Ordenadore txiki ederrak
Ordenagailuaren irudi klasikoa kutxa gris zaratatsuarekin identifikatu dugu. Erabiltzaile gehienek ordenagailua erostean, aukera guzti-guztiak eskainiko dituen makina ahaltsu bat eskuratu nahi du, aparatuaren estetikari eta, azkenean, ordaindu duen guztiaren erdia soberakoa izateari gehiegi erreparatu gabe.
Bada ordenadorearen beste kontzeptu bat, egunez egun arrakasta bilduz doana: askoz ere txikiago, lirainago eta ohiko premietara egokituagoa. Oinarrizko sistemak diren -kutxa, plaka eta elikadura-iturria baizik ez daukate- barebone izeneko horiek euskailu hartuta, kasuan kasuko premien araberako ordenagailua osatu daiteke. Barebone terminoak, dena den, mini-PC izenekoak adierazteko ere balio du: txikiago (baina ongi osatuak) eta isilagoak diren arren, potentzia pixka txikiago batekin eta hainbat prestazio gutxiagorekin aski badugu, ordainetan diru-aurrezki galantaz onura izango gara.
Neurrikoak
Mini horien prezio apala beren konfigurazioarekin dago lotua: estandar ohi dakartena “gama apalekoa” ohi da, prozesagailuaren potentzia, disko gogorraren edukiera eta RAM memoriari dagokienez. Dena den, ordenagailu tradizionalen prezioko (are merkeagoak ere) ekipo konpaktu ongi-ongi hornituak aurki daitezke egun. Badute gehienek ezaugarri orokor bat: beren tamaina eta pisuari esker, ia-ia eramangarriak dira (etxebizitza barruan, behintzat) eta, gainera, estetika, kontsumoa eta hots-igorpena (haizagailua eduki ordez, kutxa bero-suntsitzaileak eta freskatze-sistema alternatiboak dauzkate) bereziki zaindutako alderdiak dira denetan.
Mini-PC horiek mahai gaineko ordenagailutzat baliatzen dira, beste sistema batzuetan integratzeko, zaratarik egin gabe jolasean aritzeko, musika ekipoaren ordezko, etc. Segun-eta nola erabiliko den, zein osagaitan diru gehixeago jartzea merezi duen erostunak erabaki beharko du (disko gogor handiagoa, adibidez, filmak gordetzeko asmoa baldin badu, edo soinu- eta irudi-txartel ahaltsuak, azken generazioko jolasak instalatzeko) eta zein lehenetsiko duen (CD-en grabagailua, DVD, disketera, etc.). Kontua da ordenagailu klasikoak dagoeneko baduela alternatiba, aparatu hori ez dela ezkutatu beharreko traste itsusi eta zaratatsua eta, baleko ordenagailua eduki nahi badugu, merkatuko PC ahaltsuena eta ekipamendurik osatuena ekartzea ez dela ezinbestekoa (dohain ematen ez dutela gogoan izaki).
Egon gelan jartzekoa
Txiki baina osatua
www.mini-itx.comMini ITX formatuari -tamaina txikiko baina, monitorean edo ordenagailuak daukan TV irteera bitartez, pantaila osoan filmak ikusteko adina potentziaz hornituriko oinarrizko plaka merkeari- dagokion guztiaz informazio ongi osatua (ingelesez).
www.ibertronica.es Osagai eta ordenagailuak saltzen dituen denda honetan, erabiltzailearen premien araberako aholku eta konponbideak eskaintzen dira, PC “konpaktuak” agerpen handia dutela (egongelakoak, Shuttle XPC, VIA Mini-ITX ekipoak eta bestelako barebone asko).
www.silent.se Informatikaren alderdi akustikoa ikertzeko web-gunea da Silent PC, zarata higuingarririk gabe lanean aritzeko diseinatutako irtenbideak (ekipo zein programak) eskaintzen dituena.