Ezkontza prestatzea

Elizaz edo epaitegian, baina otordu ederrarekin

Estatuko bikote gehienek ezkontzea erabakitzen dute familia sortzeko, ezkontzeko unea dezente atzeratzen den arren. Eta ezkontza zibilen kopurua gora doan arren -1996an ezkontzen %23 epaitegian egin zen, 1990eko %19ren parean-, lau ezkontzatatik ia hiru Elizan egiten dira.
1 azaroa de 2000
Img miscelanea2 listado

Elizaz edo epaitegian, baina otordu ederrarekin

Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 1999an 206.048 bikote ezkondu ziren eta horietatik ia 155.000 (%75) errito katolikoaren bidez. Ezkontzetako protagonista gehienak gazteak izaten dira; hala ere, ezkongaien adina gero eta altuagoa da eta gaur egungo profila ondorengoa izango litzateke: 30 urtetik gorako gizonezkoa eta ia 28 urtera iristen den emakumea. Banantzeak, berriz, %50 gehitu dira 1990 eta 1997 artean eta dibortzioak %48; 1990ean 36.272 banantze eta 23.191 dibortzio izan baziren, 1997an 54.728 banantze eta 34.147 dibortzio izan ziren.

Ezkontzea zenbat kostatzen den

Espainiako Estatuan ezkontzetan urtean 550.000 milioi pezeta inguru mugitzen dela kalkulatzen da. Aurrekontu izugarriak dituzten ezkontzak eta gastu apalekoak dauden arren, batez beste elkartzea ospatzeko egiten den ospakizun sozial honek 2,6 milioi pezeta inguruko gastua eragiten du, ezkon-bidaia barne. Gastuaren zatirik handiena otordurako izaten da eta batez beste milioira iritsi ohi da. Beste zati garrantzitsu bat emaztegaiaren soinekoak eta ezkon-bidaiak eramaten dute. Lehena 200.000 pezeta inguru kostatzen da eta bidaia berriz milioi erdira iritsi ohi da. Senargaiaren jantziak, ezkontzako argazki edo bideoak eta bazkalosterako musika eta dantzaldia ere ezin dira ahaztu eta beste 300.000 pezeta gehitzen dituzte kontura, batez beste. Gonbidapen-txartelak, ileapaindegia, lore-sorta, emaztegaiaren loreak eta eliza eta otordurako loreak, eraztunak, auto handi bat alokatzea (ezkongaiek hala nahi badute) eta gonbidatuentzako puru eta opariekin, guztira bi milioi eta erdira iristen da kontua.

Ezkontzeko tramiteak

Ezkongai izateari uzteko administrazioan egin beharreko tramiteak errazak dira. Ezkontza zibilean, ezkontza egingo den epaitegian espedientea eskatu behar izaten da eta agiri horri ezkongaien jaiotza-agiria, errolda-egiaztagiria eta nortasun agiriak erantsiko zaizkio. Ezkontza-kontratua astegunean sinatzen da epaitegian, baina alkate, zinegotzi edo bake epaileek ezkontzeko aukera ere badago. Horretarako, eguna finkatu behar izaten da horiekin eta larunbata izan liteke. Elizaz ezkontzeko, aski da ezkontideetako baten parrokiako erretoreari (ez nahitaez ezkontza ospakizuna egingo den elizakoari) ezkontideen bataio-agiriak, familia liburuak eta Nortasun Agiriak eramatea. Gehienetan, bikotea ezkonduko duen apaiza arduratzen da ezkontza-akta epaitegira bidaltzeaz. Denbora jakin bat pasa ondoren, ezkontza egin den herriko bake epaileak prest izango du Familia Liburua. Ezkontza ezkontideen parrokian egin bada, doan izango da, baina beste eliza bat aukeratuz gero, 15.000 eta 25.000 pezeta artean ordaindu behar izaten da, zerbitzua, argindarra eta abarrengatik.

Ezkontza-otordua

Ezkontzak eragiten dituen prestakuntzen artean gasturik handiena, zalantzarik gabe, otorduak eragiten du. Familiako eta lagunak gonbidatzeko garrantzi handia du jatetxeak, arrazoi bikoitzagatik. Alde batetik, ezkongaien irudia jokatzen da otorduan eta beraz, garrantzitsua da emaitzarik onenak lortzea. Gainera, ezkontza eguna jatetxearen arabera aukeratzen da askotan, estatuko iparraldean bereziki, ezkontzak udaberrian eta udan egiten baitira batez ere, egun eguzkitsua izateko aukera handiagoa baita. Menua, bazkari edo afariaren egunean txartel batean aurkezten dena, zuzenean kartatik edo horrelako ospakizunetarako diseinatuetatik aukeratu ohi da. Edozein kasutan ere, ez da ahaztu behar plateren kalitate gastronomikoak ezkontideei jatetxeak aurrez eskaintzen dien dastaketaren parekoa edo antzekoa izan behar duela (bistan da ez dela gauza bera berrehun azpizun edo arraina prestatzea eta lau lagunentzat otordu hori egitea). Ardoetan desberdintasun handiak izaten dira eta arazoak ere sor daitezke, ardoak zerikusi handia baitu otorduaz gonbidatuen buruan geratuko den oroitzapenean. Ezkongaiek ardo mota jakin bat aukera dezakete (hobe da gonbidatu gehienen gustuko izango diren ardoak aukeratzea, zenbaiten gustuak aseko ez dituzten edo horientzat arraro gertatuko diren ardo bikainen aldeko aukera egitea baino) eta ardo estandarrarekiko aldea ordaintzea, alderik badago. Otorduaren ondorengo dantzaldian barra librea (edariak doan) eskaintzeko ohitura ere hedatu egin da. Ezkongaiek hori egitea aukeratzen badute, jatetxe edo diskotekarekin ongi zehaztu beharko da zein edari eta zein marka aterako den, gonbidatuekin zenbat zerbitzari izango diren, barra zenbat denboran irekiko den eta ordainketa nola egingo den: edan dena apuntatu eta egindako kontsumoaren arabera, ala gonbidatu kopuruaren arabera, aurrez finkatutako kopurua ordainduko den. Nahiko sarri gertatzen dira barra librean zerbitzu eskasa izan delako kexuak. Kexurik ohikoenen artean, edari jakin batzuk (garestienak bereziki) falta direla, gonbidatuei zerbitzen langile gutxi izatea, ezkontza-tartatik kafera tarte handiegia izan dela eta ondorioz, dantzaldia eta barra librea gutxitu egin dela. Eta disc-jokeyak edo orkestrak fakturari dantzaldiko musikaren copyright-a edo egile eskubideak gehitzen badizkio, ordaindu egin beharko dira, derrigorrezko baitira.

Xehetasunen garrantzia

Egun ahaztezin horretako unerik garrantzitsuenak biltzen dituzten argazki eta bideoa oroigarri bakarra eta oso baliotsua dira. Ezkontza eta otorduko irudiak jasotzeko profesionalak kontratatzea erraza da, asko aritzen baitira horrelakoetan. Baina aurrez zehaztu behar da argazki kopurua eta bideoaren iraupena eta negatiboen jabea nor izango den; gehienetan agentziak gordeko ditu, horrela kopien salmenta egin ahal izango du eta. Argazkilaria edo bideo teknikaria otordura gonbidatu ala ez, ezkontideen esku izango da, baina ez daude behartuta. Elizarako edo bulego, karpa nahi ezkontza zibila egingo den lekurako loreak aukeratu eta erostea, egun eta leku berean ezkonduko den bikotearekin ados liteke, gastuak erdibana egiteko.

Eta azkenik, opari zerrenda. Duela urte batzuk, gonbidatuei oparia non erosi esateko ohitura gustu txarreko inposaketatzat hartzen zen, edo gutxienez, ez zen egoki ikusten. Gaur egun ez. Aukera horixe izaten da erosoena ezkongaientzat eta gonbidatuentzat ere. Gainera, beti dago aukera beste edozein opari egiteko. Bi modu daude opari zerrenda antolatzeko: lehena, ezkongaiek oparien aukera bat zehaztea eta gonbidatuek horien artetik aukeratu eta ezkongaiek hautaturiko dendan edo dendetan ordaintzea.

Horrek eragozpen bat dauka: opariak jaso egin beharko dira epe jakin baten barruan eta epe hori pasa ondoren opariak han edukitzea kobratu egingo die dendak. Bigarren aukeran, gonbidatuek diru kopuru bat uzten dute ezkongaiek opariak erosteko aukeratu duten dendan eta gero bikoteak nahi dituen opariak erosten gastatzen du bildutako dirua.

Modu honen arazoa da opariak aukeratzeko epea iraungi egin daitekeela (denda batzuetan hiru hilabetekoa izaten da) eta egoera horren aurrean behar ez diren produktuak erostea gerta liteke, pentsatzeko astirik izan ez dutelako. Horregatik, zerrendaren baldintzak argitzea eta aipatutako egoeretan zer egingo den kontratu batean jasotzea komeniko da. Hitzezko kontratua ere aski izan liteke. Eta, printzipioz behintzat, egokiago dirudi oparien zerrendak denda batean baino gehiagotan edo produktu mota bat baino gehiago dituztenetan irekitzea.