Testikuluen infekzioak

Ugalkortasuna arriskutan

Testikuluen infekzioek espermatozoideen formazioan alterazio larriak eragin ditzakete
1 ekaina de 2005
Img salud listado 351

Ugalkortasuna arriskutan

/imgs/20050601/salud01.jpg
Orain dela gutxi arte ugaltze-aparatu maskulinoari eman zaion jaramon urriaren ondorioz gizonezkoek nozitzen dituzten gaixotasunak eskuarki ez dira emakumezkoenak bezain ezagunak. Prostatako gaitzak izan ezik, gizonezkoaren patologia eta hauen sintoma gutxi hartu dituzte aintzat gizasemeek (nahiz nozituko dituztenak beraiek izan); beraz, ohiko kontua da espezialistari -gure honetan, urologoari- egin beharreko kontsulta beldurgarria nahi baino gehiago geroratzen da, hots, molestiak egoera kritikora iritsitakoan egiten du gizonezko pazienteak.

Gizonezkoaren aparatu genitalak nozi ditzakeen patologietatik, hil honetan testikuluen hiru gaitz aukeratu ditugu: epidedimitisa (espermatozoideak heltzeko uzten diren epidemio izeneko estrukturaren infekzioa), orkitisa (testikuluen infekzioa) eta orkiepididimitisa (bi estrukturen infekzioa).

Testikuluen infekzioak

Testikuluen eginkizun behinena espermatozoideak formatzea da. Horien atzealdean dagoen epididimo izeneko estruktura tubularrean espermatozoideak heltzeko metatzen dira. Estruktura hori konduktu deferentearekin lotzen da eta bertatik helduak dauden espermatozoideak hazi-besikulara igarotzen dira bertan berriro bildu eta eiakulatu arte egongo direlarik. Estruktura horiek maiz infektatu egiten dira eta hainbat gaitz proboka dezakete, hala nola testikuluaren infekzio edo orkitisa, epididimoaren infekzio edo epidedimitisa, edo orkiepididimitisa (bi estrukturen infekzioa), hori nozitzen uden gizonezkoaren ugalkortasunean eragin latza izan dezaketelarik.

Orkitis akutu edo testikuluaren infekzio isolatua bakan samarra da, estruktura horrek infekzioen aurrean erresistentzia handia agertzen baitu, linfa eta odol-baskularizazio intentsuak defentsa eraginkorra ematen diolako. Sarrien, ordea, infekzioa behetik gora jazotzen da konduktu deferente eta epididimoaren bitartez, uretritis, prostatitis, gernu-infekzioa, maniobra instrumentalak, kateterismoak edo antzekoak gertatzean.

Paperak eta sexu-harremanak

Orkitisaren ohiko kausetako bat paperak dira (nerabezaroa pasatutakoan gaitz hori nozitzen duten pazienteen %30ek orkitisa jasaten dute): gaixotasun honek lauzpabosgarren egunean testikulu batean edo bietan mina eta hanpadura eragin dezakeelarik, epe luzera ugalkortasun ezaren eta atrofiaren (testikuluaren tamaina murriztea) sorburu izan daiteke gaitzak jotako hiru gaztetik batean.

Epididimitis akutua orkitisa baino ohikoagoa da eta testikuluetara ere hedatzen denez, orkiepididimitisa kontzeptua ere erabilia izaten da. Honakoa agertzearen kausa ohikoenetako bat sexu-transmisioagatiko infekzioa da eta gizonezko hetero eta homosexualetan du eragina. 19 eta 35 urte bitarteko gazte heterosexualetan gaixotasuna maizen probokatzen duten germenak Nisseria gonorrhoeae (gonokozia eragiten duen gonokokoa) eta Clamydia trachomatis dira; gizaseme homosexualetan ohikoena, berriz, Escherichia Coli da eta uzki-koitoen bitartez transmititzen da.

Sintomak eta tratamendua

Orkiepididimitisaren sintomak nahastezinak dira:

  • Eskrotoaren hantura
  • Testikulua sentikor, minbera, hantua dago eta astun izateko sentsazioa transmititzen du
  • Sukarra
  • Tarteka, zakiletik fluxu zornetsua; uretra bidezko sekrezioa sarriago gertatzen da infekzioa klamidiek eragin dutenean
  • Pixa egitean, mina
  • Sexu-harremanetan eta eiakulatzean mina
  • Izterrondoetan mina
  • Hazia, batzuetan, odoltsua

Afekzioaren diagnostikoa erraza da, sintomatologia eta arakatze fisikoa eginik (adierazle horiek eta eskrotoaren hanturaz gainera, izterrondoa eta alderdi horretako ganglio linfatikoak ere hanpatu egiten da). Gernu eta odol azterketak ere baliatzen dira horrelakoetan, gaitza sortarazi duen germena identifikatzeko xedez. Bestelako patologiak baztertu behar direnean, Doppler ultrasoinuen proba (alderdi horretako zainetan odol fluxua ezagutzeko) eta testikuluen gammagrafia (eragindako atalaren barnealdea erakusten duena, horren egoera agertzeko) ere egin daiteke.

Tratamendua antibiotikoak aplikatuz egiten den arren, hainbat neuri orokor hartzea ere aholkatzen dute adituek: ohean gelditzea, testikuluentzako esekitzailea (bideko jotzen bada), antiinflamatorio ez-esteroideak hartzea (hazi-bideak itxi ez daitezen) eta, inoiz, hazi-kordoian anestesiko lokalak infiltratzea ere. Gonorrea edo klamidiaren eragina jasan dutenen kasuan, funtsezkoa da sexu-bikotekidea ebaluatu eta tratatzea, sintomak agertu aurreko 30 egunetan kontakturik izan denean, batez ere.

Eboluzioa ona izan ohi da, arazorik gabea, baina inoiz geratzen da alderdi horretan orban-fibrosia eta hori azoospermiaren (espermatozoiderik ez ekoiztea) iturri da

Gonorrearen eragina

Orkiepididimitisaren kausetako bat gonorrea da: giza espezieak bakar-bakarrik nozitzen duen gaixotasun infekzio-kutsakor hau sexu-kontaktu bidez transmititzen da. Gonorrea edo gonokoziaren eraginik altuena garapenean dabiltzan herrialdeetan hauteman da, “sexu-turismo” izeneko horren helmugetan, batik bat, baina estatistika zehatzik ez da oraino. Herrialde garatuetan, berriz, gaitzaren eragina 35 kasu inguru omen da, ehun mila laguneko. Eraso-tasa gorriena 20 eta 24 urte artean kokatzen den arren, arrisku larriena 15 eta 19 urte bitarteko emakumeek nozitzen dute. Gizonezko infektatuaren baitatik emakumeak infekzioa jasotzeko duen arriskua %50-%70 inguruan dabil; emakume infektatuaren baitatik gizonezkoak infekzioa jasotzeko duen arriskua %20-%30 da. Portzentaje horrek sexu-harreman baten ondoren infekzioa eskuratzeko probabilitate-kopurua adierazten du.

Gonokoziak sozio-ekonomia eta hezkuntza maila apaleko populazioetan eragin handia izaten du eta hiri-giroetan maizago gertatzen da. “Sexu-turismo” izenekoa, prostituzioa osasun aldetik kontrolaturik ez edukitzea, sexu promiskuitate biziagoa eta sexu-harremanetan prebentzio-neurririk ez hartzea dira gaitz horren biderkatzearen errudunak.

Baliteke infekzioa asintomatikoa izatea: horrek gaitza harik eta arriskutsuago bihurtzen du, gaixotasuna transmiti dezakeelako kutsaturiko gizakiak. Gizonezkoetan gonokoziaren inkubazio epea 2 – 5 egunekoa da. Hori igarota uretratik muki antzeko sekrezioa ateratzen delarik, azkura nozitzen du pazienteak. Pixkanaka zornetsu bilakatuko da sekrezio hori eta uretrako meatora hantura-sintomak azalduko dira. Ohiko kontua da orkiepididimitis edota prostatitisik gertatzea. Emakumezkoetan, infekzio endozervixean (uteroaren lepoaren barne-barnealdean) agertzen da eta ematen dituen sintomak ez dira oso berariazkoak: leukorrea (fluxua), pixa egitean molestia arinak edo azkura genitalean. Infekzio kasu lokalizatu horietan, infektaturiko emakumezkoen %50eraino sintomarik agertzeke egoten direnez, asko-askotan inolako neurririk hartzeke gertatzen dira sexu-harremanak.

Gaixotasun horrek egun agertzen duen arazo larriena antibiotikoen aurrean kasu batzuek agertutako erresistentzia izan da, horrek gaixotasuna konplexu eta kroniko bihurtzea ondorioztatu duelako. Betikoa ez den bikotekidearekin sexu-harremanak izatean preserbatiboa baliatzea ezinbestekoa da infekzio hori prebenituko bada.

1. Sexu bidez transmititu ez den orkiepididimitisaren arrisku-faktoreak:
  • Okerreko txertoa parotiditisaren (paperak) aurka
  • Gernu-bideetan jaiotzetiko anomaliak
  • Gernu-bideetako ohiko infekzio errepikakorrak
  • 45 urtetik gorako pazientea
  • Gernu-bide, prostata eta antzekoen kirurgia
  • Uretran kateter iraunkorra eramatea


2. Sexu bidez transmititu den orkiepididimitisaren arrisku-faktoreak:

  • Bikotekide ugari
  • Arrisku biziko sexu-jokamoldeak
  • Sexu-transmisio bidez gaitza harturiko sexu-bikotekideren bat aurrekinetan
  • Sexu-transmisio bidez harturiko gonorrea edo bestelako gaixotasunak nozitu izana.