Zaharren egoitzak

Gutxi daude oraindik eta geroz eta garestiago dira

Lautik hiruk itxaroteko zerrenda dute, zazpitik batek ez du kalitate-proba gainditu eta publikoak, oro har, hobe eta merkeago dira egun ere
1 ekaina de 2005
Img temap 231

Gutxi daude oraindik eta geroz eta garestiago dira

/imgs/20050601/tema01.jpg
Populazio espainiarraren adina geroz eta luzeagoa den arren (65 urte baino gehiago dutenak populazio osoaren %17 dira eta hemendik 25 urtera populazio horren %24raino iritsiko direla kalkulatu da, hots, 10 milioi pertsonatik gora izango direla Espainian) zaharren egoitzen kopurua ez da nahikoa oraino ere: 65 urtez gorako ehun laguneko Espainiak 3,5 egoitza-plaza baizik ez du; gauza bera datu adierazgarriagoetan esan dezagun, 14 plaza egoitzetan, 80 urtetik gorako 100 laguneko. Kontua, ordea bestea da: zaila da egoitza bat bilatzea baina, bilatzen direnetako tarifak ere, geroz eta garestiago dira. Aldizkari honek 2000ko otsailean argitara emaniko ikerlan batean jakinarazi zuenez, egoiliar autonomo -mendeko ez dena- batentzako egoitza publiko bateko hileko kuota, gelan beste lagun bat daukala, orduan 720 euro zen (artean pezeta zebilen, jakina). Egun, pertsona zahar horrexek 956 euro ordaindu beharko lituzke kasu berdin-berdinean, hau da orduan baino %33 gehiago, azken urteotako KPI %16,5 baizik igo ez den arren (erdia doi-doi). Erretiroko batez besteko pentsioa, berriz, zertxobait igo da bosturteko honetan: %21,5.

Beste aldetik, zaharren egoitza batzuek badute dezente hobetu beharra: zazpitik batek ez du gainditu CONSUMER EROSKI-k ezarritako proba. Firma honek, izan ere, estreinako txostena egin eta handik bost urtera berriro aztertu ditu, orduan erabilitako metodologiaren antzekoarekin. Oraingoan, gutxienez 15 apopilo dituzten 104 egoitza aztertu dira; horietan ostatu duten zaharrak, guztira, 8.448 lagun dira eta Madril, Bartzelona, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Murtzia, A Coruña, Valentzia, Cádiz, Sevilla, Zaragoza, Málaga eta Nafarroan daude. Bertako erabiltzaileei eskaintzen zaien arreta, egoitza horiek dauzkaten azpiegiturak, zaindari bakoitzak bere kargura dituen zaharren kopurua, egoiliarrak izan dezakeen intimitate-gradua, eskaintzen den osasun-artapena, zerbitzuak (podologia, fisioterapia, errehabilitazioa, ile-apainketa, etc.), instalazioen segurtasun eta garbitasuna eta antzeko alderdiak arakatzea zen helburua, noski, honelako azterlan bati agin dakiokeen zehaztapen osoz.

Lehen ondorioa: egoitzek batez besteko kalifikazio ona merezi izan duten arren, batetik bestera sekulako aldea dago: horrelaxe erakusten du CONSUMER EROSKI-k ezarritako proba egoitzen %14k gainditu ez izanak (2000 urteko txostenean egoitzen %16k ez zuten gainditu). Duela bost urte argitara emaniko txosten hartan gertatu zen bezala, egoitza publikoak merkeagoak dira eta, gainera, kalifikazio hobea jaso dute (7,3 puntu, batez beste) pribatuek (6,9 puntu) eta kontzertatuek (7 puntu) baino. Proba gainditzeke utzi duten gehienak pribatuak dira (aztertutako egoitzen %19), ondotik kontzertatuak (%16) eta azkenik publikoak (%7) datozela.

Nolanahi ere, arazo behinena nahikoa plazarik ez izatea da: egoitzen %77tan itxaroteko zerrendak dituztelarik, portzentaje hori publikoetan %93raino iristen da. Txosteneko datu guztiak ikusi ondoren, egoitzen ahulune larriena bertako azpiegiturak direla egiaztatu da -batez beste, 6,5 duina lortu badute ere-, etorkizunean lan gehien egitekoa dutenak pribatuak izaki: honelakoen %46k bakarrik daukate bainu osoa geletan, erdiek ez daukate ohe artikulaturik eta %44k ez dute behar bezala hornituriko errehabilitazio-gelarik. Artapena -batez beste 6,8 puntuz kalifikatu den arren- ere hobetzeko modukoa da, pertsonal zuzkidura alorrean batik bat: egoitza pribatuetan zaindari bakoitzari 3,7 egoiliar dagokio; baina kopuru hori biderkatu egiten da (6,3) zahar horiek laguntzaren premiarik ez dutenean, autonomo direnean. Ez da harritzekoa egoiliar eta familiarteko batzuek protesta egitea zentro horietan sendagile finkorik ez izatearren egoitzen %58tan horrelakorik ez da eta. Sendagile horren espezialitatea ere maiz ez da egokiena: egoitzen %47tan bakarrik dihardu geriatra edo internista batek.

Janari zerbitzuak ere badu zer hobetua: zentroen %45ek soilik ematen dute janaria hautatzeko aukera, zifra hori pribatuetan dezente apalagoa bada ere (%35). Eguneko zentroa duten egoitzak, oraindik ere, gutxiengo dira: horien %31k bakarrik dute zerbitzu hori.

Alderdi egokiena, berriz, bertan bizi direnen bigarren etxebizitza bihur dadin, zaharra etxean bezala senti dadin zentro horiek egiten dituzten ahaleginak: nork bere gelan bisitariak hartu (egoitzen %86tan onartzen dute), etorritakoari zerbait hartzeko eskaini (%76), nork bere gauzak giltzapean gorde (%84) eta erlijio-praktikak egiteko (%96) ahalmena edo baimena dauka, alegia. Beste aldetik, egoitza gehienak garbi eta kontserbazio egoera onean zeuden eta, salbuespenak salbuespen, instalazioak zabal eta argitsuak dira.

Nola egin den

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, bere burua halakotzat ezagutarazita, egoitzetako zuzendari eta kudeatzaileei telefono bidez datu mordoxka bat eskatu zieten. Ondoren, balizko bezero balira bezala (senitartekoa sartu nahi zutela adieraziz) egoitza guztietara joan ziren, bertatik bertara instalazioen egoera eta kontserbazioa, argitasuna, zaharrek erabilgarri daukaten espazioa, establezimenduko higiene eta garbitasuna, etc. egiaztatzera. Txostenean, guztira, 104 egoitzatako 80 ezaugarri eta prestazio jorratu dira. Zentroen titularitateari dagokiola, haietako 30 publiko dira, 43 pribatu eta gainerakoak (31) kontzertatuak, hots, pribatu badira ere, Administrazioarekin hainbat plaza itundu edo hitzartuak dauzkatenak. Publikoetan dabil erabiltzaile gehien (120 egoiliar, batez beste), ondotik kontzertatuak (45) eta pribatuak (34) datozela. Egoitza bakoitzean batez beste 83 pertsona zahar dabilen arren, batetik besterako aldeak sekulakoak dira: txosten honetan azterturiko batzuetan 300 erabiltzailetik gora daude eta beste batzuek, aldiz, hogei bat baino ez dute. Aldizkari honek, kontsultaturiko geriatra eta espezialistekin elkar hartuta, egoitzak dituen ezaugarri eta eskaintzen dituen prestazioetako bakoitza baloratzeko berariazko sistema arautu du. Dena den, osagarri gisa, azterturiko zentro horietan bizi diren zaharren 150 senitartekoei elkarrizketa bana egin zitzaien.

Etxean bezala sentitzeko

Zaharren egoitzek bertako egoiliarren behin-behineko edo behin betiko etxebizitza-rola onartua dutenez ahaleginetan dihardute zaharrak etxean egingo lukeen bizimodutik antzekoena egin dezan ahalbidetzeko. Gutariko edonori gustatzen zaio etxean bisitak hartu eta behar bezala tratatzea. Ohiko kontua da (egoitzen %86tan gertatzen da) horrelako zentroek bertako egoiliarrei hainbat jardueratan aritzeko baimena ematea, hala nola beren geletan bisitariak hartzekoa, era horretan zaharrak nolabaiteko intimitatea mantenduko duelako eta, era berean, bisitari horiei edari edo aperitiboren bat eskaini ahal izatekoa. Dena den, kafetegia daukaten edo zizka-mizkak saltzen dituzten makinak dituztenen proportzioa urriagoa da. Egoitza pribatuak dira alderdi hau zokoratuen daukatenak (%28k ez daukate hainbat azpiegitura, hala nola kafetegi edo makina saltzaileak).

Egoitza batean sartzean pertsona zaharrak urtetan lagungarri izan dituen gauza eta oroitzapenetako asko berriro ikusteari uko egin behar izaten dionez, horietako batzuk -balio sentimental handikoak, edadetuentzat- aldamenean eduki eta giltzapean, armairuan edo tiraderan, gorde ahal izatea eskertu egiten dute. Horrela egin dezakete zaharrek egoitzen %84tan. Zentro horietako gehienek (%63), gainera, bertako erabiltzaileei erlijio praktikak egiten segitzeko aukera ematen diete: batzuetan badira kaperak edo halakotzat egokitutako gelak eta gehienetara ohi doa apaiza astean behin, gutxienez

Egoitzen egoera

Egoitzak, oro har, ondo kontserbatuak eta garbi dauden arren, horietako batzuek (%15ek) bazuten hobetzeko alderdirik: kontserbazio-alorreko arazoak ez ezik, gela txiki eta ilun samarrak zituzten. Horrelako gabeziak ohikoagoak dira pribatu eta kontzertatuetan. Higienerik eza ez da ohiko kontua baina egoitzen %11tan kirats biziki higuingarriak aditu ziren (kasu gehienetan, gelak behar bezala ez egurastearren); akats hau ere, pribatu eta kontzertatuek maizago agertu zuten publikoek baino. Egoitzen kontserbazio egoera hobezina da: zentroen %2k bakarrik agertu dute mantenu egoera desegokia; horietan, beraz, itxura aldatzeko lanak egin beharko lirateke (margotu edo bestelako obrak egitea, alegia).

Segurtasunari dagokiola, aldizkari honek 2000 urtean eginiko txostenaren aldean, aurrerakuntzarik hauteman da oraingoan. Azterketaren funtsezko atal hau gainditzeke utzi duten zentroen proportzioa dezente murriztu da: orduan baino ugariago ikusten dira larrialdi-planak eta, suterik edo bestelako larrialdirik jazotzekotan, behar bezala jarduteko prest dagoen pertsonala orduan baino askoz ere egoitza gehiagok dute. Beste alderditik, ordea, itxurazko larrialdiena da: aurreko txostenean baino gutxiago dira azken urtean horrelako saiakerarik egin duten egoitzak.

Egoitzen zerbitzuak

Egoitzek eskaintzen dituzten zerbitzu tradizionaletan hautematen dira gehien batzuk eta besteen arteko aldeak. Prestazio horiek -ile-apainketa, podologia, farmazia, masajista, aholkularitza juridikoa, etc.- zentroak egoiliarrei eskaintzen dien bizi-kalitateaz erabiltzaileek (eta hauen gertukoek) duten pertzepzioan eragin handia duten balio erantsiko alderditzat jo ditzakegu. Egia da egoitza horiek hasieran oinarrizko zerbitzuak baizik ez zutela eskaini (lojamendua, janaria eta osasun-artapena) baina, horrelako denetan jeneralizatu ondoren eta zeinahi sektorek nozitu duen eboluzio logikoaren barnean, egun ematen dituzten prestazioen kopurua goraka doa etengabe: horretan, hain zuzen ere, zentro batzuk eta beste batzuen arteko alde nabarmenak hautematen dira.

Horrela ulertzen da, esate baterako, ile-apainketa eta podologia zerbitzuak egoitza gehienetan ohikoak izatea (maiz, aparte ordaindu beharrekoak diren arren), otordu bat baino gehiagotan aukera egiteko eskaintzen duten zentroak geroz eta gehiago izatea, artapen psikologiko eta juridikoa geroz eta zerbitzu ezagunagoak bihurtzea, egoitzen katalogoetan masajisten zerbitzuak sartzea, etab.

Nolanahi ere, egungo bizi-erritmoa gorabehera, eguneko zentroaren kontzeptua ez da finkatu oraindik egoitzetan: horrelako plazak eskaintzen dituztenak ez da egoitzen %31ra iristen apenas (2000 urtean %29 baziren ere).

Egoitzen azpiegiturak

/imgs/20050601/tema02.jpg
Hauxe da egoitzen benetako ahulunea, puntu hau bete dezaten zorrotz-zorrotz exijitu behar zaien arren. Egoitza batzuetan gela guztiek ez dute bainu osoa, badira egoiliar bakarrarentzako gelarik ez daukatenak, beste batzuetan ohe artikulatuak zahar gaixo edo ezinduentzat bakarrik erreserbatzen dituzte. Ongi hornitutako errehabilitazio-gela premiatzat ikusten dugun arren, bisitatu ditugun hiru zentrotik bik bakarrik daukate horrelakoa.

Beste aldetik, ordea, tinbre edo txirrina gela guzti-guztiek daukate eta geroz eta ohikoago bilakatzen ari da egoitzek lorategiak (%70), liburutegia, aretoa edo gimnasioa edukitzea bertako apopiloak bertan ibil daitezen. Beraz, gure iritziz, egoitzak zaharretan erreformak egin ahala, egun ez dituzten zerbitzu horiek sartuko dituzte. Batez bestekoetan beti ere, zentro pribatuak dira azpiegituretan inbertsio txikiena egin dutenak eta, hortaz, atal honetan balorazio kaskarrena merezi dutenak.

Zaharrak artatzea

Hauxe dute zentroek zaindu eta hobetu beharreko alderdi nagusietako bat. Pertsonalaz ongi zuzkituak daude (batez beste, zaindari bat hiru laguneko dabil lanean) baina egoitza pribatuetan estaldura (edo pertsonalaren hedapena) urriagoa da, laguntzaren beharrik ez duten egoitzetan batik bat (horietako lautan zaindari bakoitzak hamaika egoiliar baino gehiago zegozkion).

Beste aldetik, sendagile zerbitzu etengabea zentroen %58k baizik ez du (publikoak, hemen ere, hobeki daude gainerakoak baino). Azpiegituren hobekuntzan ez ezik, artapenaren kalitatean egin behar dira inbertsio ekonomiko latzenak: alfer-alferrik izango da egoitza eraiki berria, bertako erabiltzaileek behar duten bezain ongi artatzeko nahikoa pertsonalik ez badago.

Zenbat kostatzen dira egoitzak?

Egoitzek bertako erabiltzaileei kobratzen dizkieten hileko kuota guztiak ez dira, inondik ere, berdinak. Tarifa horietan eragin gehien daukaten faktoreak era askotakoak dira: egoitzaren titularitatea (publikoa, pribatua edo kontzertatua), zaharraren osasun egoera eta eman behar zaion tratamendua (gai eta autonomoa den edo laguntzaren premia daukan), gela mota (indibiduala edo bi lagunekoa), zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak eta bere ezaugarriak eta (publiko eta kontzertatuetan soilik) egoiliarraren ahalbide ekonomikoak.

Bisitatu diren zentro pribatuetako hileko prezioak, batez beste, 1.342 euro da (hots, 2000 urtean kostatzen zen 900 euro horretatik arras urrun). Egoiliarrak eskatzen dituen artapen eta gela-motaren arabera, hileko kuota ibiliko da 1.600 eurotik -laguntza behar duen pertsona edadetua, logela indibidualean- 1.100 eurora -bi laguneko logelan bizi den zahar autonomoaren kasuan-. Egoitza publikoetan aldiz, tarifak apalagoak dira: 956 euro batez beste (duela bost urte 720 euro bazen ere). Gela indibiduala duten zahar lagunduek egoitza publikoetan batez beste 1.095 euro ordaintzen dute hilean, eta bi laguneko logela duten zahar autonomoek 775 euro baizik ez dute ordaintzen hilean. Nolanahi ere, diru-kopuru hori ezin ordain dezaketen edadetuei, beren diru-bideen -maiz, pentsioaren- %75 eta %90 bitarteko kopurua kentzen zaie. Kontzertatuetako prezioak eta publikoetakoak berdintsuak izaten dira baina publiko edo kontzertatu batean plaza eskuratzea benetan kontu zaila da, onartua izateko hainbat baldintza sozio-ekonomiko bete behar baititu interesatuak: 60 edo 65 urtez gorakoa izan, eguneroko bizimoduan aritzeko laguntzaren premia eduki, plaza eskatu duen autonomi erkidego edo lurralde horretan bi urte lehenago erroldatua egon, kopuru jakin bat baino gehiago ez irabazi eta, azkenean, itxaroteko zerrendan alta ematea.

Egoiliarren 150 senideri eginiko inkesta

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, joandako apirilean, azterlan hau egiteko bisitatu zituzten 104 egoitzetakoren batean apopilo bizi ziren haien 150 senitartekori elkarrizketa bana egin zieten. Familiako hauek, oro har, zentro horietan eskaintzen diren zerbitzuekin ados daude, orokorki: beren ahaideei ematen zaien artapen eta tratamendua eta instalazioen egoera eta garbitasuna onartzeko modukoak dituzte, baina emaitzei xehetasun handiagoz erreparatuz gero…

  • Zaharren bilakaerari buruzko informazioa: senitartekoen %89k ondo informatuta daudela dioten arren, egoitza publikoetan ahaiderik duten elkarrizketatuen %22k informazio handiagoa eskatzen dute.
  • Higiene eta garbitasuna: egoitza kontzertatu eta publikoetan senitartekoak dauzkatenen ahaideak konforme daude alderdi honetan baina pribatuetan dauzkatenen %7k parametro horiek “erdipurdiko” eskas batekin kalifikatu dituzte.
  • Azpiegiturengatiko kexuak: familiartekoen %14k azaldu zuen kexurik (zaharrak bidegabe metaturik bizi behar izatea, lorategi zabalik ez edukitzea, instalazioen urritasuna, etc.).
  • Egoitzen zabaltasuna: zentro pribatuetan ahaideak dituzten elkarrizketatuen %15ek diote instalazio horiek ez direla zaharrak eroso ibiltzeko bezain zabalak no. Egoitza publiko eta kontzertatuetan, alderdi honetan behintzat, ez zen kexurik hauteman.
  • Artatzeko pertsonala: hamar elkarrizketatutik baten iritziz, zaharrak artatzeko nahikoa pertsonalik ez dago. Egoitza pribatuei dagokienez, horrela derizte elkarrizketatuen %12ri; publikoetan, %10i eta kontzertatuetan %3ri baino ez. Jaso diren kexurik larrienak zentroan etengabe sendagilerik ez izatearren egin dira.
  • Zaharra artatu eta humanoki tratatzea: familiartekoen %2k bakarrik azaldu zuen egoiliarrei ematen zaien tratamenduaz. Medikuntza-tratamenduari dagokiola, aldiz, elkarrizketaturiko senideen %4k bakarrik salatu dute hori.
  • Elikadura: elkarrizketaturiko pertsonen %13rentzat beren ahaideei ematen zaien elikadura ez da egokiena. Egoitza pribatuetan (%22), berriro, publiko eta kontzertatuetan baino protesta ugariago dabil.
  • Balio dutena kostatzen dira: kasurik gehienetan, kalitatea eta prezioaren arteko erlazioa egokitzat jotzen da. Egoitza publikoetako erabiltzaileen senitartekoak asebeteago agertzen dira. Egoitza pribatu eta kontzertatuetan, hamar elkarrizketatutik biren iritziz, erlazio hori erdipurdikoa edo txarra da.

Egoiliarren eskubideak

Bertan bizi delarik, zor zaizkion hurrengo eskubideak bete daitezen exijitu behar du egoiliarrak:

  • Kontratuan hitzartutakoa bete dadin.
  • Zentroan diren pertsona guztiei zabalduriko jarduera guztietan esku hartzeko eta horien berri informazioa jasotzeko.
  • Geletan, korrespondentzian, telefono deietan, bisitetan etab. Intimitate osoa errespeta dakion. Era berean, bere osasun eta famili historialetako datuak konfidentzialtasun osoz gorde dakizkion.
  • Egoitza bere helbidetzat jotzeko, bere gaitasun fisiko eta mentalek ahalbidetzen duten bezain bizimodu egokia eginez.
  • Egoitzako gela eta areto komunak askatasun osoz erabiltzeko.
  • Bertako pertsonalaren eta gainerako egoiliarren aldetik, gizabidezko tratamendu indibidual eta pertsonalizatua jasotzeko. Sexu, arraza, erlijio, ideologia edo beste zeinahi gorabehera edo ezaugarri pertsonal zein sozialengatiko diskriminaziorik izateke, artapena jasotzeko.
  • Bere ondareari uko ez egiteko, kontratuan agertzen diren ordaintze-baldintzak betetzen badira.
  • Egoitzaren erreklamazio-liburu ofiziala eskuratzeko.
  • Kanpoaldearekin harreman pertsonalak izateko, baita bisitak hartzeko ere.

Egoitzan sartzeko planak egiten ari?

  • Informa zaitez zeure udalerrian -edo bertatik gertuenen- ba ote den zure premien araberako zentrorik. Ahal dela, ez egin alferrikako gestio eta bidaiarik, deitu telefonoz: eskakizun ugaria dela medio, egoitza askok itxaroteko zerrenda luze-luzeak izaten dituzte.
  • Zentro jakinen batekin interes berezirik baldin baduzu, erabakia hartu aurretik bisita ezazu egoitza hori. Segurta ezazu zentroak baimena daukala. Eskatu onarpen kontratuaren eta barne araudiaren ale bana. Irakurri biak, arreta handiz.
  • Eska ezazu gelak erakuts dakizkizun: egiazta ezazu zabalak eta argitsuak diren, behar bezala egurastuak dauden eta gelan bertan komuna (ahal dela, osorik) daukaten. Egiazta ezazu gela bakoitzean bi armairu (bakoitza bere giltzarekin), deitzeko tinbreak, etab daudela eta zentroko gela, bulego, areto eta gainerako guztiak garbi-garbi daudela.
  • Galdegin ezazu nolako larrialdi sistemak, sute eta bestelako larrialdietan zentroak nolako alarmak dituen.
  • Egiazta ezazu zentroak behar adina pertsonal daukala, horietako bakoitza exiji dakiokeen tituluaren jabe dela, eta erakutsi beharreko eskarmentua duela. Eraman ezazu zeure osasun-historia osoa, hartu behar duzun medikazioa, dieta edo tratamendua egiaztatzeko.
  • Egiazta ezazu bisita-ordutegia behar bezain zabal, eroso eta malgua dela eta, horrela izaki, senideak eta adiskideak bisitari etor dakizkizula.
  • Begira asteko janari-plana: aukera anitzekoa den, ongi osatu eta egokitua ez ezik, sendagileak berretsia ere badagoen.
  • Eska ezazu informazioa prezio barruan eta preziotik kanpora dauden zerbitzuez. Aukera ezazu terapia okupazional eraginkorrak eskaintzen dituen zentroa; errehabilitazio-gela edota gimnasioaz, zona edo egongela komun zabalez (ahal dela, bere lorategi eta guzti), osasun-kontsultako gelaz, sendaketa-gelaz eta botikinaz, bainugela geriatriko lagunduaz eta abarrez hornituriko egoitza.
  • Aukeratu zure familia eta lagunak bizi direnetik gertuko zentroa.
  • Gogoan izan zahar kolektibo batzuei aldez edo moldezko dirulaguntzak jasotzeko eskubidea zor zaiela. Informa zaitez horretaz.