Zaborrak jan du kontzientzia ekologikoa
Berriki ikusi ditugu Napoliko irudi deigarriak; hiria zabortegi bihurtuta, zaborra han eta hemen, eta begietatik eta sudurretik antzeman ahal izan da arazoa pilatzen ari dela. Berdin, zabortegietan ere. Oso gutxi birziklatzen dugu (hondakin guztien % 10), eta, beraz, zabortegietara bota behar izaten ditugu hondakin asko eta asko. Gure kontzientzia ekologikoa ere han ote dagoen galdetuko du batek baino gehiagok.
Europako legediak argi esaten du zabortegia azken aukera dela hiri hondakin solidoak (HOS) tratatzeko, eta erronka handi samarra jarria du 2009. urterako: 1995. urtean sortzen zen zabor organikoaren erdia sortzea. Zenbakiek, ordea, kezkarako bide ematen dute. Espainiako azken datu ofizialek, adibidez, 2005. urtekoek: herritar bakoitzak 1,4 kilo hondakin solido sortzen ditu, eta azken hamarkadan asko handitu da kopurua (% 46). Zabor horren erdia zabortegietara doa.
Garai batean, inolako kontrolik gabe pilatzen ziren hondakinak zabortegietan, eta horrek ez zion inolako mesederik egiten ez ingurumenari, ez gure osasunari. Egun, zorionez, zabortegiak ez dira zaborrak besterik gabe pilatzeko lekuak. Biltegi ongi zainduak dira, lur geruza irazgaitzen gainean eraikiak ?bai lurrazalean bai lur azpian-, eta sistema sofistikatuak erabiltzen dituzte zaborrak sorturiko isurkari kaltegarriak eta gas toxikoak kontrolatzeko. Zabortegi batzuek, gainera, gas horietatik energia ateratzeko teknologia erabiltzen dute.
Legeak ere lehen baino gehiago arautzen du zer zabor mota bota daitekeen zabortegietara, eta, horrez gain, zabortegiak non jarri behar diren ere zehazten du: biztanle guneetatik urrun eta ingurumenari asko eragiten dioten eremuetatik aparte. Zabortegietako hondakinak modu kontrolatuan desagerrarazteko prozedura, berriz, behar bezala arautua dagoela nabarmentzen du Hondakin eta Baliabide Bereziak Kudeatzeko Enpresen Elkarteak (ATEGRUS).
Zabortegi bat ixteko erabakia hartzen denean, urratsez urrats egin behar da, ingurumenean kalterik ez eragiteko. Behin betiko zigilatu ondoren, eta zabortegi izateari utzi dionean, haren bilakaera zaintzeko planak ezartzen dituzte, eta hura birlandatzeko eta lehengoratzeko neurriak hartzen, erabilgarri gera dadin nekazaritzarako edo aisiarako (parkeak edo kirolguneak egiteko, adibidez).
Espainiako Ingurumen Ministerioak (Landa Eremukoa eta Itsasokoa ere bada orain) Hondakinen Plan Nazional Integratua onartu zuen iaz, eta honako helburu hau jarri zuen: 2015. urterako, Europar Batasunak hondakinen alorrean jartzen dituen arauetara egokitzea.
Zabortegien arazoa
Hondakinak eta Ingurumena Kudeatzeko Elkarte Teknikoaren Behatokiak txostena egina du Zabortegi Kontrolatuen gainean. 2005-2007 aldia hartzen du txostenak, eta honako hondakin mota hauek biltzen dituzten zabortegiez ari da: hondakin arriskutsuak, ez-arriskutsuak eta geldoak. Hainbat ondorio ateratzen ditu, eta guztiek ere nahiko nabarmen uzten dituzte Espainiako zabortegiak: zabortegiko gasei oso etekin gutxi ateratzen diete (balioztatzea esaten zaio horri), nahiz eta “poliki-poliki” hobetzen ari direla onartu; ingurumen kontrol gutxi egiten dituzte; isurkari kaltegarriak drainatzeko sistema desegokiak dauzkate toki askotan; zabortegiei jartzen dizkieten estalkiak eskas gera daitezke; materia organikoa gutxitzeko neurriak hartu behar dituzte; eta zabortegi txikietan gertatzen dira arau-hauste gehien.
ATEGRUS enpresa elkarteak jakinarazi duenez, ordea, datozen urteetan ere zabortegiak izango dira zaborrentzako irtenbide nagusi, halakoak eraikitzen ari baitira oraindik ere; txikiak itxi ahala, handiagoak ireki dituzte, probintzia osoetako zaborrak bilduko dituztenak, edo hainbat eskualdetakoak.
Baina horietako batzuek gainezka egin dutela ohartarazi dute adituek, batik bat, Valentziako erkidegoan, Kanarietan eta Galizian. Legeek ere ez omen dute asko lagundu; Europako legeak, Espainiakoak, erkidegoetakoak? asko eta askotarikoak dira, ez errazak beti, eta nahasgarriak batzuetan. Egoera hori ere oztopo gertatu omen da legea behar bezala eta modu eraginkorrean betetzeko.
Legez kanpoko zabortegiak eta datu dantza
Zabortegien inguruko informazio eguneratua falta da, eta dagoen apurra egiaztatzea ere ez da samurra. Espainian zenbat zabortegi dauden galdetzen duenak, adibidez, ez du jasoko erantzun argirik. Espainiako Ingurumen Ministerioak esango dio 869 zabortegi zeudela irekita 2006. urtearen bukaeran, eta horietako hogeik hondakin arriskutsuak biltzen zituztela, 248k hondakin ez-arriskutsuak eta 601ek, hondakin geldoak eta bestelakoak. ATEGRUSek, berriz, honako datu hauek ematen ditu: 2007. urtean 415 zabortegi kontrolatu zeuden Espainian, eta horietako 14tan hondakin arriskutsuak biltzen zituzten, 207tan hondakin ez-arriskutsuak eta 194tan, hondakin geldoak.
Berdin gertatzen da kontrolatu gabeko zabortegien inguruko datuekin ere. Ecologistas en Acción taldeak ontzat jo du Espainiako Ingurumen Ministerioak 2000. urteaz geroztik egin duen lana zabortegi kontrolatu gabeak eta baimenik gabeak desagerrarazteko, baina talde horren esanetan, halako zabortegiak 4.000 eta 90.000 artean ziren Espainian 2005. urtean; “zeini galdetzen diozun, erantzun bat jasoko duzu”.
Datu dantza honek agerian uzten du zer koordinazio gutxi dagoen zaborren ardura duten erakundeen artean. Espainiako Ingurumen Ministerioak ere onartu du, hiri hondakinengatik ordaintzen diren tarifak, adibidez, asko aldatzen direla erkidego batetik bestera, eta erkidego berean ere ez dutela berdin kobratzen erakunde batzuek eta besteek (10 eta 60 euro bitartekoa izan daiteke zerga). Eta zenbait lekutan, kobratzen dutenarekin, ezin dira ordaindu zaborra kudeatzeak sortzen dituen gastu guztiak.
Zer egin dezakete kontsumitzaileek
Bost urrats ditu, oro har, zaborra kudeatzeko prozesuak: gutxitu, berrerabili, berreskuratu, balioztatu eta desagerrarazi. Kontsumitzaileek, beraz, kontzientzia hartu beharra dute; ahalik eta zabor gutxien sortzea da lehen helburua (ingurumenari eragiten ez dion zabor bakarra horixe baita, izan ere, sortzen ez dena), bota aurretik berrerabiltzea urrena eta, azken buruan, “zaborgabetzea”; hau da, birziklatu ezin dena soilik jartzea zabortegirako bidean.
Kontsumitzaileen esku ez ezik, agintarien ere esku ere badago zaborren kontua, eta eskatu egin behar zaie arauak eta legeak bete ditzatela eta betearazi. Neurriak hartzea da haien lana, eta informazioa herritarren esku jartzea, orain arte baino gehiago eta hobeto.