Etxe-aldaketak

Enpresa ongi aukeratu eta lanak gainbegiratzea, garrantzitsua

1 azaroa de 2000
Img consejo listado

Enpresa ongi aukeratu eta lanak gainbegiratzea, garrantzitsua

Etxebizitza aldatzeak tramite ugari eta buruhauste asko sortzen du; etxe zaharretik berrira gauzak eramatea ere buruhauste bihur liteke. Horregatik, altzari eta gainerako gauzak garraiatzeko modua patxadaz eta ikuspegi praktikoz antolatzea komeni da. Funtsezkoa da garraioa egingo duen enpresa aukeratzen asmatzea (badira zerbitzu ona merke eskaintzen dutenak) eta prozesu osoa gainbegiratzea.

Pautak

  • Kontrata ezazu enpresa espezializatu bat. Eskatu aurrekontua enpresa bat baino gehiagori. Baina ez ahaztu lagun eta lankideei galdetzea: agian oso informazio baliagarria emango dizute aukeratzeko.
  • Ziurtatu mudantzetako enpresa legez eratua dela. Eska ezazu kontratu homologatua, enpresa Garraio Ministerioan eta jarduera horretan lan egiten duten Enpresen Erroldan inskribatuta dagoela egiaztatzen duena. Ez zaitzatela itxurarekin engaina. Kamioien itxura ez da kalitate, zintzotasun eta lan onaren bermea.
  • Eska ezazu aurrekontua idatziz. Enpresaren ordezkari batek bisita dezala zure etxea eta ezar ditzala etxe-aldaketaren baldintza eta kostuak.
  • Eska ezazu gutxi gorabeherako tarifa. Ez diezazutela gutxi gorabehera kobratu. Galde ezazu aurrekontuaren barruan zein zerbitzu sartzen diren: altzariak desmuntatzea eta ondoren enbalajea kendu eta berriro muntatzea, objektu hauskorrak ongi biltzea…
  • Azter ezazu enpresako langileekin gauzen inbentarioa garraioa egin aurretik eta gorde zerrendaren kopia bat.
  • Gauzak apurtu edo galtzea gerta daitekeela eta, eska ezazu garraiatzen den kargaren asegurua.
  • Gainbegiratu deskargako unea eta egiaztatu zure altzari eta ondasunak nola iritsi diren. Akatsik txikiena ere jasota utzi mudantzaren amaieran sinatzen duzun entrega-orrian edo enpresaren erreklamazio-orrian.
  • Ardurarik ez izateko, garaiz antolatu etxe-aldaketa. Zehaztu zein egunetan egingo den eta antolatu zeuk xehetasunak.
  • Bateratu ondasunen garraioa eta zeure bizileku aldaketa. Orain bizi zaren lekutik kanpora bazoaz, antolatu bidaia garaiz eta eskura utzi ondasunik premiazkoenak.
  • Ondasunik hauskorrenak eta balio gehien dutenak zuk zeuk eraman, ahal baduzu behintzat.
  • Zure ondasunen zati bat altzariak gordetzen dituen enpresa batean utzi behar baduzu, egiaztatu nola dauden garraioa egin aurretik. Egiaztatu enpresak baduela udal baimena eta sinatu sute edo lapurreten aurkako asegurua.
  • Adierazi etiketa batean kaxa bakoitzaren edukia eta zein gelatan utzi behar den. Gauzak kaxetan sartu aurretik garbitzen badituzu, gainera, azkarrago kokatu ahal izango dituzu gero bere lekuan.
  • Ahal baldin bada, altzariak desmuntatu eta bildu pieza guztiak bakoitza bere aldetik.
  • Kaxak ondo bete, gauzak barruan mugi ez daitezen. Baxera eta beirateria babesteko, bildu ale bakoitza paperean. Liburuak horizontalean jarri, ertzak honda ez daitezen.
  • Etxe-aldaketa aitzakia ona izaten da behar ez diren tresnak eta gauzak botatzeko.