Oliba-olio birjina apartekoaren azterketa, zortzi lagin
Oraingoan oliba-olio birjina apartekoen zortzi lagin aztertu dira; horien prezioak 403 pezetatik (Córdoba) 611 pezetaraino (Carbonell) doaz, litroko. Ikusten denez, prezio batetik besterako aldea %50etik gorakoa da
Birjina apartekoa da oliba-olioaren goreneko kategoria eta fruta-zuku hutsa du osagai bakarra, beste inolako kontserbatzaile edo aditiborik gabe. Horrenbestez, hainbat baldintza bete behar ditu, bai olioaren osaketari dagozkienak (azterketa kimikoen bitartez zehazten direnak) baita ezaugarri organoleptikoei dagozkienak ere (horixe baitu bereizgarri produktu honek): bigarren hauek, oliba-oliotan espezializatutako dastatzaileek egiten duten zentzumen-azterketa homologatuan neurtzen dira eta bertan erdietsitako datuak ofizialak izango dira aurrerantzean.
Azterketa kimikoak erakutsi bezala, zortzi laginek ederki betetzen dituzte osaketari dagozkion baldintza guztiak: azidotasuna, peroxido-indizea, ezko eta esterolen kopuruak eta laborategian zehaztu diren beste hainbat parametro. Azterketaren bigarren zatian, ordea, ez da beste horrenbeste egiaztatu, olioen ezaugarri organoleptikoak zehaztean: oliba-oliotan espezializatutako dastatzaileek osatzen duten panel ofizialak eginiko zentzumen-azterketaren arabera, behaturiko zortzi laginetatik hiru ez dira oliba-olio birjina apartekoa, Araudiak produktu honi galdatzen dion gutxieneko mailara (6,5 puntu) iritsi ez direlako. Koipe lagina hurbil-hurbil geratu da, 6,4 punturekin; Córdoba markakoak 6 puntu jaso ditu eta La Española, azkenik, 5,8 puntuko kalifikazioan geratu da. Hona jardunek atzemandako akatsak: Koipe eta Córdoba laginetan, zapore garratz “arin-arina” eta La Española eta Koipe laginetan, berriz, andel zikinaren arrasto “ia ezin hautemanezkoa”. Hiru lagin horiek, dastapen-panel ofizial horretan erdietsitako emaitzen arabera, “oliba-olio birjina” lirateke, hau da, adierazitakoa baino kategoria apalagokoak. Dastapen ofizialean emaitzarik hoberena Olidor izan zen, 8 punturekin, ondotik Elosua (7,1 puntu), Carbonell eta La Masía (biak ere 7 punturekin) zetozkiola.
Beste aldetik, CONSUMEReko ohiko dastapena ere egin zen eta honetan emaitzak hobeak izan ziren. La Española, Ybarra, La Masia eta Olidor laginek 7na puntu erdietsi zituzten bitartean, Koipe (5,5 punturekin) bakarrik ez zen aprobatura iritsi. Ikusten dugun bezala, oliba-oliotan espezializaturik dauden dastatzaileen iritziaren eta aditu ez direnaren artean bada alde nabarmenik. Horrek ez gaitu harritu behar, nolanahi ere: dastapen-protokoloak desberdinak izanik, bi taldeetako dastatzaileek agertzen duten ezagutza teknikoa eta olioaren aurrean erakutsitako eskakizun-maila ere biziki desberdinak dira.
Laburbilduz, osaketaz zortzi laginak antzekoak dira eta, osagaiei dagokienez, oliba-olio birjina apartekoei Arauak eskatzen dizkien galdekizunak denek betetzen dituzte. Horregatik, lagin batetik bestera dagoen prezioen desberdintasun izugarriaren (%50erainokoa) arrazoia justifika lezaketen kalitateen arteko aldeak ikuspegi gastronomikotik neurtu beharko lirateke (bestela esatearren, dastapenetan erakutsitako emaitzen arabera).
Batetik kontsumitzaileek eta bestetik oliba-oliotan aditu direnek egin zituzten dastapenetako puntuazioen batez bestekoa kalkulatuz, Olidor (garestienetako bat, 603 pezeta litroko) nabarmendu zen, denen aurretik, batenaz bestekoan 7,5 puntu erdietsi zituelako. Ondotik La Masia (513 pezeta litroko) eta Ybarra (450 pezeta litroko) datozkio, bakoitzak 7 puntu lortu zituelarik. Horrenbestez, azterturiko laginetatik olio hoberena eskuratu nahi duenak Olidor du aukera aproposa eta, bestela, kalitate eta prezioaren arteko erlazio egokienaren bila doanak, berriz, Ybarra hautatu beharko du.
Osaketaz, denak zuzen
Azidotasunak (olioaren gradua, alegia) gantz-azido askeen agerpena adierazten du, azido oleikoaren portzentaje gisa. Gantz-azido askeak, olibak egoera txarrean daudenean edo olioa behar ez bezala maneiatu edo gorde denean agertzen dira. Kopuruz, ugarien agertzen den gantz-azidoa oleikoa da. Oliba-olio birjina apartekoaren azidotasunak ez du izan behar %1 baino handiagoa. Zortzi laginek %0,6 eta %0,75 graduko azidotasuna aitortzen dute baina, azterketak egiaztatu duenez, den-denen bereizgarri hori %0,5 baino apalagoa denez, parametroa zuzen dago.
Peroxido-indizeak, berriz, olioaren hasierako oxidazio (edo endekapen) gradua adierazten du eta olioaren azidotasunarekin loturik dago, gantz-azidoak errazkiago oxidatzen baitira. Oxidazio-prozesuak azkartu egiten dira tenperatura altxatzean (frijitzean, adibidez) eta olioa aireak ukitzen duenean. Honetan ere, zortzi laginek agertutako peroxido-indizeak, birjina aparteko kategorian onartutako gehienekoa baino txikiagoak izan ziren.
Esterolak ere olioaren osagaiak dira eta birjina apartekoak gutxien-gutxienez kilogramo bakoitzeko 1000 mg izan behar ditu. Azterturiko zortziak Arauaren barnean daude, 1500 mg inguru baitute denek, kiloko. Esterol horietako bat kolesterola dugu: olioetan, oro har, oso kopuru txikian agertzen da (“lorratzak” esaten diete adituek). Olioaren esterolak (fitosterolak alegia) kolesterolaren antzeko substantziak dira baina, jatorriaren aldetik, landarezkoak eta, hainbat ikerkuntzak frogaturik duenez, baliteke odoleko kolesterolaren murriztaile jokatzea; ildo horretatik jarraiki, hiperkolesterolemia sendatzeko eragile terapeutiko diren neurrian nolako ahalmenak dituzten aztertzen ari dira.
Oliba-olio birjina apartekoak gehienez ere eduki ditzakeen ezkoen kopurua 250 mg/kg da; gure zortzi laginetan atzeman den handiena 150 mg denez, berriro ere olio guztiak mugen barnean daudela aitortu behar dugu.
Aipatu ditugun azterketa eta froga horiez gainera beste hainbat ere egiten zaizkio olio-mota honi, produktuaren egiazkotasuna erakusteko, hau da, batetik, benetan oliba-olioa den eta ez, ordea, bestelako landarezkoa; bestetik, oliba-olio birjinari debekatu zaizkion erauzketa-metodoen bitartez ekoitzi den. Disolbagarrien agerpena eta beste hainbat konposaturen kopurua neurtu ondoren, datuek erakutsi zutenez, laginak zuzen daude, hau da, zortziak ere oliba-olio birjina dira.
Elikagai osasuntsua
Olibondoaren fruitu izaki, olibak kontsumorako oliorik hoberenetako bat ematen du. Eta oliba-olio guztietatik kategoria hoberenekoa “oliba-olio birjina apartekoa” da. Oliba-olio birjina fruta-zuku hutsa da, ez dauka inolako aditibo edo kontserbatzailerik. Litro bat olio ekoizteko 4-5 kilo oliba zanpatu behar dira. Olibaren koloreak ez du zerikusi zuzenik barietatearekin, umatze- edo heltze-fasearekin baizik: oliba berdea da hasieran eta, heldu ahala, belztu egiten da. Oliba-olioa ekoitzi den urte berean kontsumitzea komeni izaten den arren, behar bezala kontserbatuz gero urte eta erdia ere iraun dezake, ezaugarri organoleptiko hoberenak galdu edo murrizteke. Airea, argitasuna eta beroa dira produktu honen etsai arriskutsuak, olioa endekatzen dutelako. Beraz, horietatik aparte gorde beharko dugu, toki itxi, fresko eta ilunean.
Olioa berez gantza da %100ean eta, halakotzat, 900 kaloria aportatzen du 100 gramoko. Gantz osasungarria da, dena den, gantz-azido intsaturatu asko duelako (guztirako gantzaren %86, hain zuzen); azido horietan ugariena oleikoa da eta bigarrena linoleikoa (funtsezko gantz-azidoa). Dena den, gantz saturatuak ere badauzka oliba-olioak, gainerako %14raino. Kolesterol-edukia, aitzitik, hutsaren hurrena da. Oliba-olioak gantzetan disolbagarri diren bitaminak ditu, hala nola A, D, K eta E. Denetan ugariena, jakina denez, E bitamina da: olioaren antioxidatzaile gisa dihardu eta, hortaz, endekapena geroratzen dio. Oliba-olioak gaitz koronarioak eta hainbat minbizi-mota nozitzeko arriskua murriztu egiten duela ondorioztatu dute hainbat ikerkuntzak. Bestetik, baliteke odolaren presioa apal mantentzen laguntzea, artritisa arintzea, digestioa erraztea eta kaltzio-xurgapenaren mesedetan jardutea. Zientzialari askoren iritziz, antioxidatzaile den aldetik, oliba-olioak fluxu kardiobaskularra erraztu eta zelulen zahartze-prozesua mantsotu egiten du, gainera.
Nola egiten da oliba-olioa?
Oliben osagai eta ezaugarri guzti-guztiak aldatzeke mantentzen ditu oliba-olio birjinak. Erauzteko sistemak olioaren nolakotasuna zehazten duten bereizgarrietan eragin handia badu ere, hori ez da kalitatea adierazten duen faktore nagusia. Oliba-olio birjina sortzeko prozesu fisiko eta mekaniko hutsak baliatzen dira. Oliba osasuntsu, heldu eta osoetatik ateratzen da olio ona.
Fruta horiek jaso bezain laster prozesatu behar dira, olioaren kalitatea galarazten duten hartzidura-prozesuak berehala hasten direlako eta, luze gabe, kirats eta zapore arraroaz mozorrotuko dute produktua, azidotasuna altxarazita. Bildutako olibak oliba-eiherara garraiatuko dira, bertan hostoak erauzi eta aleak garbi ditzaten. Oliba zanpatzea dator hurrena: fruitua txikitu egiten da, ore bihurtu arte, mamia lehertu eta, horrela, olioa kanpora atera dadin. Ore hori astindu eta, astiro-astiro, irabiatuko dute olio-partikulak elkartu eta tanta handiagoak osa ditzaten. Irabiaketa hori arreta handiz egin beharra dago, bitarte horretan oliba-mamia airearekin kontaktuan dagoelako eta, horrenbestez, olioaren azidotasuna eta peroxido-indizea altxatuko luketen oxidazio-prozesuak gerta litezke. Erauzketa, azkenik, iragazpen edo zentrifugazioz egin daiteke. Nolanahi ere, eragiketa guztiak tenperatura kontrolpean mantenduz burutzen dira, 30-35ºC gainditu gabe.
Oliba-olio birjina olibondoaren fruituarekin (Olea europaea), prozesu mekaniko eta fisiko hutsez bakarrik baliatuz ekoizten dena da. Prozesu guztiak tenperatura kontrolpean mantenduz burutzen dira, 35ºC gainditu gabe.
Lau motatakoak izan daitezke honelako olioak: birjina apartekoaren gehieneko azidotasuna 1º izan daiteke (horrek esan nahi du gantz-azidoen edukiera, oleikotan adierazita, ezin dela izan %1 baino handiagoa). Akatsik gabeko lurrin eta zaporeak erakutsi behar ditu eta oliba-oliotan adituek osaturiko dastapen-panel estandarizatuan atera behar duen batez besteko kalifikazioa 6,5 puntu baino handiagoa izango da, nolanahi ere. Olio birjina izenekoaren gehieneko azidotasuna %2koa da eta dastapen-panelean lortu behar duen gutxieneko kalifikazioa 5,5 puntu da. Oliba-olio birjina arruntak, gehieneko azidotasuna %3,3koa izaki, dastapenean 3,5 puntutik gora agertuko du, izen horri eusteko.
Zenbaitetan, eguraldia mesedegarri ez izatearen ondorioz edo lantze-prozesuan akatsak gertatu direlako, oliba-olio birjinak azidotasun altuegia edo zapore nahiz usain akastunak izaten ditu: horrelaxe gertatu zaio oliba-olio birjina “lanpante” delakoari: azidotasuna %3,3tik gorakoa dauka eta, hortaz, dagoen bezala kontsumitzeko egoki ez denez, akats horiek zuzenduko dituen fintze-prozesua nozitu beharko du. Era horretan ekoizten da oliba-olio findua: honek, oliba-olioaren egitura kimikoa bera daukan arren, haren zapore eta lurrinik ez du; honen azidotasuna, dena den, ez da izango %0’5 baino handiagoa. Olio-mota hau merkaturatzen ez delarik, oliba-olio birjina eransten zaio, galduriko lurrin eta ahogozoz aberats dezan berriro. Horrelaxe lortzen da Estatu espainiarren gehien kontsumitzen den oliba-olioa (honi onartzen zaion gehieneko azidotasuna %1,5ekoa da). Azkenean, oliba-patsen olioa dugu. Oliba-olioa zanpatu eta zentrifugatu ondoren eiheran geratu den oliba-hondakin solido edo orea da oliba-patsa. Hondakin hori disolbagarriekin tratatzen da, jangarri izango ez den pats-olio gordina erauzteko. Honek ere, olio birjina lanpanteek bezalatsuko fintze-prozesua nozituko du, azkenean kolorez, zaporez eta usainez gabeturiko pats-olio findua erdiesteko. Horrela dagoen olioari, lanpantea ez bezalako oliba-olio birjinak erantsiko zaizkio, gehienez ere %1,5eko azidotasuna agertuko duen oliba-patsen olioa lortzeko.
Kontsumitzaileak eros ditzakeen oliba-olioen pleguak, kalitate hoberenekotik hasita, hurrengoak dira: oliba-olio birjina apartekoa, oliba-olio birjina, oliba-olio birjina arrunta, oliba-olioa eta oliba-patsen olioa.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- Oliba-olio birjina apartekoen zortzi lagin aztertu dira; horien prezioak 403 pezetatik (Córdoba) 611 pezetaraino (Carbonell) doaz, litroko.
- Oliba-olioa landarezko gantz osasungarria da, kolesterol arrastorik ez baina, bestetik, gantz-azido intsaturatu asko dauzkalako.
- Oliba-olio birjina ekoiztean, olibari zukua erauzteko, metodo mekaniko eta fisiko hutsak bakarrik erabiltzen dira, inongo disolbagarririk baliatzeke.
- “Birjina apartekoa” kategoriari dagozkion baldintzak, azterturiko lagin guztiek betetzen dituzte eta, alderdi horretatik, oso berdintsuak dira denak. Horrenbestez, kalitatea bereizteko irizpide behinena organoleptikoa da: zaporea, lurrina, etab.
- Oliba-olio birjina apartekoari dagokionez, kalitate organoleptikoaren adierazle izango diren hainbat parametro agertu beharra xedatzen du Arauak; parametro horiek, dastatzaileen talde ofizial homologatuak neurtu behar ditu. CONSUMERentzat eginiko dastapen ofizialaren arabera, La Española, Córdoba eta (ozta-ozta) Koipe laginak ez dira benetan oliba-olio birjina apartekoa, “oliba-olio birjina” baizik, hau da, beheragoko hurrengo kategoriakoak.
- Kalitaterik hoberenekoa Olidor izaki, 603 pezeta kostatzen da litroko. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena, berriz, Ybarra (450 pezeta) laginak erakutsi zuen.
ELOSUA | CARBO- NELL | LA ESPA- ÑOLA | YBARRA | |
---|---|---|---|---|
Prezioa (pezeta litroko) (1) | 520 | 611 | 609 | 450 |
Azidotasuna: azido oleikoa (%) | 0.27 | 0.26 | 0.35 | 0.24 |
Gantz-azido intsaturatuak (%) (1) | 85.5 | 86 | 85.7 | 85.1 |
Gantz-azido saturatuak (%) (2) | 14.43 | 13.92 | 14.22 | 13.83 |
Trans motako isomeroak (%) | 0.02 | 0.2 | 0.01 | 0.01 |
Intsaturatuak/saturatuak erlazioa | 5.9 | 6.2 | 6.0 | 6.1 |
Esterolak (mg/kg) | 1545 | 1580 | 1590 | 1570 |
Kolesterola (%) | 0.2 | 0.2 | 0.2 | 0.1 |
Peroxidoen indizea (meq O2/Kg) | 7.0 | 8.5 | 11.0 | 12.0 |
Ezkoak (mg/kg) | 90 | 96 | 150 | 90 |
Benetan OLIBA-OLIOA dela bermatzeko beste zenbait datu analitiko (3) | Denak zuzen | |||
Dastapena | 6.5 | 6 | 7 | 7 |
Dastapen-panel ofizialeko puntuaketa (4) | 7.1 | 7 | 5.8 | 6.9 |
Dastapen ofizialeko kalifikazioaren arabera, olio bakoitzari dagokion kategoria (5) | Birjina apartekoa | Birjina apartekoa | Birjina | Birjina apartekoa |
OLIDOR OLIVAL | KOIPE | CORDOBA | LA MASIA | ||
---|---|---|---|---|---|
Prezioa (pezeta litroko) (1) | 603 | 422 | 403 | 513 | |
Azidotasuna: azido oleikoa (%) | 0.35 | 0.40 | 0.40 | 0.44 | |
Gantz-azido intsaturatuak (%) (1) | 86.6 | 85.1 | 85.9 | 86.3 | |
Gantz-azido saturatuak (%) (2) | 13.23 | 14.82 | 14.03 | 13.63 | |
Trans motako isomeroak (%) | 0.01 | 0.01 | 0.02 | 0.01 | |
Intsaturatuak/saturatuak erlazioa | 6.5 | 5.7 | 6.1 | 6.3 | |
Esterolak (mg/kg) | 1510 | 1590 | 1575 | 1560 | |
Kolesterola (%) | 0.2 | 0.2 | 0.2 | 0.1 | |
Peroxidoen indizea (meq O2/Kg) | 10.2 | 6.8 | 7.0 | 5.6 | |
Ezkoak (mg/kg) | 106 | 80 | 72 | 93 | |
Benetan OLIBA-OLIOA dela bermatzeko beste zenbait datu analitiko (3) | Denak zuzen | ||||
Dastapena | 7 | 5.5 | 6.5 | 7 | |
Dastapen-panel ofizialeko puntuaketa (4) | 8 | 6.4 | 6 | 7 | |
Dastapen ofizialeko kalifikazioaren arabera, olio bakoitzari dagokion kategoria (5) | Birjina apartekoa | Birjina | Birjina | Birjina apartekoa |
(1) Gantz-azido intsaturatuak: oliba-olioan ugariena azido oleikoa da, eta guztirako gantz-azidoen %75 baino gehiago hartzen du. Ondotik azido linoleikoa datorkio.
(2) Gantz-azido saturatuak: Aparteko oliba-olio birjinari dagokionez, Arautegiak xedatuak dituen peroxido, esterol eta ezkoen agerpen-portzentajeak lagin guztiek betetzen dituzte.
(3) Produktua oliba-olioa (eta ez, adibidez, bestelako landare batez edo oliba-patsez eginikoa) dela zehazteko, substantzia jakin batzuen kopurua neurtu da. Hona laginetan neurtu zena: estigmastadienoa, disolbagarri halogenatuak, eritrodiol+ubaola, ECNexp eta ECN teorikoaren arteko aldea; ultramorekoan, azkenik, hainbat proba espektrofotometriko egin ziren.
(4) Oliba-olioari dagokion indarreko Arautegiak xedatua duenez, goreneko kategoria (“oliba-olio birjina, apartekoa”) agertu ahal izateko, dastapen ofizialeko panelean gutxienez 6,5 puntuko kalifikazioa erdietsi behar du, legerian adierazitako protokoloa jarraiki.
(5) Arautegiak xedatua duenez, dastapen ofizialeko panelean 6,49 eta 5,5 puntu (biak barne) bitarteko kalifikazioa erdiesten duen olioa “oliba-olio birjina” da; 5,49 eta 3,5 puntu (biak barne) bitarteko kalifikazioa lortzen duena, berriz, “oliba-olio birjina arrunta” da.
Banan-banan
Zortzi laginak, banan-banan
Ybarra
- 450 pezeta litroko. Plastikozko botila. Merkea. Kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena.
- Kontsumitzaileen dastapena:7 puntu; gehien gustatu zitzaizkien lauretako bat, dastatzaileren bati geza gertatu bazitzaion ere.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 6,9 puntu. “Oliba berdearen fruta-zapore arina. Belar berdearen agerpen arina. Min eta mikaztasun arinak. Olio zaharraren gustua, ia hauteman ezinezkoa”.
Olidor. Kristalezko botila.
- 603 pezeta litroko. Garestienetakoa, baina kalitaterik hoberenekoa.
- Kontsumitzaileen dastapena: 7 puntu, gehien gustatu zitzaizkien lauretako bat. Itxura du azpimarratzeko modukoa.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 8 puntu; hoberena, askozaz ere. “Oliba berdearen fruta-agerpen sakona. Belar berdearen usain sakona. Mikaztasun eta minak, ia-ia hauteman ezinezkoak. Ederki orekatutako osotasuna”.
La Masía
- 513 pezeta litroko. Kristalezko botila.
- Aukera polita, honako hau ere.
- Kontsumitzaileen dastapena: 7 puntu, gehien gustatu zitzaizkien lauretako bat. Zaporea du azpimarratzeko modukoa. Bukaera mikatzekoa.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 7 puntu. “Oliba berde eta helduaren fruta-agerpen arina. Belar usaintsuen lurrin arina. Min eta mikaztasun arin-arinak. Gozotasun-lorratzik ere bai”.
Elosua
- 520 pezeta litroko. Kristalezko botila.
- Kontsumitzaileen dastapena: 6,5 puntu, tarteko kalifikazioa. Itxura du azpimarratzeko modukoa, kolore iluna eta usaina gustagarriak dituelarik.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 7,1 puntu; bigarren hoberena. “Oliba helduaren fruta-agerpen arina. Pikondoaren usain arina. Mikaztasun, oso arina. Mintasun arina”.
Carbonell. Kristalezko botila.
- 611 pezeta litroko. Garestienetako bat.
- Kontsumitzaileen dastapena: 6 puntu, tarteko posizioetan baina kalifikazio txarrenetik gertuago. Azpimarratzeko alderdirik ez du.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 7 puntu. “Oliba helduaren fruta-agerpen arina. Pikondoaren usain arina. Mikaztasun eta mintasun arinak”.
Córdoba
- 403 pezeta litroko. Plastikozko botila. Denetan merkeena.
- Kontsumitzaileen dastapena: 6,5 puntu, tarteko kalifikazioa. Ez du azpimarratzeko alderdirik.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 6 puntu, beraz ez da iristen “birjina aparteko” kategoriara, “birjina” hutsa delarik. “Oliba helduaren fruta-agerpen arina. Mikaztasun eta garraztasunak, oso arinak. Mintasun arina”.
Koipe
- 422 pezeta litroko. Plastikozko botila (PET). Bigarren merkeena.
- Kontsumitzaileen dastapena: 5,5 puntu, dastatzaileei gutxien gustatu zitzaiena. Zapore sendo, mikatza.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 6,4 puntu; beraz ez da iristen “birjina aparteko” kategoriara, “birjina” hutsa delarik. “Oliba helduaren fruta-agerpen arina. Pikondoaren usain arina. Min eta mikaztasunak, arinak. Garraztasun arin-arina. Andel zikinaren hatsa bukaeran, ia hauteman ezinezkoa”.
La Española. Kristalezko botila.
- 609 pezeta litroko. Bigarren garestiena.
- Kontsumitzaileen dastapena: 7 puntu; gehien gustatu zitzaizkien lauretako bat. Zaporea du azpimarratzekoa, puntuazio hoberena atal honetantxe lortu zuelarik. Zapore sendo, mikatza.
- Dastatzaileen panel ofiziala: 5,8 puntu, denetan txarrena. Ez da iristen “birjina aparteko” kategoriara, “birjina” hutsa delarik. “Oliba helduaren fruta-agerpen ia hauteman ezinekoa. Almendra-usain arina. Mikaztasunik ez; mintasun arin-arina. Andel zikinaren hatsa bukaeran, ia hauteman ezinezkoa. Gozotasun arina”.