Azterketa garaia

Tentsioa bai, antsietaterik ez

Azterketa beldurrik gabe egiten duenaren etekina askoz ere hobea ohi da
1 ekaina de 2005
Img interiormente

Tentsioa bai, antsietaterik ez

/imgs/20050601/interiormente01.jpg
Azterketen beldurra irrazionala ez den arren, beldur horren tamaina neurri gabea izan daiteke. Hein batean edo bestean etorkizuna erabaki dezakeen proba horri aurre egiteko erronkak ahalik eta kontzentrazio handiena eskatzen duenez, gradu batean tentsioa mesedegarria gertatzen da gaitasun intelektual, fisiko eta emozionalak aktibo mantentzeko ez ezik, etekina hobetzeko ere balio duelako. Tentsioa antsietate bihurtzen denean eta pertsona horrek aparteko garrantzia duen zerbait gertatuko zaiola eta ongi prestatuta doan segurantzia sentitzen ez duenean agertzen da arazoa. Pentsamendu eta ideia batzuek indar hartzen dute, hala nola injustiziaren biktima izateko kezka, errieta jasateko edo barregarri geratzeko beldurra eta ezarritako helburuak aurreikusitako epean ez lortzeko izua. Kontzientzia horrek lehentasuna har dezake gure baitan eta frogatu behar dugun jakintza bera ere estali egin dezake inoiz. Era horretan, aurretik, bitartean eta gerora ere ezin gaindituz eta arriskuz beteriko amenazo bihur daiteke azterketa eta, horrenbestez, neurriz gaineko garrantzia eman diezaiokegu.

Nola agertzen den

Azterketa prestatzeko ikasten ari denean nozitu edo azterketan bertan nozitu, antsietate episodioaren ezaugarriak hauek dira:

  • Egoera fisikoa: loaren asaldura, apetiturik galtzea, digestioaren trastornoak, goragaleak, bularrean opresioa, airea biriketara iristen ez deneko eta muskuluak gelditzen direneko sentsazioa, takikardia, karranpak eta izerdi hotza dira gaitz honen agerpen batzuk.
  • Jokabidea: kontzentrazioari eusteko zailtasunak agertzen dira. Pasibotasunak gaina hartzen dio pertsonari (telebistara begira, etxean gora eta behera bueltaka, lotan, hozkailura bisitak eginez… orduak eta orduak ematen ditu kasu batzuetan) eta liburu aurrean denbora alferrik xahutzen du, ia ezertxo ere irakurtzeke. Bi jokabide horiek ihesaldiaren ikur direlarik, azkenean, ikaslea azterketara ez aurkeztea edo, aurkeztekotan, pasibo egotea izan daiteke ondorioa.
  • /imgs/20050601/libros.jpgEtekin intelektuala: galderak ulertzeko unean zailtasunak izateko, oroimen blokeoak pairatzeko eta ongi ezagutzen denaz gogoratzeko ezintasuna nozitzeko arriskua dago. Tarte luzeetan ez baina minutu askotan era guztietako gogoeta negatiboek zeharkatzen pilatzen dira ikaslearen buruan: “ez dut astirik izango”, “ez naiz gauza hau dena ikasteko”, “ez naiz gainerakoak bezain gai”, “oraingoan bai suspendituko nautela”, “nik ez dut honetarako balio”, “ederki bizi da ikasi behar ez duenak”, “karrera hau ez dut bukatuko”, “barregarri geratuko naiz”… Burutazio horiek sekulako indarra hartzen dute eragindako pertsonaren gogoan.

Zergatik gertatzen den

Antsietatea agertzen duten pertsonek, ebaluatuak diren (edo sentitzen diren) egoeretan angustiaz zamaturiko erantzunak emateko joera dute. Baliteke, nolanahi, ikasle batek lehenago sentsazio hori ezagutu gabea dagoela ere, une jakin batean bere burua gorabeherek gailendua ikustea. Gehien-gehienetan antsietate horren iturburuak hauek dira:

  • Iraganeko eskarmentu tamalgarriak (blokeoak, ikasitakotzat jotzen zena ezin gogoratu izana, etc).
  • Ikasketez bestelako pentsakizun edo kezkak (azterketa ondo prestatu denean gertatzen da hau).
  • Azterketa gaizki egiteak ekar litzakeen ondorioez burutazioak.
  • Beste ikaskideekiko konparazioak.
  • Denbora behar ez bezala antolatzea, azterketa ongi prestatu ez izana, prestakuntza epeak behar bezala banatu ez izana… horren ondorez garrantzi handiko gaiak atzeneko momenturako uzten dira-eta.

Zere egin antsietatea zeharo ezabatzeko edo hein batean arintzeko?

  • Behar bezalako prestakuntza teknikoa. Hainbat ikasketa-teknika ongi ezagutzea arras lagungarria gerta daiteke. Irakurtzen dena ulertu, testuak azpimarratu, laburpen eta eskemak egin, buruz ikasi eta nork bere burua azterketa aurretik ebaluatzea komeni izaten da, ikasketak eta ikaslearen nortasuna nolakoa den aintzat hartuta: horretarako denbora eta lana egokiro antolatu behar dira. Badira teknika horiek jorratzen dituzten eskuliburu on-onak baina, esan bezala, ikaslearen izaerari eta une horretan bizi duen egoerari egokitu behar zaizkio. Gure prestakuntzaz zalantzarik sortaraz diezaguketen pertsonekin topo ez egitea oso garrantzitsua da. Azterketa hasieran funtsezkoa da galderak eta argibideak lasai irakurtzea. Erantzuteko garaian, hobe da galdera soil eta errazenetatik hastea, gaia gaindituz goazela senti dezagun. Beste ikaskide batzuek azterketa lehenago bukatu dutela ikusita ere, trankil: ez da tranpa horretan erori behar.
  • Prestakuntza mentala. Komeni da antsietatea sortarazten diguten ideiak identifikatu, atxiki eta horien ordez beste batzuk, mesedegarriak, ipintzea. Gogoeta horietako gehienak ez dira objektiboak eta, gainera, ikastea eragotzi egiten dute, ez gaituzte ongi sentitzen laguntzen eta azterketan behar bezala aritzeko energia ebasten digute. Erraz identifika ditzakegu horiek: negatiboak dira eta segurantziarik eza transmititzen dute beti. Materializatzea baliagarri gertatuko zaigu horrelkoetan: ozen ahoskatu edo idatzi ondoren, gelditzeko agindua emango diegu. Orduan, horien partez lasaitasuna emango diguten ordezkoak finkatu behar ditugu: “ahal den guztia eman dut; kontua, orain, dakidana kanporatzea besterik ez da”, “azterketa baino ez da hau”, “biharko, dena amaitu da”, “bestetan ere egin ditut honelakoak eta ederki jardun naiz”, “orain suspendituta ere, hurrengoan atera nezake”, “neuronei ateak zabaldu eta… aurrera!”.
  • Erlaxatzeko teknikak. Gogoetak aldatutakoan, azterketa aurretik eta une horretan bertan antsietatea arintzen duten erlaxatze-teknikak ikastea da kontua. Horiek denek funtsezko bi euskarri dituzte: arnasketa abdominala eta muskuluen erlaxazioa. Arnasketa abdominalak oxigeno gehiagoz hornitzen gaitu eta nerbio sistemaren prozesuak erraztu egiten ditu. Muskuluak erlaxatzeari esker, ezagutzen ditugun tekniken arabera, garunari garrantzi handiko datua helaraziko zaio: gorputza bare, lasai dagoela, alegia. Arnasketa eta muskuluen erlaxatzea, bata bestearekin konbinatuta, erlaxatze mentalaren eragile dira berez. Pertsonak oreka eta baretasun hori bizi duenean, azterketa prestatzeko eta egiteko egokiera hobean dago. Beldurra erlatibizatzen du eta izuak eraginiko paralisitik irten egiten da. Erlaxatzeko teknikak bai ikaste aldian, bai azterketan ere aplika daitezke.

Errepika dezagun, nolanahi ere, lasaitasun gehien ematen duena azterketa ongi prestatzea dela.