Nolako eguraldia izango dugu oporretan?
Oporretan izan dezakegun eguraldiak berebiziko eragina izaten du helmuga aukeratzeko unean. Bisitatu nahi dugun herri edo eskualdeko ezaugarri meteorologikoak ezagutzea komeni ziaten da ustekabeko edo zoritxarreko sorpresarik ez hartzeko. Komeni da, atseden eta aisialdiaren balio terapeutikoa murritz dezakeen egoera klimatologikoari izkina egiten delako eta, gainera, premia praktiko bati erantzuten diolako horrek. Lehortean Tanzanian safari bat egiten baduzu, bost handiak (elefantea, lehoia, errinozeroa, bufaloa eta hipopotamoa) ikusteko aukerak hutsaren hurrengo dira, piztia horiek Kenyara joanak izango direlako, ur bila. Horrenbestez, abenturarekin amets egin, bidaia jaso eta -bidezkoa bada- txertoa jarri aurretik hobe izango dugu eskualde eta garai horretako eguraldiaz informazioa jasotzea. Oso litekeena baita euri, zikloi, lehorte, tornado eta gainerako fenomeno atmosferikoak gure zain egotea, hemengo udaz bestelako sasoietan ohiko direlako.
Afrikako aldeak
Kontinenteen egiazko neurriak eta proportzioak errespetatzen dituzten mapetan, Afrika era tradizionalean transmititu den irudia baino askozaz ere handi eta luzangagoa dela ikus daiteke. Hortik, noski, klima ez dela bakarra eta uniformea ondorioztatu behar da. Egun gehientsuenak eguzkitsuak izaten dira, herrialde gehientsuenak 20º N eta 20º S paraleloen artean (hots, Cancer Tropikoaren eta Capricornio Tropikoaren artean) daudelako: horregatik, ekuatoretik gertueneko eskualdeetako klima bero eta hezea da beti eta bi eskualde tropikaletan (lurraldearen %80), aldiz, bi urte-sasoi bereizten dira: lehorra eta hezea.
Argazkilariaren eta naturistaren ohiko helmuga diren Kenya eta Tanzanian, urtarril eta otsaila dira hilik egokienak, klima lehor eta beroa delako orduan. Ekainetik iraila arte -mendebaldeko herritarren uda parteko opor garaian, hain zuzen- , eguraldia egonkor mantentzen da, euria martxoan agertu eta maiatzean atertu egiten duelako, urrira arte.
Safari bat bizi nahi dutenek beste aukera bat ere badute: Namibia eta Botswanan, hain zuzen, geroz eta arrakasta handiagoa biltzen ari dira tenperatura egokienak eta gure uda bat datozelako, besteak beste. Bestetik, berriz, irailean joaterik ez zaie aholkatzen interesatuei -nahiz eta hil horretan geroz eta jende gehiago animatzen den bidaiak egitera- hango euriek parke naturaletako bideak hondatzen dituztelako. Afrikako ipar-mendebaldean, aldiz, errealitatea alderantzizkoa da: Senegal, herrialderik bisitatuena, Saharatik datorren harmattan haizea gorabehera, egoki-egokia da neguan edo udaberrian joateko. Itsas aldera begira dagoen arren, uda partea gogora da Senegalen. Eta beste horrenbeste gertatzen da ekialdean ere, Egipto aldean. Udako beroa jasanezin izan daiteke baina negu aldia ez da uste bezain beroa. Piramideak zorabiorik nozitu gabe ikusiko direla bermatzeko, martxoa eta apirila aukeratu behar.
Asia, montzoiak baino askoz ere gauza gehiago
Ekialde urrunerako bidaiatzea mendebaldeko herritarrak ohikoa duen errealitateaz zeharo beste alderakoan sartzea da. Kontinente gehientsua 40º N paralelotik (Penintsula Iberikoa erditik ebaki eta Ekuatoreraino iristen den hori bera) behera dago. Bi ozeanok bainatzen dituzten lurralde horiek argi asko erakusten dute latitudeak klima baldintzatu bai baina determinatu ez duela egiten. Indiako hil hotzak gureak diren arren, berotasun handieneko garaia martxotik ekainera artekoa da; guk uda bizi dugunean Indian euriak eta montzoiak egokitzen dira. Kontuan hartu behar du hori bidaiariak, euri horiek ez baitira zaparrada tropikal hutsak, egunak eta egunak ekaitzetan baizik.
Turistak Vietnamera egitea erabaki badu, zein eskualdetara nahi duen zehaztu beharko du: hegoaldea neguan egokiagoa da, ekainetik abuztura arteko epea eurite etengabea suertatzen delako. Iparraldea ezagutu nahi izanez gero, hobe uda aukeratzea, azarotik apirilera arte hotz handia egiten baitu. Turismoarentzat interesgarri bilakatu delarik, Indonesian ere giro egokia Europako udan jazotzen da. Gainera, uharteen orografiari esker, adibidez, Balin montzoiek ez dute ia eraginik izaten. Denok gogoratzen gara joan den abenduan Tailandia, Malasia eta Sri Lankako kostaldea txikitu zuen tsunamiaz. Albisteek ziotenez, herrialde haietan turismoarentzat garai aproposagoa zen abenduko hura, eskualde horretan urtean hiru sasoi suertatzen direlako: montzoiena, maiatzetik azarora arte; lehortea, azarotik otsailera arte, tenperaturak leunago izaki; beroak, azkenik, maiatzera arte luzatuko dira. Bangkok apirilean bisitatu nahi izanez gero, izerdi franko isurtzeko prest joan behar duzu.
Karibea
Turkesa koloreko itsasoak blaituriko lurralde haietako eguraldia barealdi eta jabalaldiekin lotzen dugun arren, euriak biziki bortitzak ez direla, berotasuna arras epela ez dela eta hotzik zer den ez dakitela iruditzen zaigun arren, errealitatea zeharo bestelakoa da. Kubako negu minean termometroa 4 graduetaraino jaisten da lehorrean eta 12 graduetaraino Guantanamo eta gainerako itsas ertzean, baina tenperaturak egonkor irauten du eskuarki, uda parteko gorabehera zorrotzetan izan ezik. Kubara hondartza eta eguzki bila baldin bazoaz, hobe duzu udazkenaren hasieran (urrian batez ere) ez joatea, garai horretan urakanak maiz harrotzen direlako eta hoteleko gelaz gehiegi gozatzeko arriskuan zaude.
Zein fenomeno zein hiletan:
Harmattan haizea: haize alisio kontinental lehor honek hauts asko dakar Sahara basamortutik eta Afrika mendebaldeko herrialdeetan abendutik otsailera arte eragin handia izaten du.
Indiako montzoia: “montzoi” horren arabierazko pleguak urte sasoi adierazten du. Negualdean Gangesko lautadetako tenperatura erregulatu ondoren, atmosferako goi geruzetako aire-korronte hori maiatzaren amaieran bat-batean amildu egiten da lurrerantz. Horrela hego alderako eta geroago Bengala alderako bidaia hasi eta berehala etorriko da ostera. Hasieran, beraz, euriak sortarazten ditu Himalaiako ekialdean, ondoren mendebaldean eta azkenean herrialde osora hedatzen da. Horixe da montzoi nagusia, udako edo hego-mendebaldekoa.
Indonesiako Pankaroba: apiril eta urria bitarteko montzoi-aldia.
Vietnamgo tifoiak: euritea ekain-uztailean hasi eta urri-azarora arte luzatzen da, tifoi ikaragarrien eskutik, zenbaitetan. Irail eta urria dira hilik okerrenak, euri gehien orduantxe botatzen baitu.
Ekialdeko Afrikako euri aroa: harrigarria badirudi ere, Masai Mara eskualdea partekatzen duten Kenya eta Tanzania auzokideetako euriteak noiz diren ez dago dokumentalki zehaztua oraino. Kontuak kontu, klima desberdina dute batak eta besteak: Kenyan euria azaroan hasi eta martxo aldean atertzen du, bero handia egiten duen sasoian; Tanzanian, aldiz, maiatzean hasi eta irailean agortzen da.
Urakan sasoia Karibean: zikloi tropikalak, haizeen abiadura eta prezipitazioak kontuan hartuta, hiru motakoak dira: depresioak, ekaitzak eta urakanak. Abuztuan hasi eta urriraino luzatzen den urakan sasoian batez beste bederatzi ekaitz (beren izen eta guzti) suertatzen dira eta horietatik seik urakanaren indarra hartzen dute.
Strahler-en sailkapena
Horietako sailkapen batek -Arthur Strahler zientzialariak bataiatu zuenak, hain zuzen-, klimaren arabera ez ezik, urterik urte behatzen diren agerpenen arabera ere taxutu ditu hamalau eskualde. Klima ekuatorialaz ari garela, adibidez, 10º N eta 10º S latitudean, urteko ia egun guztietan euria egiten du eta tenperatura 27ºC inguruan mantentzen da. Amazonas eta Kongo ibaien ibarrak eta Ginea Berriraino iritsita, Sumatra batzen dituzten lurraldeak ere zerrenda horretan dautza.
Latitudeko 25º azpitik, itsas ertzetik gertuko kontinenteetako ekialdeek bere-berea duten klima montzoitzarra Floridan, Mexikoko Golkoan, istmo amerikarrean, Karibean eta Madagaskarren dute.
Hegoaldean, horren agerpenaren adibideak dira Txinako hegoaldean, Japonian, Taiwanen eta Uruguaiko klima txinatarra da.
India, Indotxina, Afrikako “sabela” eta Australian klima tropikal lehor eta hezea dute, urtean bi sasoi nabarmentzen direlarik: lehorra (eguzkia, eguerdian, zeruertzean apal dabilenean) eta hezea (ekia goitik doala).
Basamortuko klima dute aire-masa egonkor lehorrak dituzten eskualdeetan: bertan, egunetik gauera eta gauetik egunera aldaketa bortitzak gertatzen dira, urteko zeinahi sasoitan ere. Sahara, Arabia eta Australiako basamortua dira horren arketipoak.
Bada basamortuko beste klima bat (tropikal lehorraren beste bertsio bat baizik ez dena, nahiz muturretan ohi dabilen) hainbat eskualdetan, hala nola Estatu Batuetako hegoaldeko basamortuetan eta Argentinako Panpa eta Patagonian.
Mediterraneoak ere badu berariazko sasoi-klima: eskualde horietan erregistratzen diren datuak latitudearekin baino orografiarekin hertsikiago lotuak daude. Izena eman dien itsas bazterrez gainera, Kaliforniak, Txileko kostaldeak eta Lurmutur Hiriak dute klima hau.
Latitude horietan, ozeano Atlantikoak blaitzen dituen eskualdeetan, Europa Eta Iparramerikako klima kontinentala dute eta honen bertsio hezea Kanadan eta Europako Erdialdean da ohiko. Baso borealak, poloetako aireaz elikatzen diren eskualdeek bataiatu dute Eurasia, Siberia, Alaska eta Groenlandiako klima boreala: hotza nagusi bada ere, eta da Artiko eta Antartikoko klima polarra bezain zorotza.
Klima hamaika eratan sailkatu eta neurtu denez, egun badugu mundu zabaleko zeinahi tokitan edozein sasoitan izango den eguraldia zehatz-mehatz ezagutzeko aukerarik. Informazio hori biziki interesgarria da bidaiariarentzat, okerreko ondorioak ateratzera eraman lezaketen orokortasunekin konformatzea ez bailitzateke oso egokia. Esate baterako, Vietnamen klima aski uniformea da herrialde osoa baina, halaz ere, uda partean hegoaldera joan edo iparraldera joan ez da gauza bera, Sevilla uztailean eta Compostela uztailean gauza bera ez diren bezala. Latitudeaz gainera, goratasuna, itsas korronteak, presioen eragin-guneak eta, areago, biozenosia bera ere (ekosistema bateko bizidun guztien osotasuna, alegia) faktore erabakitzaileak dira, toki jakin batean bisitariak izango duen eguraldian eragina izateko.