Espainiako Biblioteka Nazionala, idatziaren gordailu
Felipe V.ak sortu zuen, 1712an, eta orduan Jauregiko Biblioteka Publikoa zena, Espainiako Biblioteka Nazionala da 1836az geroztik. Hainbat urtetako jakintza idatzia eta grabatua zaindu, gorde eta hedatzea du helburu. Horma horien barruan, behar bezala katalogatuta daude 30.000 eskuizkribu, 3.000 inkunable, 1831. urtea baino lehenagoko 500.000 idazki, sei milioi monografia moderno, ehun mila aldizkari titulu baino gehiago eta hogei mila egunkari ezberdinek osatzen duten bilduma. Milioi erdi partitura ere badaude, -inprimatuak eta eskuz idatziak-, eta dokumentu soinudunak zein ikus-entzunezkoak ere badira, dozenaka mila. Kartografia funtsak ere hainbat, antzinakoak eta modernoak, eta gauza bitxiagoak ere bai: postalak, kromoak eta kioskoetako bildumak.
Baina biblioteka ez da eraikin gotor bat. Liburutegi bizia da, eta egunero iristen zaizkio argitalpenak: atera berriak, norbaitek emandako bildumak eta han-hemenka eskuratutako harribitxiak. Kaxatan ongi bilduta iristen dira liburuzainek gortzen dituzten lekura iritsi arte. Ez dira handik mugituko, harik eta ikertzaile batek maileguan hartzen ez dituen arte. Liburu batzuk geldi daude, eta joan-etorri etengabean ari dira beste batzuk… Harrizko horma zaharren barnean osasuntsu daude kultura eta haren adierazpideak.
Hilean, 20 tona argitalpen
Sotoetan hasten da eguneroko mugimendua, zamalanak egiteko nasan. Hilabetean 20 tona argitalpen sartzen dira handik, norbaitek katalogatuko dituen esperantzan: liburuak, egunkariak, grabatuak, bildumak, partiturak, mapak, faszikuluak, kromoak eta era guztietako euskarri digital eta analogikoak. Inprimatzaile orok lege gordailuarekin argitaratzen duen lan bakoitzaren bi ale, gutxienez, bidali beharra dauka biblioteka honetara, legeak hala agintzen baitu (argitaratzen denaren % 92k badute lege gordailua). Lehenik kontrola gainditu behar dute, baina lan hori gero eta errazagoa da, biblioteka sare batek egiten baitu lehen inbentarioa, eta hola jakiten dute zenbat ale iritsi zaizkien. Katalogazio lan luzeak hasten dituzte ondoren.
Zigilua eta estatistika zenbakiak
Aurrena, zigilua ematen diete lan guztiei, banan-banan, eta lapurreten aurkako etiketa jartzen diete. Katalogazioa-aurreko aretoan egiten dute hori, eta langile bakoitzak material mota baten ardura izaten du. Espainiako Estatistika Institutuko langileek, berriz, iritsi den guztiaren datuak biltzen dituzte. Argitalpenei plastikoa kentzen diete -beharrezko denean-, eta sailkatu: formatuka biltzen dituzte, eta sail deskriptiboak egiten. Sailkapen horrek aginduko du hurrengo prozesu teknikoan ere.
Zenbakiak eta signaturak
Argitalpena erregistratzen duten unetik beretik, bibliotekarena da. Erregistratu ondotik, deskripzio tekniko eta bibliografikoa egiten da. Sarrera-leku bat emango diote lan bakoitzari -mundu mailako katalogazio formula erabilta-, eta zenbaki bat ezarri, behin betiko. Biltegian gordeko duten alea eta maileguan hartzeko jarriko dutena bereizi, eta signatura jarriko diote azkenari. Zenbaki eta letra multzo bat izaten da signatura, identifikatzeko, eta bilaketa-fitxarekin edo mailegu-fitxarekin lotu ahal izateko.
Katalogazio solairuak
Funts garaikidearen zatirik handiena Alcalá de Henareseko biltegian dago. Ikertzaileen gutiziarik preziatuenak, ordea, katalogazioa solairuetan daude (12, guztira). Korridore amaigabeetan barrena, argi artifizialak lagunduta, tenperatura beti berdinean, labirinto batean gaudela dirudi; han daude aldizkariak -lehen sei solairuetan- eta liburuak -azken seietan-. Hurrenkera jakinean jarriak daude apaletan, bakoitzaren neurriaren eta signaturaren arabera. Ale batzuk kartoizko kaxatan sartuta daude, babesteko, paperaren azidoak hondatu egiten baititu denborarekin (kontu handiena eskatzen dutenak mikrofilmatuta daude). Milaka apal, eta haien gainean, eskuz idatzitako lanak, antzina-antzinakoak eta modernoak, artxibo pertsonalak, inkunableak, Erdi Aroko idazkiak, lehen argitalpenak, dokumentu bereziak, antzezlanak, Cervantesenak eta gai espezializatuen biblioteka.
Aretoak: Cervantes, Goya eta Barbieri
Cervantes aretoko 308 jarlekuetako batean esertzeko, ikertzaile edo irakurle txartela behar da. Orotariko gaiak jorratzen dituzten lanak nahi denean har daitezke, baina besteak, espezializatuak, aurrez eskatu behar dira, han bertan edo bibliotekaren web orrian. Berdin gertatzen zaie Goya eta Barbieri aretoen erabiltzaileei ere. Lehen aretoan, irudigintzari lotutako lanak gordetzen dituzte: marrazkiak, irudiak, ilustrazio eta grabatuak, afixak, ex libris eta ephemera deituak (irauteko asmorik gabe sortu diren lan inprimatuak: kromoak, publizitate etiketak, produktu-bilgarriak…), argazkiak, ikonografiak eta arte gaietan espezializatuta dauden funtsak, baita mapa zahar eta modernoak ere, eta kartografia lanak eta eskuizkribuak ere bai. Barbieri aretoan, berriz, musika da gaia (ez darama alferrik izen hori, zarzuela sortu zuen musikariarena): partiturak eta musika eta musikologia liburuak dauzkate, eskuizkribu eta idazki inprimatuak, aldizkari eta liburuxka espezializatuak, jatorrizko musika artxiboak, dokumentu soinudunak, ikus-entzunezkoak eta multimedia arlokoak, eta hitzezko artxiboak.
Adierazpideak oro
Editatzen den guztia gordetzen du biblioteka honek, ez dio axola zer formatu duen, zer neurri, zer garrantzi edo arrakasta. Lege Gordailua badu, barrura. 2000. urtetik 2007. urtera, 1.280.786 argitalpenek jaso zuten Lege Gordailua. Zenbakiak zenbaki dira, baina merkatuko joeren adierazgarri ere izan daitezke: 90eko hamarkadan, 25.000 bideo iritsi ziren, eta 278 DVD; hamar urteren buruan, 12.000 dira bideoak eta ia 26.000 DVDak. Disketearekin gertatu dena are bitxiagoa da: azken hamarkadan ez da bat bera ere iritsi, eta aurrekoan, berriz, zortzi mila. Halako joera hartu du kulturak.