Ergonomia / Bitaminen gaindosiak / Ibilgailuak gidatzea eta epilepsia / Betaurreko elektronikoak / Da Vinci doktorea iritsi da / Elkarrizketa: Lluís Serra Majem

1 uztaila de 2006
Img salud 2 listado

Ergonomia / Bitaminen gaindosiak / Ibilgailuak gidatzea eta epilepsia / Betaurreko elektronikoak / Da Vinci doktorea iritsi da / Elkarrizketa: Lluís Serra Majem

Hitz bitan

Ergonomia

/imgs/20060701/img.salud.05.jpg

Aspaldi honetan ergonomia -produktuak eta inguruneak egokitzeko eta beren eraginkortasuna, segurtasuna eta konforta optimizatzeko xedez, pertsonen ezaugarri eta premiak ikertzen dituen zientzia, alegia- osasun munduan indarrez sartu da. Aplikazio-ildo horien emaitza gisa, mugapen funtzionalak dituzten pertsonentzat (zaharrak, ezinduak, ea.) produktuak eta inguruneak diseinatu edo egokitu dira.

Gaztigatzean kalterik ez?

Bitaminen gaindosiak

“Jeitsialdi” fisiko edo emozionala nozitzean jende ugarik bitamina-gehigarrietara (horietako asko, salmenta librekoak dira-eta) jotzen du. Bitaminen gaindosiak -hots, aholkatzen den bitamina-kopurua baino askoz ere gehiago hartzearen ondoriozko toxikazioak- ez dira kasu bakanak. Bitamina anitzeko produktu baten zeinahi osagai kaltegarri izan daiteke tamainaz hartzen ez bada baina, halaz ere, arrisku larriena burdinak eta kaltzioak eragiten dute. /imgs/20060701/img.salud.04.jpg Ager daitezkeen sintomak era askotakoak dira: goragalea, burukomina, muskulu eta hezurren minak eta, nola ez, taupada-erritmoaren alterazio larriak eta konbultsioak. Episodio larrien aurrean ez da komeni gonbitoa probokatzea, medikuaren artapena berehala bilatzea baizik. Osasun zentroan sintomak moteltzeko zein eragin toxikoa neutralizatzeko botikak edo zainetatik likidoak eman dakizkioke pazienteari.

Albisteak

Ibilgailuak gidatzea eta epilepsia

Epileptikoari gidatzeko baimenik eman ez ohi zaion arren ez dago ibilgailuak gidatzeko egiazko arriskua dagoen egiazta dezakeen datu objektiborik. Europan egiten ari den “Ibilgailuak gidatzea eta epilepsia” azterlanak dioenez, gaixo epileptikoen trafiko-ezbeharren arriskua pertsona osasuntsuenaren parekoa izan daiteke, baldin eta espezialistak preskribaturiko neurri terapeutikoak hitzez hitz betetzen badira eta gaixoak nozitzen dituen krisi-motak eta krisi batetik besterako tarte librea zehazki definiturik badaude. Azterlan horren xedea, beraz, sintoma arinak baizik ez dituzten epileptikoek ibilgailua gidatu ahal izan dezaten parametroak finkatzea da.

Betaurreko elektronikoak

AEB-ko ikertzaile talde batek diseinatu dituen betaurreko elektro-optikoek fokatzea aldatzen dute botoia sakatuz. Horien lehen aplikazioa, egungo bifokalak ordeztea izango da. Garatzen ari diren betaurrekoen oinarrian, kamera digitalaren antzera funtzionatzen duen sistema berezi bat datza. Gerora, betaurrekoek automatikoki fokatuko dutela ere espero dute ikerlariek.

Da Vinci doktorea iritsi da

“Da Vinci doktorea” -NASA-ko ingeniariek diseinaturiko robota, ebakuntzak urrutitik egitea bideratzen duena, alegia- iritsita, kirurgiak beste aurrerapauso bat egin du. Horren eginkizun behinena prostatako ebakuntzak badira ere, era guztietako kirurgietan baliatzeko prest dago asmakuntza. Robot horrek zirujauaren eskuen bulkadak tresneria kirurgikora “itzultzen ditu” eta, horrela, lanabesak zehaztasun osoz mugitzen dira pazientearen gorputzean. Zehaztapenak zehaztapen, kirurgia konbentzionala baliatuz, nekez irits daiteken parteetara iristeko egokitu da robota. Beste aldetik, ebakuntza-denbora eta ospitaleko egonaldia dezente laburtzen ditu.

Elkarrizketa:

Lluís Serra Majem, Prebentzio-Medizina eta Osasun Publikoko katedraduna

Lluís Serra Majem Nutrizio Komunitarioko Elkarte Espainiarreko presidentea da eta, obesitatearen prebentziozko arma gisa, aztura osasuntsuak ezarri beharraren alde dihardu Las Palmas-eko Unibertsitateko bere katedratik.

Jokabidearen trastorno baten eragina ote da obesitatea?

Gizentzea ez da elikabidearen trastornorik, okerreko dieta-azturen edo sedentarismo setatiaren ondorio baizik.

Nola sendatzen da?

Obesitatea ez dugu medikalizatu egin behar. Akats larria da nornahik zernahi eta noiznahi jatea eta, ondoren, obesitate morbidoaren fasean sartzean, era agresiboan botikekin edo kirurgiarekin esku hartzea. Kirurgiak azken soluzioa izan behar du, ez lehen aukera.

Prebentzioa egiteak, dena den, zailago dirudi?

Erraza ez da, soila bai, ordea. Gehiegizko pisu edo obesitate kasuen %99 saihesteko modukoak dira.

Hortaz?

Obesitatearen gene kaltegarri bakarrari “gehiegi jan eta gutxiegi mugitzea deritzo”. Ebidentzia zientifikoak berretsi duenez, munduan hamar hilkortasun-kausa behinenetatik zortzi dietarekin eta ariketa fisikoarekin lotuak daude.

Zein dira neurri eraginkorrenak?

Haur txikiei sei hilabeteetatik aurrera ere edoskitzea, txupete eta biberoirik erabili gabe, gosaria eguneko janari nagusia bihurtzea, egunean gutxienez bost fruta edo barazki ale kontsumitzea eta ordu erdia oinez egitea. Neurri eraginkor bezain merkeak dira horiek. Gizarteari sinestarazi behar diogu: ohitura batzuk, eroso-erosoak badira ere, ez dira batere mesedegarriak.