Gehiago ordainduagatik, ez goaz babestuago

Bizikletan ibiltzeko kaskoak haur eta nerabeentzat

Haur eta gazteen kaskoek oso emaitza onak eman dituzte segurtasun probetan: legeak eskatzen duen baino gehiago babesten dute
1 iraila de 2008

Bizikletan ibiltzeko kaskoak haur eta nerabeentzat

Zirkulazio kodeak aginduta, hiriarteko bideetan bizikletan doanak kaskoa eraman beharra du. Aldapa luzeetan ken daiteke, bero jasanezina egiten duenean ere bai, eta berdin osasun arrazoiren bat tartean denean, baina ez bestela. Beren burua babesteko gailu gutxi dauzkate txirrindulariek, kaskoa da nabarmenena, eta kenduko balute, babesik gabe geratuko lirateke lepotik gora ere. Deserosoa dela esaten dute askok, eta horregatik ibiltzen direla gabe, nahiz eta egungo kasko anatomikoak asko hobetu diren.

Pertsona helduek kaskoa eramatea oso garrantzitsua da, haurrek eta nerabeek eramatea, ezinbetekoa. Adin horietan ikasi behar dituzte zenbait ohitura, eta bizikletan beti babestuta ibili behar dutela erakutsi behar zaie; arriskurik ez dute ikusten, eta, hain justu, bururik arinenak babestu behar dira gehien.

Bizikletan ibiltzeko zortzi kasko aztertu ditugu; haurren kaskoak izan dira lau, 46-54 cm bitarteko burua dutenentzat, eta beste lau, berriz, nerabe edo gazteentzat, 50-61 cm bitarteko burua dutenentzat. Merkeenak 18 euro balio izan du (Ked Joker), eta 39 euro garestienak (Met Formula). Kalitate-prezioetan, Catlike Tiger modeloak eman du emaitzarik onena haurren kaskoetan, eta Bell Cognito B095Y modeloak nerabeen kaskoetan. Merkeenen artean dago bakoitza bere sailean, ongi gainditu dituzte kolpeen aurkako probak, eta atxikitze sistema egokia dute; gainera, arauak agindu bezala jarriak dituzte etiketak eta informazioa, beste guztiek ez bezala.

EN1078 estandarrak zehazten du nolakoa izan behar duen kaskoak. Besteak beste, iraunkorra, pisu gutxikoa, ongi haizeztatua, erraz kendu eta jartzekoa, betaurrekoekin erabiltzeko modukoa eta zirkulazioan dabiltzan ibilgailuen zarata entzuten utziko duena. Horrez gain, 105 graduko ikuspegia utzi behar du ezkerrera eta eskuinera, 25 gradukoa gora eta 40koa behera. Kasko guztiek gainditu dituzte gutxieneko horiek. Gure analisian, beste alderdi hauek ere hartu ditugu aintzat: kokotsaren azpitik pasatzen diren uhalak 15 mm zabal ote diren gutxienez, finkatze sistemak ongi lotuta ote dauden kaskoari eta erraz askatzeko modukoak ote diren. Finkatze sistemaren zati diren elementuak ezin dira izan berde kolorekoak -halaxe dio arauak-, eta gorria edo laranja erabiltzeko gomendioa ematen du. Gomendioak gomendio, guk aztertu ditugun kaskoek kolore neutroa erabili dute zati horietan, beltza, hain zuzen.

Neurri bat baino gehiago

Kaskoak doitu eta egokitu egin daitezke buruaren neurrira. Ked Meggy kaskoak 46 cm-ko zirkunferentzia duen burura egokitzeko aukera ematen du (hori izan da neurririk txikiena). Handiena, berriz, Giro eta Met kaskoek eman dute: 61 cm arteko perimetroa duten buruentzat egokitu daitezke. Garrantzitsuena ez da, ordea, bi muturrak zein diren jakitea; askoz garrantzitsuagoa da kasko bat gai izatea, haurra handitu ahala, haren burura egokitzeko, bestela kasko berria beharko baitu urte gutxi batzuk igaro ondoren. Haurrentzat diren kaskoek, eta nerabeentzat direnek ere bai, neurri bat baino gehiago jartzeko aukera eman behar dute, ez dakien berehala txiki geratu. Met, Giro eta Bell kaskoek zazpi zentimetroko tartea eskaintzen dute neurri txikienetik handienera, eta horiek izan dira moldagarrienak. Spiuk eta Catlike kaskoek lau zentimetroko tartea eskaintzen dute bi neurrien artean.

Kaskoaren pisua ere garrantzitsua da, buru gainean zama handia eramatea traba izan baitaiteke. Haurren kaskoetan, Ked Meggy izan da arinena (191,5 g), eta Spiuk astunena (221,5 g); gazteen kaskoetan, Ked Joker-ek eman du pisu gutxien (232 g), eta Bell-ek gehien (285,5 g). Kaskoen pisua argi eta garbi azaldu behar du etiketan, arauak hala eskatzen duelako. Guztiek jarri dute pisua, baina batzuek gaizki eman dute: Catlike-k dio 199 gramo dituela, baina, egiaz, % 22 gehiago pisatzen du. Bitxiagoa da Ked-ek egin duena: haurren kaskoari eman dion pisua egiaz duen baino dezente handiagoa da (% 20), eta gazteen kaskoari eman diona ere bai (% 17 handiagoa).

Kolpeen aurka

Kaskoek eraginkorrak izan behar dute kolpeen aurka, horien eragina gutxitzeko janzten baitira. Kolpeen aurkako proba egiteko, maniki baten buruan jantzi ditugu kaskoak, eta erortzera utzi ditugu ingude lau baten gainean, lurrera joan izango balira bezala (16,5 km/h abiaduran jo dute lurra); ertz bat edo koska bat jotzean nola erantzuten duten ikusteko, angelu formako ingude baten gainera bota ditugu. Kasko bakoitzarekin bi aldiz egin dugu proba bakoitza, batean bero handi-handia egiten zuela (50 ºC) eta bestean izotza (-20 ºC). Manikiaren buru barrenean azelerazioa neurtzeko gailu bat jarri dugu, galgatze-indarra zenbatekoa izan den jakin ahal izateko. Arauak dio, gehienez, 250 grabitatekoa (g) izan daitekeela galgatze-indarra; hau da, grabitatearen azelerazioa baino 250 aldiz handiagoa. Zortzi kaskoek emaitza onak lortu dituzte: gehienez ezarrita dagoenaren oso azpitik ibili dira.

Kasko bakoitza lau aldiz bota dugu, lurraren eta ertzaren kontra, bai 50 ºC-tan, bai -20 ºC-tan. Haurren kaskoek babes gutxiago ematen dute gazteenek baino (haurren sailean, 137 g eman dute batez beste, eta 122 g gazteen sailean). Spiuk izan da onena haurren kaskoetan (118 g) eta Mickey (149 g) eta Catlike (148 g) geratu dira beste muturrean. Nerabeen kaskoetan, Ked-ek (105 g) lortu du emaitza onena, hark geratu baitu kolpea besteek baino leunago, eta Giro-k (134 g) eman du erantzun apalena.

Proba bakoitzean eta banan-banan zer emaitza eman dituzten ikusiko dugu jarraian: 50 ºC-rekin, ertza jota, Ked Joker (65 g) izan da onena eta Mickey (129 g) kaskarrena. Lurra jota, berriz, Bell-ek (127 g) lortu du kolpea ongien geratzea, eta Catlike-k (189 g) eman du emaitza apalena. Izotzetan, ertza jota, Bell (91 g) et Spiuk (92 g) izan dira onenak, eta Mickey-k (142 g) eman du berriz ere erantzun apalena. Izotzetan lurra jota, Ked Joker (102 g) gailendu da, eta Catlike (178 g) geratu da azkena.

Atxikitze sistemak

Kaskoa sendoa izanda ere, ez du ezertarako balio kolpea hartu eta burutik askatzen bada. Ongi atxikita geratu behar du, eta horixe egiaztatu nahi izan dugu: zer-nolako atxikitze sistema daukan kasko bakoitzak. Kaskoa manikiaren buruan, gorantz egin dugu indarra, kaskoa erauzi nahian. Atxikitze sistema guztiek eutsi diote ongi, eta kasko bat bera ere ez da askatu. Beste proba batean, lau kiloko indarra lotu diegu kokots azpiko uhalei, eta beherantz tira dugu. Hola jakin ahal izan dugu zenbat luzatzen diren uhalak txirrindularia erortzen denean (luzatze dinamikoa da hori, eta 35 mm-koa izan daiteke gehienez), eta bi minutu igarota, berriz neurtu dugu (luzatze estatikoa da, eta gehienez 25 mm-koa izan daiteke). Zortzi kaskoak ibili dira muga horien azpitik, eta tentsio gehien jasan duten unean ere, ongi askatu ahal izan dira itxigailuak.

Etiketa gehienak gaizki emanak daude

Etiketen arloan erakutsi dute hutsune gehien kaskoek. Araua oso zorrotza da: zortzi segurtasun-ohar jarri behar dizkiote kasko bakoitzari, beti eraman ditzaten eta ezabatu ez daitezen; horrez gain, beste zazpi esaldi ere eduki behar dituzte, erabiltzaileak jakin dezan nola aukeratu, jarri eta erabili, eta jakin dezan, halaber, zenbateraino diren eraginkorrak babes sistema horiek eta, kolpe handia izanez gero, zenbateraino saihesten duten txirrindulariak min har dezan. Catlike eta Bell kaskoek soilik eman dituzte ohar guztiak gaztelaniaz, arauzkoa den bezala. Besteen artean, batzuek falta izan dute oharren bat, eta besteek, beste hizkuntza batean jarri dituzte.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Bizikletan ibiltzeko zortzi kasko aztertu ditugu; horietako lau haurren kaskoak izan dira, 46-54 cm bitarteko burua dutenentzat, eta beste lau, berriz, handiagoak, nerabe edo gazteentzat, 50-61 cm bitarteko burua dutenentzat. Merkeenak 18 euro balio izan du (Ked Joker), eta 39 euro garestienak (Met Formula). Txikiena Ked Meggy da (46 zentimetroko burua dutenentzat ere balio du), eta handienak, Met eta Giro, 61 zentimetroko buruentzat.
  • Ked Meggy da haurren saileko kasko arinena, eta Spiuk astunena. Gazteen sailean, Ked Joker arinena eta Bell astunena. Catlike-k pisu gehiago du etiketak ematen duena baino, eta Ked etxeko bi kaskoek, berriz, pisu txikiago dute.
  • Merkeenek ere gainditu dituzte segurtasun proba guztiak, eta behar bezala babesten dituzte buruak. Haurren sailean, Spiuk etxekoak eman du babes onena, eta gazteen sailean, Ked etxekoak. Batez beste, nerabeen kaskoek babes gehiago ematen dute haurren kaskoek baino. Beroarekin hobeto moldatu dira, oro har, hotzarekin baino.
  • Uhalak eta itxigailuak behar bezain sendoak dira, eta ongi eusten diote bai goranzko indarrari eta bai beheranzkoari. Uhalak tenk eginda daudenean ere aska daitezke itxigailuak.
  • Legeak oso argi esaten du etiketak nola eman behar diren, eta ohar batzuk egitera behartzen ditu ekoizleak (horietako batzuk kaskoaren gainaldean jarri behar dituzte, eta ezabaezinak izan behar dute): kaskoa nola jarri eta erabili jakinarazi behar diete erabiltzaileei. Catlike eta Bell kaskoek soilik bete dituzte arau guztiak.
  • Kalitate-prezioetan, Catlike Tiger modeloak eman du emaitzarik onena haurren kaskoetan, eta Bell Cognito B095Y modeloak nerabeen kaskoetan; merkeenetakoak dira, sendotasun proba guztiak gainditu dituzte, eta etiketak ere ongi emanak dauzkate.
Marka CATLIKE SPIUK KED MICKEY
Kasko mota Haurren tzat Haurren tzat Haurren tzat Haurren tzat
Modeloa Tiger W-4A Meggy R8-A(M)
Prezioa (euro/bakoitzeko) 19,93 19,95 19,90 23,43
Neurriak
Jartzen duen pisua (g) 199 238-263 240 205-225
Proban eman duen pisua (g) 255 221,5 191,5 214,5
Neurria (cm) 50-54 50-54 46-51 50-56
Betebehar orokorrak
Egitura Egokia Egokia Egokia Egokia
Begien ikuspegia Egokia Egokia Egokia Egokia
Iraupena Egokia Egokia Egokia Egokia
Sistema de retención Egokia Egokia Egokia Egokia
Kolpeen aurkako proba: kolpeen eragina nola gutxitzen 1
50 ºC-tara hartutako kolpeak
Ertza jo ondorengo azelerazioa (g) 116 96 100 129
Lurra jo ondorengo azelerazioa (g) 189 135 152 162
20 ºC-tara hartutako kolpeak
Ertza jo ondorengo azelerazioa (g) 109 92 99 142
Lurra jo ondorengo azelerazioa (g) 178 148 176 162
Lau kolpeen azelerazioa, batez beste (g) 148 117,8 131,8 148,8
Atxikitze sistemarekin egindako probak
Atxikitze sistemaren eraginkortasuna 2 Egokia Egokia Egokia Egokia
Atxikitze sistemaren sendotasuna 3 Egokia Egokia Egokia Egokia
Kokots azpiko uhalen luzatze dinamikoa (mm) 3 23,9 28,4 28,9 30,1
Kokots azpiko uhalen luzatze estatikoa (mm)3 8 14,8 13,5 11,3
Oharrak
Oharrak Ongi emanak Gaizki emanak Gaizki emanak Gaizki emanak
Erabiltzailearentzako informazioa Ongi emanak Gaizki emanak Ongi emanak Gaizki emanak
Marka BELL KED GIRO MET
Kasko mota Gazteentzat Gazteentzat Gazteentzat Gazteentzat
Modeloa Cognito B095Y Joker Skyline G092X Formula
Prezioa (euro/bakoitzeko) 29,92 18,18 30 39
Neurriak
Jartzen duen pisua (g) 281 280 264 260
Proban eman duen pisua (g) 285,5 232 258 261
Neurria (cm) 50-57 52-58 54-61 54-61
Betebehar orokorrak
Egitura Egokia Egokia Egokia Egokia
Begien ikuspegia Egokia Egokia Egokia Egokia
Iraupena Egokia Egokia Egokia Egokia
Atxikitze sistema Egokia Egokia Egokia Egokia
Kolpeen aurkako proba: kolpeen eragina nola gutxitzen
50 ºC-tara hartutako kolpeak
Ertza jo ondorengo azelerazioa (g) 92 65 107 102
Lurra jo ondorengo azelerazioa (g) 127 149 164 143
20 ºC-tara hartutako kolpeak
Ertza jo ondorengo azelerazioa (g) 91 105 98 94
Lurra jo ondorengo azelerazioa (g) 175 102 165 172
Lau kolpeen azelerazioa, batez beste (g) 121,3 105,3 133,5 127,8
Atxikitze sistemarekin egindako probak
Atxikitze sistemaren eraginkortasuna Egokia Egokia Egokia Egokia
Atxikitze sistemaren sendotasuna Egokia Egokia Egokia Egokia
Kokots azpiko uhalen luzatze dinamikoa (mm) 24,4 32,5 21,7 14,8
Kokots azpiko uhalen luzatze estatikoa (mm)3 15,2 17,0 8,8 6,8
Oharrak
Oharrak Ongi emanak Gaizki emanak Ongi emanak Gaizki emanak
Erabiltzailearentzako informazioa Ongi emanak Ongi emanak Gaizki emanak Ongi emanak

(1) Maniki baten buruan jantzi ditugu kaskoak, eta erortzera utzi ditugu ingude lau baten gainean, lurrera joan izango balira bezala (16,5 km/h abiaduran jo dute lurra); ertz bat edo koska bat jotzean nola erantzuten duten ikusteko, angelu formako ingude baten gainera bota ditugu (19,5 km/h). Kasko bakoitzarekin bi aldiz egin dugu proba bakoitza, batean bero handi-handia egiten zuela (50 ºC) eta bestean izotza (-20 ºC). Manikiaren buru barrenean azelerazioa neurtzeko gailu bat jarri dugu, galgatze-indarra zenbatekoa izan den jakin ahal izateko. Arauak dio, gehienez, 250 grabitatekoa (g) izan daitekeela galgatze-indarra; hau da, grabitatearen azelerazioa baino 250 aldiz handiagoa.

(2) Kaskoa manikiaren buruan, gorantz egin dugu indarra, kaskoa erauzi nahian.

(3) Lau kiloko indarra lotu diegu kokots azpiko uhalei, eta beherantz tira dugu. Hola jakin ahal izan dugu zenbat luzatzen diren uhalak txirrindularia erortzen denean (luzatze dinamikoa da hori, eta 35 mm-koa izan daiteke gehienez), eta bi minutu igarota, berriz neurtu dugu (luzatze estatikoa da, eta gehienez 25 mm-koa izan daiteke).

Banan-banan

Bizikletan ibiltzeko 8 kasko, banan-banan (Haurren tzat eta Gazteentzat)

Catlike Tigre

  • 19,93 euro, 50 cm-tik 54 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
    Kalitate-prezioetan, hau da onena
  • Etiketa ez du guztiz ongi emana, esaten duen baino pisu gehiago baitu. Mickey kaskoarekin batera, honek babesten du gutxien burua, baina ongi betetzen ditu segurtasun arauak. Gutxien ematen duten uhalak ditu, tenk egin eta baita handik bi minutura ere, kasko honek lortu du emaitzarik onena.

Spiuk W-4ª

  • 19,95 euro, 50 cm-tik 54 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Haurren saileko sendoena. Segurtasun ohar batzuk falta ditu, eta erabiltzaileari eman beharreko informazioa ere ez du erabat osatua.
  • Uhalei tenk egin eta handik bi minutura, hauek eman dute gehien haurren sailean (emaitzarik txarrena).

Ked Meggy

  • 19,90 euro, 46 cm-tik 51 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Etiketa ez du ongi emana: esaten duen baino gutxiago pisatzen du, eta ohar batzuk ez ditu gaztelaniaz jarriak. Hau moldatzen da bururik txikienetara.

Mickey R8-A(M)

  • 23,43 euro, 50 cm-tik 56 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Besteak baino neurri gehiagotara molda daiteke haurren sailekoetan. Jakinarazpen eta segurtasun ohar batzuk falta ditu. Catlike kaskoarekin batera, honek babesten du gutxien burua, baina ongi betetzen ditu segurtasun arau guztiak.
  • Uhalei tenk eginda, hauek eman dute gehien haurren sailean (emaitzarik txarrena)

Bell Cognito B095y

  • 29,92 euro, 50 cm-tik 57 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Kalitate-prezioetan, hau da onena
  • Neurri askotara molda daiteke. Etiketa guztiak behar bezala emanak dituen bakarra eta pisua ere ongi.

Ked Junior

  • 18,18 euro, 52 cm-tik 58 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Sendoena. Etiketa ez du ongi emana, esaten duen baino gutxiago pisatzen baitu. Ohar batzuk ez dauzka gaztelaniaz.
  • Uhalei tenk eginda eta handik bi minutura, hauek eman dute gehien (emaitzarik txarrena).

Giro Skyline G092X

  • 30 euro, 54 cm-tik 61 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Honek babesten du gutxien burua nerabeen sailean, baina ongi betetzen ditu segurtasun arau guztiak.
  • Met etxekoarekin batera, hau molda daiteke bururik handienentzat, eta neurria ere, moldagarrienetakoa. Segurtasun ohar batzuk falta ditu.

Met Formula

  • 39 euro, 54 cm-tik 61 cm-ra bitarteko tartea eskaintzen du
  • Neurrian moldatzeko aukera gehien ematen dituenetakoa, eta Giro kaskoarekin batera, bururik handienetara egokitu daitekeena. Ohar batzuk ez ditu gaztelaniaz emanak.
  • Uhalei tenk eginda eta handik bi minutura, hauek ematen dute gutxien (emaitzarik onena, alegia).