunetik, ongi ulertuko baitu familia zer den; balore seguru gisa ulertuko du.
Malgutasuna eta inteligentzia
Bere adinean buruko eta gorputzeko etengabeko asaldura eta sortzen zaizkion aldaketak ez galtzeko nerabeak sentitzen duen tirakada hain da handia ezen, adinekoek ezer gutxi egin dezakete, gazteen ohiturei buruzko informazioa bildu besterik. Eta gaztetxoek ingurunetik hainbesterainoko eragina dutenez, gurasoek muturreko jokaerak hartzen dituzte sarritan: erabateko debekua, larregiko babesa, semeak edo alabak egiten duen guztia jakiteko obsesioa… Malgutasuna da jarrerarik argiena: gauza txikiengatik ez eztabaidatu, baina jarrera tinkoari eutsi (arrazoitua izan arren) ohitura jakin batzuen aurrean: osasunaren eta segurtasunaren arloan eta ikasketak betetzen, behar bezala elikatzen edo behar adina atseden hartzen uzten ez dioten hainbat dibertsio motaren erritmoaren inguruan, adibidez.
Zaila egiten zaigu ulertzen zergatik ibiltzen diren oldeka, zergatik dantzan egiten duten guztiek erritmo berean, berdin janzten diren eta musika berbera entzuten duten. Baina horixe da beren magal soziala, beren segurtasunik ezaren aurrean babes gisa sentitzen dutena. Gustura sentitzen dira hor. Horrelaxe defendatzen dira erasokor sumatzen duten helduen mundutik. Eta masen “umetoki” horretan ernetzen da gaztetxoen burujabetza. Geroago, ez dute sentituko masa babeslearen beharrik eta beren kasa ibiliko dira. Itxoin diezaiegun ateak zabalik, baina eraikuntza pertsonaleko prozesu hori non eta nola gertatzen den haria galdu gabe.
Zenbait agerpen oso ohikoak dira adin horretan eta gurasoak kezkatu egiten dira: eskola porrota, alkohola eta drogak kontsumitzen hastea, jokaera marginalak, guztiengandik eta gauza guztietatik isolatzeko joera, psikologoaren partehartzea eska dezakeena… Bistan da nerabe bakoitza mundu bat dela eta ezagutu egin behar dela, baina gure seme-alabentzat lagungarri izango da adin horretan jokaera hau hartzea:
- Arretaz jarraitu gaztearen sentimendu eta emozioen, gorputzaren eta gizarte-harremanen bilakaera.
- Edozein egoeratan, gaztearekin komunikatzeko prest agertu.
- Zer gustatzen zaion deskubritu. Pazientziaz eta interesez entzun.
- Bere buruaren jabe izateko aukerak eman, apurka-apurka askatasun eta erantzukizuneko esparru batzuk bere esku utziz.
- Garrantzizko ez diren gauzetan malgutasunez jokatu eta gauzarik funtsezkoenetan tinko.
- Heziketaren ikuspegitik, itxoiten jakin behar dugu (epe ertainera begira) eta saia gaitezen beti gure seme edo alabaren lekuan jartzen. Horretarako ezagutu eta errespetatu egin beharko dugu.