Erretirorako aurreztu: zenbat eta noiztik
Espainian, hamar lagunetatik seik badute suteen aurkako asegurua, nahiz eta nahiko gauza arraroa den etxeak su hartzea. Erretiroa iristen zaienerako, ordea, ez dute planik edo asegururik egiten diru pixka bat aurreztu ahal izateko, nahiz eta, seguruenik, jasotzen duten baino diru gehiago beharko duten orduko gastuei eta asmoei aurre egiteko. Egun, hamarretik bik kontratatu izango dute gisa horretako produkturen bat, etorkizunean diru sarrera handiagoak emango dizkiena. Izan ere, gero eta argiago dago erretiro sari publikoek zertarako ematen duten, eta horiek osatu beharra dago nolabait. Aurrezki kutxek eta aseguru etxeek ere badakite hori, eta 2008ko urtea bukatzeko hiru hilabeteren faltan, hasiak dira bezero berriak erakartzeko kanpainekin. Kutxek, besteak beste, pentsio planak eskaintzen dituzte, eta aseguru etxeek, berriz, berrikuntzak dakartzate: Norbanakoek Sistematikoki Aurrezteko Planak jartzen dituzte bezeroen eskura, iaz sortutako produktuak. Horiez gain, Aurreikuspen Bermatuko planak ere badituzte. Batzuek eta besteek zerga-abantaila nabarmenak ematen dituzte, eta errenta adierazpena egiterakoan, zerga gutxiago ordaindu behar izaten da.
Nolanahi ere, ez da komeni itsumustuan jokatzea eta edozer gauza hartzea. Ongi pentsatu beharra dago zenbat beharko dugun erretiro ona gera dakigun, eta kontuak aurrez atera behar dira, jakiteko tresna bakoitzarekin zenbat aurreztuko dugun. Arriskua hartzeak dirua ematen du, hartu gabe baino gehiago, baina nor dago etengabe arriskuan ibiltzeko prest- Hori norberak neurtu behar du, kezkari ere, azkenean, norberak egin beharko baitio aurre. Lasai lo egin nahi duenak -erretiroarekin amestuz, adibidez- balioa handitzeko aukera emango dion produktu bat hartu behar luke, eta hartu nahi duen arriskua hartu, ez gehiago.
Batez beste aurreztu beharrekoa
Soldatari zati bat kendu eta geroko gorde. Etorriko denari aurre hartzeko modu bat da batzuentzat, eta behar-beharrezko jokamoldea besteentzat (ezin da ahantzi gizartea zahartzen eta zahartzen ari dela). Europako herrialdeetan, adin handiarekin hiltzen da jendea, luze bizi izaten baita -Espainian gehien-, eta bizi denak dirua behar du. Hori horrela izanik, luzera begira aurreztea da irtenbiderik egokiena, horrek aukera emango baitigu erretiroa hartzean ere gure bizi-mailari eusteko eta erretiro sari publikoei gure dirutxoa gehitzeko; gainera, gero eta beharrezkoagoa izango da sari horiek gure diru pribatuarekin osatzea, jaitsi egingo baitira demografia arazoen ondorioz (langabezia, biztanleriaren zahartzea…). Erretiro saria kalkulatzeko modua ere aldatzen ari da: orain, lan bizitzako azken hamabost urteak hartzen dira aintzat, baina gero eta joera zabalduagoa da lan bizitza osoa hartzea aintzat.
Itxura guztien arabera, gero eta gutxiago jasoko dugu Gizarte Segurantzatik, bizi itxaropena handitzeak eragina izango baitu horretan ere: jendea zenbat eta zaharrago hil, orduan eta osasun arreta handiagoa behar izaten da eta, oro har, diru gehiago zerbitzuak eskaintzeko. Erretiroa hartzean dirua behar izaten dela egiaztatzeko, adibide ona da Deutsche Bank erakundeak hainbat langileren artean egin duen inkesta. Horien esanetan, erretiroa hartzen dutenean, 1.987 euro gastatuko dituzte, batez beste, bidaietan, 620 euro zaletasunetan, 533 euro osasunean eta norbere burua zaintzen, 388 euro aisialdiko beste jardueretan, 288 kiroletan eta 247 gauza berriak ikasten. Horiei, noski, eguneroko mantenua eta oinarrizko premiak asetzeko behar den dirua gehitu behar zaie.
Gauzak horrela daudela ikusita, erretiroa hartu eta oraingo mailan bizi izateko, 100.000 euro aurreztu behar genituzkeela kalkulatu dute finantza adituek. Diru horrekin, gizon batek 274 euro edukiko lituzke hilean, eta emakume batek, 245 euro (kalkulua egiteko, urteko KPI % 3an jarri da, eta bizi itxaropena, 87 urtetan gizonentzat eta 90ean emakumeentzat). Kalkulu hauek balioko lukete egun 20.000 euro gordin irabazten dituzten langileentzat -hori da batez besteko soldata-, kontuan hartuta horien erretiro saria 800 eurokoa izango dela (kopuru hori jasotzen dute egun bederatzi milioi erretiratuk, 794,53 euro, zehazki, Espainiako Lan eta Gizarte Gaietako Ministerioaren arabera).
Nola aurreztu diru hori?
Estutasunik eduki gabe bizi ahal izateko erretiroa hartu eta gero, dirua aurreztera bideratuta dauden produktu asko aurki ditzakegu merkatuan, diru sari publikoen osagarri izan daitezen. Pentsio planak dira ezagunenak eta erabilienak, baina ez bakarrak (egun 8,4 milioi plan daude abian jarriak, baina ezin jakin zehatz-mehatz zenbat bezero dituzten, batzuek plan bat baino gehiago eduki dezakete eta); Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez, Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak daude, eta pentsio planek bezala, horiek ere zerga-abantaila nabarmenak ematen dituzte.
Pentsio plan batetik bestera alde handiak egon daitezke, guztiek ez baitute ematen errentagarritasun bera, eta hori ongi bereiztea komeni da. Egun, finantza erakundeek hainbat tresna dituzte kalkuluak egiteko, eta horiei esker jakin dezakegu, adibidez, 20 urtean diru jakin bat jarriz gero zenbat aurreztu ahal izango dugun pentsio plan batekin.
Demagun 20.000 euro gordin irabazten ditugula, eta urtean 300 euro sartu nahi ditugula pentsio plan batean. Arriskurik hartu nahi ez badugu, epe motzeko errenta finkoa ematen duen plan bat hautatuko genuke, eta 20 urtean, 10.120 euro emango lizkiguke. Gehiago arriskatu nahi bagenu, errenta aldakorra ematen duen plan bat har genezake (ia diru guztia burtsan inbertitzen du, eta hantxe edukitzen du denbora guztian), eta 18.000 euro arteraino lortu ahal izango genituzke.
Erakundeek egiten dituzten balizko kalkuluek hauxe erakusten dute: epe motzeko errenta finkora jotzen duenak urtean % 3,08ko errentagarritasuna lortuko luke. Epe luzeko errenta finkoan, % 5,65ekoa urtean. Errenta finko mistoarekin (errenta finkoan inbertitzen du diruaren %50 eta 75 artean, eta errenta aldakorrean % 25), % 6,48koa izan liteke urteko errentagarritasuna. Errenta aldakor mistoko planak ere badaude; luzera begira horiek izaten dira errentagarrienak (burtsan inbertitzen dute diruaren % 50 baino zertxobait gehiago, eta errenta finkoan gainerakoa), eta, azkenik, errenta aldakor hutsekoak daude (ia diru guztia burtsan sartzen dute). Azken bi produktu horiekin, % 8,24ko eta % 10eko errentagarritasuna lor daiteke, hurrenez hurren. Horiek guztiak balizko kalkuluak dira, baina finantza erakundeek emanak, eta egungo testuinguru ekonomikoan kokatu beharrekoak.
Erretiro lasaia emango diguten 100.000 euro horiek aurrezteko, kalkulu erraz hau egin liteke: 35 urtetan hasten bagara pentsio plan batekin, erretiroa hartu bitarteko 30 urteetan, 1.500 euro jarri beharko ditugu urtean. Eta diru hori errenta aldakorreko plan batean sartzen badugu, gauzak ongi aterata, 271.000 euro eduki ditzakegu (gure dirua eta emandako irabaziak batuta). Arrisku gutxiagorekin jokatu nahi badugu (epe motzeko errenta finkoa), 100.019 euro izango ditugu 65 urtetan. Edonola ere, kontuan hartu behar da pentsio plan horiek ez dituztela beti irabaziak ematen. Azken hamabi hilabeteetan, adibidez, errenta aldakorreko planek % 13,40 galdu dute, nahiz eta hiru eta bost urteko epeetan horiek diren errentagarrienak: % 8,42 ematen dute hiru urtera eta % 11,11 bostera.
Aseguru batekin aurreztea
Pentsio planekin ez ezik, aurrezki aseguruekin ere presta daiteke erretiroa (ehunka daude). Azkenaldian, bi aseguru mota bihurtu dira jendearen begiko: Aurreikuspen Bermatuko Planak (ABP) eta Norbanakoak Sistematikoki Aurrezteko Planak (NSAP). ABP motakoa egiten badugu, aseguru etxeak behartuta daude interesak ematera, eta, beraz, sekula ez dugu galduko dirurik. Gainera, pentsio planek bezalako zerga-abantailak eskaintzen dituzte. NSAP motakoek ere interes gutxi batzuk ematen dituzte gehienetan, baina legez ez dute zertan eman; plan horien gauzarik onena hau da: errenta adierazpena egiterakoan, ez dugu zergarik ordaindu beharko gure irabaziengatik, baldin eta, gutxienez, hamar urtez eduki badugu gure dirua produktu horretan.
Aseguru hauek zer emango liguketen ere kalkula dezakegu. Demagun 45 urte ditugula, eta urtean 300 euro jartzen ditugula ABP edo NSAP motako planen batean; 65 urtetara iristean, 9.800 euro edukiko genituzke (urtean % 3ko errentagarritasuna lortuko genukeela pentsatuz). Hamar urte lehenago hasiko bagina dirua jartzen, 35 urtetan, eta urtean 1.500 euro jarriko bagenitu, 100.000 euro eskasak edukiko genituzke erretirorako (dirua eta interesak batuta). Kalkulu hauek ere balizkoak dira, baina produktu hauetako gehienek irabaziak ematen dituzte beti (ABP motakoek nahitaez, eta NSAP motakoek ere errentagarritasun finkoa ematen duten formulak aukeratzen dituzte).
Adina aintzat hartu behar da
Luzera begira egin dugun inbertsio bat orekatzeko, zein adin daukagun aintzat hartu eta horretara egoki behar da pentsio plana edo Aurreikuspen Bermatuko Plana. Finantza legeak aukera ematen du dirua pentsio planetik atera eta ABP batera eramateko, eta alderantziz ere egin daiteke, ezertxo ere ordaindu gabe. Egokiena litzateke, gazte garen bitartean, arrisku pixka bat hartzea dirua non jarri erabakitzerakoan, eta erretiroa iritsi aurreko urteetan, berriz, arrisku gutxiko pentsio planetara edo ABP batera aldatzea gure dirua. Gutako bakoitzak nahi adina pentsio plan edo ABP eduki ditzake, eta hori hala dela jakitea ere komeni da.