Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Ikasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak: 86 aztertu ditugu, Espainiako 18 hiritan : Zein hiri eta baldintzatan hartu nahi den ostatu, alde handia, egoitzatik egoitzara: zazpi halako ere bai hileroko prezioan

Hilean 230 euro balio dute egoitza merkeenek, eta 1.400 euro garestienek. Madril eta Bartzelona dira hiririk garestienak. Tokiak txukun daude eta ongi hornituak, baina gabeziak dituzte pertsona ezinduen irispideetan

Oso txukun daude egoitzak

Egoitzen ia % 40tan, ikasleek garbitzen dituzte euren logelak. Zenbait egoitzatan, hileroko kuotan sartzen da garbitasun zerbitzua, baina guztietan ez dute garbitzen maiztasun berarekin: % 18tan, egunero garbitzen dute; % 10etan, bi egunez behin; % 14tan, hiruz behin; eta % 18tan, astean behin.

Gainerako gela, areto eta bilguneak garbi-garbi aurkitu ditugu, oro har, eta bainugelak ere txukun egon izan dira, salbuespenak salbuespen (Salamancako batean usain txarra sumatu dugu, Iruñekoren batean komuneko paperik ez da egon izan, eta eskuak garbitzeko xaboi gutxi aurkitu dugu Iruñeko beste batean, Murtziako batean eta Valentziako batean). Kirolguneak ere oso ongi zainduta egon dira, Valladolideko eta Madrilgo batzuk izan ezik.

Zaborrontzietan, ordea, ez dira ibili hain txukun. Bisitatu ditugun egoitzetatik, % 62k soilik eduki dituzte papera eta kartoia biltzeko edukiontziak; plastikozko ontziak biltzeko edukiontziak, berriz, erdiek baino ez dituzte izan; % 53k pilak jasotzekoak; eta, zabor organikoen edukiontziak, % 50ek. Donostiak, Gasteizek eta Oviedok ardura handia erakutsi dute arlo horretan, eta komeni litzateke beste batzuek ere berdin egiten ikasiko balute (Granada, Valentzia eta Sevilla).

Murtzian, Bilbon eta Gasteizen soilik dituzte irispide egokiak

Egoitza hauek gabezia nabarmen bat dute, eta halaxe jaso du gure txostenak: ez daude egokituta ezintasunen bat duten pertsonentzat. Egoitzen % 60k ez daukate gela bakar bat ere ikasle horientzat egoki prestatuta. Egoerarik onena Bilbon, Gasteizen, Murtzian eta Alacanten bisitatu dituzten egoitzetan topatu dute gure teknikariek. Beste muturrean, berriz, Iruñekoak, Oviedokoak, Bartzelonakoak, Salamancakoak eta Valladolidekoak daude (badute zer ikasia besteetatik). Egoitza guztietatik, Bilbokoek eta Gasteizkoek soilik dauzkate bainugela egoki prestatuak: konketaren azpialdea irekia dute, gurpil aulkiei lekua egiteko; dutxan ez daukate errezelik; komun egokitua daukate, eskutoki eta guzti…

Logeletatik kanpoko egoera ez da askoz hobea: egoitzen % 40k soilik dauzkate aldatsak sarbideetan, eskaileretatik igo beharrik ez izateko; ate estu samarrak dauzkate ia egoitzen erdiek, eta ezin da pasatu gurpil aulkiekin; hiru egoitzatatik batek ez du igogailurik edo, edukita ere, ez da behar bezain zabala; eta aparkaleku gehien-gehienetan, ez dute gordetzen tokirik ezinduek ibilgailuak utz ditzaten.

Nabarmentzeko modukoa da, halaber, beste alderdi hau ere: oso kartel edo afixa gutxi ikusi dituzte gure teknikariek braille hizkuntzan idatziak (Murtzian, Sevillan eta Gasteizen daude bakan horiek).

Ikasle egoitza edo unibertsitate egoitza hau zoragarria litzateke

Erabaki batzuk ez dira nolanahi hartzekoak, eta horixe gertatzen da ikasle egoitza bat edo unibertsitate egoitza bat hautatzerakoan ere. Egoitza bat, izan ere, ez da lotarako lekua soilik; ikasle askorentzat, etxe izatera ere irits daiteke, urrun joan behar izan baitute unibertsitate ikasketak egitera, eta beste heldulekurik gabe iristen baitira. Horregatik, ezaugarri hauek eduki behar lituzke ikasle egoitza edo unibertsitate egoitza batek:

  • Ostatu hartzeko baldintzak: mantenu osoa edukitzea izaten da erosoena ikasleentzat, denbora eta diru gutxiago joaten baitzaie horrela (ez dute kanpoan jan behar, eta eurek ere ez dute hasi behar sukaldean). Sukalde eta guzti datozen gelak ere aukera onak izan daitezke, apartamentu modukoak. Osasun arrazoiak direla-eta dieta berezia egin behar duten ikasleei zerbitzu egokia emateko, egoitzek menuak moldatzea litzateke gauzarik onena.
  • Zerbitzuak: ikasleei eroso egoteko aukera emango dieten guztiak eduki behar lituzke: garbitegia, erizaindegia, kafetegia-taberna, kirolguneak, ikasgela handi eta argitsuak (ordenagailu eta guzti), wifi sarea, liburutegi ongi hornitua, aisialdirako guneak edo atsedenlekuak (egongelak, telebista ikusteko edo kanpoko bisitak hartzeko), fotokopia zerbitzua, posta eta fax zerbitzua, aparkalekua (autoentzat, motorrentzat, bizikletentzat), lorategiak, garraio zerbitzua (campusera joateko, erdigunera, hiri garraioak hartzeko geltoki nagusietara edo, bestela, egoitzatik hurbil dauden geltokietara). Gainera, ezinbestekoa da logelak eta guztiek erabili beharreko guneak txukun egotea eta ongi argiztatuta.
  • Segurtasuna: larrialdi bati egoki erantzuteko neurri guztiak eduki behar lituzke, eguneko 24 orduetan: zaindariak edo kamerak sarbideetan, larrialdiko argiak logela eta areto guztietan, larrialdiko irteerak, su itzalgailuak, su/ke detektatzaileak, suteetarako ur harguneak, alarma, hodi malguak…
  • Irispideak: egoitzetako arduradunek kontuan eduki behar dute ikasle ezinduek ere har dezaketela ostatu, eta horien beharrizanak ere aintzat hartu behar dituzte. Egokiena litzateke ikasle horiek inolako arazorik gabe iritsi ahal izatea egoitzako sarbideetara, eta lasai eta eroso ibili ahal izatea egoitza barrenean. Horrez gain, logelek egokituta egon behar lukete, eta berdin bainugelek, guztientzat diren aretoek eta aparkalekuek, eurek ere erabili ahal izateko.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak