Argazkilaritza digitalaren argi-itzalak
Duela hamar urte ikusi bagenu norbaitek, argazki bat egiteko, kamera begitik 30 zentimetrora zeukala, erotuta zegoela edo, gutxienez, batere trebea ez zela pentsatuko genukeen. Orduan ez zitzaion inortxori bururatuko argazki egin berriak sekulako kalitatearekin “errebelatzea” posible izango zela, laborategitik igaro gabe. Are eta gutxiago, gaizki harturiko edo oker enfokatutako irudiak botoi bat sakatuz eta kosturik gabe ezabatuko zirenik. Egoera biziki aldatu da, ordea, denbora gutxian: fabrikatzaileen pronostikoen arabera, aurten 89 milioi kamera digital salduko dituzte mundu zabalean, hau da, iaz baino %15 gehiago; adierazle horrek dioskunez, sektorea helduaroan sartu da (iazko hazkuntza %42 izan baitzen).
Abantailak abantaila, argazkilaritza digitalean dena ez da argi eta distira. Bai kamera eskuratzean, baita erabiltzean ere, kontsumitzaileak hainbat muga eta eragozpen ezagutu beharko lituzke, erosiko duena hautatzean asma dezan.
Konpaktua ala reflex
Kamera digitalak eta tradizionalak osagai eta elementu komun ugari dituzte. Hasteko, biek dute “irudien sarrera” gisako parte optiko bat: horixe da, hein handi batean, argazkien azken kalitatea definitzen duena. Bai teknologia digitalean, baita analogikoan ere, bi kamera mota bereiz daitezke: konpaktuak eta reflex. Bien arteko aldea reflex motakoak daukan triangelu itxurako lente lodi batek (prisma) ezartzen du: horri esker, objektiboa hartzen ari den irudi berbera bisorean ikus daiteke, inolako desbideratzerik gabe. Konpaktu digitaletan, aldiz, ikusten den irudia sortze-lan digitala da, ez oso-oso leiala. Reflex motako kamera denetan, gainera, objektiboak aldatzeko modukoak direnez, hainbat lente konbina daitezke eta, orokorki, horri esker konpaktuek eskaintzen duten kalitatea baino hobea erdiesten da.
Digital konpaktuen prezioak 200 eta 300 euro artean dabiltzan arren, modelo merkeenak 100 eurotan ere aurki daitezke salgai. Kamera digital reflexen prezio merkeenak ez dira 1.000 euro baino txikiagoak eta, noski, berebiziko zifretara iristen dira makina bikainak. Hauek erabilera profesional edo erdi-profesionalean baliatzekoak dira eta konpaktuak, berriz, dezente merke, arin eta txikiak direnez, irudi kalitate onaz gainera, erabilera eta garraio erosoa lehenesten duen populazio zabal horrentzat diseinatuak daude.
Kontuz bereizmenarekin
Kamerak eman dezakeen irudi baten zehaztasun-maila da bereizmen hori. Argazkilaritza digitalean, bereizmenaz ari direnean, pixela da irudiak daukan informazio (argitasuna, intentsitatea, kolorea….) unitate minimoa. Biziki handitutako irudi digital bat ordenagailuan ezarrita, koadrotxo txikiez osaturik dagoela ikusiko dugu:koadrotxo edo gelaxka horietako bakoitza pixel bat da. Beraz, zenbat eta pixel gehiago eduki, orduan eta bereizmen handiagokoa izango da. Egungo kamera digitalek hainbat milioi pixeletako (“megapixel”) bereizmenera iristen dira. Esate baterako, kamera batek bost megapixel dituela esatean, errealitatean, irudi bakar baten informazioa bost milioi koadrotxotan bil dezakeela adierazi nahi da. Egun, bereizmen handieneko kamera arruntak zazpi megapixelen bueltan dabiltza.
Hori dela eta, gogoan har ditzagun bi datu. Lehena: kamera reflex izateak ez du bereizmenean inolako eraginik. Bigarrena, biziki garrantzitsua: bereizmen handiagoa ez da beti hoberena. Bereizmen onak argazkia ezin susmatuzko xehetasunak erakusteraino (familiako argazkian, norbaiten sudurrean pikorra ikusteraino, adibidez) handitzeko aukera ematen du baina, horrexegatik, akatsak eta mugimenduak ere nabarmendu egiten ditu.
Zazpi megapixeleko bereizmena duen kamera daukanari, adibidez, adituek argazkiak hurrengo bereizmen txikiagoarekin (bost megapixel) egitea aholkatzen dute, non eta baldintzak hobezinak diren eta kamera bera ere kalitate bikainekoa den. Era berean, kamera erosteko unean, ez da komeni eman dezakeen gehieneko bereizmenari nagusiki erreparatzea: bereizmena, izan ere, irudi digitalaren kalitatea osatzen duten elementuetako bat baizik ez da, enfokea, argitasuna, koloreak eta beste askoren parean.. Hiruzpalau megapixeleko bereizmena aski du erabiltzaile arrunta, baita folio tamainan irudi apartak ateratzeko ere.
Kamera digitalek argazkiak memoria-txarteletan metatzen dituzte. Kamera erostean ikusiko dugu barruan daukala 16 megabyteko memoriadun txartela: horixe da irudiren bat gordetzeko beharko dugun gutxieneko edukiera. Horregatik ia-ia ezinbestekoa izango dugu memoria handiagoko beste txartel bat ere eskuratzea. Badira, 32 megabytetik hasita, irudi mordo handia metatzeko aukera ematen duten bi gigabyterainokoak (2.000 megabyte, hor nonbait).