Lehortea

Lehortea prebenitzea, denon kontua

Giza jarduerak larrituriko natur hondamendi horrek ez du nahitaez ur-eskasia ondorioztatu behar
1 uztaila de 2006
Img medio ambiente listado

Lehortea prebenitzea, denon kontua

Azken 125 urteotako lehorterik latzena bizi du Espainiak orain, baina hori ez da salbuespenik: Uraren Liburu Zurian adierazten denez, 1880 – 2000 aldiko urteen erdiak baino gehiago lehorrak edo oso lehorrak izan ziren. Dena den, natur fenomeno hori espainiar herritarrek ez ezik, aurki herrialde guztietako populazioek ere nozituko dute.

Lehortea iristeak ohi baino euri gutxiago egitea dakar berarekin; horren ondoriozko ur-eskasiari aurre egitea ezinezkoa denean, ingurugiroan, ekonomian eta gizartean eraginik latzena izan dezakeen hondamendi naturala izaten da: aurreikus ezineko fenomenoa da, gainera, aurreko lehorteen gaineko datuek etorriko den horren emaitzak kalkulatzen lagun badezakete ere. Horrek, bidenabar, aurreikuspen-politikak finkatzeko balio izan dezake.

/imgs/20060701/img.medio-ambiente.01.jpg

Nolanahi ere, lehorte egoerak ez du nahitaez ur-eskasia ondorioztatu behar, epe ertain eta luzerako ustiapen eta hornidurarako plan egokiak garatzen badira eta hiritarrek, arduratsu, ura tamainan kontsumitzen badute, tokian tokiko klima-baldintzen arabera.

Bestetik, lehorte kontzeptua eta elkortasuna -klimari dagokion ezaugarri honek esan nahi du euria urria ohi dela, orokorki- nahasi egiten dira maiz. Penintsula iberikoko hego-ekialdea, adibidez, hein batez (ez gehiegi) elkorra da.

Eragina areagotuz doa

Lehorte hedatu baten ingurugiro alorreko eraginik latzenetakoak dira urraldea basamortu bihurtzea, basoetako suteak biderkatzea, lurra eta paisaia orokorki endekatzea, etab. Horrekin batera, landare eta animali espezieak, basoetako habitata eta airearen, uraren eta lurraren kalitatea moteldu egiten da, intsektu plaga, izurrite eta gaixotasun zenbait ugaltzen diren bitartean.

Tenperatura bero edo hotz eta haize bortitz gisa ere agertzen dira fenomeno meteorologikoak. Normala izaten da, gainera, lehorte epe baten ondotik euri oldeak etortzea: hauek, jakina, lehorteak endekaturiko ingurunean ezbehar larriagoak eragingo dituzte.

Lehortearen eragin hori gizakia ari da areagotzen nekazaritza eta industria alorretako praktika jakin zenbaiten bitartez: lurraren erosioa, deforestazioa, gas kutsatzaileen emisioa, etc.

Eta fenomeno honek, aldi berean, gizakiaren hainbat jardueratan du eraginik: baliabideak murriztu ahala elikagaien, energiaren eta besteren prezioek gora egiten dute, ibaien nabigagarritasuna mugatu egiten da garraioen kaltetarako, energia hidroelektrikoaren ekoizpena urritu egiten da, “negutegi efektua” areagotuz (jaitsiera hori arintzeko zentral termikoek ekoizpena biderkatu behar baitute), etab..

Mundu zabalean ere hondamendi sozialak eragiten ditu lehorteak: elikagaiak eskuratzeko segurantziarik eza, gosetea, desnutrizioa, epidemiak, etc. Lurreko biztanle bakoitzak eskura dezakeen ur kopurua urrituz doa egunez egun; horrela, ura bizirik irauteko elementu estrategiko bilakatuko dela uste dute adituek. Eraginiko herritarrek azkenean herrialde batetik bestera eta, herrialde berean, landa ingurunetik hirietara emigratu behar izaten dute, ur eta elikagaien bila. NBE-ak salatu duenez, lehortea da munduko pobreziaren errudun behinenetako bat, 135 milioi gizaki beren herrialdeetatik kanporatu dituena.

Nolanahi ere, lehortea ez da nahitaez gosetearekin lotu behar: Europan, esate baterako, antzeko lehorteek ondorio arinagoak izaten dituzte beti. Europako herrialde gehienetan -hego, erdi eta ekialdean, sarriago- maiztasun jakin batez gertatzen dira lehorteak.

Nola aurre egin lehorteari

Ingurugiroaz informazioa jaso eta kontzientzia hartzea dira lehortearen ondorioei aurka egiteko neurrietako bi. Adiera horretan, bizi kalitatea hobetzeko moduetako bat den neurrian, ura aintzat harrarazten duten balio eta jokaerak bere egin behar ditu herritarrak, ingurugiroan oro har hobetuko duten ekimenetan era indibidual nahiz kolektiboan esku hartuz. Agintariek, bere aldetik, lehortearen ondorio latzenak egokiro gaindituko dituzten plan nazionalak garatzeko ardura dute.

Nolanahi ere, prebentziozko jokaerak martxan jartzea da lehortearen ondorioak moteltzeko modurik hoberena. Oinarrizko neurri horietako batzuk dira, adibidez, orain arte izaniko lehorteak aztertzea, ur erreserbak eta azpiegiturak modernizatzea (ur-galerak ahal den neurrian suntsituz) eta zuzkidura-iturri berriak sortzea, etab.

Lehorteak bortizkien zigortu duen sektoreetako bat nekazaritza izaki, lurra eta laborantza-teknikak behar bezala baliatzea edo lehortearen aurreko erresistentzia handia duten landareak hautatzea, adibidez, funtsezkoa da.

Ura eskuratu eta erabiltzea hobetzen lagun dezaketen teknologia berrien garapenak ere eginkizun nagusia du hemen. Espainiako Ingurune Ministerioak, adibidez, urari gatza kentzeko hainbat lantegi eraikiko dituela iragarri du, itsasoko ura eta lurrean datzan ur gazia prozesatzeko eta, horrela Mediterraneo aldean sortu diren ur-arazoei konponbidea emateko.

Espainiako hainbat unibertsitatetako eta Israelgo Ben Gurion Unibertsitateko ikertzaile zenbaitek, era berean, iaz itsasotik gertuko eskualde elkorretan euria eginarazteko sistema bat (froga-fasean, oraino) aurkeztu zuten: hori, esaterako, bide baliagarria izan liteke epe ertainera basamortutze prozesuaren aurkako borrokan aritzeko.