Baliogabetze-aseguruak

Noiz komeni da horrelakoak kontratatzea?

1 uztaila de 2006
Img consejo 01 listado

Noiz komeni da horrelakoak kontratatzea?

Bidai sustapenetan modan jartzen ari da aukera berri bat: oporraldiak behar bezain aurretiaz kontratatuz gero, %20rainoko deskontuak eskaintzea, alegia. Uda partean, Exceltur firmak emaniko datuen arabera, oporrak irten baino gutxienez hilabete lehenago kontratatzen badira, agentzia eta aire konpainien %80 baino gehiagok deskontuak aplikatzen dituzte. Sustapen-amu horri esker, kontratatzen diren bidaiak baliogabetzeagatiko aseguruen kopurua ere biziki ugaltzen ari da. Aurrerapen handiz hitzartu diren arren, azken unera arte ezin aurreikusi izan diren arazoengatik bertan behera utzi behar izan diren bidaien kostua bermatzeko oso-oso egokia gertatzen da produktu hori.

/imgs/20060701/img.consejo.01.jpg

Badira aldeak ere poliza horien prezioetan, konpainia batetik bestera eta bidaien arabera: bidaia estatu espainiarraren barruan egiten bada bost euro kostatzen da; atzerrira irtenez gero, horren bikotik aurrera. Iaz espainiarrek 263 milioi euro ordaindu zituzten beren bidaia-artapeneko aseguruetan, ICEA-k (Aseguru Erakundeen eta Pentsio Fondoen arteko Ikerkuntza Kooperatiboa) emaniko datuen arabera, ezeztapen-estaldurakoak barne.

Zer da baliogabetze-asegurua?

Honelako aseguruek bidaia baliogabetu edo ezeztatzeko gastuak estaltzen dituzte (behar bezain justifikatuak baldin badaude eta ezeztapenaren zergatia aseguru-polizan agertzen bada); eskuarki, bidaia-artapeneko aseguruen berariazko estaldurak diren arren, geroz eta gehiago aseguru-kategoria bakartzat kontratatzen dira. Aldez edo moldeko ezustea dela bide, bidaia saldu digun agentzia edo konpainiari eskatu behar diogun baliogabetzetik “onik” ateratzeko aukera ematen digute poliza horiek.

Zer estaltzen du?

Aseguru honek bidaia konbinatua (garraioa gehi hotela) edo hegazkineko txartelak kontratatu dituzten titularrei indemnizazioa ordaintzen die baldin eta bidaia bertan behera utzi behar izan badute. Kasuan kasuko kontratuko polizan finkaturik dagoen gehieneko kopurua ordaindu ahal izango zaio bezeroari, honek bidaia egiterik ez badu; gutxien-gutxienez, bidaia aurretiaz ordaintzeko egin diren gastuak (erreserba edo sarrera izenekoak) estaltzen ditu aseguru honek.

Non kontrata daitezke?

Aseguru konpainia batzuk honelako produktuetan espezializatuak daude baina, dena den, horrelakoak kontratatzeko ez da zertan horietara jo. Bidai agentziek, bertako bezeroek premiazkoak izan ditzaketen estaldurak (horrela gertatzen da bidaiako artapenaren oinarrizko aseguruak, arriskudun kirolak praktikatzen diren tokietan egonaldiak ez ezik, balizko arazoak ere estaltzen dituzten berariazko aseguruak eta, nola ez, aipaturiko baliogabetze-aseguru berariazkoak) eskaintzen dizkieten aseguru erakundeekin akordioak hitzartuak dauzkate. Nolanahi ere aseguru horiek kontratatzea ez da derrigorrezkoa: azken erabakia bezeroak hartu behar du.

Zenbat kostatzen dira?

Produktua eskaintzen duen konpainiaren irizpideez, prezio batetik bestera aldeak daude: aseguru konpainia zenbaitetan baliogabetze-aseguruek helmugaren araberako prezio finkoa dute. Esaterako, bost euro kostatzen da Espainian barrena ibiliko den hegazkineko txartelen estaldura, bederatzi hegazkina Europara badoa eta hamabost, berriz, Amerikarako hegaldia egitekotan.

Beste hainbat konpainiak bidaiaren kostuaren araberako prezioa aplikatzen dute. Espainian agentzia eta aire-konpainiekin akordio gehien dituztenetako bat Mondial Assistance izaki, bertan bidaiaren kostuaren %5 kobratzen dute. Adibidez, 300 euroko bidaiari legokiokeen baliogabetze-asegurua hamabost euro kostatuko litzateke; bidaiaren prezioa bi mila euro balitz, asegurua ehun euroraino lihoake. Beste zeinahi aseguru-produkturen kasuetan bezala, tarifak, estaldurak eta mugak (mugak, batik bat) konparatzea ez da alferrikakoa izango.

Nolako obligazioak ditu aseguru konpainiak?

Poliza horren bitartez aseguru-konpainiak bezeroak aurretiaz ordaindu duen diru-kopurua (erreserba bakarrik ordaindu badu), diru guztia (bidaia osorik ordaindu badu) edo bidaia osoaren parte bat (aseguruak indemnizazio-muga duenean) itzultzeko konpromisoa bereganatzen du. Erne, ordea: baliogabetze-aseguruak gastu horiek ordain ditzan bezeroak irteera baino 48 ordu lehenago jakinarazi beharko du ezin duela bidaia egin; era berean, baliogabetze hori zerk eragin duen ere zuritu beharko du. Hona beste xehetasun xume bat: arrazoi horrek polizan onarturiko motiboetako bat izan beharko du. Azpimarra dezagun, beraz, aseguru hauek ez dituztela estaltzen 48 ordu baino gutxiagoz iragarritako baliogabetzeak. Ezeztapena epe hori igarota egin nahi baduzu, aseguruak ez ditu legozkizukeen indemnizazioak estaliko.

Zer gerta liteke baliogabetze-asegurua kontratatu ezean?

Bezeroak aseguru hau kontratatu ez badu eta, halabeharrez, bidaia egitea ezinezkoa izango balitzaio, agentzian utziriko seinale osoa galtzeaz gainera (bidaiaren guztirako kostuaren %25 – %3 inguru) txartelen espedizio gastuak eta kudeaketa gastuak ordaindu beharko lituzke.

Bidaia baliogabetzeko motibo ohikoenak

Bidaia ezeztatzeko gastuez konpainia erantzule egin dadin, halabeharrezko motiboek bidaiatzea galarazi diotela frogatu behar du bezeroak. Hona hemen arrazoi ohikoenak:

  • Aseguratuaren, bere ezkontidearen, gurasoen, seme-alaben, anai-arreben, ezkon anai-arreben, errain, suhi eta ezkon gurasoen gaixotasun edo istripu larria edo heriotza gertatu izana.
  • Helbide edo lantokian (autonomoen kasuan) nozitutako kalte larriak.
  • Lanetik kaleratu izana.
  • Beste lanpostu batean sartzea, gutxienez urtebeteko iraupeneko kontratua sinatuta.
  • Judizio-prozedura batean esku hartzeko edo hauteskunde-mahairen bateko kide gisa aritzeko deia jaso izana.
  • Aseguratuaren, bere ezkontidearen edo lehen zein bigarren graduko senide bati ebakuntza kirurgikoa egiteko deitu izana.
  • Ume adoptatu bat jasotzea.
  • Aseguratuaren, bere ezkontidearen, gurasoen, seme-alaben, anai-arreben, ezkon anai-arreben, errain, suhi eta ezkon gurasoen zein horietako zeinahiri organoren bat transplantatzea.
  • Oposizioak egiteko deialdia.
  • Izen emanik eta aseguraturik zegoen lagun batek bidaia ezeztatu izana, bakarrik bidaiatzeko paradan utzi duena.
  • Bidai agenteak kiebra egitea edo aire-konpainia txartelak baliogabetzea.
Aholkuak
  • Aseguru hau egitea komeni da bidaia askoz ere denbora lehenago ordaindu denean.
  • Egokiera pertsonal edo profesionala nahasi edo korapilatsua denean, baldin eta erabiltzaileak ez badaki egiaz bidaia egingo ote duen ere komeni izaten da asegurua kontratatzea.
  • Horrelakorik ez da beharrezkoa bidaia azken unean kontratatu denean eta arazorik izango ez dela seguru-seguru dakigunean.
  • Kreditu-txartel batzuek, bidaia horiekin ordaintzen denean, ezeztapenaren estaldura bermatzen dutenez, aseguru mota hau kontratatu aurretik, gure txartelak estaldura hori eskaintzen duen begiratu beharra dago: bestela, alferrikako dirua gastatu eta produktua bikoizturik izango genukeen arren, aseguru horietako bakar baten estaldurez bakarrik izan gintezke onuradun.