Batzuk gas nobleak; besteak...
Digestio-hodian denok daukagu airerik, gasik; hauek hestean, kolonean zehazki, sortzen dira, entzima, hartzigarri eta bakterioen eraginez eta, nola ez, irensten dugun aireagatik; bigarren hau da hesteetako gasaren %30 – %60ren arduradun.
Hesteetako gas hau, eskuarki, organismoak ongi pairatzen duen arren, kasu zenbaitetan eragozpenak sortaraz ditzake, hala nola korrok edo pokerrak, asetasun sentsazioa, min arin edo ez hain arina, sabeleko toki batzuetan zanpatze-sentsazioa, hesteetako hotsak, heste-minak, ipurtestetik gasak kanporatzea, etab.
Karbono, hidrogeno eta metanoa
Gas-iturri behinenetako bat, kolonean dautzan heste-bakterioek karbohidrato eta proteinetan eragiten duten hartzidura da. Bertan nagusiki sortzen diren gasak karbono-dioxidoa eta hidrogenoa diren arren, gas usaindun batzuen zantzuak ere atzematen dira, hala nola indola, eskatolak eta sufredun konposatuak. Urdailetik datorren azido klorhidrikoa edo pertsonak irentsitako azidoak bikarbonatoak neutralizatzen dituenean ere, heste meharraren goialdean karbono-dioxidoa osatzen da. Hiru pertsona heldutik batek kolonean metano-kopuru handia biltze ezagun hori badirudi famili herentzia gisa datorkion ezaugarria duela; egiari zor, ez du inolako zerikusirik elikagai jakin batzuen kontsumoarekin.
Karbohidrato ez-xurgagarri dezente dauzkaten jangai batzuk -lekaleak, hainbat labore, etc.- hartzeak, bakterioen egintza tarteko, gasa metatzeko oinarri ezin aproposagoa prestatzen du, sabel-distentsioaren, hanpaduraren eta flatulentziaren eragile den gasa heste-paretetan gasen ekoizpena areagotu egiten baita. Salbuespen gisa, gasa areagotzea heste meharrean gertaturiko bakterio-kolonizazioaren edo, bestela, Giardia lamblia mikroorganismoaren ondorio izan daiteke inoiz.
Globo gastrikoaren sindromea
Aire asko irentsi eta, poker eginez, kanporatzen ez badugu, urdailera joango da: bertan metatu eta asetasun eta hanpadura sentsazio biziki higuingarriak eragin ditzake. “Burbuila gastriko” deritzon urdaileko aire hori erradiografian bertan ikus daiteke eta, izan ere, “globo gastrikoaren sindrome” izenekoa osatzen duten sintomak sortarazten ditu. Irenste ugari bat eginikoan airea harrapaturik egokitzen da, kanpora ateratzeko biderik gabe. Distentsio gastrikoak eragin dezakeen min akutua batzuetan bularreko anginaren antzeko irudi liteke, mina bihotz aldean agertzen baita. Irentsitako airea hesteraino iritsi eta flexura esplenikoan harrapaturik suerta daiteke, izen bereko sindromea probokatuz, hots, asetasun sentsazioa eta ezker hemitorax osoan barrena hedatuko den opresioa ezker hipokondrioan. Sabelustea edo gasak kanporatu ondoren mina arindu edo joan egiten da. Sabeleko erradiografia soilak erakutsiko ditu aire-zorro handiak flexura esplenikoan.
Janaria, hobe eta mantsoago
Egun janaria egin eta hartzeko astirik ez hartzeak, aurretiaz kuzinaturiko produktuetan oinarrituriko janari azkarrak egin beharra ondorioztatzen du. Gehiegizko meteorismo eta flatulentzia nozitzen duten pertsonei dagokienez, era egokian jatea funtsezkoa dute arazo hauek pairatuko ez badituzte.
Era egokian jateko:
/imgs/20060701/img.salud.02.jpg - Eseri lasai, saia zaitez kezkak alboratzen
- Jaten ari zaren bitartean ez egin lanik, itzali telefono mugikorra
- Jan astiro, mokadu txikitan, ondo-ondo murtxikatuz: digestioa ahoan hasten da.
- Jaten ari zaren bitartean edan likido gutxi. Asko edaten baduzu, urdaila putzu bihurtuko duzu: hantxe igerian ibiliko dira elikagai pusketak, hantxe metatuko dira aire-zorroak eta, gainera, digestioa dezente eragotziko duzu.
- Edaten duzunean, egin hotsik gabe: edatean hotsa egitea, izan ere, aire asko igarotzearen seinale da.
Alboratu ondoko elikagai eta substantziak:
- Edari gasdunak: gaseosak, ur karbonikoak, kola eta freskagarri gasdunak, garagardoa eta cava.
- Barazki eta lekale hauek: aza, azalorea, brokolia, baba, ilarra, babarruna, dilista, garbantzua
- Esnea, intolerantziarik nozitzen baduzu
Horiez gainera:
- Ez egin maiz arnas hartze sakon edo suspiriorik, hartu arnasa sudurretik.
- Sudur-buxadura, hortz protesia edo antzekorik baldin bada zure arazoa, saia zaitez horri konponbidea ematen.
- Ez erre
- Ez hartu botika eferbeszenterik
- Ez hartu libragarriak
Zenbaitetan, kasurik larrienetan, tratamendu gisa botikarik –klebopride, simetikona, etanol, metoklopramida, dimetikona, glukosa, zelulosa mikrokristalina edo antzeko gaiez osaturikoak- hartzea komenigarria izango da. Fitoterapia ere meteorismoaren sendabide eraginkorra da, badira farmazioa, parafarmazia eta belar-dendetan produktu egokiak salgai.
Korrok kronikoaren gaitza nozitzen duten pertsonek eragozpen hori urdailean sortzen diren gasei leporatzen diete errua baina, iritzi horrez beste aldera, zergatia ez dago lotua gasak digestio-hodian sortzearekin, airea irenstearekin baizik: fenomenoa sakon aztertu eta, egiaztatu denez, korrok edo poker bakoitzaren aurretik aire-irenste bat jazotzen da. Guztiok dugu aerofagia-gradu jakin bat baina batzuek aire gehiegi irensten dute antsietate kronikoa, azkarregi jatea, edari gasdunak hartzea, txiklea murtxikatzea, hortz protesiak gaizki egokituak edukitzea, sudur-buxadura, tabakismo eta beste hainbat arrazoiren ondorez. Horiek guztiek, hestegorrian barrena jaitsi eta gerora poker gisa kanporatzen den airearen irenspena eragiten dute.
Sabeleko asetasun, betekada eta hanpadura sentsazioak eragiten dituztenak hesteetako gehiegizko gasak direla makina bat jendek uste duen arren, oraindik orain eginiko ikerketek frogatua dutenez, kasu horietan ere hauteman diren gas-kopuruak ohikoak dira baina anomalia azpimarragarriena hesteen mugikortasunean eragina daukan trastornoa da.