Gaitasunak integratu, elkarrekin ikasi
Irailarekin, eskolako ateak zabaldu egiten dira, inork jo gabe ere. Atarian negarrez suma litezke batzuk, urduri beste batzuk, eta pozez elkar besarkatuz ere bai zenbait. Denentzat iritsi da eskolara hasteko eguna, baina ez da izango denentzat berdina. Ez lehen eguna, eta ez hortik aurrerakoa ere, bakoitza baita bat eta bakarra, bakoitza berezia.
Ikasketa prozesuak berebiziko garrantzia du neska-mutilen bilakaeran, eta prozesu hori bakoitzaren premietara egokitzen jakin behar du hezkuntza sistemak. Premiak askotarikoak dira, eta horien artean daude ezintasunen bat duten ikasleen premiak ere (ezintasun fisikoa, psikikoa, mugitzeko ezintasuna, sentimenezkoa). Garai batean, hezkuntza sistemak ere bakartu eta bereizi egiten zituen ezintasunen bat zuten neska-mutilak, eta oztopo handia jartzen zitzaien beren gaitasunak behar bezala garatzeko eta gizarteratze prozesuan urratsak egiteko. Egun, ikasle horiek premia bereziak dituztela onartzen du hezkuntza sistemak baina ez ditu bereizten.
Ikasle batzuek laguntza berezia behar izaten dute. Batzuei zail gertatzen zaie beren adinerako ezartzen dieten curriculumari aurre egitea, eta laguntza espezifikoren bat behar izaten dute zailtasun horiek gainditzeko; beste batzuek, berriz, gaitasun intelektual handia izaten dute, ohiz kanpokoa, eta horiek ere jarduera osagarriak behar izaten dituzte bilakaera egokia eduki ahal izateko.
Espainiako Hezkuntza Ministerioak eman dituen datuen arabera, unibertsitate aurreko adinean, 140.000 ikaslek jasotzen dute egun laguntza berezia, bai ezintasun fisiko edo psikikoa dutelako, mugitzeko ezintasuna dutelako, jarrera arazo larriak dituztelako edo neurriz gain dohatuak daudelako. Horietako batzuk hezkuntza berezi espezifikoa ematen duten ikastetxeetan ari dira (% 21), eta besteak, ikastetxe arruntetan (% 79). Espainiako Kalitate eta Ebaluazio Institutu Nazionalak 2006an argitaratu zuen azkenekoz hezkuntza adierazleen sistema, eta han agertzen diren datuen arabera, premia bereziak dituzten ikaslerik gehienek ezintasun psikikoren bat daukate (% 60), eta horien ondotik, autismoa edo pertsonalitate arazo larriak dituztenak datoz (% 14). Bestelako diagnostikoren bat dutenak ez dira % 10 baino gehiago bakoitza bere arloan.
Ikasle guztiak egungo hezkuntza sisteman barneratu beharra dago, eta hor ez dago inolako salbuespenik. Ikasleren batek Hezkuntza Premia Berezia duela antzematen bada, ahalik eta testuinguru normalizatuenean egokitu dadin bilatu behar da, eta horretarako, noski, beharrezkoa da laguntza pedagogikoa emateko zerbitzuak edukitzea, ohiko zereginetan laguntzeko batzuetan, eta zeregin espezifikoei erantzuteko besteetan, bai denboraldi batez, edo bai modu jarraituan.
334/85 Errege Dekretuak, martxoaren 6koak, Hezkuntza Berezia Antolatzeko araudia dakar, eta han esaten da, normalizazio printzipioari jarraiki, pertsonek ez dutela erabili eta jaso behar zerbitzu berezirik, ezinbestekoa denean izan ezik, eta, beraz, ikastetxe arruntetan eskolatu behar direla haurrak, eta haietako bakoitzaren gaitasunetara egokitu programak. Horregatik, ikasleak ikastetxe arruntetan eskolatzen dituzte, eta ikastetxeak baliabiderik ez badu ikaslearen premiei egoki erantzuteko, orduan eramaten dute ikastetxe bereziren batera; hau da, ikaslearen hezkuntza premiak iraunkorrak badira soilik, eta ezintasunen batek eraginak (badaude egokitzapen espezifiko handiak eskatzen dituzten ezintasunak, esate baterako, ezintasun psikikoak, mugimenduzko eta sentimenezko ezintasunak eta garapen arazo larriak).
Hainbat ikastetxek ematen dute Hezkuntza Berezia, publikoek zein pribatuek, eta horietan eskolatzen dituzte buru atzeratasun larri eta sakonak dituzten ikasleak, ezintasun aniztunak dituztenak, eta psikosiak eta autismoak eragindako pertsonalitate arazoak dituztenak, baldin eta Hezkuntza Orientazio eta Psikopedagogia Taldeek egoki ikusten badute eta gurasoek oniritzia ematen badiote haien proposamenari.
Adin muga
Ikastetxe arruntetan, eta nahitaezko eskolatze garaian, oro har ikasle guztientzat ezartzen den eskola-ibilbidea izaten dute Hezkuntza Premia Berezi iraunkorrak dituzten ikasleek ere. Gutxienez hamar urte egin behar dituzte ikastetxean, baina beti izaten da malgu jokatzeko aukera, azterketa psikopedagogikoek hala egin daitekeela esaten badute. Nahitaezko eskolatze garaia bukatuta, ikastetxe arruntek planifikazio egokia egin behar dute ikasleek ikasten jarraitu ahal izan dezaten, izaera bereko eskola batean.
Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, nahitaezko hezkuntza egiten ari diren ikasleak, gehienez ere, hogei urte egin arte egon ahal izango dira eskolan. Hala ere, salbuespen modura, betiere gurasoen edo lege zaindarien baimenarekin, 21 urtera luza daiteke epea, ezintasun jakin batzuk bereziki larriak baitira, eta hala jokatzea eskatzen dute. Ziklo hori amaituta, egoitza zerbitzua ematen duen etxe batean bizi ahal izateko eskaria egin dezakete (lanbide eskola izan daiteke edo ezintasun larriek erasandako pertsonentzako egoitza).
Eskolatze moduak
- Eskolatze Iraunkorra. Curriculumaren egokitzapen txikiak behar izaten dituzten ikasleak gela arruntetan egoten dira.
- Eskolatze Konbinatua. Curriculumaren egokitzapen handiak behar dituzten ikasleak ikastetxe arruntean egoten dira, baina irakasle espezialista batek laguntza ematen die, bai ikasleari berari bakarrik, bai ikaslea talde txikian dela, ikasgela arruntetik kanpo. Laguntza horrek ez du hartu behar eskola orduen % 50-60 baino gehiago, eta ahalik eta gehien egon behar du ikasleak gelan.
- Aldi baterako Eskolatzea. Curriculumaren egokitzapen oso handiak behar dituzten ikasleentzat baliabide espezifikoak jarri behar dira, autonomia pertsonala eta soziala hartzen lagunduko dieten baliabideak, eta hola lortuko dute eskola esparruan gehiago integratzea eta eguneroko bizitzan beharko dituzten trebetasunak eskuratzea. Ikastetxe arruntak ez badu baliabiderik ikaslearen ezintasunak eskatzen duen arreta eskaintzeko, Hezkuntza Bereziko ikastetxean eskolatu ahal izango da ikaslea.
- Ikasleari azterketa egin beharko dio bere inguruko Hezkuntza Orientazio eta Psikopedagogia Taldeak; haurrak bost urte baino gutxiago baditu, Arreta Goiztiarreko Taldeak egingo dio azterketa.
- Hezkuntza Orientazio eta Psikopedagogia Taldeak edo Arreta Goiztiarreko Taldeak proposamena egingo du, eta haurra non eskolatu behar litzatekeen adieraziko die gurasoei, haren premiak kontuan hartuta. Gurasoen eta ikastetxearen oniritzia beharrezkoa da aurrera jarraitzeko.
- Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuak erabakiko du haurra non eskolatu, eta ikastetxeari jakinaraziko dio; ondoren, ikastetxea gurasoekin harremanetan jarriko da.
Hezitzaileen prestakuntza
Lehen Hezkuntzako ikastetxe arruntetan, ohiko irakasleak aritzen dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen integrazio bideak lantzen, baina ondoan izaten dituzte irakasle laguntzaileak, fisioterapeutak, logopedak eta hezkuntza-laguntzaile teknikoak. Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek orientazio zerbitzua edo departamentua eduki behar dute, eta psikopedagogoarekin batera, hainbat irakasle laguntzailek osatu behar dute taldea: pedagogia terapeutikoan espezializatutakoa izango da bat, entzumenean eta lengoaian espezializatua beste bat, zientzia-teknologia arloan beste bat eta alderdi linguistiko-sozialean bestea. Talde horiek funtzio eta zeregin ugari izaten dituzte, baina hauek dira nagusiak: ebaluazio psikopedagogikoa behar izaten duten ikasleei erantzun eta arreta egokia ematea; ikasleren batek garapen pertsonalean edo ikaskuntza prozesuan izan ditzakeen arazoak ahalik eta adin goiztiarrenean antzemateko elkarlanean aritzea; eta premia bereziak dituzten ikasleei jarraipena egiteko orduan, haien tutoreekin eskuz esku lan egitea.
Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan, berriz, funtzio jakinak beteko dituzten irakasleen titulu eta prestakuntzak horretara bideratua izan behar du: hezkuntza bereziko espezialitatea egina duten maisu-maistrak beharko dituzte, edo, bestela, entzumen eta lengoaian espezialistak direnak, eta horiez gain, fisioterapeutak, logopedak, hezkuntza-laguntzaile teknikoak, psikologo/pedagogoak eta gizarte langileak.
Ikaskuntza arazoak
Hezkuntza premia bereziak dituzten neska-mutilen artean, ikaskuntza arazoak izaten dituzte batzuek; hau da, atzeratuta geratzen dira eskolak oinarrizko jotzen dituen alderdi batzuetan (irakurtzen, idazten eta kalkuluak egiten). Eskolako emaitzetan eta neska-mutilen arteko harremanetan eragina izaten du horrek, eta diagnostiko egokia egin ezean eta behar bezala esku hartu ezean, arazo gehiago ere ekar ditzake: eskolan porrot egin eta ikasketak uztea, adibidez.
Hamar haurretatik batek dauka ikaskuntza arazoren bat. Gerta daiteke arlo jakin batean bakarra edukitzea zailtasunak, edo arlo bati baino gehiagori eragitea. Horiek antzematea izaten da gauzarik zailena, beti ez direlako izaten begi bistakoak, eta kasu guztiak ez direlako berdinak; bakoitzak ditu bere ezaugarriak, eta, beraz, bereiz aztertzekoa izaten da horietako bakoitza. Haur horiek, hala ere, ez dute izaten inolako buru atzeratasunik; horien adimena, entzumena, ikusmena, mugimendu gaitasuna eta oreka emozionala batez bestekoaren barruan daude, nahiz eta emaitzak ez izan koefiziente intelektual bera duten beste haur batzuenak bezainbestekoak.
Ikaskuntza arazorik ohikoenak
Dislexia. Hau izaten da ikaskuntza arazorik ohikoena. Haurrari zail gertatzen zaio hitzak, esaldiak edo paragrafoak ulertzea, ez baita ongi moldatzen hitz idatziak dekodetzeko orduan. Ondorioz, ez ditu hitzak egoki ahoskatzen, motel irakurtzen du eta ulertzeko zailtasunak izaten ditu. Ahozkoa jasotzeko, ordea, ez du inolako arazorik, eta testu bera beste norbaiten irakurtzen dionean, oso ongi ulertzen du.
- Disgrafia. Haurrari kosta egiten zaio letrak egoki irudikatzea edo orri tarte jakin baten barruan idaztea; batzuetan ezin izaten da irakurri zer idatzi duen.
- Disortografia. Haurrarentzat oso zaila izaten da hizkuntzaren egitura gramatikala errespetatzea; ortografia akatsak egiten ditu eta, kasurik nabarmenenetan, silaba osoak falta izaten dituzte hitzek, okerreko letrekin idazten dituzte edo letra bat bestearekin trukatuta.
Diskalkulia. Problemak ebazteko zailtasunak eduki ohi ditu haurrak, eta kontzeptu matematikoak ulertzea kostatzen zaio. Ez da izaten oso ohikoa, eta, ondorioz, ez da erraz antzematen. Diskalkulia duten haurrek bestelako ikaskuntza arazo batzuk ere izaten dituzte, disgrafia eta dislexia, adibidez.
Ikaskuntza arazoen adierazleak
- Haurrari kosta egiten zaio ulertzea, eta lanari eta argibideei jarraitzea.
- Kostata oroitzen du berriki esan dioten hori.
- Nekez lortzen du irakurtzea, hitzak letraka esatea, idaztea eta zenbakiekin eragiketak egitea.
- Zaila gertatzen zaio ezkerra eta eskuina bereiztea (albo-norabidea), goia eta behea (espazio-norabidea), aurrea eta atzea (sakontasuna).
- Koordinazio arazoak ditu oinez ibiltzeko, kirola egiteko edo ekintza ustez errazak egiteko: arkatza hartu, oinetakoen lokarriak lotu (mugimendu koordinazioa).
- Eskolako materiala noiznahi galtzen du edo desagertzen zaio.
- Espazio-denborak nahasten ditu, eta kosta egiten zaio kontzeptu batzuk ulertzea: “atzo”, “gaur”, “bihar”, “orain”, “urruti”, “hurbil”, “lehen”, “gero”.
- Erraz haserretzen edo urduritzen da.
Curriculum egokitzapenak
Heziketa estrategia moduan erabiltzen dira curriculum egokitzapenak; curriculuma bera doitu eta egokitzea da (programak, helburuak, edukiak, metodologia, jarduerak, ebaluazio irizpide eta prozedurak), premia jakinak dituen ikasle batentzat edo talde batentzat eskuragarriago gerta daitezen zenbait helburu eta eduki; eta ikusten bada curriculumean ageri den alderdiren bat iristea ezinezkoa dela ikaslearentzat, hori kentzeko aukera ere badago. Ikasle batzuek, curriculum eredua nabarmen moldatu ezean, nekez jarraitu ahal izaten diote ohiko irakaskuntza prozesuari (heziketa arrazoiak egon daitezke horren jatorrian, arrazoi sozial edo kulturalak, gabeziaren bat, edo ohiz kanpoko gaitasunak eduki ditzake); horientzat egiten dira curriculum egokitzapenak.
Egokitzapen motak:
- Curriculumerako sarbidea emango dioten egokitzapenak. Hezkuntza premia bereziak dituen ikasleak ohiko curriculuma landu dezan, edo, behar balitz, curriculum egokitua, zenbait baliabide ematen zaizkio: materialak, pertsonalak, espazioari dagozkionak edo komunikaziozkoak.
- Alderdi fisikoari dagozkion egokitzapenak. Baliabide materialetara, pertsonaletara eta espazioari dagozkion baliabideetara mugatzen da: oztopo arkitektonikoak ezabatu, argiztapen eta soinu-baldintza egokiak ziurtatu, altzariak egokitu, irakasle laguntzaile espezializatuak jarri eta abar.
- Komunikazio alderdiari dagozkion egokitzapenak. Irakaskuntzarako material espezifikoei dagozkio egokitzapen hauek: Braille sistema jartzea, lupak, teleskopioak, ordenagailuak, grabazio tresnak eta abar.
- Curriculuma Norbanakoari Egokitzea. Ikasle baten hezkuntza premia bereziei berariaz erantzun nahi zaionean, curriculumaren elementuak harentzat doitu eta moldatzen dira; egokitzapen hauek ez dute balio beste ezein ikaslerentzat.
Ikasle hauen hezkuntza beharrak ez dira txikiak -ikastetxe pribatuetara doaz, garraiobide bereziak behar dituzte, ikasmaterial osagarria…-, eta familiek diru asko behar izaten dute beren seme-alaben ikasketei aurre egiteko. Horregatik, ikasle horiei zuzendutako laguntzak ematen ditu urtero Espainiako Hezkuntza Ministerioak. Aurten, iaz baino diru gehiago bideratu du horretarako (% 6 gehiago), eta laguntza jaso nahi duten familien errenta muga %27 igo du laguntza horiek jende gehiagorengana hel daitezen.
2008/2009 ikasturterako, laguntza zuzenak emango dizkiete ikasleei eta familia ugariei, haien hezkuntza premia bereziak ezintasunen batek edo jarrera arazoek eragindakoak badira. Adimen gaitasun handia duten ikasleak ere lagunduko dituzte diruz, arauzko hezkuntzaren osagarri, programa espezifikoak jaso ditzaten. Laguntza hauek eska ditzakete hiru urte bete dituzten haurrek, bai ikastetxe espezifikoetan daudenek, bai hezkuntza bereziko gelaren bat duten ikastetxe arruntetan ikasten dutenek, eta bai, hezkuntza administrazioaren baimenarekin, premia bereziak dituzten ikasleekin lan egiten duten ikastetxe arruntetan ari direnek ere.
Espainiako Hezkuntza Ministerioak 100 euro emango dizkie baldintzak betetzen dituzten familiei, liburuak eta ikasmateriala erosteko (200 euro Batxilergoa eta Lanbide Heziketa egiten ari direnentzat), eta ikasle egoitzaren batean bizi behar dutenei, 1.760 euro arteko laguntza emango die. Matrikula eta hilabeteko kuotak ordaintzeko ere izango da dirua (845 euro arte), garraio gastuak ordaintzeko (605 euro pribatua bada, eta 302 euro, hiri garraioa bada), edo eskolako jantokia (563 euro arte), besteak beste.