Eraikinaren Liburua

Beste berme-multzo bat oraino etxe-jabeentzat

Ibilgailuen azterketa teknikoaren tankerako agiri honek, jartzen den lehen adreilutik azken konponketaraino, den-denaren berri jasoko du
1 ekaina de 2005

Beste berme-multzo bat oraino etxe-jabeentzat

/imgs/20050601/eco_domestica01.jpg
Etxebizitza hartzera goazela, gure ahalbide ekonomikoak, eraikinaren kokapena eta haren itxura ona dira, erabakia hartzeko unean, alderdi garrantzizkoenak. Eraikinaren etxegintza-kalitatea maiz bigarren mailan uzten da, dela etxebizitza baten mantenu-baldintza errealez (fatxada, teilatu eta gainerakoen egoera, etc.) eta iraganean nozitu dituzten arazoez (arraildurak, pitzadurak, hezetasunak, iragaziak, eraikuntza-akatsak, etab.) informazio ona jasotzea gauza erraza ez delako, dela lehen kategoriako materialekin eraikitako etxeen prezio bizi-biziak horiek erostea galarazten duelako. Erakinen egoerari buruzko informaziorik ezean, informazio gisa eta behar bezain ongi eraiki eta manten daitezen berme gisa, erakunde publikoek Eraikuntza edo Erakinaren Liburua sortu eta indarrean ipini da 2000ko maiatzaren 6az geroztik.

Lege-alderdiak

Erkidego autonomoen eginkizuna Eraikinaren Liburuaren edukia arautu eta garatzea eta, arautegi den aldetik, bete dadin zaintzea bada ere, horixe da haren aplikazioak duen eragozpen nagusietako bat, hain zuzen: etxebizitza departamentu edo sailen eskutik gobernu autonomikoek ikuskapenak egin ditzaketen arren, oraingoz egiaztapen horiek ia ez dira gauzatzen hasi. Autonomi erkidegoetako batzuek -Madril, Katalunia, EAE, Nafarroa, Valentzia, Extremadura, Galizia-kontu hori arautua dute dagoeneko, xehetasun handi edo txikiagoz. Legeak, bere aldetik, ez du atzerako indarrik, hau da, 2000 urteko maiatzetik aurrerako obra-proiektuz altxaturiko eraikinek bakarrik dute Eraikinaren Liburua edukitzeko obligazioa.

Zer da Eraikinaren Liburua?

Dokumentu horren liburukiek, artxibo gisa, Legeak xedatua duen informazio guzia jaso behar dute. Eraikinaren datu nagusiak biltzen dituenez, biziki tresna baliagarria da azken erabiltzaileentzat ez ezik, arkitekto, aparejadore, etxegile, eraikuntza-enpresa, auzo elkarteen presidente eta finken administratzaileentzat ere. Ibilgailuen azterketa teknikoaren tankerako agiri honek, jartzen den lehen adreilutik azken konponketa edo eraberritze-lanetaraino, den-denaren berri jasoko du. Fatxadan lanik egiten bada, adibidez, horretaz arduratu den enpresaren datuak eta eginiko lanaren gaineko informazioa zehatz-mehatz jaso beharko du liburuak. Honakoa eraikin horrek edukiko duen giltzadun armairu komunitarioan gorde beharko da. Eraikinaren kontserbazio kontuei goazkiela, etxejabeei beren obligazioen araberako partea bakarrik entregatuko zaie. Liburuaren ataletan, zehaztapen teknikoen agiria da bereziki azpimarratzekoa, eraikinaren bizitza baliagarria bermatuko duten kontserbatze eta mantentze lanak funtsezkoa baita atal hori.

Nolako informazioa dauka?

Liburuaren edukiari dagokionez, autonomi erkidego guztiak bat ez badatoz ere eta artikuluen izendapenak batetik bestera alda daitezkeen arren, hauek dira liburuak eduki beharko dituen zatiak:

Oinarrizko datuak. Eraikinaren informaziorik orokorrena, hau da, eraikuntza-prozesuan esku hartzen duten parteei dagbokiena: eraikinaren kokapena, sustatzaileak, proiektuaren egileak, obraren zuzendaritza, etxegilea, lizentziak, eraikuntza-datak, obra berriaren izendapena, jabetza-erregimena, egiazko kargak eta bermeak.

Gorabeheren erregistroa. Kapitulu honetan komunitatearen presidenteak edo administratzaileak hainbat gertakizunen berri jasoko dute idatziz, hala nola jabeen (titularren) aldaketak, gertakaria jazo den data, jabekideen elkartearen presidente berrien hautapena, eraikinaren jatorriko egoeran eragina duten berrikuntza eta egokipen lanen zehaztapenak, eraikina “konpontzeko” jasotako dirulaguntza eta hobariak, kontratatu diren aseguruak, etc.

Mantenu-egutegia. Urtean egin behar diren mantentze-lanak -komenigarriak zein derrigorrezkoak- planifikatuko dira. Ikuskapen horiek errazteko orri batzuk banatuko dira; bertan, lana zein egunetan eta egingo duen profesionalaren datu guztiak azaldu beharko dira, eta berak ezarriko du bere sinadura eta zigilua. Prozesu hauxe bera beteko da eragiketa guztietan.

Eraikina erabili eta mantentzeko eskuliburua. Eraikinaren eraikuntza alorreko zehaztapenak eta elementu bakoitzari dagozkion erabiltzeko eta mantentzeko argibide eta aginduak agertzen dira honetan, esate baterako:

Eraikinaren egitura osatzen duten elementuak, hormak barne, ezin aldaraziko dira dagokion Teknikariak kontrolatu ezean. Mugapen onen barruan dautza hormetan (kableak sartzeko, adibidez) erreten edo sarak egitea eta barne-espazioak bestela antolatzeko pasabideak irekitzea ere.

/imgs/20050601/econo.jpg
Etxebizitza bakoitzari dagokion erabiltzeko eta mantentzeko eskuliburua. Aurrekoaren laburpena delarik, etxebizitza jakin horri zuzenki dagozkion gaiak agertzen dira bertan. Jabekideen elkarteko kide bakoitzari berea emango zaio. Esate baterako:

Fatxada. Ezin alda daiteke (balkoiak itxi, leiho berriak ireki, behar ez bezalako txartel edo toldoak ipini, etc.) Udal Ordenantzen eta jabekideen elkartearen onespena jaso gabe. Balkoi eta galerietan ez dira zama astunak ipini behar (hala nola lorontzi handiak edo material bilduak). Landareak ureztatzeko baliatzen den ura fatxadatik behera tantaka erortzeari saihets egin beharko litzaioke, era berean.

Fatxadako bukaerak. Balkoia edo galeria eta fatxada horretako hormak kolore desberdinez tratatzea ere ekidin beharko da. Nolanahi ere, jabekideen elkartearen onespena jaso beharko da horretarako.

Planoen karpeta eta eraikuntza-memoria. Eraikuntzako instalazio guzti-guztien altxatu, sekzio, zimendatze eta estrukturen planoak daude bertan, bere obran burutu diren bezalaxe, jatorriko proiektutik eginiko aldaketak (horrelakorik egin baldin bada) agertzen direlarik.

Dokumentuen artxiboa. Eraikuntzaz geroztik bildu diren eraikinaren agiri guztiak egokiro biltzen, klasifikatzen eta erregistratzen dira bertan: lizentziak, Azken Obra-Agiria, obra berriaren eskritura publikoa, aseguru poliza eta bermeen agiriak, jabetzaren banaketa eta egiazko kargak eta konpontze-lanak egitea justifikatzen duten agiriak.

Bertan sartuko diren beste hainbat dokumentu:

  • Agindu-Liburuan egingo diren ohartarazpenen idazketa, gorabehera adierazgarrienak jasoz
  • Eraikinaren planoak
  • Erabilitako materialen kalitateak eta, era berean, etxegileek edo hauen hornitzaile edo zuzkitzaileek beren jarduera eta materialez ematen dituzten bermeak
  • Larrialdietan jarduteko arauak