Haizearen indarrak argia pizten du
Gasolinaren, fuelaren eta petroliotik eratorritako beste erregai batzuk garestitzeak, telebistako albistegiak irekitzeaz gain, kontsumitzaileen diru mordoa eramaten du (ustekabean), inflazioa altxatzen du eta horrek aldi berean garestitu egiten ditu ordaintzen ditugun maileguak. Ingurumenaren ikuspuntutik, petrolioa garestitzeak onura ere ekarri behar luke: kontsumoa gutxitu eta energia berriztagarriak -eguzki energia edo energia eolikoa besteak beste- bultzatzea. Baina denok dakigunez, horrelakorik ez da ia gertatu. Petrolioaren kontsumoa ez da gutxitzen munduan eta energia berriztagarriek, ingurumenarekin askoz erruki handiagoa izan arren, eginkizun sinbolikoa baino ez dute gure planetan energia sortu eta kontsumitzeari dagokionez. Iazko azaroan super gasolinaren litroa 130 ordaintzen zen eta gaur 160 inguruan dabil; gasolioari dagokionez, diesel auto batean 50 litroko ontzia betetzeko 5.000 pezeta behar ziren duela urtebete eta gaur berriz 6.300 pezeta behar dira; hau da, urtebetean %26 garestiago, epealdi horretarako aurreikusitako inflazioa baino hamar aldiz gehiago. Hemen kontsumitzen dugun elektrizitatearen zatirik handiena zentral termikoetatik ateratzen da eta zentral horiek ikatz eta fueloil bidez funtzionatzen dute eta horiek ez dira energia iturri berriztagarriak. Zentral nuklearretatik ere ateratzen da argindarra eta esan beharrik ez dago azpiegitura hori zein gainbehera dagoen eta ingurumen aldetik zein hutsune dituen. Etorkizuneko erronka, energia iturri merkea, kutsatzen ez duena, berriztagarria eta munduko herrialde guztientzat eskuragarri dena lortzea izango da; garraioaren sektorea, industria eta familiak gaur egungo petrolioarekiko morrontzatik askatuko dituena. Energia hori etor ote liteke haizetik? Duela hamarkada batzuk arte, zientziak eta teknologiak ez zuten lortzen Eolo jainkoa menpean hartzerik, haizearen indarra baliatu eta era errentagarria behar adina energia lortu ahal izateko. Urte askoko ikerketak, saiakerak eta hutsegiteak behar izan ziren, baina azkenean, lortu zen airegeneratzaile prototipo egokia. Eta gure mendi, hondartza eta zelaietan haize errotak jarri ziren, azken mendeetan Mantxan zehar daudenekin estetikoki zerikusi gutxi dutenak, baina haizearen indarra indar elektriko bihurtzeko gai direnak. Gaur egun badirudi ezin dela zalantzan jarri horien erabilgarritasun eta errentagarritasuna.
Berriztagarrien artean lehena
Hamar urte barru energia eolikoa Espainiako estatuan urtean 9.000 megawatio (MW) ingurukoa izango dela uste da, hau da, kontsumitzen denaren %15. Kopuru horretatik oso urruti daude beste iturri berriztagarri batzuk, eguzki energia esaterako, penintsulan eguzki ordu asko izaten den arren. Eta oraindik urrutiago olatuen eta itsasgora eta itsasbeheren indarra baliatzeko gailuak. Baina guztia ez da hain beltza: adituen ustez, 2006. urtean Espainiako estatuan kontsumitzen den energiaren %8 berriztagarria izango da. Kopuru txiki-txikia dirudien arren, garrantzia hartzen du datu argigarri baten parean jartzen denean: duela bi urte zentral termiko, nuklear eta hidroelektrikoek hornitzen zuten sare elektrikoko energiaren %98 eta %2 besterik ez zen iturri berriztagarrietatik ateratzen.
Horietatik, eta eguzkitiko energiari ezer kendu gabe, gaur egun energia eolikoa da nagusi eta ondasun berriztagarri eta ugaria erabiltzen du lehengai gisa: haizea. Haize-energia bi era desberdinetara baliatzen da. Horietako batean, aireponpa batzuek -modelorik ohikoena pala anitzeko errota amerikarra da- putzuetatik ura ateratzen dute, haizearen laguntzaz; bestean, errotek sorgailu elektrikoa dute eta haizea dabilenean energia sortzen da; airesorgailuak deitzen dira. Energia elektrikoa sortzen duten errotek hiru pala edo beso izaten dituzte eta gero eta gehiago jartzen direnez, ia ohiko bihurtu dira gure inguru hauetan.
Aerogeneratzaileek bi eratara sor dezakete energia elektrikoa: banaketa sarera zuzenean lotuta eta era isolatuan. Lehenak potentzia handiko haize-errotak erabiltzen ditu, sare elektrikora energia isurtzen dutenak. Sistema horrekin batera, eta ia testigantza hutserako den arren, indar txiki edo ertaineko sortzaileen aplikazio isolatuak ere badaude, etxean edo nekazaritzarako erabiltzen direnak: argiztapena, etxetresna txikiak, ponpaketa, ureztaketa eta abarretarakoak. Sistema garatu eta errentagarrienak parke eoliko deitzen dira eta sarera energia bidaltzen duten errota multzoak dira.
Energia eolikoaren produkzio gaitasuna aurreikusten zaila da, baldintza meteorologikoen menpe dagoelako; baina energia elektrikoaren banaketa-sare handietan guztira %15 eta %20 bitarte arazorik gabe sartuko dela kalkulatzen da, horniduraren kalitatean eta sarearen egonkortasunean kezka berezirik sortu gabe. Fuerteventuran (Kanariar irletan), Cañada del Ríoko parke eolikoak sortzen dituen 20 MWek irlako energia-beharren %25 asetzen dute. Nafarroan, 1999ko kontsumo osoaren %6 herrialde hartako parke eoliko ugarietatik atera zen. Eta ez gara teknologia handiaz hitz egiten ari: material arineko paleta eta mikroprozesatzaile bidez kontrolaturiko turbinez gain, aerosorgailu komertzialek ez dute berrikuntza nabarmenik izan duela 50 urte egin zirenen aldean. Energia eolikoa, beraz, proiektu zaharra da, egunean-egunean helduz doana.
Ingurumenarekiko errespetua
Haize-energia lortzeko prozesuak koherentea izan behar du sortzaileek aldarrikatzen duten ingurumenarekiko errespetuarekin eta araudi zehatza bete behar du. Parke eoliko baten proiektua egin aurretik, adibidez, derrigorrezkoa da ingurumenean izango duen eraginaren azterketa egitea, bideragarritasuna erabakitzeko; instalazio errentagarri bat bertan behera gera liteke ingurunean eragin kaltegarria baldin badu. Hasierako ikerketan ongi aztertzen dira hautaturiko kokapena, instalazioaren tamaina eta parke eolikoaren eta gune sentikorren arteko distantzia, pertsona edo naturgune babestuekikoa. Baldintzak betetzen ez badira, lanak gelditu egiten dira araudira egokitu arte.
Halaber, instalazioa amaitzean eta ustiapenean zehar, ingurumen txostenak aurkeztu behar izaten dira aldian behin. Eta aerosorgailuen bizitza baliagarria amaitzean (25-30 ingurukoa kalkulatzen da), eta produkzio-jarduerak jarraitzen ez badu, errotak kendu egin behar dira eta haien lekuan berriro landaketa egin, zapatak eta kableak lurpean utzita.
Parke eolikoak ugaritzeak iritzi kontrajarriak eragin ditu gizartean. Eta ia beti gertatzen denez, horietako asko justifikatuak dira. Agian arinena denetik hasita, haizea zarataren eroale ona da eta parke eolikoetatik hurbil dauden herrietan ugaritu egin dira kutsadura akustikoagatiko kexak; zarata errotek baino haizeak berak ateratzen duela esaten duenik ere bada, hala ere. Baina ezin da ukatu errota hauek jartzeak aldaketa handia eragiten duela ingurumen eta paisajearen aldetik. Lur mugimendu handiak eta parke eolikora iristeko errepide eta pistak egin behar izaten dira eta gehienetan gune isolatu eta balio ekologiko handikoetan gertatu ohi da, aurrez bidexka naturalak zeuden lekuan eta ingurumen-eragina hutsaren hurrengoa zen lekuetan. Araudiaren arabera, obretan zehar egindako zulaketak landare-lurrez estali behar dira. Eta erroten instalazioa bukatzean landaketari eta lurra berreskuratzeko lanei ekin behar zaiela eta hazkunde azkarreko espezie autoktonoak landatu behar direla. Gaur egun aerosortzaileak ahalik eta txikienak egiten dira eta paisajea ahalik eta gutxien aldatuko duten kolorez pintatzen dira, hala ere nabarmenak izan arren. Baina ekologista eta naturaren defendatzaileak haize-errota hauek hegaztiengan duten eraginak kezkatzen ditu batez ere. Parke eoliko bat ezarri aurretik egiten den azterketan jasota geratu behar du inguruan dauden eta pasatzen diren hegaztiei buruzko informazioak eta baita espezieen inbentarioak ere. Errotaren hegalak jotzean eta tentsio altuko lineetan elektrokutatuta hiltzen dira hegaztiak. Haize-erroten defentsan esan dezagun, zenbait iritziren arabera hegaztiak ohitu egiten direla erroten hegalak ikustera (baita espezie migratzaileak ere) eta saihestu egiten dituztela, zuhaitzekin eta bestelako oztopo naturalekin egiten duten moduan. Tentsio altuko lineekin arazoa korapilatsuagoa da, hegaztiek ez baitituzte ikusten hegan doazela; horren aurka, lineak nabarmentzeko elementuak erabiltzen dira, zinta, baloi edo kiribilak esaterako. Tentsio altuko kableak nola jarri ere aztertu egin behar da: aerosortzaileen lineekiko paraleloan jarriko dira, hegaztiak pasatzeko korridoreak libre utziz. Eta beharrezko balitz, kableak lurpetik eramatera ere behartu litezke parkearen arduradunak.