Praktiko eta osasungarriak
Kontsumitu aurretik ia bat ere prestakuntzaren beharrik ez duten elikagaiak geroz eta toki handiagoa betetzen ari dira erosketa-saskian, egunetik egunera denbora gutxiago ematen baitugu sukalde lanetan eta, horrela, joera horrek entsaladetan ere izan du eragina. Izan ere, dieta mediterraneoaren ordezkari behinenetakoa den entsalada biziki goretsia izan da aspaldi honetan gure garaietako hainbat gaitzen (kardiobaskularrak, endekapenekoak eta minbizia, adibidez) nozitzeko aukera murrizten laguntzen baitu. Entsaladak berez osagai nagusia duen barazkiak hamaikatxo bertute-iturri dela erakutsi du: zuntz, bitamina eta mineral eduki handia, kaloria gutxi-gutxi eta organismoa hidrataturik mantentzeko ahalmen paregabea. Abantailak gorabehera, Espainian barazkien kontsumoa ez da iristen eguneko aholkatzen den kopuruaren (400 gramo) erdira ere.
Gure ohiko dietan entsaladak tartekatzeak elikagai-multzo honetatik kontsumitzea aholkatzen zaigun mailaraino iristen lagun gaitzake. Merkatuak, aztura eta premia berrietara beti so, kontsumitzeko prest dauden entsaladetan ere aukera handia eskaintzen du egun: multzo horietako bat, kristalezko flaskoan edo latan komertzializatzen dena da. Osagaiak ontzietan sartu, estaldura-likidoa erantsi (ura, olioa, ozpina…) eta hermetikoki ixten dira, produktuan bestelako kutsatzailerik sar ez dadin. Ondoren tenperatura altuetan esterilizatuko dira, osagaiek eduki ditzaketen mikroorganismoak suntsitzeko. Azkenean, etiketatu eta giroko tenperaturan metatzen dira biltegian: esterilizatuak daudenez, ez dira zertan hotzetan gorde.
Oraingoan kontserban merkaturatzen diren “entsalada mediterraneoen” sei lagin aztertu dira. Isabel, Rianxeira, Calvo eta Miau laginak latan edo bolean merkaturatzen dira, produktua ontzeko olioa darabilte eta 150 eta 180 gramo arteko pisu garbia adierazten dute. Bonduelle eta Carretilla laginek, kristalezko flaskoan, ez dute oliorik eta 530 eta 345 gramoko pisua adierazten dute. Kontserbako entsalada hauen osagaiak atuna (Bonduelle laginak ez du atunik), ilarrak, azenarioa, piper gorria eta tipula dira. Batzuek artoa, olibak, zainzuriak eta soja erantsi dituzte. Prezioak, kilo xukatuko, 5,74 eurotik (Bonduelle) 8,63 eurora arte doaz (Carretilla).
Hobe latan ala flaskoan?
Ez formatu batek ez besteak (lata edo bola eta kristalezko flaskoa) ez du aditibo edota kontserbatzailerik, bizitza baliagarri luzea dute eta kontserbatzeko ez dute hotzaren premiarik. Nolanahi ere, lata edo bolean datozen entsaladek abantaila nabaria dute: ozpina eta gatzez gainera, olioz ere onduak daudenez, ontzitik bertatik kontsumi daitezke, zuzenean, sardexka soil batekin, adibidez. Lata eta bol formatuak, gainera, txikiagoak izatean (150 gramo inguru), produktu osoan behin bakar batean kontsumitzea errazten du. Flaskoan datozen entsaladak, aldiz, tamaina handiagokoak dira eta ontziratzeko erantsi zaien ozpin, ur eta gatzez osaturiko likidoa kendu egin behar zaie kontsumitu ahal izateko; gerora olio, ozpin eta gatzez onduko dira, ohi bezala.
Pisua eta osagaiak, ongi
Sei laginetan ere egiazko pisu garbia adierazitakoa baino handiagoa da; pisu xukatua (estaldurako likidoa kendutakoan geratzen dena), berriz, Miau, Bonduelle eta Carretilla laginek bakarrik ipini dute, adierazi baino kopuru handiagotan.
Bestetik, sei laginek dauzkate adierazitako osagai guztiak, bakarren batek etiketan adierazi baino atun ugariago badauka ere, hala nola Miauk (%45), Isabelek (%35), Calvok (%35) eta Rianxeirak (%32): denek diote atunaren edukia %25 dela baina hori baino dezente gehiago ezarri dute ontzian; Carretillak, bere aldetik, adierazitako %8 horixe ematen du, doi-doi. Bonduelle da atunik ez daukan bakarra.
Lata edo bolean komertzializatzen diren lau entsaladek osagai berberak dauzkate: atuna, azenarioa, ilarrak, piper gorria eta tipula. Flaskoan datozen biek, aldiz, bestelako osaketa dute. Carretillak atuna, azenarioa, zainzuriak, oliba beltzak eta berdeak eta artoa ezarri ditu; Bonduellek, aldiz, azenarioak, piper gorria, soja kimuak, artoa eta arto-buruak.
Prozesaturiko elikagaietan kontuan hartu beharreko osagaia da gatza. Gatz gutxien daukan produktua (estaldura likidoa kanpo) Miau da: %0,6 baizik ez du; beste muturrean Bonduelle (%1,3) agertzen da. Gainerakoen gatz proportzioa %1 inguru zebilen.
Bol edo latako entsaladak landare olio, ozpin eta gatzez osaturiko likidoan datoz. Isabel laginarenak azukrea ere badu. Bonduellek eta Carretillak (kristalezko flaskoetan biak) ez dute oliorik, ozpina, azukrea, gatza eta ura baizik. Adierazten duten bezala, Rianxeirak eta Isabelek oliba olioa darabiltela egiaztatu da; Miau laginarena ekilore olioa da eta Calvorena, soja olioa. Laurak ere landare olio osasuntsuak dira, gantz azido asegabeak aseak baino ugariago diren aldetik.
Espero bezala, kontserban komertzializatzen den produktu honen azterketa mikrobiologikoak (jangaien kalitate higieniko-sanitarioaren berri ematen duena) ez zuen inolako anomaliarik erakutsi.
Bitaminak, mineralak eta zuntza
Entsalada hauen osagai ugarienak barazkiak diren heinean, B eta C multzoetako bitamina iturri oparoak dira; azenarioak, bere aldetik, A pro-bitamina ugari dauka. Dena den, produktuak nozitzen duen tratamendu termikoaren erruz, bitaminen edukia (B multzokoak eta C bitamina, batik bat) zertxobait apaltzen da. Mineraletatik nabarmentzekoak potasioa, magnesioa eta burdina -atunagatik-, eta gatza osatzen duen sodioa. Entsalada hauek dituzten beste bi nutriente zuntza eta antioxidatzaileak dira. Fabrikatzaileek bero bitarteko tratamendua ahalik eta laburren aplikatzen dute, nutrienteen galera ahal den txikiena izan dadin. Bitamina eta mineralen ekarpen hori osatzeko modu egoki bat, adibidez, hainbat barazki gordinekin konbinatzea da letxuga, eskarola, etc
Entsaladak kontsumitzea, larruazalaren babesgarri
Eguzki izpiek gure larruazalari erasotzen diotenez, haren zahartze goiztiarra eta melanomen garapena eragiten dituzte. Entsaladak kontsumitzeari esker larruazala egoera egokian mantenaraziko duten nutrienteak hartuko ditugu. Kolore biziko barazkiek (azenarioa, erremolatxa, piperra, tomatea, lonbarda aza, lollo rosso letxuga) A bitamina bihurtuko den beta-karotenoa daukate, larruazalaren eta mukosen mesedetarako; baita kolagenoaren ekoizpena hobetuko duen C bitamina ere. Kolageno izeneko proteinak, jakina denez, larruazala leun mantentzen du, zimurren agerpena prebenituz. Entsaladei ahuakatea edo fruitu lehorrak erantsi eta oliba olio birjinarekin ontzen badira, organismoari entregatuko dizkiogu, batetik, gantz azido asegabeak (larruazala estrukturaturik eta hidrataturik edukitzeko) eta, bestetik, E bitamina, azalean orbanen agerpena mantsotzen duena.
Laburbilduz
- Kontserban komertzializatzen diren sei “entsalada mediterraneo” aztertu dira oraingoan. Isabel, Rianxeira, Calvo eta Miau bol edo latan merkaturatzen dira, ongailu modura olioa darabilte eta beren tamainak 150 eta 180 gramo tartean dabiltza. Bonduellek eta Carretillak, kristalezko flaskoan biak, ez dute oliorik eta 530 eta 345 gramoko laginetan ohi daude salgai.
- Elikagai osasuntsu eta prestatzeko erraz-erraza da. Hona bere osagaiak: atuna (Bonduelle laginak ez du atunik), ilarrak, azenarioa, piper gorria eta tipula. Laginen batek artoa, olibak, zainzuriak eta soja ere sartu ditu.
- Prezioak, pisu xukatuz eta kiloko, 5,74 eurotik (Bonduelle) 8,63 euroraino doaz (Carretilla).
- Atun gehien daukana Miau da (%45); urrienekoa, Bonduelle (0%) eta Carretilla (%9). Gatz gutxien daukana, Miau (%0,6) eta Bonduelle, aldiz, gaziena (%1,3).
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokienekoa: Miau, bigarren merkeena eta atun gehien daukana. Isabel ere aukera polita da: atun ugarikoa izaki, dastatze proban mahaikideei gehien gustatu zitzaizkien bietako bat.
Sei laginetatik lauk arautegia urratzen dute. Rianxeira laginak ez du osagai batzuen portzentajea adierazten, nahi eta irudien bidez agerrarazten dituen, ikuspen-eremu berean ez du informazioa ematen eta osagaien zerrenda ez dator kopuruaren arabera antolatua, ugarienetik urrienera. Isabel laginak oliba olioa nabarmendu badu ere, ez du horren proportzioa ezta produktuaren pisu xukatua adierazten. Miau laginak dioenez, azenario, ilar, piper eta tipularen proportzioak “alda daitezke”, azenarioak eta ilarrak piperrak halako bi pisatzen dutelarik; dena den, osagai bakoitzaren portzentajea adierazi beharko luke. Beste horrenbeste gertatzen da Calvo laginean. Bonduelle laginak ere ez du hori adierazten baina, entsalada kristalezko flaskoan komertzializatzen denez, kontsumitzaileak gutxi gorabehera jakin dezake horren berri. Etiketa zuzen agertzen duen lagin bakarra Carretilla da.
Laburbilduz eta Konparaketako taula
Laburbilduz
- Kontserban komertzializatzen diren sei “entsalada mediterraneo” aztertu dira oraingoan. Isabel, Rianxeira, Calvo eta Miau bol edo latan merkaturatzen dira, ongailu modura olioa darabilte eta beren tamainak 150 eta 180 gramo tartean dabiltza. Bonduellek eta Carretillak, kristalezko flaskoan biak, ez dute oliorik eta 530 eta 345 gramoko laginetan ohi daude salgai.
- Elikagai osasuntsu eta prestatzeko erraz-erraza da. Hona bere osagaiak: atuna (Bonduelle laginak ez du atunik), ilarrak, azenarioa, piper gorria eta tipula. Laginen batek artoa, olibak, zainzuriak eta soja ere sartu ditu.
- Prezioak, pisu xukatuz eta kiloko, 5,74 eurotik (Bonduelle) 8,63 euroraino doaz (Carretilla).
- Atun gehien daukana Miau da (%45); urrienekoa, Bonduelle (0%) eta Carretilla (%9). Gatz gutxien daukana, Miau (%0,6) eta Bonduelle, aldiz, gaziena (%1,3).
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokienekoa: Miau, bigarren merkeena eta atun gehien daukana. Isabel ere aukera polita da: atun ugarikoa izaki, dastatze proban mahaikideei gehien gustatu zitzaizkien bietako bat.
Marka/ Izendapena |
Miau “Entgatzaada mediterraneoa atunaarekin” | Isabel “Entgatzaada mediterraneoa atunaarekin” | Rianxeira “Entgatzaada mediterraneoa” |
---|---|---|---|
Pisu xukatuaren prezioa (euro kiloko) | 6,11 | 6,86 | 7,53 |
Etiketa | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen | Ez dago zuzen |
Adierazitako pisu garbia1 (g) | 150 | 157 | 180 |
Adierazitako pisu xukatua2 (g) | 124 | Ez du adierazten | Ez du adierazten |
Egiazko pisu garbia1 (g) | 166,6 | 162,8 | 200 |
Egiazko pisu xukatua2 (g) | 140,2 | 134,5 | 181,1 |
Osagaiak (%) | |||
atuna | 45,4 | 34,9 | 32,1 |
Azenarioa | 17,7 | 28,5 | 13,4 |
Ilarrak | 16,3 | 18,5 | 41,4 |
Piper gorria | 8 | 10,1 | 3,9 |
Tipula | 12,6 | 8 | 9,2 |
Soja kimuak | – | – | – |
Zainzuriak | – | – | – |
Oliba beltzak | – | – | – |
Oliba berdeak | – | – | – |
Artoa | – | – | – |
Arto-buruak | – | – | – |
Gatza (%) | 0,6 | 1,1 | 0,8 |
Estaldura-likidoa3 | Ekilore olioa, ozpina eta gatza | Oliba olioa, ozpina, azukrea eta gatza | Oliba olioa, ozpina eta gatza |
Egoera mikrobio- logikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastatze proba (1 – 9) | 6 | 6,5 | 6,5 |
Marka/ Izendapena |
Calvo “Entgatzaada mediterraneoa atunaarekin” | Bonduelle “Entgatzaada mediterraneoa” | Carretilla “Entgatzaada mediterraneoa atunaarekin” |
---|---|---|---|
Pisu xukatuaren prezioa (euro kiloko) | 7,54 | 5,74 | 8,63 |
Etiketa | Ez dago zuzen | Zuzen | Zuzen |
Adierazitako pisu garbia 1 (g) | 150 | 530 | 345 |
Adierazitako pisu xukatua 2 (g) | Ez du adierazten | 300 | 225 |
Egiazko pisu garbia 1 (g) | 153,2 | 560,7 | 366 |
Egiazko pisu xukatua 2 (g) | 130,7 | 334,2 | 236,5 |
Osagaiak (%) | |||
atuna | 34,6 | – | 8,7 |
Azenarioa | 24 | 18,8 | 34,8 |
Ilarrak | 31,4 | – | – |
Piper gorria | 6,4 | 10,7 | – |
Tipula | 3,6 | – | – |
Soja kimuak | – | 24,5 | – |
Zainzuriak | – | – | – |
Oliba beltzak | – | – | 9,6 |
Oliba berdeak | – | – | 7,1 |
Artoa | – | – | 6,6 |
Arto-buruak | – | 28,2 | 33,2 |
Gatza (%) | – | 17,8 | – |
Estaldura-likidoa 3 | Soja olioa, ozpina eta gatza | Ura, ozpina, gatza eta azukrea | Ozpina, azukrea eta gatza |
Egoera mikrobio- logikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Dastatze proba (1 – 9) | 6,3 | 4,4 | 5,5 |
(1) Pisu garbia: osagai guztien gehi beroriek estaltzen dituen likidoaren guztirako pisua.
(2) Pisu xukatua: entgatzaadaren pisua, estaldura-likidoa kendutakoan.
(3) Estaldura-likidoa: laborategiak egiaztatu du etiketetan adierazitako olioak (koadro honetan agertzen direnak) direla benetan aztertutako laginetan daudenak.
Banan-banan
Sei entsalada ontziratuak, banan-banan
Miau
/imgs/20060701/img.miau-ensaladas.jpg “Entsalada mediterraneo atunduna”. 150 gramoko lata.- 6,11 euro kiloko (pisu xukatua, entsalada bakarrik, ongailua gabe), bigarren merkeena.
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Osagai nagusiak: atuna (%45), azenarioa (%18) eta ilarrak (%16). Gatz gutxien daukana (%0,6). Etiketa-araua urratu egiten du. Ongailua: ekilore olioa, ozpina eta gatza.
- Dastatze proban, 6 puntu. Alderdi goraipatuak: “hegaluze-zapore ona”, “ongailua”, “osagaien aukera”, “murtxikatzeko sentsazioa” eta “itxura”; alderdi gutxietsiak: “ozpin zapore biziegia”, “geza samarra” eta “atun papurtuegia”.
Isabel
/imgs/20060701/img.isabel-ensaladas.jpg “Entsalada mediterraneo atunduna”. 157 gramoko lata- 6,86 euro kiloko (pisu xukatua, entsalada bakarrik, ongailua gabe)
- Aukera polita, honakoa ere. Osagai nagusiak: atuna (%35) eta azenarioa (%29). Etiketa-araua urratu egiten du. Ongailua: oliba olioa, ozpina, azukrea eta gatza.
- Dastatze proban, 6,5 puntu. Alderdi goraipatuak: “zaporetsua”, “osagaien aukera”, “zukutsua” eta “itxura ona”; alderdi gutxietsiak: “azenario gehitxo” eta “osagai baten zaporea nabarmentzea”.
Rianxeira
/imgs/20060701/img.rianxeira-ensaladas.jpg “Entsalada mediterraneo atunduna”. 180 gramoko bola (heldulekurik gabeko katilua).- 7,53 euro kiloko (pisu xukatua, entsalada bakarrik, ongailua gabe). Osagai nagusiak: ilarrak (%41) eta atuna (%32).). Etiketa-araua urratu egiten du. Ongailua: oliba olioa, ozpina eta gatza.
- Dastatze proban, 6,5 puntu. Alderdi goraipatuak: “zapore ona”, “itxura ona”, “osagai ongi konbinatuak” eta “murtxikatzean atsegina”; alderdi gutxietsiak: “ilar gehiegi”, eta “zapore motela”.
Calvo
/imgs/20060701/img.calvo-ensaladas.jpg “Entsalada mediterraneo atunduna”. 150 gramoko lata.- 7,54 euro kiloko (pisu xukatua, entsalada bakarrik, ongailua gabe). Osagai nagusiak: atuna (%35) eta ilarrak (%31). Etiketa-araua urratu egiten du. Ongailua: soja olioa, ozpina eta gatza.
- Dastatze proban, 6,3 puntu. Alderdi goraipatuak: “zaporetsua”, “itxura”, “osagaiak” eta “murtxikatzeko sentsazioa”; alderdi gutxietsiak: “ilar gehiegi”, “atun zapore biziegitxoa”, eta “ozpin zaporea”.
Bonduelle
/imgs/20060701/img.bonduelle-ensaladas.jpg “Ensalada Mediterránea”. 530 gramoko kristalezko flaskoa.- Denetan merkeena: 5,74 euro kiloko (pisu xukatua, entsalada bakarrik, ongailua gabe). Osagai nagusiak: artoa (%28) eta soja kimuak (%25). Atunik ez daukan lagin bakarra, gatz gehien ezarri duena (%1,3). Ongailu likidoa urak, ozpinak, gatzak eta azukreak osatzen dute; oliorik ez du.
- Dastatze proban, 4,4 puntuz, denetan kaskarrena. Alderdi goraipatuak: “koloretsua”, “osagaien originaltasuna” eta “zaporea”; alderdi gutxietsiak: “garraztasuna”, “beste osagairik ez izatea” eta “arto ugariegia”.
Carretilla
/imgs/20060701/img.carretilla-ensaladas.jpg “Entsalada mediterraneo atunduna”. Kristalezko flaskoa 345 gramokoa.- Denetan garestiena: 8,63 euro kiloko (pisu xukatua, entsalada bakarrik, ongailua gabe). Osagai nagusiak: azenarioa (%35) eta artoa (%33). Atun gutxi (%9) eta oliorik ez: ongailu gisa, ozpina, azukrea eta gatza ezarri dituzte. Etiketa hoberenekoa.
- Dastatze proban, 5,5 puntuz, bigarren txarrena. Alderdi goraipatuak: “zapore ona”, “zainzuri eta oliben presentzia”, eta “itxura”; alderdi gutxietsiak: “osagai gutxi”, eta “geza”