Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Hiriak eta gizarte-bazterketa: etxerik eta baliabide ekonomikorik ez dutenei zer bitarteko eskaintzen dizkieten aztertu dugu 18 hiritan : Udalek handitu egin dute gizarte-gastua behartsuenei laguntzeko, baina baliabideak eskas dira orain ere

-Egoitza eta higiene arloko laguntza-zerbitzuak dira nagusi, lan eta osasun arloko gizarte-laguntzen gainetik
-CONSUMER EROSKI-k 18 hiritan egin duen azterketak ezaugarri bat utzi du agerian: udalek gizarte-zerbitzu asko eta askotarikoak eskaintzen dituzte

Bizirik irauten laguntzeko

Gizarte-laguntzen eremuan, zerbitzu mota batzuek lehentasuna hartu dute beste batzuen aldean; informazioa, mantenua, lehen harrera, ostatua eta higienea ematen dutenak nagusitu dira, eta ez gizarteratzeko eta lan munduan barneratzeko zerbitzuak, heziketa edo formazio alorrekoak, edo osasun- eta psikologia-laguntza ematen dutenak.

Alde hori nabarmena da. Zerbitzu horietako asko Gobernuz Kanpo Erakundeek eskaintzen dituzte (Caritasek, Gurutze Gorriak eta horien antzeko beste hainbatek); hitzarmena eduki ohi dute administrazioarekin, eta diru laguntzen truke, edo materiala edo egoitza uztearen truke eman izan dute laguntza azken urteetan. Eskaria, ordea, asko handitu da (are gehiago aurten, krisiaren ondorioz), baina eskaintza ez neurri berean; ondorioz, gero eta boluntario gehiago behar izaten dira gizarte alorrean ari diren erakunde pribatu horiek beren lana egiteko.

Gizarte-jantokiak

Gizarte-jantokiak erabiltzen dituzten pertsonak ez dira izaten gizarteak baztertu dituenak soilik. Jantoki horietara joaten diren askok eta askok badute euren etxea, baina arazo ekonomiko larriak pairatzen ari dira (atzeraldi ekonomikoaren erruz), eta jango badute, horietara joan beste aukerarik ez zaie geratzen. Jantoki horietako gehienak ongintza erakundeen, GKEen eta fundazio partikularren esku egon ohi dira. Diru laguntza publikoak jasotzen dituzte, hitzarmen ekonomikoak egiten dituzte udalekin edo udalarenak diren tokiak uzten dizkiete euren jarduera aurrera eramateko. Guk aztertu ditugun jantoki guztiak doakoak izan dira erabiltzaileentzat. Gainera, hiririk gehienetan ez dute jarri inolako baldintzarik jantoki horietara sartu eta otordua egiteko. Madrilen hamabi jantoki dituzte, eta bakarra, aldiz, Donostian, Gasteizen, Murtzian, Oviedon eta Valladoliden. Leku gehien, berriz, Bartzelonak eskaintzen ditu, 942, hain zuzen (beste hainbat hiri 50 eta 170 artean dabiltza, Gasteizen 400 daude eta Murtzian 300). Jantoki gehienetan bazkaria eta afaria ematen dute, eta bitik batean menua aukeratu daiteke medikuak debekuren bat jarri diolako erabiltzaileari edo erlijio arrazoiak direla medio. Urte guztian egon ohi dira irekita jantokiak hiririk gehienetan, eta jantokia ixten duten lekuetan ere (abuztuan edo asteburuetan, adibidez), zerbitzua ez da eteten: janari-txartelak edo janari prestatua ematen dituzte.

Pobreziaren aurpegi berriak

  • Pobreziaren irudia aldatzen ari da. Urtebete pasatxoan, munduan sortu den ekonomia-krisiak handitu egin du pobrezia Espainian ere. Atzeraldia hasi aurretik ere, aski kezkagarriak ziren datuak: bost lagunetatik bat pobrezia erlatiboaren mugatik behera bizi zen Espainian; hau da, bederatzi milioi lagun baino gehiago urtean 7.753,3 eurorekin baino gutxiagorekin bizi ziren pertsona bakarreko etxeetan, eta urtean 16.282 eurorekin baino gutxiagorekin bi helduk eta bi haurrek osatutako familiatan.
  • Orduko hartan, adineko pertsonei, haurrei, emakumeei eta etorkinei eragiten zien pobreziak. Urtebeteren buruan, izugarri handitu da langabezia, eta asko urritu dira etxe askotako diru sarrerak. Gero eta jende gehiago bizi da baldintza ekonomiko txarretan, batik bat gazteak, eta ikasketa gutxi eta lan-prestakuntza apala duten pertsonak.
  • 30 urtetik beherakoen artean, bikoiztu egin da langabezia tasa azken bi urteetan. Jende horrek nekez eskura ditzake langabezi sariak, asko eta asko lehen aldiz lanean hasteko garaian daudelako edo lan-ibilbide motza egin dutelako. Arazo hori bereziki larria izan daiteke gurasoen etxetik atera berri diren gazteentzat.
  • Ikasketa gutxien eta kontratu txarrenak dituen jendea ere gogor astindu du krisiak: 2009ko hirugarren hiruhilekoan, goi mailako ikasketak dituztenekin alderatuta, ikasketa gutxien daukatenen langabezia tasa bi halako izan da.
  • Caritasek ere sumatu du gauzak aldatu direla, eta laguntza eskatzera joaten diren pertsonak ez direla lehen joaten ziren berberak. Bakarrik bizi diren emakumeak lehen baino gehiago joaten dira, familia aurrera atera behar eta lana eta etxea ezin bateratuz dabiltzanak; 40 urtetik gorako emakume etorkinek ere gero eta maizago eskatzen dute laguntza, lehen aldiz lan bila ari direnek (senarra langabezian duten emakumeak izaten dira, oro har); prestakun-tza gutxi duten gizonak ere ugaritzen ari dira eskatzaileen artean, berriki lanik gabe geratu direnak (eraikuntzatik eta ostalaritzatik datoz, eta lan-baimena duten etorkinak dira asko); eta 20 eta 40 urte bitarteko familia gazteak ere agertzen dira, haur txikiekin.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak