Txakurrentzako pentsua

Zergatik bata bestea baino bost aldiz garestiago?

Nutrizioaren ikuspegitik, denek betetzen dute beren eginkizuna
1 ekaina de 2005
Img analisisbp

Zergatik bata bestea baino bost aldiz garestiago?

/imgs/20050601/analisisb01.jpg
Txakurrentzako pentsuen zortzi lagin aztertu dira oraingoan; batzuk (Friskies, Bon Menú eta Brekkies), kiloko, euro bat baino gehixeago kostatzen direlarik besteren batek ia bost euroko prezioa dauka (Royal Canin). Azterketa honetan, laborategian eginiko analisiak eta etiketek agertzen duten informazioa bakar-bakarrik hartu dira kontuan. Denetan merkeena den pentsua (Bon Menú) kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena da, txakur heldu batentzat gomendatzen diren premia nutrizional guztiak (lisina funtsezko aminoazidoarena izan ezik, horretan aholkaturiko kopurura lagin bakar bat iritsi ez bada ere) betetzen dituelako. Ezaugarri organoleptikoak (usaina, kolorea, zaporea…) konparatu ez direnez eta dastatze probarik txakurrekin egin ez denez, ezin zehatz daitezke txakurrari atsegin gertatzeko pentsu bakoitzak dituen merituak; dena den, nutrizio alorreko zeregina denek betetzen dute, bidezkoa den bezala.

Etxeko janariaz txakurrak elikatzea geroz eta ohitura bakanago bihurtzen ari da. Txakurren nutrizio-premiak orekaz eta modu osasuntsuan asetzen dituzten produktuen alde egin dute jabe gehienek dagoeneko. Oraingoan aztertu diren zortziak elikagai lehorrak dira; hauek, hezeak (%75 ura dutenak) baino kaloria eta proteina gehiago dauzkatenez, animaliak egunean behar duen kopurua ez da jaki hezeena bezain handia. Horrez gainera, honelakoak merkeago dira eta erraz metatu daitezke etxean. Pentsuen gogortasunari esker txakurrak hagin sendo eta hobiak osasuntsu mantenduko ditu, lertzoari aurre eginez. Dena den, ez da harritzekoa txakur gehienek pentsu hezea nahiago izatea, horiek murtxikatzen errazagoak direlako.

Bakoitzari berea

Txakur bakoitzari -bere adinagatik, pisuagatik, arrazagatik, egoeragatik (kumeak egin berri dagoelako, adibidez), ariketa fisikoagatik, etc.- berariazko ekarpen nutrizionala eman behar zaio. Azterketa honetan, ariketa fisiko ertaina egiten duten eta batez besteko arraza-tamaina ertaina duten txakur helduentzako oilasko edo hegaztidun pentsuak analizatu dira. Produktu bakoitzak daukan eduki nutrizionala laborategian determinatu zen eta, ondoren, etiketak dioenarekin, pentsuei buruzko arauak xedatua duenarekin eta AAFCO edo elikaduraren kontrolaren amerikar elkarteak -honakoa, lege-testua ez bada ere, pentsu eredugarriaren erreferentzia gisa baliatzen da- aholkatutakoarekin bat ote zetorren egiaztatu zen.

Laginik lehorrena Ultima da (edukiaren %6 baizik ez du, hezetasunetik) eta ur gehien daukana, berriz, Friskies (%9). Nutrienteen osaera, azterketa honetan, produktu lehorrarekiko (ur guztia kendu ondoren, geratzen den elikagaia) kalkulatu zen.

Karbohidratoak dira lagin guztietan nutriente behinena: Advance da eduki txikienekoa (%42) eta Science Plan karbohidrato gehien daukana (%54). Karbohidrato horien iturriak, batik bat, laboreak (arroza, garia, oloa, etc.) eta erantsitako gainerako landarezkoak (artoa eta soja) dira. Karbohidratoei dagokienez, AAFCO erakundeak ez du adierazten kopuru egokia.

Gantzaren proportzio gomendagarria edukiaren %5 bada ere, lagin guztiek daukate hori baino dezente gehiago: %11,5etik hasita (Friskies eta Bon Menú) %19,4raino (Advance), hots, aholkatzen dena baino lau aldiz gehiago. Kaloria gutxien dituena Friskies da (331 kaloria ehun gramoko); beste muturrean, Advance eta Ultima dabiltza, ehun gramoko 386 kalorien ertzean. Kaloria ekarpen (handi) horregatik eta pentsuek daukaten proteina eta gantz ugari-ugariagatik, animaliari etiketak dioena baino kopuru handiagorik ez ematea da bidezkoena, arriskua txakurra gizentzea baita.

Txakurrak zuntza ezinbestekoa ez daukan arren, hainbat gaixotasunen (diarrea, kolitisa, diabetesa, etc.) prebentzioa egiteko hobe da ematea, %5 baino gutxiago, beti ere. Zuntz gutxien daukatenak Advance (%1,9), Ultima eta Royal Canin (biek ere, %2) dira; zuntz ugarienekoa, aldiz, Friskies (%3,5).

Bitamina eta mineralak

Azterturiko lagin guztiek funtsezko hiru mineralen (kaltzioa, fosforoa eta kobrea) edukia adierazten dute. Royal Canin da mikro-nutriente horietatik gehien omen daukana eta, berak dioenez, sodioa, magnesioa, manganesoa, zinka, burdina eta selenioa ere badauka. Science Plan laginak dio sodioa eta selenio daukala; Ultima laginak, selenioa bakarrik. AAFCo erakundeak aholkaturiko mineral kopuruak gainditu egiten dituzte hemen azterturiko laginek, potasioari dagokionean izan ezik, Royal Canin (denetan garestiena) eta Brekkies Excel laginak ez baitira minimoetara iristen. Zortzi produktuek diote A, E eta D bitaminak dauzkatela. Horiez gainera, Science Plan, Ultima eta Friskies laginek C bitamina ere jarri dute; Royal Canin laginak B1 bitamina ere erantsi du. Science Plan produktua ez da iritsi gutxieneko D bitamina-kopuru aholkatuari. C bitamina aipatzen dutenen artean, Science Plan (72 mg/kg) eta Royal Canin (74 mg/kg) dira eduki apalenekoak eta Ultima eta Friskies bitamina honetatik gehien daukatenak (100 eta 104 mg/kg).

Proteina: kopurua eta kalitatea

/imgs/20050601/perro.jpg
Proteinaren kopurua eta kalitatea dira pentsu baten funtsezko irizpideetako bat. Proteina animali ehunetan eta landarezko eta labore batzuetan datza; kontuan izan behar da txakurra ez dela haragijale hutsa, omniboroa baizik.

Eredugarria izan behar duen pentsuaren mugak zehazten eta xedatzen dituen AAFCO erakunde estatubatuarrak proteinak produktu osoaren %18 izatea aholkatzen duen arren, kopuru hori dezente gainditzen dute hemen azterturiko zortzi laginek. Hori ez da berez ona: bizimodu geldiak eta neurriz gaineko elikadurak txakur gizenak eta gaixoak egiten dituzte. Friskies da proteina gutxien daukan lagina (%22) eta Advance, aldiz, gehien daukana (%29).

Proteinen kalitatea (hauxe baita kopurua baino garrantzi txikiagorik ez duena), proteinan “balio biologikoa” determinatzen duten hamar aminoazidoetatik bederatziren presentzia laborategian aztertu zen. Analizatutako pentsuek bederatzi aminoazido horietatik zortzi dauzkate baina lisina ez zen hauteman behar bezainbesteko kopuruan lagin bakar batean ere. Laburbilduz, zortzi pentsuetan agertzen den proteina onartzeko moduko kalitatekoa da, lagin denetan antzekoa.

Nutrizio alorretiko ondorioak

Lagin merkeenen proteina, gantz eta bitaminen edukiak produktu garestienenak bezain onak ez badira ere, zortzi pentsuek gainditu dute adituek alor honetan aholkatzen dutena eta, horrenbestez, kalitate onekoak dira. Kontuan izan gehiegizko proteina ego gantza, mesedegarri izan ordez, gizentasun bide gerta daitekeela. Funtsezko aminoazidoei dagokiela, aholkaturiko gutxieneko lisina kopurura lagin bakar bat ez da iritsi.

Pentsu hauen ezaugarriak erregulatzen dituen arauak ez du xedatua pentsu mota bakoitzak nolako nutrienteak eduki behar dituen baina, beste aldetik, hezetasun, proteina, gantz, errauts eta zuntzen benetako kopuruaren eta etiketak dioenaren arteko aldea zorrotz zehaztua dauka. Hemen aztertu diren txakurrentzako jakiek arau hori betetzen duten arren, legeak xedatuak ez dituen hainbat alderdi ikertuz gero, emaitzak ez lirateke horren egokiak: Eukanuba, Advance eta Friskies dira etiketan dioten nutriente kopurua ematen duten bakarrak (laginen batek gehiago ere ematen du). Gainerakoek, etiketan aipaturiko elementuetakoren batean gutxienez %30eko desbideraketak izan dituzte.

Science Plan laginak etiketan dioena baino D bitamina gutxiago (%50) dauka, Ultima eta Royal Canin laginek adierazitako C bitamina baino gutxiago dute (%60tik gora). Bon Menú laginak A bitamina gutxiago (%40) eta D bitamina gutxiago (%30) ematen du; Brekkies Excel laginaren etiketak dioena baino A bitamina gutxiago (%45) dauka.

Transgenikoak

Txakurrentzako pentsuek eduki lezakete jangai transgenikorik: ohiko kontua da horrelako pentsuetan artoa eta soja baliatzea (eta produktu horiek, onarturiko baliokide transgenikoak dauzkate). Arauak dioenez, transgenikoen presentzia adierazi beharra dago, horien kopurua eduki osoaren %0,9 baino handiagoa bada. Zortzi pentsuetatik bitan azterketak positibo eman zuen, nahiz eta lagin bakar batek horren berri jakinarazten ez zuen: Science Plan laginak daukan soja transgeniko urriari esker (guztirako sojaren %0,6 baino ez) transgenikoen aipamenik egiteko obligaziorik ez du.

Brekkies Excel laginean, berriz, soja transgenikoa %19 da, hots, aipatzeke uztea baimenduta dagoena baino hogei aldiz gehiago. Fabrikatzaile horrek CONSUMER EROSKI-ri entregatu zizkion agiriek bermatzen dutenez, soja “ez transgeniko” egiaztatua (“izaera preserbatukoa” deritzana) bakar-bakarrik erosten duela egia bada, transgeniko horren presentzia soja-hornitzailearen ardura da.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Txakurrentzako elikagai lehorren zortzi lagin aztertu dira oraingoan. Horien prezioak, kiloko, 1,02 eurotik (Bon Menú) 4,94 euroraino (Royal Canin) doaz. Produktu horiek ariketa fisiko ertaina egiten duten arraza-tamaina ertaineko txakur helduen jaki bakarra izateko diseinatuak daude eta 4 kilotik 15 kilo bitarteko zakuan komertzializatzen dira.
  • Pentsu horien osaera nutrizionala etiketan adierazten dutenaren antzekoa da, bitaminetan izan ezik: alderdi honetan desbideraketarik hauteman zen eta. Eukanuba, Advance eta Friskies laginek bakarrik dauzkate etiketan adierazitako bitamina kopuruak.
  • Adituen aholku nutrizionalak ongi betetzen dituzte Bon Menú, Friskies, Ultima, Advance eta Eukanuba laginek, funtsezko aminoazido batean (lisina) izan ezik: horretan, azterturiko zortzi laginetako bakar bat ez da iritsi gutxieneko kopurura.
  • Science Plan ez da heldu D bitaminaren proportziora eta Royal Canin eta Brekkies Excel laginek potasioan kale egin zuten. Etiketak adierazten duena baino elikagai gehiago, proteina gehiago edo gantz gehiago ematea jokaera mesedegarria izan ordez, kalte egiten dio txakurrari, gizentzen laguntzen baitio.
  • Brekkies Excel laginaren etiketa oker dago: ez du adierazten daukan sojaren %19 transgenikoa denik (nahiz eta hori jakinarazi beharrekoa den, %0,9tik gorako kopurua duenean). Science Plan laginak, soja guztiaren %0,6 transgeniko badauka ere, ez du zertan adierazi horren berri.
  • Kalitatea eta prezioaren erlazio egokiena Bon Menú laginak eskaintzen du: aholku nutrizionalak betetzen dituelarik, denetan merkeena baita. Azterketa honetan ez zen txakurren dastatze probarik egin eta, horrenbestez, horien iritziak ez du eraginik.
AAFCO Min /Max BON MENU “Errezeta tradi-
zionala”
FRISKIES “Adult complet oilas-
koduna”
ULTIMA “Adult oilasko eta arroz-
duna”
ADVANCE “Medium, oilasko eta arroz-
duna”
Prezioa (eurokiloko) 1,02 1,13 2,26 2,97
Hezetasuna (%) 6,7 8,9 5,8 6,1
Gantza (%) * 5 11,4 11,5 18,5 19,4
Proteinak (%) * 18 24,2 22,1 28,6 29
Karbohidratoak (%) * Zehaztu gabe 52,7 53,8 45,5 42
Balio kalorikoa (kcal/100 g) 341 331 386 388
Zuntza, gordinik (%) * <5 3,2 3,5 2 1,9
Kaltzioa (%)* 0,6 / 2,5 1,7 1,5 1,5 1,5
Fosforoa (%)* 0,5 / 1,6 1,1 0,9 1 0,7
Kobrea (mg/Kg)* 7,3 / 250 15 12,1 19,1 13,8
Sodioa (%)* 0,06 0,30 0,65 0,45 0,35
Potasioa (%)* 0,6 0,6 0,9 0,6 0,8
A bitamina (UI/Kg)* 5.000 / 250.000 11844 6037 19968 15410
E bitamina (mg/Kg) * 50 / 1.000 55 53 317 161
D bitamina (UI/Kg) * 500 / 5.000 897 542 2015 1769
C bitamina (mg/Kg) * Zehaztu gabe Ez da bidezko 104 100 Ez da bidezko
Genetikoki aldarazitako organismoak Ez dago Ez dago Ez dago Ez dago

* Elikagai lehorrarekiko kalkulatutako balioak dira hauek, hots, ura suntsiturik, geratu den elikagaia bakarrik kontuan izanik.

AAFCO Min /Max EUKANUBA “Adult medium mante-
dnance”
SCIENCE PLAN “Adult oilas-
koduna”
ROYAL CANIN “Medium adult” BREKKIES EXCEL “Complet”
Prezioa (eurokiloko) 3,12 3,33 4,94 1,09
Hezetasuna (%) 6,4 8,6 7 7,8
Gantza (%) * 5 15,6 12,9 14,6 12,5
Proteinak (%) * 18 27,5 25,1 28,1 25,7
Karbohidratoak (%) * Zehaztu gabe 46,9 54,1 48,4 51,6
Balio kalorikoa (kcal/100 g) 368 353 365 347
Zuntza, gordinik (%) * <5 2,5 2,8 2 2,8
Kaltzioa (%)* 0,6 / 2,5 1,3 0,8 1,2 1,4
Fosforoa (%)* 0,5 / 1,6 0,7 0,7 1 1
Kobrea (mg/Kg)* 7,3 / 250 25,6 12 21,5 15,2
Sodioa (%)* 0,06 0,45 0,28 0,41 0,47
Potasioa (%)* 0,6 0,7 0,6 0,5 0,5
A bitamina (UI/Kg)* 5.000 / 250.000 23750 7812 17065 8731
E bitamina (mg/Kg) * 50 / 1.000 255 881 524 49
D bitamina (UI/Kg) * 500 / 5.000 756 226 858 1208
C bitamina (mg/Kg) * Zehaztu gabe Ez da bidezko 72 74 Ez da bidezko
Genetikoki aldarazitako organismoak Ez dago Hauteman da Ez dago Hauteman da (arau-
urraketa da)

* Elikagai lehorrarekiko kalkulatutako balioak dira hauek, hots, ura suntsiturik, geratu den elikagaia bakarrik kontuan izanik.

Banan banan

Txakurrentzako zortzi pentsu, banan-banan

Bon Menú "Errezeta tradizionala"

/imgs/20050601/bon.jpg 1,02 euro kiloko, denetan merkeena
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Gantz, sodio eta E bitamina gutxien daukan laginetako bat da. Kaltzio eta fosforo ekarpen handienekoa. Etiketak dioena baino A bitamina (%39) eta D bitamina (%39) gutxiago.

Friskies "Adult medium oilaskoduna"

/imgs/20050601/friskies.jpg 1,13 euro kiloko
Gantz eta proteina gutxien daukan laginetako bat da. Kaloria gutxienekoa. Karbohidrato eta sodio gehien daukatenetako bat. Etiketak dioena baino A bitamina gutxien daukana eta E bitamina eta kobre gutxien daukatenetako bat. Etiketak dioena baino D bitamina (%36) gehiago dauka.

Última "Adult, oilasko eta arrozduna"

/imgs/20050601/ultima.jpg 2,26 euro kiloko
Gantz, eta proteina gehien daukan laginetako bat. D bitamina gehien daukana. Etiketak dioena baino selenio gehiago (%53) baina C bitamina (%62) gutxiago.

Advance "Medium, oilasko eta arrozduna"

2,97 euro kiloko
/imgs/20050601/advance.jpg
Gantz (%19,4) eta proteina (%29) gehien baina karbohidrato gutxien (%42) daukan lagina. Kaloria gehien daukatenetako bat. Etiketak dioena eta benetako edukia bat datozen lagin bakanetako bat.

Eukanuba "Adult medium mantenance"

3,12 euro kiloko
/imgs/20050601/eukanuba.jpg
Kobre eta A bitamina gehien daukan lagina. Etiketak dioena baino A bitamina (%95) gehiago.

Science Plan "Adult oilaskoduna"

3,33 euro kiloko
Karbohidrato gehien daukan lagina. Kaltzio, fosforo,/imgs/20050601/science.jpg sodio, kobre eta A bitamina gutxien daukana. E bitamina gehian daukana. Etiketak dioena baino D bitamina (%53) gutxiago eta E bitamina (%34) gehiago. Soja transgenikoa daukan arren, kopurua txiki-txikia denez, ez dauka etiketan adierazteko obligaziorik.

Royal Canin "Medium adult"

/imgs/20050601/royal.jpg 4,94 euro kiloko, denetan garestiena
Berak dioenez, bitamina eta mineral gehien daukana, aholkatzen diren kopuru guztiak -potasioarena izan ezik- zehazki beteta. Etiketak dioena baino C bitamina gutxiago (%66).

Brekkies Excel "Complet"

/imgs/20050601/brekkies.jpg 1,09 euro kiloko, oso merkea
Etiketaren gaineko araua urratzen du, bertako sojaren %19 transgenikoa dela adierazten ez duelako. E bitamina gutxien daukana Etiketak dioena baino A bitamina gutxiago dauka (%46). Potasioari dagokionez, xedaturiko aholkuak ez ditu betetzen.