Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Ikasle egoitzak eta unibertsitate egoitzak: 86 aztertu ditugu, Espainiako 18 hiritan : Zein hiri eta baldintzatan hartu nahi den ostatu, alde handia, egoitzatik egoitzara: zazpi halako ere bai hileroko prezioan

Hilean 230 euro balio dute egoitza merkeenek, eta 1.400 euro garestienek. Madril eta Bartzelona dira hiririk garestienak. Tokiak txukun daude eta ongi hornituak, baina gabeziak dituzte pertsona ezinduen irispideetan

Zenbat kostatzen da ikasle egoitza bat edo unibertsitate egoitza bat?

/imgs/20080901/tema1.jpgUnibertsitate egoitza batean edo ikasle egoitza batean ostatu hartzea, batez beste, 654 eta 574 euro artean kostatzen da hilean. Madril ateratzen da garestien, betiere batez bestekoak eginda: lagun batentzako gela, bainugelarekin, eta mantenu osoa ematen dutela, 897 euro kostatzen da hilean (1.135 eurotik 582 eurorainoko aukerak eskaintzen ditu Madrilek); birentzako gela bat hartuz gero, baldintza berberetan, 90 euro gutxiago kostako litzateke, gutxi gorabehera. Bartzelonako egoitzak datoz jarraian; horietan, batez beste, Madrilen baino 75 euro merkeagoa ateratzen da lagun batentzako logela, bainugela eta mantenu osoarekin: 822 euro. Birentzako logela baino 83 euro garestiagoa.

Kontrako muturrean, Sevillan bisitatu ditugun egoitzak daude: lagun batentzako gela, bainugelarekin, eta mantenu osoa bertan egiteko aukera eskaintzen dutela, 519 euro ateratzen da hilean, batez beste. Madrilgoarekin alderatuta, adibidez, 400 euro aurreztu litezke hilean. Birentzako gela are merkeago irteten da: 462 euro. Egoitzarik merkeenetakoak dituzte, halaber, Santiagon ere. Batentzako logela, besteen baldintza berberetan, 539 euro kostatzen da hilean, eta birentzako bada, 491 euro.

Lagun batentzako edo birentzako logela hartzea izaten da ohikoena, bainugela duena, eta otorduei dagokienez, mantenu osoa egoitzan bertan eginez. Baldintza horietan hartzen dute ostatu ikaslerik gehienek, baina badira bestelako aukerak ere. Nahiko hedatua dago, adibidez, batentzako edo birentzako logela hartzea, bainugela osoki hornituarekin, baina mantenu erdia eginez. Baldintza horiek eskaintzen dituzten egoitzarik garestienak Bartzelonan daude, eta 735 eta 709 euro artean dabiltza, batez beste.

Logela soilik hartzeko aukera ere bada, inolako mantenurik gabe. Hola eginda, dezente merkeago irteten da: 357 euro hilean, batez beste.

Hileroko kuota ordaintzeaz gain, bermea ere jarri behar izaten da egoitzarik gehienetan. Malagan 30 euroko bermea eskatzen dute, Iruñean 60koa, eta Bartzelonan eta Granadan, 2.000 eurokoa eta 1.500ekoa, hurrenez hurren. Ikasleak egoitza utziko balu arrazoirik eman gabe, edo ikastetxeak kanpoan utziko balu, edo kalteak eragingo balitu egoitzan edo altzarietan, berme moduan jarritako dirutik hartuko lukete egoitzako arduradunek.

Oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten egoitzetatik, ‘luxuzkoetara’

Egoitzek zer zerbitzu eskaintzen duten aztertzea oso lagungarria izaten da horien kalitatea neurtzeko. Aztertu ditugun guztietatik, % 45ek soilik daukate bainugela osoki hornitua logeletan (konketa, komuna eta dutxa). Egoitzen % 35ek logela batzuetan daukate, eta % 20k, ez dute halakorik logeletan. Nabarmen samarra gertatu da Bartzelonan ikusia: aztertu ditugun 10 egoitzetatik 7tan, ikasle guztiek bainugela berberak erabiltzen dituzte.

Egoitzen erdiek baino gehiagok eskaintzen dituzte ohe-jantziak (zerbitzu hori ematen ez duten egoitzen erdietan, horiek alokatzeko aukera dago); ezinbesteko diren elementurik gehienak badituzte egoitzek, baina bi aurkitu ditugu berogailurik edo oinarrizko beste elementurik gabe (armairuak, zaborrontziak eta ikasmahaiak).

Egoitza hauetan ohikoa da honako beste zerbitzu hauek ere edukitzea: harreragunea, jantokia (otordurik ematen ez duten egoitzen ere badaude), garbitegia (hileroko kuotaren barnean sartzen da maizenik), bisitak hartzeko aretoak eta ikasgelak.

Ordenagailu gela duten egoitza guztiek daukate Internet (aztertu ditugun 86etatik 64k dute), eta lautatik hirutan, logeletan bertan konektatzeko aukera dago. Multimedia gela horietan, batez beste, zortzi ordenagailu daude egoitzako. Unibertsitate giroan barneratzen laguntzeko, berriz, egoitzen % 70ek baino gehiagok antolatzen dituzte jarduera soziokulturalak ikasturtean barrena, batik bat Madrilen, Malagan, Murtzian, Santiagon eta Valladoliden.

Edozein larrialdi gertatzen dela ere, oso ongi etorri ohi da botika ontzi bat edukitzea, eta egoitzen % 75ek badute. Horietako batzuek, gainera, erizaindegia ere badute (Madrilen, Malagan eta Donostian). Iruñeko eta Oviedoko egoitza batzuetan, Madrilen eta Malagan gertatzen den bezala, medikua ere badute, eta egoitzan bertan egoten da beti. Kirol azpiegiturak, berriz, erdiek baino ez dituzte.

Egoitzarik gehienek lotura onak eskaintzen dituzte unibertsitate campusetara joateko, hirigune historikoetara hurbiltzeko edo garraiobide publikoak dauden geltoki nagusietara iristeko (autobusa, trena, metroa). Aztertu ditugun egoitzen % 95ek ez dute eskaintzen berezko garraio zerbitzurik (Iruñean, Kordoban eta Oviedon aurkitu ditugu salbuespen gutxi batzuk), baina gehien jota ere, oinez 10 minutu egongo dira egoitzako atetik hiri garraioak hartzen diren geltokirik hurbilenera.

Egoitzen % 10ek badute laguntza pedagogikoa emateko lan taldea, eta % 12k laguntza psikologikoa emateko zerbitzua daukate, ikasleren batek behar izanez gero.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak